Aste honetako protagonista nagusia izan da Hernanin, beharbada, Jesus Uzkudun Illarramendi herritarra. Makina bat aldiz izan da kameren eta mikrofonoen aurrean, dozenaka egoera eta gertaera salatzen, eta laneko gaixotasunen errekonozimendurako borrokan. Baina ezberdina izan da oraingoan: bere ibilbide oparoari eta egindako lan guztiari aitortza egin zioten herritarrek asteartean, garai eta arlo ezberdinetako lagunek, Biteriko aretoa lepo beteta.
Omenaldiaren biharamunean bildu zen Kronika Uzkudunekin, bere ibilbideari errepasoa egiteko eta hainbat gairi buruz aritzeko. Bezperan bizitako «emozioak» baretuta agertu zen hitzordura, bizitakoarekin «oso pozik», nahiz eta bazuen «beldur pixka bat» ere, emozioek gainezka egingo ote zioten: «Jubilatu nintzenean, horrelako omenaldi bat egin zidaten CCOO (Comisiones Obreras) sindikatukoek, eta blokeatuta geratu nintzen». Ez zen halakorik izan asteartean, eta aldiz, «ilusio berezia» egin zion auzoko garai bateko gazteen errekonozimenduak, eta Biterin «oso jende anitza» bildu izanak.
«Oso oroitzapen onak» baitauzka, Florida auzoan bizitako gaztaroaz, sortu zuten mendi koadrilaz, bizitako momentuez. Lanik ere ez zuen falta, etxean aurrena eta fabrikan gero: «Gu maizterrak ginen, ni jaio nintzenean. Aurrena markes batzuekin, eta ondoren Aldundiaren asilo batean. Handik etorri ginen Floridara, La Cumbrera. Zazpi anai-arreba ginen, eta baserrian lana egin behar, kapaz ginen bitartean. Gerora ere, fabrikan hasi nintzenean, han ez banituen ordu extrak egiten, baratzean aritzen nintzen lanean».
«Bedeinkazioa» Gureolan, Burgosko prozesuko grebetan paper garrantzitsua jokatuta
Urnietako Urma tailerrean aritu zen lanean aurrena, baina «fabrika haundietara joateko gogoa» zuela eta, Gureola paper fabrikan hasi zen. Gazte hasi zen mugimendu sindikaletan eta ETAko langile frontean. Eta hain juxtu, Gureolan jaso zuen «bedeinkazioa»: nahiz eta gaztea izan, «paper garrantzitsua» jokatu zuen Burgosko prozesuaren inguruko greban. Orduan hasi zen, baita ere, aurreneko eskakizun sindikalak egiten: «Gogoan dut, sinadurak biltzen aritu ginela, eskatzeko soldata igoera, eta gutxienez bi buzo edo bata ematea langile guztiei. Zerbait lortu genuen, behintzat», kontatu du.
Eliz inguruan eta JOCeko (Juventud Obrera Cristiana) hitzaldietan piztu zitzaion ekintza sindikalaren grina: «Oso kristaua zen gure familia, eta Floridako zentro parrokialean hasi ginenean, aire berriak zeuden elizan. Biterira joaten nintzen, eta liburuak hartu eta irakurri egiten nituen, Latinoamerikako Camilo Torres eta horrelakoak. Orduan sortu zen, nire barrutik, eztabaidatu behar genuela marxismoa eta fedea. Haserretu egin zen batenbat... Behin entzun nion bati, atearen beste aldetik, nitaz kokoteraino zegoela. Baina, azkenerako, bultzada eman zidaten apaizek».
Gerora, Gureolan hasi zenean, markatu egin zuen bizipen bat izan zuen: «Eskua moztu zuen batek, eskumuturretik; eta sekulako inpresioa egin zidan. Oraindik ere, hura gogoratzeak inpresioa egiten dit».
Handik Orbegozo fabrikara egin zuen salto: «Nik uste nuen bizitza osoa neramakiela lanean, baina... Gogorra egin zitzaidan lan hura», kontatu du. Edonola ere, ez zuen denbora luzea egin bertan, aurreneko etapan behintzat. Izan ere, berehala egin behar izan zuen alde, Guardia Zibila atzetik zebilkiolako. «Beti neuzkan atzetik, eta kalean ezin despistatu ibiltzen nintzen askotan. Lehenago ere ibili ziren polizia batzuk, kristau munduan sartuta, galderak eginez».
Ez ziren garai errazenak izan haiek: Izaskun emaztearekin Gasteizera ihes egin, etxe batetik bestera ibili, kalera ia ezin atera... Baina «oso oroitzapen onak» gordetzen ditu Jesus Uzkudunek, urte haietatik ere.
