Aurkezpen ofizialik ez du izan oraindik, baina jendaurrera eraman zuten Bertatik Elikatuz laneratze enpresa sortzeko proiektua, otsailaren 28ko Plenoan. Hernaniko Udalak enpresarekin hitzarmena sinatzea zen Plenoan landu beharrekoa, eta eztabaida haundia sortu zen, oposizioko alderdiek ez baitzuten babestu Udalak urtean 50.000 euroko dirulaguntza ematea Bertatik Elikatuzi.
Gaiak zalaparta sortu du hurrengo egunetan ere, eta zalaparta horren erdian, proiektuaren nondik norakoak ezagutu nahi izan ditu Kronikak, haren sustatzaileekin elkartuta: Zabalduz kooperatibako Andoni Zulaikarekin, Fede Pacharekin eta Xabier Lertxundi alkatearekin.
Hernanin errotutako bi enpresak egin dute bat, Bertatik Elikatuz sortzeko: Zabalduz kooperatibak eta Fede Pacha & Co enpresak. Aurrenekoa gizarte ekimenekoa da, eta lan egiten du babesgabetasun egoeran zein gizarte bazterketa arriskuan dauden adin txikiko eta helduekin, eta bakardade egoeran dauden adinekoekin. Bigarrenak, berriz, enpresetako jantokien kudeaketa, eta aholkularitza eta formakuntza gastronomikoa ditu oinarri. «Bien arteko aliantza egin dugu enpresa honekin, Hernaniko Udalarekin batera. Gure borondatea zen indarrak batzea», azaldu du Andoni Zulaikak: «Zabalduzek jakintza dauka insertzio soziolaboralaren esparruan, eta Fede Pachak eta bere bazkideek ezagutza daukate elikagaien sukaldatze eta transformazio prozesuan, bertako produktuekin eta ekoizleekin».
Gizarte bazterketa arriskuan daudenak laneratzea eta bertako lehenengo sektorea indartzea, jomuga
Laneratze enpresa bat izango da Bertatik Elikatuz, bertako produktuak sukaldatu eta transformatuko dituena, enpresentzako otorduak prestatzeko, besteak beste. Ibaiondo poligonoan izango du egoitza, une honetan egokitzen ari direna; eta espero dute bi hilabete ingururen buruan martxan egotea, behin osasungintzako azterketak gaindituta.
Laneratze enpresa izanik, babesgabetasun egoeran edo gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonek egingo dute lan bertan: plantillaren %50-75 izango dira haiek. Sukaldeko laguntzaile lanetan ariko dira gehienak, eta banaketaz arduratuko denik ere izango da. Sektoreko lan hitzarmeneko soldata jasoko dute hasieratik, formakuntza ere jasoko dute, eta hezitzaile bat izango dute, «akonpainamendua» egingo diena.
Izan ere, bi lanpostu mota izango ditu enpresak: laneratze lanpostuak eta finkoak. Plantilla finkoaren parte izango dira hezitzailea, sukaldariak, sukaldeko burua edota sailetako arduradunak, besteak beste. Laneratze lanpostuetan daudenek, aldiz, gutxienez sei hilabete eta gehienez hiru urte egingo dituzte bertan, «baina baliteke gerora plantilla finkoaren parte izatera pasatzea ere, guk ere beharko ditugulako langileak», argitu dute.
Helburua da, pertsona horiek prestatzea, lan munduan sartzeko: «Hiru urte horietan, lortuko dute formakuntza bat eta esperientzia laboral bat, gero enpresa arrunt batera jauzia emateko».
Azaldu dute, «lurraldeko bi beharri» erantzuten diela Bertatik Elikatuz enpresak: «Inklusioarena batetik, Hernanin bertan, eskualdean eta Euskal Herrian, tamalez, oraindik pertsona asko daudelako RGIa kobratzen, iraupen luzeko langabezia egoeran, babesgabetasun egoeran, gizarte bazterketa arriskuan... Eta bestetik, sukaldaritza eta lehen sektorearekiko harremana beste modu batera ulertzeko erronka, lehenengo sektorearen beharrei erantzuteko. Izan ere, lehiatu behar dute nekazaritzako elikagaien industria oso indartsu batekin, eta gertutasun harremanak baliatuz eta elkarrekin, nahi dugu bertako lehenengo sektorea sustatu eta elikadura burujabetzaren bidean pausoak ematen jarraitu».
