Familia bat etxetik kaleratu dute, Elkano kaleko 33 atarian

Kronika - Erredakzioa 2023ko eka. 7a, 12:30

Tentsioa eta eztabaida izan dira denbora luzez, Ertzaintzaren eta etxe kaleratzearen aurka bertaratukoen artean, eta pertsona bat atxilotu dute. Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea deitu du, arratsaldeko 19:00etan, Tilosetan.

Gaur goizeko 10:30etarako zegoen finkatuta Elkano kaleko 33 atarian bizi den familiaren etxe-kaleratzea. Hala, Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak 09:30etarako egin du deia, etxe kaleratzeari «aurre egiteko». Jende mordoa hurbildu da Elkanora, eta goizeko 10:30ak inguruan Ertzaintza gerturatu da, 33 atarira.

Bi sarrailagile joan dira etxeko atarira, baina biek uko egin diote atea irekitzeari. Hortik ordu erdira iritsi da segizio judizialaren agindu berria, eta ertzainek behera bota dute atea. Barruan zeuden emakumea eta Etxebizitza Sindikatuko hiru kideak 11:30ak aldera kaleratu dituzte. 

Tentsioa eta eztabaida izan dira denbora luzez, Ertzaintzaren eta etxe kaleratzearen aurka bertaratukoen artean, eta tentsioa haunditu egin da emakumea kaleratu dutenean. Pertsona bat atxilotuta eraman dute, eta beste bi identifikatu dituzte. 



Gertaera salatzeko, Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea deitu du gaurko, arratsaldeko 19:00etan, Tilosetan. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!