Garai hartan sortu zuten CCOO sindikatua ere, PCEren (Partico Comunista de España) inguruan, klandestinitatean; eta horren parte izan zen Uzkudun, nahiz eta «desadostasunak» ere izan zituen. Gasteiztik bueltatu zenean, 1977an, ez zioten berehalakoan onartu Orbegozora bueltatzea, eta CCOOk eta PCEk ere ez zuten «borondate haundirik» erakutsi horretarako; baina «Jose Cascok eta beste zenbaitek» bultzatuta, bueltatu ahal izan zuen fabrikara.
«Oso konfliktiboa» zen egoera, eta beste koxka bat egin zuen gora 1978an: «Manifestu bat atera genuen, sindikatuko ehunka militantek sinatuta, Marcelino Camacho (CCOOko idazkari nagusia eta PCEko diputatua) kritikatuz, azaldu zelako Guardia Zibilaren alde Errenterian egin zituzten astakeria batzuen ondoren. Eta ni jarri ninduten manifestuaren sinatzaileen buru. Automatikoki, sindikatutik bota ninduten, baina handik gutxira onartu ninduten berriro». Ildo beretik, azaldu du CCOOk zeukala ordezkaritza haundiena Orbegozon, eta ez zela beti erraza izaten, «kontraesanak» izaten baitziren: «Batzuek ez zuten ulertzen, ni sindikatuan egonda, nola azaldu nezakeen zenbaitetan planteamendu bat pertsonalki, sindikatuak egindakoaren ezberdina zena».
Desadostasunak desadostasun, lan osasuneko ardurak hartzen hasi zen Jesus Uzkudun 1982an, «Gipuzkoa mailan aurrena, metaleko federazioan ondoren, eta azkenik, Orbegozo itxi zutenean, Euskadi mailan». Fabrika itxi zuten arte, uztartu egiten zituen bi lanak: «Askotan tokatu zait, gauez lan egin eta goizeko 10etarako Bilbon egotea, bilera baterako». Bazekien berak, gaueko erreleboa «osasuna kaltetzen» ari zitzaiola, baina sindikatuak ez zion onartzen fabrika borondatez uztea: «Esaten nien uzteko kartzela hartatik ateratzen, baina ez zidaten uzten».
Baina «zortea» izan zuen orduan, alde ilunari argia aterata: «Niri akosoa egiten zidaten fabrikan, lanean ere ez zidaten uzten askotan. Eta jarri ninduten lanik zikinena egiten, tailerra garbitzen. Baina eguneko ordutegia zeukan harek, goizez edo arratsaldez, eta nahiago nuen horrela. Lagunek esaten zidaten, 'Jesus, umiliatzen ari zaizkizu!'; baina erantzuten nien uzteko horrela, nahiago nuela. Hilean ia 40.000 pezeta galtzen nituen, erreleboan ez jarduteagatik, baina nire osasunak gehiago balio zuen». Izan ere, Uzkudunek dio «kalte asko» eragiten dituela gaueko erreleboak, eta dena ez dela «plusekin» konpontzen: «Gorputzaren ordulariaren kontra dijoa, egunez bizi eta gauez lo egitera baitago ohituta. Zenbaitek esan izan dute, oiloei arrautz gehiago jar ditzaten argia pizten dieten bezala, halaxe egiten digutela guri ere, gauez lanean aritzeko».
Lanak eragindako gorreria aurrena, amiantoa ondoren
Lan osasuneko ardura hartu eta berehala bizi izan zuen Jesus Uzkudunek, bere bizitzako «ia unerik txarrena». Izan ere, «lagun askok» egin zuten alde sindikatutik, eta «ia bakarrik» utzi zuten bera: «Politikarien erabakia izan zen hura. Momentu hartan, LKI (Liga Komunista Iraultzailea) eta EMK (Euskadiko Mugimendu Komunista) elkartuta zeuden Zutiken, EMKk ESK sindikatua (Ezker Sindikalaren Konbergentzia) zeukan, eta hara joan behar ziren. Batzuek esaten zidaten nengoela laneko osasunak itsututa. Baina nik ikusten nuen aukera neukala, ardura horrekin lan bat egiteko. Eta urteak pasata, uste dut asmatu nuela, nahiz eta oso momentu gogorra pasa zatiketarekin».
