Orain arteko ibilbide gehienak Hernaniko hegoalde partean egin ondoren, iparraldea ezagutzeko tartea hartuko dugu ibilbide sortako azkeneko hiru proposamenetan. Eta hasteko, Antziola auzoko eta Oriamendiko inguruneak ezagutuko ditugu, 8,1 kilometroko ibilbidean, 263 metroko igoera metatuarekin.
Hain juxtu, Oriamendiko tontorra izango da punturik altuena, eta ikuspegi kamustuez gain, gozatuko dugu historiako pasarte esanguratsuen eszenatoki izan zen eremuaz.
ORIAMENDIKO GOTORLEKUA, ETA BUZOIRIK GABEKO PERRETXIKOA
Ezagutuko dugun zonaldea aldatu arren, berbera izango da abiapuntua. Plazan hasiko dugu ibilbidea, eta Andre Kaletik (edo Kale Nagusitik, aukeran) Plaza Berrira jaitsi ondoren, garai bateko tranbiaren bidea hartuko dugu: Urbieta kalea oso-osorik zeharkatu, Ertzain Etxeko errotondara iritsi arte; eta Antziolarako bidea hartuko dugu, igerileku irekien ondotik pasata. Auzoan barrena, Iturmendi kaletik egingo dugu gorantza, etxe berri txuri-urdinak bukatzen diren tokiraino; eta bertan ikusiko dugu hormigoizko bidea. Bide hori hartuko dugu, Antziolako landa gunean barneratzeko.
Lau bideko bidegurutze zabala topatuko dugu 200 metrora, eta aurrera dijoan bidea hartuko dugu. Metro gutxira, eskuinera utziko dugu Balantxa baserrirako sarbidea, eta aurrera jarraituko dugu, tunel batera iritsi arte, etengabe gorantza. Autopistaren azpitik pasako gara horrela, eta Larrabide baserriaren sarrerara iritsiko gara. Tarte honetan emango digu atseden pixka bat aldapak, baina gogortu egingo da berriro, Oriamendira bidean. Autopistako zerbitzugunea begibistan dugula, Bidaurreta baserriaren ataritik pasako gara, asfaltoak hormigoiari testigua pasatzen dion puntuan. Berehala utziko dugu hormigoia, dena den: 100 metro aurrerago, bideak ezkerrera egiten duen tokian, mendi bide bat ikusiko dugu eskuinean, gorantza. Bide hori hartuko dugu, eta zelai baten bazterretik igoko gara, goiko errepidera iritsi arte: Oriamendi tontorraren magalera. Bide zati horretan, baliteke lokatz pixka bat topatzea, aurreko egunetan euria egin badu.
Behin errepidera iritsita, ezkerrerantz abiatuko gara, baina metro gutxira hartuko dugu mendi bidea berriro. Errepidearen ezkerrean ikusiko dugu bidea, zuhaitz artetik, Oriamendiko tontorrera igotzeko. Une honetan nahiko garbi dago, Añorgako Kirol Elkarteak txukundu zuelako bidea eta ingurunea iaz, bere mendeurrenean. Minutu gutxitan iritsiko gara tontorrera, eta inguruan, ikusiko ditugu garai bateko gotorlekuaren aztarnak, sasiak hartuta dauden arren. Duela 50-60 urte, gotorlekuaren gela ezberdinak ikusi zitezkeen, baina ahanzturan galdu da. Añorgarrek garbitu zutenean, posible zen gotorlekuari buelta ematea eta ikustea, baina sasiak hartu du berriro.
Edonola ere, historiari errepasoa egiteko aitzakia izango dira gotorlekuaren aztarnak. Gaur egun, inguruko zuhaitzak haunditu izanak kamustu du tontorreko ikuspegi zoragarria; baina horixe izan zen, gerra garaietan, Oriamendi gune estrategiko izateko arrazoia. San Joan Bataiatzaileari eskainitako ermita bat izan zen bertan, eta gerora, gotorleku bat eraiki zuten. Lehenengo Gerra Karlistan erabili zuten aurrenekoz, eta tropa ingelesak izan ziren bertan. Baina karlisten eraso gogor baten ondorioz, 1837an, ihes egin behar izan zuten. Borroka horretan hildakoak, berriz, Urgull mendiko Ingelesen Hilerrian lurperatu zituzten. Garaipen garrantzitsua lortu zuten karlistek bertan, eta hori horrela, Oriamendiko martxa izendatu zuten karlisten ereserkia. Gotorlekua bera ere suntsitu zuten guda horretan, eta Hirugarren Karlistadaren garaian berreraiki zuten, berriro ere gune estrategiko gisa baliatzeko, 1936ko Gerra Zibilean bezalaxe.