Hori da proiektuaren bigarren oinarria: «Bertako produktuaren eta ekoizleen aldeko apustua». Herriko nekazari eta abeltzainen produktuei emango diete lehentasuna, eta horiekin prestatuko dituzte elikagaiak eta otorduak.
Hasiera batean, hiru zerbitzu eskainiko ditu enpresak: «Hernaniko enpresei sukalde-jangela zerbitzua ematea, batetik. Bestetik, langileek bulegoan bazkaltzen duten enpresetan, tupperretan otorduak eskaintzea, asteko menua aukeratu eta egunez egun bertara eramanda. Eta azkenik, transformazio zerbitzua, ekoizleei zuzenduta. Beraien produktuak jaso eta horiekin produktu berriak egingo ditugu; esnea jaso eta jogurtak bueltan eman, adibidez, gero saltzeko».
Hernani Burujabe eta elikadura sektorea, «proiektuaren oinarrian»
Xabier Lertxundik azaldu duenez, Hernani Burujabe eta elikadura sektorea daude «proiektu honen oinarrian. Urte asko dira lanketa egiten hasi ginela baserritarrekin, tokiko garapenaren sailetik. Ikusten genuen, baserritarrek arazoak zeuzkatela beraien produktuak merkaturatzeko. Badirudi denok egiten dugula bertakoaren alde, baina errealitatean kosta egiten da. Sektore estrategiko hori lantzen hasi ginen Hernani Burujabe filosofiaren baitan, eta elikadura mahai bat sortu genuen. Henase sortu zuten nekazari eta abeltzainek, Herrilur kooperatiba ere bai herritar talde batek, komertzializatzeko... Beraz, katearen hasiera eta bukaera geneukan, baina tartekoa falta zitzaigun; eta diagnostiko hori egin genuen: dauzkagun produktuen soberakinak transformatu badaitezke, erakargarriagoak izan daitezke merkaturatzeko». Hori lantzen hasi ziren, eta Bertatik Elikatuz izan da emaitza: «Ekoizleak lanean ari dira kontsumitzaileen bila, eta bi eragilek indarrak batu dituzte, horrelako eskaintza edo proiektu bat diseinatzeko. Udaletik ikusi dugu, modu horretara zirkuitu osoa itxi daitekeela, eta hitzarmena egitea proposatu dugu, irabazi asmorik gabeko beste entitate batzuekin egin bezala. Udalaren egitekoa da, eragileei bitartekoak jartzea, diseinatu duten plan estrategikoa aurrera eramateko», nabarmendu du alkateak.
Sustatzaileek azaldu dutenez, «proiektua ez zen atzo jaio, duela lau urtetik ari gara lantzen. 2022ko martxoan sortu genuen Bertatik Elikatuz SL. Orduan aurkeztu genuen dokumentazio guztia Lanbiden, laneratze enpresaren kalifikazioa lortzeko, legislazio oso bat baitago hori erregulatzen duena; eta urrian edo azaroan ziurtatu zuen Lanbidek, laneratze enpresa bat izateko baldintza guztiak betetzen genituela. Enpresaren estatutuetan argi eta garbi azaltzen da, irabazi asmorik gabeko enpresa dela, eta bere helburua dela zaurgarritasun edota gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen inklusio soziolaborala».
Udalak, Kutxa Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lanbidek, dirulaguntza
Zulaikak eta Pachak nabarmendu dute, «saiakera garrantzitsu bat» egin dutela enpresak berak, entitate sustatzaileek, Hernaniko Udalak eta eragileek, besteak beste, «era honetako proiektu bat martxan jartzeko». Izan ere, «sukalde zentral eta transformazio gune berri bat» behar dute horretarako, «eta horrek inbertsio maila haundi bat eskatzen du, milioi erdi bat eurokoa».