Ordutik, buru-belarri aritu da laneko osasunaren arloan, jokamolde garbi batekin: «Askotan esaten dut, sindikalismoan joera haundiegia dagoela erantzuna emateko gertatu ondoren. Eta aurreratu egin behar dugu, gaiaren inguruan jantzi eta proposamenak egin». Horrela egin du bidea berak, laneko gaixotasunen arloan: «Urte haietan ez zuen inork sinesten lan gaixotasunetan». Baina jarri ditu batzuk mahai gainean; horietako bat, lanak eragindako gorreriarena: «2005ean, Europa mailako saria jaso nuen, gorreria profesionalen epidemia haundiena azaleratzeagatik, 6.000 kasu urtebetean», gogorarazi du. «Eta handik urtebetera, amiantoaren inguruan lanean hasita nengoela, goi-mailako funtzionario batek esan zidan: 'Jesus, ez pentsatu amiantoarekin errepikatuko duzunik, gorreriarekin lortutakoa'. Galdetu nion ea zergatik ez, eta erantzun zidan: 'Diru asko dagoelako jokoan'. Ba harra sartu zidan, hori esanda». Sindikatuan ez ezik, Asviamie elkartean (Euskadiko amiantoaren biktimen elkartea) ere aritu da, 2000 urtean sortu zenetik; eta horretan dihardu oraindik ere.
«Amiantoarekin, legazpiar baten kasua ezagutu nuen aurrena; nire etsai haundienari ere ez diot desio horrelakorik»
Lehenago ere presente zeukan amiantoa Uzkudunek: «Konturatuta nengoen, amiantoarekin lanean aritua nintzela. Eta 1998an edo 1999an, legazpiar baten kasua bizitu nuen. Fundizio batean egiten zuen lan, eta urtebetez bajan egon ondoren, lanera bueltan bidali zuten, baina ezin zuen lanik egin. Abixua eman zidaten, mesotelioma antzeman ziotela, eta bere etxera joan nintzen. Ikusi nuenean, sekulako inpaktua egin zidan. Nire etsai haundienari ere ez diot horrelakorik desio. Sufrimendu hura, negarrez, ito beharrean. Horren ondoren, amets egin nuen neroni ere gaixo nengoela. Zorionez ez zait gertatu berriro, nahiz eta ehunka kasu eraman, eta gaixoekin gertuko hartu-emana izan. Eta duela bi urte esan zidatenean biriketan zerbait antzeman zidatela niri, ez nintzen harritu», kontatu du.
Zentzu horretan, nabarmendu du «sekulako indarra» ematen diola «jendea gaixotasun larriekin ikusteak»; eta haientzat kalte ordaina lortzeak «gozamena». «Sentimendu horiek dauzkadan bitartean, eta arnasa daukadan artean, horrelaxe jarraituko dut. Eta akaso gaizki dago neronek esatea, baina konturatzen naiz, begibakarra naizela itsuen herrialdean».
Itsu horiei, amiantoa ikusarazi die urtetako jardunarekin: «Eta orain esaten dut, amiantoak ez dezala ezkutatu atzean dagoen basoa, askoz ere gaixotasun gehiago baitaude». Zentzu horretan, medikuen ardura nabarmendu du Uzkudunek: «Minbizia daukatenei, galdetzen diete ea erretzaileak diren, eta baietz esanez gero, kitto. Non aritu zaren lanean, ez zaie inporta. Medikuei esango nieke, etortzeko fundizio batera, eta gero hitz egiteko tabakoari buruz. Besoko mina daukanari, bizitza osoan egin badu lan besoari eraginez, normala dela aitortuko diogu; ba gauza bera da biriken kasuan. Jende horrek laguntza behar du, eta horretarako gaude Asviamiekoak. Arnasa gara beraientzat, eta nahiko motibo bada lanean jarraitzeko, gauza txikietan baitago iraultza. Sindikatuek, batzuetan, bakarrik begiratzen diete lanean ari direnei; baina minbizia gehienak, azaleratzen dira jubilatu ondoren edo jubilatzeko puntuan daudenean».
Jesus Uzkudunek berak lortu zuen, sindikatutik, Amiantoaren Biktimen Konpentsazio Funtsaren eskaera sartzea Eusko Jaurlaritzaren lan osasuneko plan estrategikoan: «Eta denborarekin, onartu egin du Espainiako Gobernuak, joan den urrian. Printzipioz hiru hilabeteko epean jarri behar zuten martxan, baina orain esan dute ekainerako izango dela... Nik ez dut sekula pentsatu funts horrekin amaituko denik gure borroka, baina ezer ez daukanarentzat, laguntza haundia da. Badaude emakumeak, adibidez, arropa garbitzeagatik kutsatu zirenak. Izan ere, enpresek behartu egiten zituzten langileak arropa etxean garbitzera, eta ez dezatela esan ez zeukatela horren kalteen berri, asbestosia 1947an errekonozituta zegoelako».
