Herriko beste auzo baten landa eremua ezagutuko dugu oraingoan, ibilbide sortaren laugarrenean. Martindegi auzoan barrena ibiliko gara, Oialumetik Zikuñagako Amaren ermitaraino, gainez gain eta baserriz baserri, bidean zenbait bitxikeria ere ezagutuz.
7 kilometroko ibilbidea izango da, 175 metroko igoera metatuarekin. Akarregitik Oialumera iritsi, eta bertatik igoko gara Martindegiko landa eremura, xuabeagoa baita aldapa bertatik. Alderantziz eginda, Zikuñagatik ermitara doan aldapa gogorra igo beharko genuke hasieran.
ATZIETAKO BONBAK, GURDIBIDEA ETA BIKOTEEN SORLEKUA
Plazan hasita, Andre kalean behera abiatuko gara aurrena, Felipe Sagarna 'Zapa' kaleraino; eta bertatik aterako gara Atzieta kalera, arkupetik. Hantxe bertan topatuko dugu aurreneko bitxikeria, arkupea zeharkatu eta eskuinera: bigarren etxean, 39 zenbakia daukan zuri-gorrian, Bigarren Karlistadako bi bonba ikusi daitezke, fatxadako paretan sartuta.
Gerra kontuak alde batera utzi, eta Atzietako arkupearen parean abiatuko gara eskaileretan behera, tren geltokiaren ondotik Karabelera iristeko, ohiko trenbide azpiko pasabidetik. Auzoa zeharkatu, Karabeleko zubia ere bai, eta Akarregi poligonoan barrena joango gara, Akarregi sagardotegiaren parera iritsi arte. Hortxe desbideratuko gara eskuinera, eta sagardotegiaren ondotik pasata, poligonoaren atzeko bidetik joango gara Astigarraga aldera. Lasaiago ibiliko gara horrela, eta irudimen pixka batekin, saiatuko gara irudikatzen nolakoa zen bide hura garai batean. Izan ere, gurdibidea pasatzen zen bertatik.
Astigarragara dijoan bidegorriarekin elkartuko gara segidan, eta horrexek eramango gaitu Martindegi auzora, bi errotonda pasa ondoren eskuinera hartuta. Auzoan barrena goazela, Zelaia sagardotegia utziko dugu eskuinera, eta Oialume Zar ezkerrera. Baita Oialume taberna ere, bere aterpe elegantearekin, herritar helduenei oroitzapen politak ekarriko dizkiena. Izan ere, egungo dantzaleku haundia egin aurretik, aterpea bera izaten zen dantzalekua, eta makina bat bikote sortu dira bertan, dantza eta dantza artean.
Errekaren ondotik abiatuko gara errepidean gora, eta alde batera utziko dugu Sarasola, Etxeberria, Mendizabal edota Larrarte sagardotegietara joateko bidea. Tellerizarren ondotik pasa, eta aurrera egingo dugu, betiere aldapa gora, bidegurutze batera iritsi arte. Hiru bide izango ditugu aurrez aurre. Ezkerrekoari jarraituta, Añoa baserrira eta Epelerrekara iritsiko ginateke. Erdiko bidea hartuz gero, berriz, Lastaola poligonoaren parera iritsiko gara, errepidera; Oronaren parera, hain juxtu. Eskuinera doan bidea hartuko dugu guk, hormigoizkoa; eta bide horretan gora egingo dugu kilometro erdi, Indioene baserria eskuinera utzita, ia Juanantonenea baserrira iritsi arte. Lehenago desbideratuko gara ezkerrera, hormigoizko bidea utzi eta hartxintxarrezko bide polit bat hartuta, hori ere gorantza.
JUANANTONENEATIK ORKOLAGARA, GAINEZ GAIN
Juanantonenea baserriaren ondotik pasako gara hartxintxarrezko bideari segika, eta bertako txakurrek agurtuko gaituzte pasatzean. Ondoren, hormigoizko bidea hartuko dugu berriro, beste puska batez: 350 metro egingo ditugu bertatik, beherantza aurrena eta gorantza gero. Eta zati honetan, bada beste bitxikeria bat ere. Bidearen eskuinean, sakonune haundi bat zegoen lehen, eta hura aprobetxatu zuten, AHTaren tunela (Akarregi poligonotik Ibarluze poligonora doana) egin zutenean ateratako lurra botatzeko. Hori horrela, sakonunea bete zuten, eta askoz ere eremu lauagoa ikusten da gaur egun.
