Erreportajeak

Azkeneko paseotxoa, Osiñaga bailarako zelai berde eta txoko berezietan barrena

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 22a, 00:00

Paisaia eta ikuspegi ederrez gozatuko dugu Eula sagardotegiaren inguruan, eta baita loretan dauden sagastiez ere.

Osiñagako inguruetan osatuko dugu ibilbide sortaren bosgarrena, 7,18 kilometrokoa, baina oraindik ezagutu ez ditugun bideetatik. Azkeneko paseoa izango da ingurune horretan, Oriamendi eta Astigarraga aldera egingo baititugu ibilbide sortako gainerako hirurak.

Sakatu hemen, ibilbidearen tracka deskargatzeko, GPX formatuan.

Dagoeneko ezagun ditugun inguruneetan barrena, baina bide ezezagunetatik, osatuko dugu Her­naniko ibilbide sortaren bos­garrena. Izan ere, Osiñaga bai­larako zelai berde eta txoko berezietan barrena ibiliko gara hirugarrenez, ingurune horretan egin baikenituen aurreneko ibilbidea eta hirugarrena. Eta oraingo paseotxoaren bukaera ere, bi ibilbide horien berbera izango da, Loiditik Portura dijoan bidetik.

Ingurunea berbera izanda ere, ordea, bide zati hori ba­karrik dute komuna hiru ibilbideek; eta beraz, beste txoko eta bideetan barrena ezagutuko ditugu Hernani eta Urnieta arteko ingurunea, eta Osiñaga bailara. Beste ikuspegi bat eskainiko digu, gainera. Ez dugu aukera galduko horretaz gozatzeko, azkeneko ibilbidea izango baita, Hernaniko hegoaldean dauden lurretan barrena. Hurrengo hirurak, ibilbide sortako azkenekoak, Oriamendi eta Astigarraga aldera egingo ditugu.

7,18 kilometroko ibilbidea osa­tuko dugu oraingoan, 187 metroko desnibel positiboarekin. Ibilbide erraza izango da, eta erdi partean egingo dugu zatirik haundiena aldapa gora, Eula sagardotegira igotzeko. Topatuko ditugu txoko bereziak, gozatuko dugu paisaia ederraz, eta gogora ekarriko ditugu aurreko ibilbideetan ezagututako toki esanguratsuak.

 

Teilak egiteko labea, Tellerigainen. 1989an estali zuten, horma bat eraikita.
 
 

Tellerigaingo labe 'ezkutua', ibilbidearen hasieran

Beti bezala, Plazatik abiatuko gara, eta udaletxeko arkupe nagusia zeharkatuko dugu, Lizeaga kalean gora abiatzeko. Goraino joango gara oraingoan, garai batean paradore ezaguna zegoen tokiraino; gaur egun, kotxeentzako aparkalekua topatuko dugu bertan. Asko aldatu baita ingurune hori, betidanik Tellerigain gisa ezagutu duguna, azkeneko hamarkadetan; eta horren lekuko dira azpiko bi argazki zaharrak. Teilak egiteko labe bat ageri da ezkerrekoan, eta Urnietatik Hernanira iristeko errepidea eskuinekoan, Telefonicarena zen eraikina ikusgai dagoela. Zati horretan ez zegoen egungo etxerik orduan, eta ezta espaloirik ere. Eta Tellerigainen bertan zegoen, izenak berak aditzera ematen duen bezala, teilak egiteko labea. 

1989koak dira bi argazkiak, eta urte hartan estali zuten labea. Espaloia dago zati horretan, gaur egun; eta haren ondoko paretaren atzean egongo da ezkutatuta labea; gutxi gorabehera, autobus geltokiaren ondoren espaloiak barrurantza koxka bat egiten duen tokian.

Labe ezkutuaren ondotik pasa, eta espaloi horretan behera abiatuko gara paseotxo honetan, Urnietara bidean. Etxeak bukatzen diren tokian, 300 bat metrora, biratuko dugu ezkerrera, espaloiak berak bezalaxe, A-15 errepidea zeharkatu ahal izateko. Horrela, gorabehera eta zig-zag txiki bat eginez, tunela pasako dugu, eta eskuinera dijoan bidea hartuko dugu segidan. Bidegorriari segika, aldapa leun batean gora, berehala iritsiko gara errepidearen ondora berriro. Bertatik egingo dugu ibilbidearen hurrengo zatia, espaloi zabaletik eta Langardako txaletak ezkerrean ditugula, Urnietako sarrerara iritsi arte. Ez gara herrigunean sartuko, ezkerrera biratuko baitugu, txaletak bukatu eta berehala, Ermotegira dijoan bidean (kartela ere ikusiko dugu). Eraikitzen ari diren etxe berriak eskuinera utzita eta aldapatxo bat igota, iritsiko gara Ermotegi baserriaren atarira. Errepidea utzi eta mendi bidea hartuko dugu zati honetan. Trankatx baserrira jaisten den bidea ikusiko dugu eskuinera, baina ezkerrera jarraituko dugu guk, izen bereko erreka begibistan dugula, trenbidearen ondora iritsi arte. 200 metro inguru egingo ditugu trenbidearen ondotik, eta tunel txiki bat topatuko dugu orduan, azpitik pasatzeko.