Horregatik, finantziazio iturri desberdinetara jo dute, proiektua aurrera atera eta pausoa emateko: «Batetik, jaso dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza, gizarte politiketako sailetik bideratutako Elkarrekin Lanean estrategiaren baitan. Izan ere, bere helburua da laneratze enpresa gehiago egotea Gipuzkoan; askoz ere gutxiago daude, Araban eta Bizkaian baino. Bestetik, Kutxa Fundazioak ere diruz lagundu du proiektua, erronka ekosozialetarako deialdian. Lanbidek ere badauzka dirulaguntza lerro batzuk, laneratze enpresak finantziatzeko. Eta nola ez, hasieratik bidelagun daukagun Hernaniko Udalak, hitzarmenaren bitartez lagunduko digu proiektu hau martxan jartzen. Ez da ohiko enpresa bat, eta orain indarrak batu behar ditugu, proiektua aurrera ateratzeko. Milioi erdiko inbertsio bati aurre egitea ez da lan erraza, baina proiektua bideragarri izateko apustua egin dugu. Ez balitz bideragarria izango, ez lukete honen alde egingo erakundeek, eta ezta entitate sustatzaileok ere», adierazi dute.
Zentzu horretan, nabarmendu dute «elkarlanean» aritu direla eragile guztiak, «modu aktiboan». Esate baterako, aliantzan eskatu dute Kutxa Fundazioaren dirulaguntza: «Balio-kate osoko eragileek eman dugu pausoa, finantziazio gehiago lortzeko, behar dugulako. Azken finean, korrontearen kontra ari gara igerian, eta hori beti kostatzen da gehiago. Elkarrekin indarrak batuz, uste dugu egin dezakegula aurrera; bakarrik, garbi dago ezetz. Horrelako apusturik egin gabe, korronteak eramaten zaitu, eta azkenerako ez da baserritarrik eta ekoizlerik izango Hernanin, ekonomikoki errentagarriagoak diren monokultiboak badaudelako».
«Bide-orri pertsonalizatua», langile bakoitzarekin
Laneratze enpresan ariko diren langileen hautaketa prozesuan, Lanbide egongo da erdigunean, eta berak baieztatuko du pertsona horiek gizarte bazterketa arriskuan daudela: RGIa kobratzen, denbora luzez langabezian, adin txikikoen zentroetatik atera berri, drogomenpekotasun arazoekin... Eta behin enpresan sartuta, «bide-orri pertsonalizatua» diseinatuko du hezitzaileak langile bakoitzarentzat, eta arreta pertsonalizatua eskainiko die. «Langile batek izan ditzake zailtasun edo behar ezberdinak: jarrera arazoak, motibazioarekin arazoak, bere familiako historiak edo prozesu migratorioek eragindako min edo motxila bat... Kasuan kasu, egingo da ibilbide soziolaboral pertsonalizatua bakoitzarekin», azaldu dute.
Lanpostuko trebakuntza eskainiko diete, baina baita bestelako formakuntzak ere: gidabaimena, sukaldaritza formazio konkretuak... «Agian, langile batek espezializatu nahi du sukaldeko arlo jakin batean, eta horri bide emango diogu», azaldu du Andoni Zulaikak.
Ildo horretatik, Fede Pachak gaineratu du insertzioko lanpostuetan daudenek ez dutela «beti laguntzaile» izan beharrik: «Saritu ere egin behar ditugu, eta lanean finak direnek, kategorietan gora egin behar dute. Izan ere, egiten diezun kontratuan ere kategoria hobetuz gero, lan merkatura ateratzean beste indar bat izango dute. Batzuk gurekin geratuko dira lanean, plantilla finkoan. Ostalaritzako langileak formatuko ditugu, eta gaur egun ez daude asko. Horrek lagunduko die jatetxeei, sagardotegiei... langileak aurkitzeko garaian». Gainera, Pachak nabarmendu du formakuntza ez dela izango sukaldaritzakoa soilik: «Gure kultura gastronomikoa barneratuko dute. Gure ekoizleak ezagutu, zer ekoizten duten, garaian garaikoa, nola egiten dugun lan...».
