Erreportajeak

«Beti esaten da inflazioa jaisteko modu bakarra interes-tasak igotzea dela; ni ez nago ados»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 25a, 00:00

Nerea Andrés ekonomilari hernaniarra, Kronikarako elkarrizketan.

Egungo egoera ekonomikoa zein den argitzeko Nerea Andrés ekonomilari hernaniarrarekin hitz egin du Kronikak. Andresen iritziz, «faktore ugariren nahasketak sortu du gaurko testuingurua», eta «zalantzan jarri beharko lirateke hartzen diren neurriak». 

Azken boladan asko hitz egin da ekonomiari buruz. Aldiro aipatzen dira Euriborra, interes-tasak, inflazioa edota eguneko datuak; baina, nola eragiten dute gorabehera ekonomikoek herritarrengan? Zalantzak argitzeko asmotan, Nerea Andrés Uranga ekonomilariarekin hitz egin du Kronikak. Andresek zenbait gako aipatu ditu, azken hilabeteetan gertatu diren aldaketak ulertzeko.


Kontzeptuen definizioekin hasita, zer da Euriborra?

Euriborra Europako Banku Federaziotik kalkulatzen den indize bat da, euroguneko finantza erakunde nagusien datuekin. Finantza edo kreditu erakundeek beren artean egiten dituzten maileguen batez besteko interes-tasa da. Hau da, ez da Europako Banku Zentralak (EBZ) ezartzen duen indize bat; EBZk erabakitzen du interes-tasak igotzea, eta ondorioz, erakundeak elkarren artean garestiago mailegatuko dira. Kasu horretan, mailegua ematen duenaren eta jasotzen duenaren arteko interes-tasa haundiagoa denez, Euriborra ere igo egiten da. Lotuta doaz bi elementuak, baina ez dira gauza bera. 

 

Zertan eragiten du Euriborra igotzeak?

Euriborra igotzeak esan nahi du enpresei, kreditu erakundeei, finantza enpresei eta ez finantzarioei gehiago kostatuko zaiela finantzatzea. Aldiz, jaisten denean kontrakoa gertatzen da. Ordaindu beharreko tasak jaitsi egiten dira, eta azken kontsumitzaileak finantza erakundeari ordaindu beharreko interesa txikiagotzen da; tasa aldakorrekoa den zor ia guztia indize horren arabera mugitzen baita. 

 

Nola eragiten dio herritar bati Euriborraren igoerak?

Funtsean, garestiago finantzatuko dela, eta, beraz, diru kopuru txikiagoa izango duela beste ondasun eta zerbitzu batzuetan gastatzeko edo inbertitzeko. Euriborraren igoerak pertsona fisikoei eta pertsona juridikoei eragiten die gehienbat.

 
Momentu honetan (2023/03/22) Euriborra 3,33 dago, eta duela urte bete -0,33 zegoen. Zeintzuk dira salto honen eragin praktikoak? 

Nire kasu pertsonala jarrita, 2020tik hona %35 igo da nire hipotekaren hilabeteroko kuota. 

 

Zeintzuk dira Euriborraren bilakaeraren aurreikuspenak? Laster itzuli daiteke zerora edo negatibora? 

Oso zaila da halako baieztapenak egitea, ekonomia ez baita matematika zehatza. Esaterako, nik ez nuen inola ere espero EBZk tasak igotzen jarraituko zuela Credit Suissekin gertatu denaren ondoren, eta halaxe egin du. Zaila da aurreikuspenetan zehatza izatea. 

 

Zer hartzen du kontuan EBZk interes-tasak igotzeko? 

Bada, EBZk ikusten du gehiegizko likidezia dagoela merkatuan, eta horregatik, funtsak merkatutik ateratzeko, interes-tasak igotzen ditu, diru erabilgarri gutxiago egon dadin, eta dena egonkortu dadin. 

Norbanako bakoitza pixka bat itotzen du, merkatutik likidezia kentzeko. Hala, produktu berberak erosteko diru gutxiago izango denez, gehiegizko eskaintza egongo da, eta prezioa jaitsi egingo da.

Inflazioa kontrolatzeko edo jaisteko igotzen dira, beraz, interes-tasak.

Merkatuan likidezia haundia dagoen egoera batean elkartu gara, eta produktuen eskaintza inflazioa igo aurretik baino txikiagoa da; orduan, horrek prezioak igotzea eragin du. Logikaren arabera, merkatuan eskudiru gehiegi dagoelako igo badira prezioak, dirua kentzen bada, arazoa zuzendu egingo da. Horregatik, EBZk interes-tasak igotzen ditu, merkatutik dirua kentzeko.

Leku guztietan irakasten eta esaten digutena da inflazioa murrizteko modu bakarra interes-tasak igotzea dela. Ni ez nago ados horrekin, eta gutxienez zalantzan jartzeko eskatzen dut, hau eztabaidatzeko, horrek ez baitu zertan horrela izan. Helburua da likidezia kentzea merkatutik, primeran; baina zergatik da tasak igotzea modu bakarra?

 

Beste modurik planteatu daitekeela uste duzu? 

Pertsonalki, bat nator inflazioa geldiarazteko irtenbidea merkatutik dirua kentzea dela esatearekin; hala ere, zalantzan jartzen dut merkatutik kentzen den diru hori bankuei zuzenean injektatu behar ote zaien. Zergatik joan behar du diru horrek banketxeetara? Zergatik ezin da kudeatu, adibidez, beste zerga bat gehiago balitz bezala? Zergatik eman behar diogu diru hori bankuari, eta ezin dugu hezkuntzara edo zientziara bideratu?