 
Tellerigaingo aldapa eta Urnietatik Hernanira iristeko errepidea. Telefonicaren eraikina da eskuinekoa.
 

Ezaguna dugu ingurune hau, Portu eta Urnieta arteko bidegorria. Hirugarren ibilbidean bezalaxe, Urnieta aldera abiatuko gara honetan ere, baina berehala desbideratuko gara berriro; Igerategi baserriaren parean, hain juxtu. Bidegurutze bat topatuko dugu bertan, hainbat seinalerekin. Ezkerrera gorantza dijoan bidea hartuko dugu oraingoan, Saordegi baserrira edota Eula sagardotegira bidean. Zati honetan pilatuko dugu ibilbidearen ia igoera osoa: ia 100 metroko desnibel positiboa egingo dugu, kilometro bateko tartean. Baina, era berean, zati honetan izango ditugu ikuspegirik ederrena, Buruntza, Santa Barbara, Urnieta eta Hernani aldera. Beraz, indarrak ez xahutzeko eta paisaiaz gozatzeko, igoera lasai hartzea izango dugu aukerarik onena.

 

Eulatik loidira, aldapa behera

Saordegiko behiak agurtu ondo­ren, Eula sagardotegian bertan bukatuko dugu igoera, eta aldapa behera abiatuko gara, ezkerrera biratuta. Diustegi eta Argindegi baserrietara iritsiko gara horrela. Argindegi baserriaren erdi-erditik pasako gara, errepidea utzi eta mendi bidea hartuta berriro. Hemendik aurrera, aldapa behera egingo dugu puska luze bat, Osiñaga bailara eta Onddi eta Adarra mendiak aurrez aurre ditugula. 

Mendi bidea hormigoizko bide bilakatuko da aldapa behera goazela, eta sigi-saga baten ondoren, Sarobe baserrira iritsiko gara. Ondo-ondotik pasako gara, baserriaren ezkerreko aldetik; eta zuhaitz artean sartuko da bidea. Egun eguzkitsuetan, eskertuko dugu haiek emandako itzala, ordura arte oso toki irekietatik egin baitugu ibilbidea. Zuhaitzen artetik ateratzerako, Osiñaga auzoaren beheko etxeetan izango gara. Errepidera azaldu bezain pronto, ezkerraldera egingo dugu, eta berehala iritsiko gara Loidira.

Hemendik aurrera, esan bezala, ezaguna dugu bidea, aurreko ibilbideak osatu baditugu. Edonola ere, aukera baliatu dezakegu, berriro, Portura bidean dauzkagun txoko eta eraikin bereziei erreparatzeko. Loidiren aurreko aldean dago oroitarria, Bigarren Mundu Gerran iheslariei lagundu zieten mugalarien omenez. Hernani aldera jarraituta, pixka bat aurrerago, Valentin Berrondorena zen baserriaren arrastoak eskuinean, eta ur-depositu bat ezkerrean, oraindik ikus daitekeena, bere tuberia lodiarekin. Baserriaren segidan, zentral txiki bat izan zuen Papelera del Nortek, bere garaian. Beste kilometro erdi inguru aurrera egin, eta Oyeneder Txikira, garai batean ofizina izan zena: XVIII. mendean aingurak egiteko erabili zen tailerra, alegia. Eta Portura iristearekin batera, beste bi interesgune aurkituko ditugu. Batetik, Portu eta Karabel auzoen arteko erribera, duela 80 urte inguru Antonino Pagolaren lupulu landaketak izan zituena, Gipuzkoako aurrenekoetakoak. Eta bestetik, Portuko Lonja, garai bateko ibaiko garraioa eta portua gogorarazten dizkiguna. Horiek guztiak topatuko ditugu, ibilbide sortako lehenengo eta hirugarren ataletara atzera eginez gero.

Behin Portura iritsita, ohi bezala, azkeneko esfortzutxoa egin beharko dugu, Plazara iritsi eta ibilbidea bukatzeko.

 

Ibilbidearen planoa, laranjaz markatuta. Hernanitik Urnietara bidean osatuko dugu aurreneko zatia, eta Eula sagardotegira igota, Osiñagan barrena bigarrena.
 

 

IBILBIDEKO MUGARRIAK

Plaza 0 km
Tellerigain 0,56 km
Aritzola 1,59 km
Ermotegi 2,23 km
Igerategi 2,95 km
Saordegi 3,62 km
Eula sagardot. 3,99 km
Argindegi 4,20 km
Sarobe 4,93 km
Loidi 5,40 km
Mendipe 6,21 km
Portu 6,74 km
Plaza 7,18 km

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!