Zentzu horretan, azaldu du Fede Pacha & Co osatzen duten hiru bazkideak direla Irizar sukaldaritza eskolan ikasle eta irakasle izandakoak, eta «aldaketa» bat izan dutela azkeneko urteotan, «goi-mailako sukaldaritzatik, bertako produktuaren aldeko apustura. Uste dugu, beste formakuntza gastronomiko bat eskaini behar diegula ikasleei, bertako produktuan eta jasangarritasunean oinarrituta».
Errotazioa da laneratze enpresa baten ezaugarrietako bat, eta horrela, «Bertatik Elikatuzetik ahalik eta pertsona gehien pasatzea» izango dute helburu: «Gure aurreikuspena da, datozen urteotan enplegu kopuru garrantzitsu bat sortu ahal izatea». Horregatik, diote «errendimendu bikoitza» aterako diotela jasotako diru publikoari: «Proiektu honetan inbertitzen den euro bakoitzeko, bueltan askoz ere gehiago jasoko dugu sozialki. Laneratze enpresa honetan dauden pertsonak, ez daude RGIa kobratzen, edo gizarte zerbitzuetako beste prestazio batzuk jasotzen; alderantziz, une horretatik aurrera, beraiek ariko dira aportatzen. Uste dugu ikuspegi oso integrala daukala proiektuak, eta eragiteko eta eraldatzeko potentzial haundia».
Gure Elikagai enpresa, lanerako ispilu
Sukaldeko formakuntzan ez ezik, bertako ekoizleekiko harremanean, otorduen prestaketan eta banaketan ere ezagutza dauka Fede Pachak. «Horretan esperientzia daukat, gaur egun egiten dudalako. Oronaren Ideoko eta Lastaolako jantokietako otorduak kudeatzen ditut, Gure Elikagai enpresaren bitartez. Beraz, ezagutza hori baliatuko dugu, lehen sektorearekin eta enpresekin lan egiteko garaian. Nolakoak izan behar diren menuak, nola egin behar den lan, nola aurkeztu eta eraman...».
Bezero posibleei erreparatuz, Pachak azaldu du izango direla enpresak, jatetxeak edota komertzioak Hernanin, «bertako produktuaren alde egin nahi dutenak, baina ez dakitenak nola. Eta guk bitartekari lana egin dezakegu, ekoizleen produktuak transformatu eta beraiei eramanda. Adibidez, behiak osorik jasoko ditugu, eta guk despiezatu eta prestatu. Tresna bat izango gara, Hernanin ekoiztutako produktuak merkaturatzeko. Oraingoz, barazkiak, haragia edota esnea dauzkagu Hernanin, askoz ere gehiago ez; baina espero dugu honek balio izatea lehenengo sektorea hazteko eta ekoizle gehiago izateko».
Aliantzen garrantzia nabarmendu dute, aurrerapauso horiek emateko: «Bakoitzak dakiguna egiten dugu gure aldetik, baina lortzen badugu testuinguru egokia sortzea eta indarrak batzea, askoz ere eraginkorragoa da. Eta proiektu honek, debatea sortuko du enpresetan, jangeletan, eguneko zentroetan... Zergatik erosten dugu menu hau eta ez bestea? Zergatik ez dugu bultzatzen bertako produktua? Orain ez dute aitzakiarik izango, esateko ez daukatela horretarako aukerarik».
«Dirulaguntza emango dugu, baina askoz ere aberastasun haundiagoa jasoko dugu bueltan, termino sozialetan»
Plenoan sortutako zalapartaren harira, Xabier Lertxundi alkateak nabarmendu du, Udalak hitzarmen bat egiten duenean, «beti» dela irabazi asmorik gabeko entitate batekin, eta ez duela «inoiz enpresaren estruktura ordaintzen».
