Erreportajeak

«'Fantasia' izan da oso urruti hegan egiteko aukera bat, eta aldi berean, lurzorura eraman nauena»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 14a, 00:00

Etzi eskainiko du Eñaut Elorrietak 'Fantasia' kontzertua, Biterin, 19:30etan hasita.

Eñaut Elorrietaren 'Fantasia' izeneko lan berria izango dute entzungai herritarrek, etzi arratsaldean. Emanaldia aitzakia hartuta, Kronikak abeslari gernikarrarekin jardun du bere azken lanaz, kantuez, barruko sentipenez, iraganaz, eta Ken Zazpi taldeaz.

'Fantasia' izeneko lan berria ekarriko du Eñaut Elorrietak Biteriko oholtzara; etzi, arratsaldeko 19:30etan. Hamar kantu berriz osatzen den lan honetan Aitor Etxeberria izan du ekoizle eta bidelagun abeslari gernikarrak. Eta azken bi urte hauetan eskuz-esku egindako lana 'fantasiosoa' izan dela nabarmendu digu Elorrietak. Kantu guztiak artista gernikarrak konposatu ditu, eta berak idatzitako hitzez gain, Uxue Alberdi, Iñigo Astiz, Jose Luis Otamendi edo Itziar Ugarte, Amaia Lasa idazleen letrak musikatu ditu. Diskoan parte hartu duten musikarien artean, berriz, Felix Buff, Amorante, Fernando Neira eta Xabi Zeberio daude, besteak beste.

Eñaut Elorrietak Biterin eskainiko duen zuzenekoan 'Fantasia' laneko kantuez gain, musikariaren ibilbide osoko zenbait abesti joko ditu, herritarren barruak astinduz edota lasaituz, ondorengo musikariak lagun dituelarik: Ander Zulaika, Ruben Caballero, Fernando Neira eta Txus Aranburu.

‘Fantasia’ izeneko laugarren diskoa atera duzu, bakarka. Nolako harrera izan du azken lan honek? 

Oso gustura gaude jasotakoarekin. Erronka haundia zen guretzako, azkenean nik kantu sorkuntza, tradiziotik hartzen dut. Aitor Etxeberria izan da ekoizlea eta berak badauka diseinu sonoro eta estetika musikalari buruzko ideia garaikideago bat.  Eta asmoa zen horrelako talka eraikitzaile bat egitea, nire bidea eta beraren ikuspegiaren arteko talka sortzea. Gainera sorkuntza prozesuari buruzko dokumental bat ere osatu dugu; eta horregatik, kontzertua emango dugun zenbait aretoetan ere dokumentalaren proiekzioa eskainiko dugu. Beraz, esan daiteke eskaintza oso bat planteatu genuela: alde batetik diskoa; eta bestetik, berriz, dokumentala. 

Eta oraingoz zoragarri doa azken lana eta bira. Iruditzen zaigu kontzertuetan jendea erantzuten ari dela. Azken kontzertua Victoria Eugenian eman genuen, bertan proiektatu genuen dokumentala jendaurrean aurreneko aldiz, eta aretoa bete zen. Guretzako seinalerik onena horixe da, jendea ikusteko eta entzuteko gogoekin egotea; eta halaxe izan zen, beraz, gure aldetik, oso pozik gaude. 

Hernanin joko dugu etzi, eta erabaki genuen kontzertua ematea bakarrik, proiekziorik gabe. Izan ere, proiekzioa eskaintzeko ondo diseinatutako lekuetan egitea erabaki genuen, beraz, Hernanin, kontzertua eskainiko dugu, Fantasia diskoko abesti guztiez gain, beste lan batzuk ere tartekatuko ditugu. 

Laburbiltzeko, bi urtetan egindako lana izan da aberasgarria, eta jendearen erantzun ederra izan da, beraz, gu oso pozik gaude. 

Zenbait abesti zahar ere joko dituela jakinarazi du abeslari gernikarrak.
 

Nolakoa da musikari bakarlari baten ibilbidea? Oztopoak astunagoak dira musika munduan bakarlari moduan? 

Sorkuntza momentuetan, bakarkako ibilbidean neuk hartzen ditut erabakiak. Egia da inguruan badaukazula jendea, gauzak aztertzeko edo beste ikuspuntu bat emateko. Baina azken erabakia, beti, zeurea da. Taldean ez da horrela izaten, kontrastea baitago. Azkenean bakarrik sortzerakoan errealitatean bakarrik ari zara sortzen, nahiz eta gero zure lan-taldeak hori kontrastatu. Talde batean ezberdina da. Aldi berean, askatasun haundia daukazu bakarlari gisa. 

