Atzo goizean gauzatu zuten etxe kaleratzea, Elkano kaleko 33 atarian

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 8a, 00:00
Goizeko 11:30etan atera zuten Ertzainek emakumea etxetik.

Tentsio uneak bizi izan ziren Elkano kaleko 33 zenbakiaren atarian. Ertzaintzak 11:30ak aldera kaleratu zuen emakumea, eta pertsona bat atxilotuta eraman zuten. Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea egin zuen arratsaldean. 

Tentsio haundiko goiza izan zen atzokoa Elkano kalean. Goizeko 10:30etan jarri zuten etxe kaleratzea gauzatzeko agindua, eta 08:30ak aldera hasi zen jendea 33 zenbakiaren atarira hurbiltzen. Asko izan ziren Etxebizitza Sindikatuak kaleratzeari «aurre egiteko» egindako deialdiarekin bat egin zutenak, eta bertan egon ziren eguerdiko 12:30ak arte.

Ertzainak goizeko 09:30ak aldera iritsi ziren atarira, eta hortxe sortu zen lehenengo tentsio unea. Jende ugari zegoen pilatuta portalaren aurrean, eta bertatik bultzaka kendu zituzten. Goizeko 10:30etan iritsi ziren etxeko atea ireki behar zuten bi sarrailagileak, baina batek sartu aurretik esan zuen ez zuela aterik irekiko; eta bigarren sarrailagilea etxeko ate aurrean jarri zen arren, bertan erabaki zuen lanari uko egitea.  

Gauzak horrela, goizeko 11:00etan iritsi zen segizio judizialaren agindu berria, eta ertzainek behera bota zuten etxeko atea. Orduerdi beranduago kaleratu zituzten emakumea eta etxean zeuden Etxebizitza Sindikatuko hiru kideak. Tentsioa areagotu egin zen une horretan, eta ertzainak bertako jendearen aurka oldartu ziren. Manifestarietako bat atxilotuta eraman zuten komisaldegira, eta bi pertsona identifikatu zituzten. 

 

Pertsona bat atxilotu zuten.
 

Elkarretaratzea egin zuten atzo Tilosetan, Etxebizitza Sindikatuak deituta

Etxebizitza Sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean «kaleratzea eta poliziaren jarrera oldarkorra salatzeko». 

Horrez gain, Hernaniko Udalak egindako adierazpenak «gezurtzat» jo dituzte, eta «gainean duten ardurari uko» egin diotela gehitu dute: «Erantzukizun politikoz jokatu ez duen bakarra Hernaniko Udaletxea da; bere herrian alternatibarik gabeko etxegabetzerik ez egotera konprometitu, eta ondoren, hori betetzeari uko egin baitio». Gainera, nabarmendu dute «Udalak bilera orain eskaini badu, egindako borrokaren eta salaketaren ondorioz» hartutako erabakia dela.

Etxebizitza Sindikatutik «jarrera aldatzeko» eskatu diote Udalari: «Alternatiba baten bidean horren garrantzitsua den errolda soziala onartzeko exijitzen diogu».

 

 

 

«Pertsonari baliabideak eskaini zaizkio, baina uko egin dio ibilbidea lantzeari»

Hernaniko Udalak adierazi du «hilabete luzez» aritu dela kasu honetan lanean, eta nabarmendu dute «prest daudela» jarraitzeko.

Hernaniko Udalak adierazpenak egin ditu atzoko etxe kaleratzearen inguruan: «Hernaniko Udalak beti jarri izan ditu martxan bere bitarteko profesional guztiak horrelako eta antzeko egoeretan. Kasu honetan ere, hilabete luzez aritu dira gizarte langileak egoera zaurgarrian dagoen pertsonarekin lan egin nahian, baina pertsona horrek uko egin dio ibilbidea lantzeari». 

Udaletik gehitu dute «prest daudela» pertsona honekin lanean jarraitzeko: «Gaurkoaren ondoren, pertsona hori zerbitzu sozialekin ibilbidea lantzeko prest azaldu da eta gaur bertan hitzordua lotuta dauka».

Adierazpenekin amaitzeko, mezu «garbi» bat helarazi nahi izan du Hernaniko Udalak: «Legezkotasuna eta justizia defendatzea dela udal baliabideak behar dituenaren esku jartzea eta hauek justizia eta berdintasun irizpideen arabera izatea; eta beraz, ez saiatzea etekin politikorik ateratzen egoera zaurgarrian aurkitzen diren herritarrekin».

 

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!