Victor Goikoetxea margolari eta eskultore hernaniarrak eta Xabier Barrutieta arkitektoak, udaletxeko Areto Nagusia berreskuratu dute eta gaur izango da, 18:00etan, inagurazio ekitaldia. Udaletxeko eraikin historikoaren gelarik garrantzitsuena da. Harribitxi honek urte asko zeramatzan oso egoera txarrean, eta biltegi bihurtu zen. Goikoetxeak eta Barrutietak egin duten lanarekin, 1899an Areto Nagusiak zuen itxura berreskuratu dute, 1875ean eraikin osoa suntsitu ondoren berreraiki egin baitzen.
Berreskuratze prozesuan Victor Goikoetxeak aitortza egin nahi izan dio pasa den urtean hil zen Mertxe Etxeberria alkate ohiari. «Hernaniko udaletxea herriko eraikina da, baina herrian ez zaio eman behar zaion garrantzia, beste prioritate batzuk egon direlako. Interesa eta ardura mende honen hasieran hasi zen, Mertxe Etxeberriari esker. Sentsibilitatea zuen artearekiko eta arduratuta zegoen udaletxea biltegi bezala erabiltzen zelako. Ordurako, 2001garren urtean, nirekin kontaktuan jarri zen eta sarrera eta eskailera konpondu behar zela helarazi zidan. Horrela biltegi izateari uzteko lehenengo pausoa emango zen. Honela, lehenengo esku-hartzea sarreran eta eskaileran egin nituen. Paristik iritsi berri nintzen nire ikasketak amaituta».
Hura izan zen lehenengo hazia eta ondotik, korporazio ezberdinek galdetu arren, ez zuten apustu garbirik egiten udaletxearen eraberritzean. «2005ean egin nuen Areto Nagusi honen lehenengo bozetoa. Nola berreskuratu zatekeen adierazten nuen bertan. Parisen trebatu nintzen, XIX. mende osoan eta gela honetan erabili ziren tekniketan. Benetan aberatsak zirenek beraien jauregiak eraikitzen zituzten marmolarekin, kaobarekin... material onenekin eta iristen ez zenak imitazioa erabiltzen zuen. Bide horretatik sortu zen Europan, batez ere Italian, Belgikan eta Frantzian, material nobleak imitatzen zituen trampantojo margo teknika. Artisau izatetik artista izatera pasa ziren eta herriz herri ibiltzen ziren beraien lana eskainiz. Horrela margotu eta dekoratu ziren hainbat eta hainbat eraikin, Hernaniko udaletxeko Areto Nagusia barne».
Victor Goikoetxea, Hernanin jaio ez arren, hernaniarra da eta Hernanin bizi izan da ia bere bizitza osoan eta ongi ezagutzen du herria. Argi du esku-hartze honek suposatzen duena herriarentzat. «Areto honen esku-hartzea Hernaniren belaunaldi eta pentsamolde aldaketaren erakusle da. Orain urte gutxi arte honelako proiektu bat udaletxean pentsaezina zen eta hori mirari txiki bat edo lorpen haundi bat da. Hau gizarte hernaniar osoaren aldaketaren islada da. Oinarri sozial oso oso garrantzitsua du».
«Leialak izan gara, garaiko beharretara egokituta. Oreka bilatu behar zen»
Lan honekin borobildu dira udaletxeko hiru elementu nabarmenenak: eskailera, Pleno Aretoa eta Areto Nagusia. «Modu batean alboratua eta kaltetua bakarrik ez, zatitua ere egon dena urte askotan», gogorazten du Barrutietak. «Berreskuratzea apustu politikoa ere izan da. Proiektua aurkeztu genuenean zatitua jarraitzen zuen eta proiektua aurkeztean pena izango zen bere osotasunean ez egitea».