Nik uste dut, bakarkako ibilbidean asko ikasi dudala, baina iruditzen zait taldeko sorkuntza ere oso interesgarria dela, beraz, uste dut biek ala biek badauzkatela aldeko eta kontrako gauzak. Nik biak probatu ditut, eta ez nuke bata bestearen aurretik jarriko.

Euskal musikan, zer moduzko harrobia daukagula esango zenuke? 

Uste dut gaur egun estilo oso anitzeko eta maila altuko zenbait talde daudela, ideia freskoekin, eta proposamen sendoekin. Gainera, esango nuke Euskal Herri guztian zehar daudela zatituta, eremu batzuetan agian gehiago, baina uste dut, orokorra dela eta Euskal Herri mailan dagoela kalitatezko maila. 

Egia da gai batek arduratzen nauela, gizarte honek indartzen dituela ‘erabili eta bota’ filosofiatik tiraka, oso gauza laburrak, egun modan dauden reelsak, adibidez.  13 edota 20 segundotan dena esan behar duzu, segundo horietan jendea lotu behar duzu. Ez daukagu pazientziarik hori baino gehiago eskaintzeko eta ez naiz ari musika munduaz bakarrik. Horrek uste dut eragiten diola sorkuntzari eta iruditzen zait musikariok, bizi garen garaian bizi galera, pixka bat zaindu beharko genukeela inertzia hori. Garai batean diskoak oso-osorik entzuten ziren, behin baino gehiagotan entzuten ziren, eta aukerak ematen zitzaizkien abestiei. Gaur egun ordea, ez diogu ematen abesti bati edota disko bati aukerarik, ez eta denborarik. Orduan, iruditzen zait, zenbait gauza ari direla galtzen bidetik. Egia da egun bizi garen garaitik ere irabaziko ditugula gauza batzuk, baina niri kezkatzen nau galtzen ari garen horrek. Beraz, garai hauetan arreta jarri beharko genuke horretan, sorkuntzari nola eragiten dion inertzia guzti horrek, behintzat aztertzen eta konpartitzen. Sortzaile garen heinean, azterketa hori eta irakurketa hori egin beharko genuke. 

 

«Uste dut gaur egun estilo oso anitzeko eta maila altuko zenbait talde daudela, ideia freskoekin eta proposamen sendoekin»

 

Hernanira ekarriko duzu, ‘Fantasia’. Sarrera guztiak agortuta. Nolako arrera espero duzu, nola zaude? 

Sarrerak agortu diren emanaldi bat ematera joatea gozamena da, ikusten duzu hernaniarrek badutela 'Fantasia' zuzenean entzuteko gogoa, eta hori da guretzako azken urteetan egindako lanaren ordainsaririk onena. Oso pozik gaude eta horrelako albisteek ematen digute sekulako indarra. Beraz, gogotsu joango gara Hernanira. Suposatzen dut, jende asko diskoa entzunda etorriko dela, eta behar bada beste batzuk kuriositate gehiagorekin, baina biek pasako dute momentu goxoa. 

‘Fantasia’ko abestiak zuzenean interpretatu egiten ditugu, diskoa oso berezia baita, oso biluzia. Beraz, oso interesgarria da, izan ere, diskoko arima gordetzen saiatu gara, baina aldi berean taldera ekarri dugu diskoa eta gure ibilbidera gehiago lerrokatu dugu. Uste dut oso proposamen interesgarria lortu dugula, gu behintzat pozik gaude egindakoarekin, eta asko ari gara disfrutatzen zuzeneko emanaldietan. 


Taldean sortzea faltan botatzen duzu? 

Batzuetan bai, denetarako uneak daude. Bizitzako beste aspektuetan bezala, esaten duzu: ‘momentu honetan egongo banintz lehenago bizi izan dudan egoera batean…' Batzuetan horrela sentitzen dut, eta bai, faltan botatzen dut talde lana; urte askotan bizi izan dudalako taldeko babesa. Baina momentu batean nik apustu bat egin nuen, eta apustu horretan oso gustura nago. Sortzen hasi nintzenean sentitzen nuen irrika, gitarra bat hartu eta abesti bat egiteko gogo izugarria; eta bere horretan jarraitzen dut, nahiz eta urte mordoa pasa. Uste dut irrika hori mantentzeko, hartu behar izan ditudan erabakiak hartu behar izan ditudala. Motibazioa eta erronka berriak aurkitu nituen, eta horiek gabe ez dut uste musika sortzeko irrikak gaur egun arte iraungo zidanik. 