Igoeratxoa bukatzean, gainera, ikusiko ditugu garai bateko baserri baten arrastoak, kaxkoan. Ikuspegi ederra dago bertatik, eta baita bidegurutze bat ere: ezkerrera doan mendi bidea hartuko dugu, Erratzu baserrira bidean jarraitu beharrean. Kilometro erdi egingo dugu mendi bidetik, tartean bidegurutze bat ere pasata, eta eskuinerantz jarraituta. Hernani eta Astigarraga begibistan dauzkagula, Aristegi baserriaren ondora iritsiko gara berehala. Ez gara baserriaren aurretik pasako, dena den, errepidera atera bezain laster desbideratuko baikara ezkerrera, berriro ere mendi bidea hartzeko. Konturatzerako, Añarberen ur deposituaren ondotik pasa, eta Orkolaga baserriaren ondoan izango gara: Zikuñagako Amaren ermita berriaren aurrean, hain zuzen ere. Urtebete da oraintxe, ermita berria inauguratu zutela. Ermita zaharraren harriak baliatu zituzten fatxada egiteko, Zikuñagako Papeleran gordeta baitzeuden; eta aterpea ere gehitu zioten ermitari. Hori horrela, eta Hernani aldera eskaintzen digun ikuspegia kontuan hartuta, atsedenerako toki ezin aproposagoa da.
KARABELEKO DEPOSITUA ETA PORTUKO LONJA
Patxadaz jaitsiko dugu ermitatik Zikuñaga auzora doan bidea, malda haundia baitauka errepideak. Belazetik ere egin dute bidea, nahiago izanez gero. Aterpe etxearen ondora azalduko gara, eta bertatik, eskuinera hartuko dugu, errepidearen ondotik, Hernani aldera. Karabeleko zubira iritsiko gara berriro, eta bertatik, ibilbide sorta honetan aurrenekoz, Karabeletik Portura doan bidetik bueltatuko gara herriaren erdigunera. Horrek emango digu aukera, gainera, beste bi eraikin berezi ezagutzeko.
Aurrenekoa, bidearen ondoan topatuko dugu, ezkerreko aldean, Karabelekoren parean: ur depositu bat zenaren azken arrastoa dago bertan, hormigoizko eraikin txiki bat, txuri-gorria. Antton Iradik aurkitu zuen ura bertan, lur azpian. Zahoria edo ur-bilatzailea zen Iradi, eta bale-bizarrezko makil batekin aritzen zen ur bila. Tiburcio Agirre Hernaniko alkateak eskatuta, Karabelen aurkitu zuen ura 1955ean, eta 10-12 egunez lanean aritu ondoren, segunduko 50 litro ur ateratzea lortu zuten. Bertatik, Santa Barbarako depositura bideratzen zuten ura, bonba batekin, eta 1993ra arte hornitu zuten herria urez.
Bigarrena, Portu auzora iristean aurkituko dugu. Izan ere, bertara Karabeletik iritsiko garenez, parez pare topatuko dugu garai bateko Lonja, gaur egun etxe berritua dena. Kartela badauka oraindik, Lonja izan zela gogorarazten duena. Eta irudimena martxan jarri dezakegu berriro, gogora ekartzeko duela hiru mendeko Hernani, esate baterako. Izan ere, askoz ere zabalera haundiagoa hartzen zuen Urumea ibaiak bertan, eta materialak garraiatzeko baliatzen zuten, alak edota gabarrak erabiliz, Ereñotzutik edota Osiñagatik, Portura eta Donostiara. Urumeako bi portu garrantzitsuenetako bat zen Hernanikoa, izen hura mantendu duen auzoan zegoena. Bestea Donostian zegoen, Santa Catalinako portua, gaur egun izen bereko zubia dagoen inguru horretan.
Lonja ezkerrera utzita, Portu auzoan barrena abiatuko gara aldapa gora, gure ibilbideetan dagoeneko ohikoa den bidetik bueltatzeko Plazara.
IBILBIDEKO MUGARRIAK
Plaza 0 km
Akarregi 0,97 km
Oialume 2,10 km
Tellerizar 2,53 km
Errollaburu 3,10 km
Juanantonenea 3,73 km
Erratzuko bidegurutzea 4,10 km
Aristegi 4,58 km
Zikuñagako Ama ermita 5,00 km
Aterpe 5,37 km
Portu 6,52 km
Plaza 7,00 km