Plaza tankerakoa da Oriamendiko tontorra, eta buzoi moduko bat dago bertan, perretxiko formakoa. Ez da buzoia, ordea, ez baitauka txartelak edo orriak sartzeko ahorik. Izan ere, galtzen ari da mendi tontorretako buzoien ohitura. Garai batean, lehiaketak egiten ziren mendi elkarteetan, horrekin lotuta. Helduek, adibidez, erronka bezala izaten zuten urtean 20.000, 30.000 edota 40.000 metroko igoera pilatzera, igotako tontorren altuera batuta. Horretarako, norberak bere txartela uzten zuen igotako mendiaren buzoiean, eta hurrena igotzen zenak, txartel hura hartu eta bidaltzen zuen pertsona horren mendi elkartera. Horrela, mendi elkarteak bazekien zein tontor igo zuen bakoitzak. Denak batuta, pilatutako metroen arabera, finalistak izaten ziren kategoria bakoitzean, eta domina jasotzen zuten. Haurrekin ere egiten zen hori, eta ilusioa egiten zien beraien izenarekin txartela uzteak. Mendia joateko gogoa pizten zitzaien horrela.
Galtzen ari da hori guztia, eta gaur egun, ezohikoa da buzoietan txartelak topatzea. Tarteka izaten dira, dena den; eta baita bestelako mezuak edota marrazkiak ere. Xelebreak ere bai, tarteka: Azkenean lortu dugu iristea! eta antzekoak.
GOIKOGAINATIK BUSKANDORA, ZELAIETAN BARRENA
Igoerako bide beretik egingo dugu Oriamendiko jaitsiera; eta behin errepidera iritsita, kontrako norabidean abiatuko gara, eskuinaldera, Basozabalera bidean. Bidea bitan banatuko da berehala, eta ezkerrekoa hartuko dugu, Oiaola baserriaren ondotik pasatzeko. Edonola ere, berehala elkartuko dira bi bide horiek, berriro ere.
Errepidean aurrera jarraituko dugu, Basozabaleko golf zelaira bidean, lehenik. Baina laster, bidegurutze zabal batean, alde batera utziko dugu golf zelaira dijoana, ezkerrera; eta aurrera jarraituko dugu. Bidegurutzetik metro gutxira, gainera, bidea aldatuko dugu berriro, eta eskuineko errepide estua hartuko dugu, Goikogaina baserrira doana. Bertatik, ederki ikusiko ditugu Santiomendi, Astigarraga, Txoritokieta, Aiako Harria...
Asfaltoa aurrena eta hormigoia ondoren, gorantza egiten du bideak, Goikogainara bidean. Eta baserriaren atarira iritsi aurretik, mendi bide bat ikusiko dugu ezkerreko bazterrean: baserria inguratzen du bide horrek. Bertatik abiatuko gara aldapa behera, zelaietan barrena, aurrez aurre ikuspegi ederra dugula berriro ere. Autopistaren gainetik pasako gara oraingoan, eta berehala azalduko gara hormigoizko errepide batera. Bertan, eskuinera hartuko dugu, Antziolara bueltatzeko. Buskando baserriaren ondotik pasako gara horrela, baserri txuri elegantea ezkerrean utzita; eta eskuinean, gain batean ikusiko dugu Balantxako etxe berria. Hernaniko ikuspegi polita dago inguru honetatik. Horretaz gozatu, beherantza jarraitu, eta ibilbidearen aurreneko zatiarekin elkartuko gara berriro, Balantxa baserriko bidegurutzean.
Hemendik aurrera, Antziola auzoa zeharkatuko dugu, eta joaneko bide beretik egingo dugu bueltakoa Plazara... edo norberak bilatu nahi duen alternatibatik, nahi izanez gero!