Gauza batzuk irabazi egiten dituzu, eta beste batzuk galdu, eta ni hor noa, bidean. Hala ere, uste dut, sentsore garrantzitsuena da irrika hori mantentzen dudala, eta horretan saiatuko naiz.


‘Fantasia’ izena zergatik? Arrazoiren bat dago? 

Bai, Aitor Etxeberriarekin bi urte egon gara disko honetako kantuak esperimentatzen. Eta momentu batzuetan bertigoa ere sentitu dut, azkenean, nire ohiko lekuetatik dezente urrundu ninduelako Aitorrek. Hala ere, momentu honetan esan dezaket leku erosoago batera etorri garela, eta konturatu orduko bide luzea egin dugula ohartzen zara. Norbaitek eramaten zaituenean oso ertzera, heltzen da momentu bat non eroso zauden eta hori gertatu zait, orain begiratzen dut atzera eta konturatzen naiz egindako ibilbideaz. 

Eta justu, sortutako azken lan honekin ondorengoa galdetzen genion Aitorrek eta biok geure buruari: 'nola deitu diezaiokegu egiten ari garen guzti honi?' eta sentitzen nuen egiten ari ginela 'Fantasia' bat. Marko kontzeptual horrek ematen zidan nolabaiteko askatasuna nire buruari permititzeko ertz horietan egoten. Esperimentazio bat, eta bertigoa lausotzen zidana, hain zuzen. 'Fantasia' da Aitorrek musikan eta Uxue Alberdik letragintzan prestatu didaten eszenatoki bat; aldi berean oso urruti hegan egiteko aukera eman didate, baina aldi berean lurzorua ere eman naute. Oso babestuta eta oso zaindua sentitu naiz. Horrelako apustu bat egiten duzunean eta leku ezezagunetara joaterakoan, babestuta sentitzea ezinbestekoa da. Haiek gabe ez nintzen helduko egun probatu ditudan gauzak probatzera. 


Ken Zazpiri buruz. Zer eman dizu talde honek? 

Niretzako izan da sorkuntza gune oso inportante bat. Oso gazte hasi ginen sortzen, oso harrera eta babes haundia jaso zuen taldea izan zen Ken Zazpi. Esperientzia ikaragarriak eta oso aberasgarriak eman dizkidan taldea izan da. Ni orain bakarrik ari naiz, baina nire bizitzako taldea da Ken Zazpi, oso barruan daramadana, izugarri maite dudana. Atzera begiratzen dut eta egindako bideari begiratzen diot, satisfazio haundiarekin. 

Ez zen erraza izan hortik aldentzea. Baina batzuetan, bizitzan erabaki batzuk hartu behar dituzu aurrera egiteko, eta batzuk ez dira errazak izaten. Norbera eboluzionatzen jarraitzeko, gauza berriak egiteko eta abar, ohiko eta seguru sentiarazten dizuten heldulekuak askatu egin behar dituzu. Momentu batean, erabaki behar izan nuen Ken Zazpi alde batera uztea, nire bide propioa egin ahal izateko. Eta gaur egun begiratzen dut Ken Zazpi izugarri maite izan duzun eta berarekin asko ikasi duzun bikote ohi horri begiratzen zaion bezala. 

Garai bat markatu zenuten askorentzat, haien taldea izan zineten.  Urte horien inguruko oroitzapen onak? 

Momentu horiek izan ziren izugarriak, kontzertuak, jendearekin genuen harremana…. Gaur egun bestelako musika bat planteatzen ari naiz, eta agian, esango nuke gehiago doala nire ziklo bitalarekin. Zu hazten zoazenean motibatzen zaitu musika estilo batek, eta 25 edota 30ekin motibatzen zaituenak ez diren berdinak, nahiz eta  gai zaren 17 urterekin entzuten zenuen musika entzuteko. Kantuak teletrasportatu egiten zaituzte iraganera, baina behar bada, momentu honetan motibatzen zaituzten gauzak bestelakoak dira, eta horiei begiratu behar diezu. Beraz, Ken Zazpi zentzu horretan niretzako izan da sekulakoa. 

 

Gizartea eraldatu egin da. Ken Zazpirekin maitasun estilo bateko abestiak; eta orain, aldiz, beste mota bateko maitasun abestiak. 