HERNANI UDALA
Hernaniko Udalak eta Bertatik Elikatuz enpresak sinatuko duten hitzarmenaren harira sortu zen zalaparta, otsailaren 28ko Plenoan. «Horren harira, esan behar dugu Udalak hitzarmen bat egiten duenean, beti dela irabazi asmorik gabeko entitate batekin, eta ez duela inoiz estruktura ordaintzen», argitu du Xabier Lertxundi alkateak. Era berean, azaldu du «lehenago ere» egin izan dela, «inolako zalapartarik gabe». Hitzarmenari dagokionez, azaldu du ez dela dirulaguntza ematea soilik: «Lankidetza bat zabalduko dugu, zerbitzu sozialekin ere, laneratze enpresan lan egiteko hautagaiak egon daitezkeelako Hernanin. Eta Bertatik Elikatuzi, eskatzen diogu bertako baserritarren produktuekin lan egitea, insertzio lanpostuak sortzea... Diru bat jartzen dugu, baina askoz ere aberastasun haundiagoa jasoko dugu bueltan, termino sozialetan».
Zentzu horretan, adierazi du «dirulaguntzen paradigma berri bat» zabaldu dela Udalean: «Lagundu dezakegu lanik gabe dagoen jendea limosna bat emanez; baina pertsona horri ez diogu bizitza soluzionatzen. Egoera horiek iraunarazten ari gara, gainera. Edo egin dezakegu apustua, diru publikoa jarriz, bitarteko hauekin jendea gizarteratzeko. Baserritarrekin gauza bera gertatzen da. Dirulaguntzak ematea ondo dago, baina bitartekoak jarri behar dizkiegu, daudenei egoera hobetzeko eta sektorea erakargarria izateko belaunaldi berrientzako. Hau ez da bi hilabeterako apustu bat. Luzerako estrategia bat da». Hain justu, Elikadura Planaren zati bat da Bertatik Elikatuz, eta hilabete honen bukaera aldera aurkeztuko du estrategia osoa, elikadura mahaiak.
Azkenik, alkateak nabarmendu du Udaletik «oso pozik eta harro» daudela, elikadura sektorean sortzen ari diren «elkarreragin eta harremanengatik. Ikustea bileretan baserritarrak, kontsumitzaileak edota eragileak bilduta... Hernanin hau ez da gertatu».
Oposizioaren babesik ez, hitzarmena sinatzeak
EAJ-PNVk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk ez zuten onetsi Bertatik Elikatuzi urtean 50.000 euroko laguntza ematea.
HERNANI PLENOA
Otsailaren 28ko Plenoan landu zuen Hernaniko Udalak, Bertatik Elikatuz laneratze enpresarekin hitzarmena sinatzea, eta urtean 50.000 euroko dirulaguntza ematea, datozen lau urteetan. Eztabaida luzea piztu zuen gaiak, eta oposizioko hiru alderdiek eman zuten euren iritzia bertan.
EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen hitzarmena sinatzea; abstenitu egin zen Elkarrekin Podemos-Orain Hernani; eta kontra bozkatu zuten EAJ-PNVk eta PSE-EEk. Oposizioko hiru alderdiak azaldu ziren enpresari dirulaguntza ematearen kontra.
Hirurek adierazi zuten, antzeko enpresak badaudela Hernanin, dirulaguntzarik jasotzen ez dutenak; eta kritikatu zuten horrelako enpresa berri baten sorrera diruz laguntzea. Herriko ekoizle batzuk hitzarmenaren onuragarri izatetik kanpo geratuko direla ere salatu zuten, eta zalantzan jarri zituzten proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta aurreikusitako gastu batzuk, soldatak adibidez.
Gaiaren inguruan duten iritzia eta ikuspegia helarazi diote Kronikari, Plenoaren ondoren, EAJ-PNVk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek.
«17 baserrik ezingo dituzte proiektu honekin euren produktuak merkaturatu»
Elkarrekin Podemosek adierazi du, «zalantza asko» sortu zaizkiela, Bertatik Elikatuz enpresaren dokumentazioa aztertuta.
HERNANI ELKARREKIN PODEMOS
«Plan ona» iruditu zitzaion Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldeari, hasiera batean, Bertatik Elikatuz laneratze enpresarena; baina dokumentazioa aztertuta, «zalantza asko» sortu zitzaizkiela adierazi dute. «Hernanin 28 baserri inguru daude, sagardotegiak kontuan hartu gabe; eta horietatik 15 bizi dira %100ean nekazaritzatik eta abeltzaintzatik. Henase elkarteko 11 baserri daude Udalarekin atxikita, hitzarmenarekin. Eta ez zaigu justua iruditzen, batzuei laguntzea eta beste batzuei ez, 17 baserrik ezingo baitituzte proiektu honekin euren produktuak merkaturatu. Planteatu beharko genuke, tamaina horretako proiektu bat zergatik ez den gai bertako nekazari eta abeltzain gehienak erakartzeko».