Urte askoan ez dela kulturarik izan, kointziditzen dute arkitektoak eta artistak. «Dugun kultur ondarea balioan jarri dugu eta orain gutxi arte ez zen balioan jartzen ondare hori. Horretarako, nola egin zen ulertu behar da bere haunditasuna berreskuratzeko». Iturrietara joan dira, behatu nola egin zen, ahalik eta fidelenak izan eta gero, gaur egungo garaietara egokitu. «Leialak izan gara, garaiko beharretara egokituta», dio Barrutietak. Eskailera, Pleno Aretoa eta berritu den Areto Nagusiaren arteko lotura argigarria da. «Gehiago esango nuke», gaineratzen du Goikoetxeak. «Hau ez da jatorrian ekitaldietarako areto bat, Areto Kapitularra zen, gaiak kapitulura eramaten ziren aretoa, erabaki guztiak hartzen ziren aretoa».
Atal artistikoaz gain, obrak beste arlo tekniko bat ere badu, Xabier Barrutieta arduratu dena. Iragan historikoa errespetatuko badu ere, gaur egungo beharretara egokitu da. Horrela, zorutik txertatzen den klimatizazio-sistema bat landu dute, instalazio elektrikoarekin lotutako paretak askatzeaz gain. Era berean, argiztapena modu esanguratsuan aldatu da, «osoagoa eta sotilagoa» bihurtuz, nahiz eta egongelaren buru den lanpara mantentzen den, duen garrantzi historikoagatik. Lanaren beste zati bat arotzerian oinarritu da, energia hobeto aprobetxatzeko. «Teknologi berriak erabili dira, garai batekoa kontserbatzeko edo mantentzeko. Paradoxikoa da».
1899ko argazkia hartu da erreferentzi bezala
Historiaren pisua, beraz, funtsezkoa izan da gauzatu den proiektuan eta hernaniarrek gaurtik aurrera aurkituko dutena ulertzeko. Funtsean, eskailera-aldeak gaur egun duen itxurari jarraipena ematean datza, jauregi-izaerarekin. «Errealitatea da iraganean, hainbat unetan, arreta gutxiko jarduerak egin direla aretoa horretarako sortu ez zenean. Oraingo jarduera XIX. mendeko irudi hori berriro ematean oinarritu da», dio proiektu honetan ilusioz lan egin duen Victor Goikoetxeak.
Horretarako erreferentzia, 1899. urteko ia irudi bakarra izan da, aretoa berreskuratu ondoren inauguratu zenekoa, eta orain egiten ari diren lanak planteatzeko orduan gida gisa erabili dute. Victorrek berak Osoko Bilkuren aretoari berez ez zuen balio artistiko bat eman zion mural bikain batekin, Areto Nagusian ez zuen bide hori ikusten. «Askoz neketsuagoa da orain egin duguna. Uste dut leialak izan behar genuela areto honen garrantziari eta bere izaerari», azpimarratu du artistak. Pisu historiko hori ez zen hain haundia osoko bilkuren aretoan. «Udaletxearen barruan pisu historiko haundiena duten bi puntu nabarmenak eskailera haundia eta Areto Nagusia dira, zalantzarik gabe». Zentzu horretan, Xabier Barrutietak funtsezkotzat jotzen du etorkizuneko belaunaldiei utzi beharreko ondarea: «Lan honek kontuan hartzen du hori, jakin dezatela nolakoa zen areto hau XIX. mendean eta nolako garrantzia izan zuen».
Arlo artistikoari dagokionez, lan zaila izan da, eta lan haundia eskatu du. Areto eraberrituaren irudiak Hernaniko historian mende bat baino gehiago atzera egitea ahalbideratu du. «Egia esan, Donostian kenduta, Gipuzkoan udalerri gutxik dute horrelako zerbait, bai garrantzi historikoagatik, bai tamainagatik», nabarmentzen dute.
«Hainbeste urtetan egituran ezer ukitu ez izana miraria da»
Asko izan dira berreskuratze historiko horri aurre egiteko zailtasunak. Kontuan izan behar da hormetako pintura aldatu egin zela 1899az geroztik, hainbat pintura geruzarekin. Haien papera kendu egin zen, eta ez zegoen haien existentziaren ebidentzia fisikorik. Sabaietako pintura ez zetorren bat jatorrizkoarekin, mendearen erdialdean berriz margotu baitzuten. Marmolen erreprodukzioa ere ez zen originala; eskailera inperial monumentalaren multzoak, ordea, jatorrizko estiloa eta diseinua gorde zituen, eta erreferentziarik baliotsuena da.