Esan duzun moduan, garaiak aldatu dira. Maitasunari begiratzeko modua, gaur egun, feminismoaren eraginez asko aberastu da. Ken Zazpiko Ilargia, maitasun erromantikoan oinarritutako kantu bat da. Eta nik gaur egun, maitasunari begiratzeko modua ezberdina daukat, zabalagoa. Noski, 15 edota 18 urteko pertsona batek maitasunari nola begiratzen dion, edota 30 eta 40 urteko pertsona batek nola begiratzen dion, normala da ezberdina izatea. Uste dut, hor badagoela aldaketa bat, norbere ziklo bitalari dagokiona, batetik; adinean aurrera zoazenean, gauzen esanahia eta sakontasuna aldatzen doana, eta bestetik; iruditzen zait garaiak asko aldatu direla. Eta beraz, garai hartan, maitasunari buruz hitz egiten zen modu batera, non gaur egun nik behintzat, ezingo nuke hitz egin. Zentzu horretan asko aurreratu dugu, eskubide askotan, begirada askotan, esanahi asko berrantolatu dira, desberdin ulertzen ditugu gauzak gaur egun, eta maitasunari dagokionez gauzak askoz gehiago kuestionatzen dira, eta beste ikuspuntu batetik begira.

Kontzertuetan beti izango dituzu presente Ken Zazpiko abesti nagusienak. Hauek abestean, barruan zerbaitek astintzen zaitu? 

Noski, nik normalean beti jotzen dut Ken Zazpiren kanturen bat. Ken Zazpiren kantuekin eta kantu zaharrekin orokorrean, eta nire bakarkako lehenengo diskoko kantuekin ere bai gertatzen zait: zuk kantu bat sortzen duzunean sortzen duzu momentu horretan daukazun egoera emozionalaren arabera eta momentuan gauzak ulertzeko daukazun ikuspuntik. Denbora pasatzen denean, behar bara, zure momentu emozionala aldatu egiten da, eta gauzak ikusteko eta ulertzeko modua ere bai. 

Kantu batek zure barruko puntu batzuk ukitu ditzake ezustean, eta oso ederra izaten da. Ez da beti gertatzen, kantu batzuk okerrago zahartzen dira, baina beste batzuk sortu zenituen egoera batean, eta orain, bapatean gauza ezberdinak esaten dizkizu eta gauza ezberdinak sentiarazten dizkizu; ezustean ukitzen dizu espero ez  zenuen barruko zerbait. Ni saiatu naiz beti kantua neureganatzen, izan zaharra, izan berria… baina beti saiatzen naiz kantatzen dudana neureganatzen. 

Zilegi da momentu batean kantatzea aspaldiko kantu bat, gogoratzeagatik edota ospatzeagatik, urteak pasa direla eta kantu horrek bere garaian izan zuelako zentzuren bat. Kontua da horrela egin ditzakedala bat edo bi abesti. Baina niretzako oso garrantzitsua da kantatzen dudana benetan sinestea eta sentitzea, eta nolabait kantuak ukitzea ni. 

 

Zapalduen olerkia, Gaueko argiak, Haizea, Iluntzean, Ilargia… Euskal Herri osoak ezagutzen dituen abestiak dira, zer sentitzen du batek hau eragin duela jakitean? 

Sentitzen duzu poza, askotan pentsatu dut hori guztia gure eskuetan egon zela eta geuk sortu genuela. Pozgarria da, noski. Gero egia da kantuak argitaratzen dituzun momentuan libreak direla, haiek egiten dute euren bidea, eta hor konturatzen zara kantu batzuk zeinen urrun iritsi diren. Bere  garaian, Gernikako lokal hartan sortu genituen, eta poza ematen du, egin genuen lan bat, pasio haundiarekin eta gogo izugarriarekin; eta kantu horiek egin dute beren bidea, eta behar bada jende askok entzun gaitu. 

Agian jendeak erabili ditu izan gure abestiak barruak astintzeko edota pausatzeko. Bere bizitzan integratu ditu nolabait eta hori sortzaile batentzat, ederra baino gehiago da. 

 
Javier Gardoqui, Josefina Solozabal, Aurelio Legarreta, Catalina Arrieta eta izen gehiagok osatutzen dute 'Gernika' abestia.

Gernikako bonbardaketari buruzkoa da bai, Joseba Sarrionandiaren hitzak ziren, eta gainera kantu horretan aipatzen ziren izen guztiak 15 urtetik beherakoenak ziren, umeen izenak ziren. Bazirudien aiton-amonen zerrenda luze bat zela, baina, ez, umeenak ziren. Egun horretako drama eta astakeria hori kantuak ondo jasotzen duela iruditzen zait. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!