Bestalde, proiektuaren helburuarekin «harrituta» agertu da Elkarrekin Podemos: «2023ko udal aurrekontuen negoziaketan, udal sukalde bat eskatu genuen, bertako produktuak baliatuz hornituko zituena eskolak eta pertsona zaurgarriak. Hori ere burutu zitekeen inklusio sozialarekin bitartez. Udal Gobernua, duela lau hilabete, erabat ados zegoen proiektu horrekin, eta kokalekua ere pentsatuta omen zeukaten. Orain, ordea, plan hau aurkeztu digute, askoz ere lehenagotik lantzen ari zirena, eta oposizioak ezagutzen ez zuena. Beraz, uste dugu Udal Gobernuak gezurra esan digula».
Kezkatuta azaldu da, era berean, tupperren banaketak «poligonoetan dauden ostalaritza negozioetan izango duen eraginagatik, enpresa pribatu bat diruz lagunduko dugulako, beste batzuen kalterako». Eta bideragarritasun ekonomikoari dagokionez, gastuak gehiegizkoak izan daitezkeela uste du: «Laneratze lanpostuen soldatak lan hitzarmenaren araberakoak izango dira, baina sukaldeko buruak, adibidez, hitzarmenak dioenaren bikoitza kobratuko du. Zentzugabekeria da Udalak diruz laguntzea enpresa pribatu bat, sukaldeko buruari urtean 48.500 euroko soldata gordina ordainduko diona».
«Diru publikoa xahutu, eta ekoizle eta merkatari batzuk diskriminatuko dira»
EAJk kritikatu du, EH Bilduk erabaki duela «herriko elikadura burujabea izatea, gizarteratze enpresa berri bat sortuz eta diruz lagunduz».
HERNANI EAJ-PNV
«Proiektuaren helburuekin ados egon arren», kritiko azaldu zen EAJ-PNV otsaileko Plenoan: «Diru publikoa xahutzearen eta ekoizle eta merkatari batzuen diskriminazioaren ondorio da gure sumindura», adierazi du. Izan ere, Andoni Amonarraiz bozeramaile jeltzaleak kritikatu du, hitzarmenaren arabera, «printzipioz Henase elkarteko kideek soilik ekoitzitako Hernaniko km0 produktuen kontsumoa» izango duela oinarri Bertatik Elikatuzek, «Hernaniko zazpi ekoizle kanpoan utziz»; eta produktuen banaketa antolatzeko zentroa, hasiera batean, «Herrilur denda bakarrik» izango dela: «Gainerako saltokiak, aktore soil gisa ageri dira».
Amonarraizek gaineratu du, gaur egun badagoela «gizarteratze enpresa bat Hernanin, gaitasun ezberdinak dituzten pertsonak gizarteratzea duena helburu»; eta sukalde nagusi bat daukatela martxan: «Ez al genuke saiatu behar haiekin adosten, alde batetik, tokiko produktuen kontsumoa sustatzea, eta bestetik, beste tipologia ezberdinetako gizarte-bazterkerian dauden pertsonak integratzea euren plantillan? Horrela, proiektuaren helburua beteko litzateke, eta kudeaketa egokiena izango litzateke».
Jeltzaleek diote, era berean, ez dutela uste «nahikoa» izango direnik «abian jarri nahi diren negozio lerroak, laneratzeko enpresa berri bat ezartzeko eta errentagarria izateko. Enpresa berri bati dirulaguntza eman behar zaio, antzeko ezaugarriak dituen beste enpresa bati konpetentzia egin diezaion, edo urteak daramazkienarekin lan egin behar da, eta haren existentzia ziurtatu?». Horren harira, zalantzan jarri dute jeltzaleek, udal hauteskundeetarako bi hilabete falta direnean, EH Bilduk «proiektuaren errentagarritasuna eta etorkizuna» bilatzen ote duen, edo «kea eta lanpostuak sortzeko eta lehen sektoreari laguntzeko ideia saltzeko» baino ez ote den. Enpresa planari erreparatuta, uste dute «proiektuaren bideragarritasuna ez dela ziurra, dirulaguntza arruntekin mantentzen ez bada behintzat».