Proiektuaren barruan, apaindurak pisu argia izan du. «Funtsezkoa izan da aldez aurretik egindako lana, historialari eta zaharberritzaile baten laguntzarekin, uste baigenuen oso leialak izan behar genuela areto haundi horrekin», adierazi du Victorrek. Azterketa historikoaren atalaz gain, in situ egindako dastatzeek ere garrantzia izan dute, pintura-geruzen kopuru haundia agerian utzi baitute. «Jatorrizko pinturetara itzuli nahi izan dugu, ez edonola. Egia da 2017an osoko bilkuren aretoan egindako emanaldiak hemen aurki genezakeenaren arrasto batzuk eman zizkigula». Azpimarratu behar da Victor Goikoetxeak Areto Nagusiaren inguruan egindako lehen zirriborroa 2005ekoa dela. Urteak daramatza, beraz, proiektu honetan lanean.
Zortea ere lagun izan omen dute dio Goikoetxeak: «Egitura bera ez da aldatu 1899garren urtetik. Gauzak erantsi dira, baina ez da aldaketarik izan egituran. Hainbeste urtetan egituran ezer ukitu ez izana miraria da». Joaquin Fernandez de Ayarragarayk dena egin zuela azpimarratzen du artistak. Ramon Cendoya izan zen lanen zuzendaria. «Gehienez dagoen araudira egokitu behar da, baina jatorrian zegoen dena». «Oreka hasierako diseinuan dago», gehitzen du Barrutietak.
Materialen bilaketa ordea lan haundia izan da. «Jaunetxea da, eta elementu apaingarri asko ditu. Elementu horiek pisu argia dute esku-hartzean. Asko dira, bai hormetan, bai zutabeetan edo sabaian. Horietan guztietan jardun behar izan da, espazioak pisu historikoa nabaria izango duen giroaz hornitzeko». Beste aldaketa garrantzitsu bat udaletxeko balkoira sartzeko kristalezko atea da. Altuera haundiagoa izango du orain, jatorrizko aretoaren irudiak jasotzen duen bezala.
Areto Nagusia gaur inauguratuko da eta herritarrei irekiko zaie
18:00etan zabalduko dira ateak eta Hernaniko Bandaren kontzertu txiki bat eskainiko da areto berritua ikusteko.
Areto Nagusiaren berreskuraketa Hernaniren mesederako egin da eta herritarrentzako. Ondarea berreskuratzen da eta gaur herritarrentzat irekiko da, atzo inaugurazioaren aurkezpenean Xabier Lertxundi alkateak eta Koro Etxeberria Kultura zinegotziak aipatu zuten bezala. 18:00etan zabalduko dira ateak eta Hernaniko Bandak, Jorge Pachecoren gidaritzapean, kontzertu txiki bat eskainiko du.
Aurkezpenean ere izan ziren Xabier Barrutieta arkitektoa eta Viktor Goikoetxea artista eta «talde lana» goraipatu zuten. «Denen inplikazioa ezinbestekoa izan da». Xabier Lertxundik alkateak erabilpenari eman zion garrantzia «orain zorua gastatzea dagokigu herritarrei». «Ekimen gehiago antolatuko dira» gehitu zuen Koro Etxeberriak «atsegina, dotorea eta aproposa baita ekimenetarako».
Victor Goikoetxeak eta Xabier Barrutietak goraipatu zuten udaletxea berriztatu zenean, 1875ko bonbardaketa eta gero, udaletxe izateko egin zela eta hori altxor bat da. «Eraikin asko beste izaera batekin berriztatu ziren eta areto Nagusia, estilo neoklasikoan, udaletxe izateko egin zen. Ikerketa haundia dago berreskuraketa honen atzean historia aldetik eta materialen erabileraren aldetik eta hori dena balorean jarri behar da. Inpaktu sinbolikoa bilatu nahi izan da eta gaur egun zaila da udaletxe batean 155 metro karratu eta 6 metroko altuera duen areto bat».