Erreportajeak

Herri kirolak, erremonte partiduak, sagardo dastaketa eta gehiago, Kronikaren aldeko Erremonte Jaialdian

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 23a, 00:00

Giro ederra sortu zen iaz Galarretan.

Datorren ostiralean ospatuko dugu Kronikaren aldeko Erremonte Jaialdia, Galarretan, eta sarrerak eskuragai daude ondorengo tokitan: Aralarren, Ikatzan, Irrintzin, Amaian eta Dobera-Kronikan. Horrez gain, Kronikakideentzat eta Doberako bazkideentzat 50 gonbidapen banatuko ditugu (bakoitzarentzat bat), beraz, pasa Dobera-Kronikako bulegotik eta hartu zure gonbidapena! 

Sei egun besterik ez dira falta Kronikaren aldeko Erremonte Jaialdirako. Hirugarren edizioa izango da aurtengoa eta urtero moduan askotariko jarduerek girotuko dute erremontearen etxea, Galarreta. Erremonte partiduekin hasi aurretik, motorrak berotzeko, herritarren arteko herri kirolak ikusteko aukera ederra izango dute bertaratzen direnek. Eta kirolaz gain, Urumea bailarako sortzaileen postuak, sagardo eta pintxo dastaketak eta Ttarla dantza taldearen emanaldiak ere osatuko dute irailaren 29ko jaialdia. Arratsaldeko 16:00etan emango zaio hasiera jaialdiari.

Kronikaren aldeko Erremonte Jaialdira joateko sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, 12 euroren truke, bailarako zenbait tokitan, hala nola, Aralarren (Hernani), Ikatzan (Astigarraga), Irrintzin (Ereñotzu), Amaian (Goizuetan) eta Dobera-Kronikaren bulegoan. 

Horrez gain, Astigarragako Udalak, guztira 30 sarrera banatuko ditu herritarren artean, eta beraz, sarrerak eskuratu nahi dituzten astigartarrek alkatetza@astigarraga.eus helbidera idatzi beharko dute, izen-abizen eta sarrera kopurua (gehienez 4) adieraziz. Irailaren 27ra arte izango dute astigartarrek horretarako aukera, eta Udalak azaldu du sarrerak eskatu ahala banatuko direla, agortu arte.

Ereñotzuko Auzo Udalak ere bere aletxoa jarriko du Kronikaren aldeko Erremonte jaialdian; izan ere, 15 pertsonentzat bina sarrera zozketatuko ditu. Zozketan parte hartzeko 
izena eman behar da; telefonoetara deitua (622 338 395 edo 943 55 10 00),
ereinotzu@ereinotzu.eus helbidera idatzita, edo auzo udaleko bulegora gerturatuta. Apuntatzeko azken eguna irailak 27a izango da, 12:00ak arte.

Goizuetako Udalak ere herritarren artean banatuko ditu sarrerak doan. Beraz, jaialdira joateko interesa  izenen duenak Goizuetako Udaleko telefonora deitu beharko du (948 51 40 096 ), eta sarrerak agortu arte banatuko dituzte. 

Kronikakideentzat eta Doberako bazkideentzat 50 gonbidapen ditugu Dobera-Kronikako bulegoan (bakoitzak bat). Beraz, Kronikakideak edota Doberako bazkideak etorri bezala, gonbidapenak banatzen joango gara, 50ak agortu arte. 

 

Erremontea, herri kirolak eta gehiago

Kronikari bultzadatxo bat emateaz gain, datorren ostiraleko jaialdiaren muina erremontea izango da. Hiru bikotek jokatuko dute aurtengo edizioan, Urumea bailarako herri bana ordezkatuz. Bikoteak osatzea falta den arren, hauek izango dira jaialdian parte hartuko duten erremontariak: Aitor Aiestaran 'Notayo', Julen Loitegi, Oier Apezetxea, Aritz Zubiri, Ander Goikoetxea eta Urtzi Gurrutxaga. 

Bikote parekatuak kantxaratuko dira, eta triangular formatuan jokatuko dute. Bikote guztiek elkarren kontra jokatuta, partidu gehien irabazten dituena izango da garailea. Aurreko edizioetan tanto ederrak ikusi izan dira Galarretan, eta udarako partidu kopuru haundiaren ostean, sasoi betean iritsiko dira erremontari guztiak. 

Erremontea ez ezik, herri kirolek ere izango dute protagonismoa ostiralean. Hernaniko herritarren arteko norgehiagoka jokatuko da, arratsaldeko 16:30ak aldera, eta ondorengoak izango dira herri kiroletako probak: soka tika, lokotxak, txingak eta korrika saioa. Ea zer nolako erakustaldia eskaintzen duten parte hartzaileek! 

 

22 sagardo dastatzeko aukera

Kirola ez ezik, gastronomiak ere garrantzia izango du aurten ere, erremonte jaialdian. Zabalik izango dira Galarretako tabernak, eta bertan Urumea bailarako 22 sagardotegitako sagardoa eta produktuak dastatzeko aukera izango da, pintxo eta guzti. Ondorengo sagardotegiek hartuko dute parte: Akarregi, Alberro, Altzueta, Artola, Elorrabi, Elutxeta, Gartziategi, Goiko-Lastola, Gurutzeta, Iparragirre, Itxas-Buru, Larre-Gain, Lizeaga, Oialume Zar, Olaizola, Otsua-Enea, Oyarbide, Rufino, Petritegi, Zapiain, Zelaia eta Eula.

Gainera, sarrera erostearekin batera, lehenengo pintxoa eta sagardo tragoa hartzeko aukera izango da. Pintxo ezberdinak izango dira aukeran. 

 

Dantza emanaldia eta sortzaileen postuak

Dantza ikuskizun bat ere eskainiko du Hernaniko Ttarla dantza taldeak, erremonte partiduetako atsedenaldi batean. Eta Iazko formatuaren gisara, aurten ere Urumea bailarako sortzaileek postuak jarriko dituzte jaialdian. Guztira lau sortzaileren produktuak izango dira eskuragarri. Txirikorda proiektuko Garazi Loiartek konplementuz osatutako postua jarriko du; Koloreztatu proiektuko Ana Velezek xaboiak eta kosmetika produktuak eramango ditu; Maitandu Makrameko Maitane Anduezaren makrame produktuak ere izango dira; eta Hiruloretxo proiektuko Begoña Gurrutxagak telazko poltsak jarriko ditu postuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!