Errelebo falta, lan osasunaren arloko sindikalgintzan
Erreleboarekin dauka kezka Jesus Uzkudunek: «74 urte beteko ditut laster, eta nik ere beharko dut laguntza, baina ez dut ikusten jende gazte asko, gai honetan murgilduta. Batzuetan frustrazioa sentitzen dut, pentsiodunen mugimenduetan bezalaxe. Laneko gaixotasunen gaia, medikuen kontua edo prebentzio kontua dela esaten da, eta ekintza sindikal hori ez da behar bezala baloratzen. Baina niretzako sekulakoa da, sistema jartzen duzulako hankaz gora, gaia lantzeko eta pentsamendu bat garatzeko kapaz bazara behintzat. Ea segida ematen dioten honi. Nik gaztetan eztabaida asko izan nituen, esanez 'hau egin behar da!', eta odol txarra besterik ez nuen egiten. Ikasi nuen, jarrera egokia bestelakoa dela; egin egingo dut, eta nahi baduzue etorri atzetik. Eta emaitzak lortzen dituzunean, orduan bai, egiten dizute kasu».
Bi gauza behar dira jardun horretarako, Jesus Uzkudunen ustez. «Batetik, enpatia gaixo daudenekin. Amiantoaren kasuan, neronek sufritu dut, eta enpatia haundia daukat gaixo horiekin. Eta bestetik, jakintza gosea. Asko irakurri behar da. Niri medikuren batek galdetu izan dit: 'Zuk non ikasi duzu? Medikuek baino gehiago dakizu eta!'».
Berak ere jarraituko du bidea egiten, baina erritmoa moteldu beharko du, ezinbestean: «Aurreko astean aitortu zidaten %61eko ezgaitasuna, eta zazpi puntu mugikortasunean. Ezin naiz ibili orain arte bezala, manifestazioetan. Baratzean aritzeari ere utzi behar izan diot. Hankek ez didate aguantatzen, eta gehiegi estututa, damutu egiten naiz gero. Kontzentrazioetara joango naiz, eta egongo naiz pankartaren atzean. Baina onartu behar dut muga batzuk dauzkadala, eta nahiko ondo ari naiz barneratzen», aitortu du. Kanpoan ez horrenbeste, baina barruan makina bat lan egingo du oraindik: «Laneko gaixotasunen gaiarekin, mahaia paperez eta espedientez gainezka daukat, eta lan asko. Eta beste gai batzuekin laguntza eskatzen badidate, ahal dudanean laguntzen jarraituko dut».
Izan ere, laneko osasunetik harago, makina bat aldarrikapen eta borrokatan murgildu da Jesus Uzkudun, urte hauetan guztietan; Gure Esku Dagon, esaterako: «Nik beti esan dut, erabakitzeko eskubidea oso garrantzitsua dela. Askotan ez dugu behar bezala baloratu demokraziaren eta askatasunaren kontua. Ez naiz anarkista, baina marxista modura, hor ere badaukagu erronka bat. Independentista naizen galdetzen didate; subiranista naiz ni. 92 urte beteko dira Hernaniko Udalak onartu zuela Errepublika Konfederala, eta uste dut bide hori landu behar dugula. Ezin dugu mundutik aparte bizi, baina munduan ere izan behar dugu burujabetza. Hori izan da gaztetatik izan dudan ideologia garrantzitsu bat. Eta maila horretan, izan diren beste injustizia askorekin azaldu dut nire iritzia, nahiz eta ez den beti erraza izan».
Borrokarako, batasunaren beharra ere aldarrikatu du Uzkudunek: «1973an, ETA VI.ren krisi betean, Hernaniko taldekoak izan ginen aurrenekoetakoak, Trotskista izateko apustua egin genuenak. Fronte bakarraren alde egiten genuen; batasunaren beharra, borrokarako. Horrek eragina izan du nire bizitza osoan. Beti esan dut, jende askok ez ulertu arren, ezin dela egin sindikatu bat partidu politikoen menpe; erakundeek eta mugimenduek anitzak izan behar dutela, eta hori dela euren indarra».
«Dauzkagun erronketan, kontuan hartu behar dugu lan mundua ere»
Aniztasuna eta herritarrak dira aldaketen motorra, eta horren inguruan, hain justu, utzi du azkeneko hausnarketa Uzkudunek: «Ezin diogu eskatu robot bat bezala eta kutsatutako leku zikin batean lanean ari den pertsona bati, egin dezala apustu aldaketa klimatikoaren kontra eta ingurugiroaren alde. Ez dauka indarrik horretarako. Dauzkagun erronketan ez badugu kontuan hartzen lan mundua, jai dugu. Esaten dugu lan mundua aldatu dela, ez dela garai batekoa. Eta bai, aldatu da, baina kasu batzuetan okerrera».