Nolatan sortu zitzaizun Zapotxin izateko ideia?
Antzerkia eta pailazoen kontua txikitatik eraman dut barruan. Banekien noizbait umorearekin zerikusia zuen zerbait egiten amaituko nuela. Hala ere, ez nuen uste Zapotxin sortuko nuenik. Betidanik izan dut mozorrotzeko ohitura, nire amaren herrian magia ikuskizunak ematen nituen, 7 urterekin.
Zapotxin joan da denborarekin forma hartzen; hasieran ez zuen izenik. Esan dezaket, bidea duela 4 urte hasi zela, proiektuari bueltaka hasi ginen lagun bat eta biok; eta normala den bezala, jendea bidetik atera da, nolabait esateko. Gorabeherak egon ziren, eta momentu bat heldu zen non erabaki nuen nik bakarrik jarraitzea proiektuarekin. Beraz, nik jarraitu dut bidean, nahiz eta formatoa txikiagoa izan, neurera ekarri dut.
Urtebeteko lana izan da gutxi gorabehera, ikasketekin eta lanarekin konpajinatzen joan naiz eta apurka-apurka sortu da Zapotxin. Nire ustez parte garrantzitsu bat izan da lotsa kendu dudala. Duela bi urte agian ez nintzen gai izango hau publiko egiteko. Orain ikusten dut gai naizela. Lotsa galdu dut beste esperientzia batzuetatik eta jendaurrean antzezteko gaitasuna garatzen joan naiz. Horregatik, momentu batean esan nuen: orain da unea!
Aipatu duzu hasieran proiektu bat zenuela eskuartean; orain, aldiz beste bat daukazu. Oso ezberdinak al dira?
Oso desberdina da, hasierako ideia hasi zen antzerki batetik, gidoi batetik. Gidoi honek beste ikuspuntu bat zuen, antzerki tipiko baten testuinguruan, atzean mendia, eguzkia, etxe txiki bat… Trama ere askoz sinpleagoa zen, askoz ere infantilizatuagoa.
Zapotxin bakarra da, esan nahi dut, pertsonaia bat da, aktore bakarra. Horrek, exijitu zidan gidoia guztiz aldatzea; monologo bat ez izateko istorioa moldatu behar izan nuen. Istorioa guztiz ezberdina da, gainera kantua ere landu dut.
Antzerki eder bat ari zara prestatzen. Eduki guztiak zeuk sortuak dira?
Bai, mezua gutxi gorabehera ondorengoa da: zapaltzen dugun lurra ezagutu behar dugu. Antzerki honek ekartzen ditu bueltan Euskal Herriko historia markatu duten pertsonaia batzuk. Hau lortzen dugu Zapotxin mozorrotzen. Trama ondorengoa da: Zapotxin joaten da bere aitonaren galtzerdi dendara, opari bat utzi diolako galtzerdi dendan. Eta galtzerdiak dira oparia. Zapotxinek ez du ulertzen, baina antzerkiak aurrera egin ahala, ulertuko du zein den opariaren funtzioa.
Kontua da galtzerdi bakoitzak jabe bat eduki duela eta galtzerdia kaxatik ateratzearekin batera, jabe hori agertu egingo da. Jabe hori agertuko da Zapotxin mozorrotuz, dendan aurkitzen dituen elementuak erabiliz. Joko sinboliko bat da, mozorroen bitartez. Esaterako, Zapotxin mozorrotzen da Elbira Zipitriaz, ikastolen sortzaileaz. Beraz, Zapotxin-Elbirak kontatuko digu nolakoak ziren bizitako garaiak, zentsura zegoela euskerarekin, nola etxeko ganbaran ikastola sortu zuten… Eta modu honetara pertsonaia gehiago ezagutuko dira; izan ere, Zapotxinek beste galtzerdi bat aterako du kaxatik, eta Lazkao Txiki bertsolaria aterako zaio eta bertsotan bakarrik hitz egiten du. Honela, ezagutuko dugu Lazkao Txikiren bizitza nolakoa zen, batik bat ezagutzen ez duten generazioei begiratuta.
Hau guztia prestakuntza prozesu batean dago, baina oraindik ez dut emanaldirik eskaini. Orain diska bukatzen nabil, antzerki musikatua izango delako.
Zer da zuretzat Zapotxin?
Nik esango nuke dela barruan gordeta daukadan zati bat. Zapotxin da Markelek aske hitz egiteko eta nahi duena egiteko aitzakia perfektua. Imajina dezagun, Markel gisa, aurkezle moduan, oso lotsatua egongo litzateke eta Zapotxin, aldiz, gustura egongo litzateke. Beraz, aitzakia ederra da Zapotxin, Markelek duen guzti hori ateratzeko, lotsarik gabe. Edonor besarkatzera joateko ausardia du Zapotxinek, eta Markelek ez. Zapotxin horrelakoa da, lasai bizi da, jendea maite du eta adierazi egiten du gainera.