Azkenik, Amonarraizek azaldu du, Bertatik Elikatuzen dirulaguntzaz gain, Udalak 80.000 euro gastatuko dituela nekazaritza-herrixkak sortzeko lurrak erosteko, baina Henaseko zortzi ekoizleetatik hiruk bakarrik nahiko lituzketela lur gehiago, eta ez direla kontuan hartu elkartetik kanpoko beste zazpi ekoizleen beharrak: «Zarata gutxiagorekin, eta EH Bilduren lan gehiagorekin, lortu zitekeen makro txiringito honekin lortu nahi den helburu bera».
«Enpresen sorrera diruz laguntzen ari dira, Udalaren diru publikoarekin»
PSE-EEk galdetu du zergatik bideratzen den diru publikoa enpresa berri batera, «industria mailako ekoizleen eta bezeroen sare bat sortu ordez».
HERNANI PSE-EE
Hernaniko Udalak Bertatik Elikatuz enpresa diruz laguntzearen kontra azaldu da PSE-EE: «Enpresa horren helburuak oso onuragarriak izan daitezkeen arren, ez da inguruko beste edozein laneratze enpresa baino onuragarriagoa, antzeko balioak dituztenak eta Udaletik diruz laguntzen ez ditugunak».
Zentzu horretan, Ricardo Crespo bozeramaileak adierazi du, industria eta zerbitzu sektoreetan, beste enpresa batzuek ere kontratatzen dituztela gizarte bazterkeria arriskuan dauden langileak; eta jarduerari dagokionez, beste batzuen konpetentzia izango dela: «Enpresetan jantoki zerbitzua eskaintzeaz gain, 0km produktuak eraldatuko ditu, Hernanitik gehienez 100 kilometrora daudenak. Beraz, udalerriko ekoizleei ez ezik, beste ekoizleei ere egingo die mesede. Sukalde nagusiak dituzten beste enpresa batzuek ere egiten dute hori, baita enpresa berri hau instalatu nahi den poligono berean ere, eta bertan izan zen, 2017an, orduko Hernaniko alkatea, EH Bildukoa».
Hernanin «lan bera» egiten duten eta «merkatuan dagoeneko finkatuta» dauden beste enpresekin alderik ikusten ez dutela iritzita, sozialistek galdetu dute zergatik bideratzen den diru publikoa «enpresa berri batera, industria mailako ekoizleen eta bezeroen sare bat sortu beharrean, herrian dauden baliabideak eta eragileak erabiliz, bere indarguneak eta aukerak aprobetxatuz. Horren ordez, diruz laguntzen dugu enpresa berri bat sortzea, merkatuan lehiakide berri bat. Azken batean, enpresa ekimen bat da, bere diru sarreren zati haundi bat, aurreneko urteetan, laguntza publikoei dagokiena. Horiek laguntzen dute, enpresaren arrakasta izaten laguntzarik gabeko lehiakideena baino onuragarriagoa, galerak dirulaguntza publikoekin estaltzen baitira. Enpresaren kalkuluen arabera, lehenengo urtean 44.000 euroko galerak izango ditu, baina dirulaguntzak kenduz gero, 281.000 euro baino gehiagokoak lirateke. Nork ez luke enpresa bat sortuko, jakinda administrazio publikoak estaltzen dizkiola gastuak?».
Horregatik, alderdi sozialistak salatu du EH Bilduren «eredu komertziala» dela «hautatutako negozioak diruz laguntzea», Hernanin dauden negozioen «lehia okertuz». Eta galdetu du: «Zer pentsatuko dute azken urteotan itxi behar izan dituzten eta laguntzarik jaso ez duten negozioek? Zergatik ez ditugu baliabide horiek erabiltzen daukaguna indartzeko, hainbat sektoretan lehia haundiagoa sortu beharrean?».