Bururatzen zaidan erantzun bakarra da funts horiek zerga moduan kudeatuko balira, jendeak oso begi txarrez ikusiko lukeela gobernuaren erabakia. Aldiz, EBZk egiten duenean ez da ezer eztabaidatzen. Honekin ez dut esan nahi egiten dudan proposamena zuzena denik, baina bai dela status quo-a zalantzan jartzeko modu bat. 

 

Batenbati onura sortzen dio interes-tasak igotzeak?

Noski, bankuei. Egungo funtzionatzeko moduak suposatzen du hipoteka aldakor bakoitzeko 300 euro inguru gehiago injektatzea banketxeei. Horixe da ulertzen ez dudana.

Azken asteetan, interes tasak igo diren arren, zergatik ari da Euriborra jaisten? 

Batzuetan gertatzen den egoera da. Nahiz eta orain desoreka txiki bat egon, bien eboluzioa konpasatua dagoela ikusten da.

 

Momentu ona da orain hipoteka batean sartzeko? 

Hasteko, sarrera emateko gaitasuna baduzu, hipotekan sartzea da egin ohi den gomendioa. Diru kopuru hori emateko aurrezteko gaitasuna baduzu, ondoren negoziatuko duzulako hobekien datorkizun hipoteka. Egia da, interes-tasen igoerarekin, ez dela une onena hipoteka batean sartzeko, finantzaketa garestiagoa delako eta interes gehiago eskatuko dituztelako. Beraz, pixka bat itxarotea izango litzateke logikoena. 

 

Tasa finkoa edo aldakorra gomendatzen duzu?

Hori bakoitzaren izaeraren eta arriskuaren pertzeptzioaren araberako da. Badira diruarekin arriskatzeak beldurtzen ez dituen pertsonak, eta beste batzuk nahiago dute gutxiago irabazi baina segurtasun haundiagoa izan. Hipoteken kasuan ez da erabaki erraza, momentu batean erabaki behar duzulako hogeita hamar urtetarako baldintza bat. Aldakorra hartzeko asmotan daudenek kontuan izan behar dute ea gai diren bapateko igoera haundiak jasateko, horixe gertatu baita oraingo testuinguruarekin. Bakoitzaren egoeraren araberako erabakia da. 

Suitzako eta AEBko banku batzuetan gertatu denaren ildotik, bailarako herritarrak lasai egon al daitezke bankuan duten diruarekin?

Pertsona fisiko guztiek bermatuta dituzte beren aurrezkiak, 100.000 eurora arte titular bakoitzeko, betiere kontu korronte batean sartuta badaude. Horretarako, finantza erakundeek dagokien ekarpena egiten dute urtero funts komun batera, eta horrek ahalbidetzen du kontu korronte eta titular bakoitzeko 100.000 euroak guztiz bermatuta egotea.

Muga hori gaindituz gero, zehaztu behar da badaudela aukerak diru guztia berreskuratzeko. Nik 150.000 euro baditut, dena estalita egon dadin, A finantza-erakundean 100.000 utziko ditut eta beste kontu bat irekiko dut B finantza-erakundean, soberakinarekin.

 

Zer eragin dute herritarrengan banku-erreskateek?

Credit Suissen kasuarekin jarraituz, horrek ez gaitu kezkatu behar, dirua Suitzako Banku Zentralak jarri baitu.

2008an laguntza publikoa eman zitzaien bankuei, baina zenbait erreforma egiteko baldintzarekin. Orain, euroguneko banku bati Credit Suisse-ri gertatu zaion gauza bera gertatuko balitzaio, EBZk ez luke zentimo bat ere jarriko.

Bankuei kaña sartzen ari zaizkie, kontrolen eta txostenen bidez, egoera txarrenean aurrera egin dezaketela frogatu dezaten, balantzean orain dituzten tresnekin soilik. Laguntza publikoen beharrik gabe.

 

Zer alde hautematen dituzu 2008ko krisiaren eta egungoaren artean?

Hasieran guztiz desberdina zela uste nuen, baina nire pertzepzioa aldatu egin da. 2008a baino lehentxeago, orain arte bezala, interes-tasak oso baxuak ziren, ez zen ohikoa, eta 2008ko crackaren aurretik, hain justu, tasen igoera haundia egin zuten.

Hori da, hain zuzen ere, orain egiten ari direna. Erakunde batzuk eroriko diren arren, EBZk nahiago du inflazioa kosta ala kosta murriztu, zenbait enpresek porrot egin behar badute ere.

 

Beraz, zure iritziz, nondik dator egungo egoera?

Gaur egun jasaten ari garen inflazioa, laburbilduta, zenbait faktoreren ondorioa da. Pandemiaren ondoren gastatzeko edo inbertitzeko aparteko dirua dute norbanakoek; familiek ustekabean aurreztu dute, orain arte ez zeuden enpresa eta familientzako laguntzak izan dira… Gastu/inbertsio ahalmen haunditze horrek, ekoizpen-kateak apurtuta dauden une honetan, eragin du lehengo eskaintzarentzat askoz ere diru gehiago izatea. Horregatik igo dira prezioak.

Egungo testuinguruan gerrak ere eragiten du, energiaren prezioaren igoeran; baina ez da aldagai bakarra. Errazena da kanpoan bilatzea erruduna, baina badaude gertuko aldagaiak ere. Esaterako, klimak ere eragin haundia izan du, nekazaritza produkzioa asko jaitsi delako lehorteen ondorioz, eta produktua gutxitzeak ekarri du prezioen gorakada. Faktore askoren batuketak ekarri gaitu gauden egoerara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!