Aisialdi denboran jarduten duzu Zapotxinen edukiak edo ideiak pentsatzen, edota lan gisara hartzen duzu?
Momentu honetan, hobbie bat da. Nire denbora librean gauzatzen ari naizen proiektu bat hain zuzen. Antzerkia ogibide izatea zaila da, eta duela gutxi hasi bazara, are zailagoa. Egia da, nire denbora librearen zati bat eskaintzen ari naizela Zapotxini, ardura puntu batekin, batik bat eskaini nahi ditudan emanaldien datak ez luzatzeko.
Momentuz ezin dut %100ean honetara dedikatu, eta badakit bizitzeko adina ez didala emango, baina etorkizun batean lanarekin konpajinatu dezakedala iruditzen zait. Hala ere, ez naiz ari dirua irabazteko helburuarekin, hori argi daukat; duela askotik pendiente neukan proiektua da Zapotxin, eta izugarri disfrutatzen dut honetan.
Oraindik ez duzu emanaldirik eman, baina Instagram bidez bideo pare bat elkarbanatu dituzu. Nolakoa ari da izaten Zapotxinen hasiera Markel?
Zapotxinek eduki du oso-oso harrera ona, hasiera ari da izaten mundiala. Bi zentzutan, alde batetik, Instagramera igotako bideoa ezagun askok partekatu dutela konturatu naiz; eta bestetik, ezezagun askok jarraitu dute Zapotxinen kontua. Eta horrek harritu egin nau, eta noski honek guztiak bete egin nau, zoragarria da. Ikusi dut jendeak proiektuan sinesten duela, eta aldi berean, beste arrazoi batzuk direla eta, sekulako interesa duela. Beraz, eskertzeko besterik ez daukat.
Hasieran baneukan beldur puntu bat. Izan ere, nork esaten du Bai, pailazoa naiz; lotsa puntu bat ematen zidan horrek. Eta nire buruarekin gogor jokatu dut. Aurreneko bideoan adibidez, Zapotxin ikusten da, eta horrek nolabaiteko talka bat sortu dezake. Askok pentsatuko zuten, Hernaniko gazte bat pailazoz jantzita, zer da hau?. Baina aurrera egitea erabaki nuen, gustuko nuelako eta ogibide nobleagorik ez dudalako ezagutzen. Umeekin egoten naiz, eta Zapotxinek eskainiko duen edukia ez da umorea bakarrik izango, haratago doa, hausnartzeko arnasgunea izan nahi dut txikientzat.
Nola Ikusten duzu Euskal Herrian umore sektorea, pailazoei dagokienez?
Euskal Herri mailan iruditzen zait, sekulako erreferenteak dauzkagula. Gainera, pertsonaia bat sortzerako momentuan, hasieran behintzat, inguruko pailazoengandik zertzelada batzuk hartzen dituzu. Euskal Herrian nork ez ditu ezagutzen Pirritx, Porrotx eta Marimotots? Denok dakigu zeintzuk diren, baita Takolo ere. Erreferente dira, nire kasuan behintzat, eta baita Zapotxinentzat ere. Gainera iruditzen zait pailazo izateari buelta eman diotela, pailazoak ez dira erortzen diren pertsonaia baldarrak eta barrea eragiten dutenak bakarrik, txikiei hausnartzera gonbidatzen dituzten lagunak ere badira.
Beraz, esango nuke, bidea ireki digutela gainontzeko pailazoei. Eta esan behar du, nahiz eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen pailazogintza eredua ez jarraitu, oso garrantzitsuak izan direla Euskal Herrian Txirri, Mirri eta Txiribiton ere. Euskal abestigintzan sekulako ekarpena egin dute, denek ezagutzen baitituzte haien abestiak.
Oso ezberdinak dira Zapotxin eta Markel?
Ezberdinak dira bai, Zapotxin pertsonaia bat da, eta familiako erreferentea aitona du, eta oraingoz inguruko harremanak sortu behar ditu. Markel, hau da ni neu, mila saltsetan dabil. Beraz, esango nuke ezberdinak direla; Markelek arazo edota buruhausteak ditu eta Zapotxinek, aldiz, ez. Horregatik, Markelentzat Zapotxin terapeutikoa da. Zapotxinez janzten naizenean, benetan Zapotxin sentitzen naiz eta nahi dut ondo pasa, kantatu eta dantzatu. Zapotxinez janzten naizen momentuan Markelen arazoak badoaz, eta desagertu egiten dira. Politena da ingurukoei ere ahaztu egiten zaiela Markel naizela.
Zein da zure helburua Zapotxinekin?
Nire helburu nagusia edo gustatuko litzaidakena da norbait Zapotxinekin gogoratzea. Adibide bat jarriko dut: niretzat Pirritx eta Porrotx erreferente izan diren moduan, nahiko nuke norbaitentzat Zapotxin izatea txikitan momentu ederrak pasarazten zizkion pailazoa.
|