Erreportajeak

«Elkar aske lotzen den taldea gara, eta hori trasmititu nahi diogu publikoari»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 1a, 00:00

Irati Jauregi hernaniarra abesten. Argazkia: Raul Mihai

Karena taldea Milagrosako oholtzara igoko da bihar, arratsaldeko 19:00etan. Irati Jauregi abeslari hernaniarra taldeko kideetako bat da eta urtebeteko ibilbideaz gain, etorkizuneko proiektuen nondik norakoak azaldu dizkio Kronikari, besteak beste.

Urtebeteko ibilbidea egin du Karenak. Irati Gardokik, Andoni Zabalok eta Irati Jauregi hernaniarrak osatzen dute hirukotea, eta bihar Hernaniko Milagrosan eskainiko dute kontzertua, arratsaldeko 19:00etan. Gogoz daudela ziurtatu digu Irati Jauregi abeslari hernaniarrak eta jaioterrian jotzeak duen presioari buruz ere jardun du Kronikarekin: «badaukat barruan presio puntu bat, baina irrikaz nago».

 

Duela urtebete eman zenuten zuen lehenengo kontzertua, eta hortxe zoazte, apurka-apurka aurrera. Zer moduzko hasiera ari da izaten? 

Karena talde gisa jo genuen lehenengo kontzertua 2022ko apirilean izan zen. Hasiera batean, hasi ginen Irati eta biok, Antzuolan kontzertu bat ematen. Hortik, Andonirekin egin genuen harremana, Iratik ezagutzen zuelako eta erabaki genuen talde bat osatzea. Bateratu eta segituan deitu ziguten Oreretan Korrikarako kontzertua emateko. Hortxe izan zen gure aurreneko kontzertua, hirurok elkarrekin. 

Eta egia da oso ondo pasatzen dugula oholtza gainean, edota gure kaxa musika egiten. Urtebeten kontzertu dezente eman ditugu tabernetan, toki txiki eta intimoagoetan. Beraz, gu oso pozik gaude, asko disfrutatzen baitugu. 

Argi daukagu ez dela gure ogibide nagusia, disfrutatzeko egiten dugula, eta uste dut, horrek bidea errazten duela, gehiago gozatzen duzu momentuaz.

Modu natural batean, pixkanaka sortzen joan garen zerbait izan da, eta oso pozik gaude. 

 

Kudeaketari dagokionez, zuek lotzen dituzue kontzertuak, ezta? 

Bai, normalean jendeak idazten digu, dagoeneko ezagutzen gaituztelako, eta Instagrametik ere heltzen zaizkigu eskaerak. Beraz, esan daiteke gu arduratzen garela dena lotzeaz, bai.

Aipatu duzu, hasiera batean  Irati eta zu hasi zinetela kontzertua ematen. Bikotetik hirukotera pasa zarete. 

Egia esan hasiera berezia izan zen. Nik bakarka Youtubera abesti bat igo nuen, neurea. Iratik entzun zuen, eta bertsio bat bidali zidan, berak abestuta. Ikaragarri gustatu zitzaidan. Hizketaldi batean, beraz, aurrez aurre gelditzea erabaki genuen, eta gelditu ginenean kontzertu batean apuntatu ginen. Eta honela hasi ginen; aurreneko kontzertua jo genuen aurretik hiru aldiz entsaiatuta.

Kasualitatea badirudi ere, gure aurreneko kontzertuan, Antzuolan, Andonik hartzen zuen parte bere arrebarekin; eta komentatu genion ondo etorriko zitzaigula saxofoi hotsa gure taldean. Hortik aurrera hirurok elkarrekin, Karena osatu genuen.

 

 

Karena, zer dela eta?

Kontzertu bat jo behar genuen eta denak atzetik geneuzkan, gure izena zein zen galdezka. Hor, hasi ginen buruari bueltaka, eta argi geneukan euskerazko hitz polit bat erabili nahi genuela. Interneten hasi ginen bilatzen eta aurkitu genuen ‘Karena’, hau 'placenta' da. 

Ikusi genuen lotura eder bat, ama eta umearen arteko lotura, umea hortik bizi da, hortik elikatzen da… Beraz, metafora hori erabilita gure harremana nahi genuen azaldu. Azkenean, gu ere saiatzen garelako elkar zaintzen eta babesten. Gure leloak dioen bezala ‘elkar aske lotzen gara’. Horregatik publikoari hori transmititzea da gure asmoa. 

 

Bertsioak jotzen dituzue. 

Bai, dena den, orain gure abesti batzuk dauzkagu, eta sortzen gabiltza. Tartekatu egiten ditugu, batzuetan bertsioak jotzen ditugu, eta gureak sartzen ditugu tartean.

 

Diskoren bat aurreikusita?

Bai, Iker Laurobarekin abestiak grabatzen ari gara, eta gure asmoa da hurrengo urterako disko txiki bat ateratzea. Oraingoz bost abesti dauzkagu grabatuta, eta gehiago egiteko asmoa daukagu. Behin diskoa osatuta, honen araberako kontzertuak eman nahiko genituzke, gure abestiekin.

 

Nahiz eta zuen estilo propioa izan musikalki, erreferenterik izango duzue. 

Bai, esaterako Idoia Asurmendi. Gure estiloaren antzerako musika egiten du eta asko gustatzen zaigu. Idoiaz gain, Eñaut Elorrieta ere erreferentetzat dugu, eta Ertzainak taldeko abesti asko abesten ditugu. 

 
Bihar Hernanin jotzen duzue, arratsaldeko 19:00etan, Milagrosan. Nola zaude? 

Egia esan normalean ez naiz inoiz urduri jartzen kontzertuetan. Nire taldekideek beti dute urduritasun puntu bat, eta nik ez, ez galdetu zergatik. 

Baina egia kontzertu honetarako urduritasuna nabaritzen ari naizela. Jende asko ari zait esaten sarrerak erosi dituela, lagunekin joango dela, eta horrek presioa piztu dit, urduri nago bai, baina irrikaz beteta.

 

Zein da hemendik aurrera zuen asmoa?

Ez gara inoiz horretan pentsatzen jarri. Momentukoa bizi nahi dugu, orain gertatzen ari denaz disfrutatu eta aurrerago ikusiko dugu. Orain, diskoarekin gaude buru-belarri eta horretan zentratuko gara, gero gerokoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!