«Garrantzitsuena langilea da, eta langilea gizonezkoa eta emakumezkoa izan daiteke. Pentsamoldeak aldatzen joan behar dira, baina oraindik gizarteak egiten ditu bereizketa horiek», azaldu du Ainitze Blancok, Hernaniko Lanbide Heziketako zuzendariak. Emakundek eskainitako datuen arabera, titulazio teknikoetako matrikuletatik %23 bakarrik dira emakumezkoak, eta datu horiei tiraka, Hernaniko zentroko ziklo industrialean bizi duten egoeraren berri eman du Blancok: «Ziklo industrialak ditugu, baita gizarte zerbitzuei lotutakoak ere, eta errealitateak oso desberdinak izaten dira. Ikasketa industrialetan ere izaten dira emakumezkoak, baina bat, bi edo hiru; gehiago ez».
Hiru emakume ari dira gaur egun Hernaniko Lanbide Heziketan ziklo industrialeko ikasketak egiten. Intza Mujika aranoarra eta Nerea Iriarte hernaniarra erdi-mailako Mantentze-lan Elektromekanikoan dabiltza buru-belarri: «Elektromekanikan denetik egiten dugu, mekanika eta elektrizitatea uztartzeko erronkak egiten ditugu. Adibidez, garajeko ate bat egin dugu elektrizitatearen atala lantzeko, eta soldatzeko mahai bat mekanikarekin lotura gehiago duena. Proiektuka goaz».
Karol Zepeda hernaniarra, aldiz, goi-mailako Fabrikazio Mekanikoko Diseinua ikasten ari da, aurrez erdi-mailako Mekanizazio ikasketak bukatuta: «Erdi-mailako zikloa egin nuenean tailer batean lan egiteko prestatu nintzen, planoak jaso eta piezak egiteko. Orain, berriz, plano horiek nola egin ikasten ari naiz; tailerreko lana bideratzeko bulegotik».
Oso emakume gutxi ikusten dituzte egiten ari diren ikasketetan. Iriarte eta Mujikak aurten hasi dute erdi-mailako zikloa, eta biek aipatzen dute arloa gustatzen zitzaien arren, zalantzak ere izan zituztela hasi aurretik: «Uste genuen beste modu batera tratatuko gintuztela, baina barrutik ikusi dugu hemen guztiok berdinak garela. Ikasten hasi ginenetik aldatu zaigu ikuspegia». Zepedak ere antzeko pentsatzen zuen industriaren munduan murgildu aurretik: «Ikasten hasi aurretik ez nuen imaginatu ere egiten nolakoa izan zitekeen mundu hau. Ikuspegia asko aldatzen da, ikusten duzu beste edozein bezain gai zarela».
«Datuek erakusten dute oso baxua dela emakumeen presentzia industrian»
«Nire kasuan, emakume bakarra naiz klasean. Mekanizazioa ikasi nuenean ere hala izan nintzen. Datua benetan baxua dela iruditzen zait», azaldu du Zepedak. Egun, oraindik mantentzen den iruditeriari egiten diote erreferentzia hiru ikasleek. Behin baino gehiagotan entzun izan dute 'industria gizonentzat da', baina egunerokoan ikusi dute baieztapen hori guztiz bestelakoa dela: «Egunero ikusten dugu klasean, hasieran gauzak egiteko gai ikusten ez gaituzten gizonez inguratuta egoten gara, eta gero ikusten dute zer den egiten duguna, zer egiteko gai garen, eta askotan haiek baino gaitasun haundiagoa daukagula».
Zentrotik ere ikusten dute estereotipo horiek indarrean jarraitzen dutela, eta lanean ari dira pentsamolde horiek aldatzeko: «Ziklo industrialek ez daukate generorik, ez dira gizonentzat ez emakumeentzat. Indarraren kontua oso zaharkitua geratu da. Gainera, robotizaziora eta automatizaziora goaz, eta hor abilezia da garrantzitsuena».
Hiru ikasleen iritziz, emakumeak ez matrikulatzearen arrazoia aspalditik datorren kontua da. Iriartek aipatu du «jendeak esaten duenak eragiten duela», eta Zepedak nabarmendu du pentsamolde atzerakoietan iltzatuta geratu dela jendartea: «Etxetik datorren kontua da, zaharkituta geratu gara kontu hauetan. Betidanik industria hitza entzun eta jendeari gizonezkoak etortzen zaizkio burura, baina hori da ez daukatelako gaiari buruzko jakintzarik».
Ikasketetan ez ezik, lan munduan ere emakumeen presentzia urria nabaritu dute Iriartek, Mujikak eta Zepedak: «Enpresa batera joan eta esku bakarrarekin zenbatu daitezke bertan lanean ari diran emakumeak». Zepeda da oraingoz praktikak egin dituen bakarra, Italian egin zuen, Erasmus bekarekin, eta bertako esperientzia hemengo egoeraren oso antzekoa dela azaldu du: «Emakume bakarra nintzen han ere. Leku guztietan topatzen dira pentsamolde zaharkituagoa duten pertsonak, baina baita ere laguntzeko prest daudenak. Denetik dago».
Lanbide Heziketako zuzendaritzatik egoera ezberdinak ezagutu ditu Blancok: «Badira praktiketara emakume bat joatean sorpresa hartzen duten enpresak, gizon bat espero dutelako; baina, aldi berean, enpresa ugarik nahi dituzte emakumeak. Enpresetan ere berdintasunari buruzko lanketak egiten ari dira, eta askotan eskatzen digute emakumeak bideratzeko bertara. Gertatzen zaiguna da eskatzen digutela emakume bat eta ezin dugula bertara bidali, ez daudelako. Orduan argi dago emakumeek lana bilatzeko erraztasuna izan dezaketela; esan bezala, industriak ez duelako generorik, eta balio duena esku on bat delako».
«Ikusgarritasuna izatea oso garrantzitsua da»
Emakumeen presentzia haunditzea gustatuko litzaieke ikasleei, eta horretarako zenbait gako aipatu dituzte. Garrantzitsuena ikusgarritasunarekin lotu dute, zalantzan daudenek jakin dezaten badaudela emakumeak industriaren alorrean: «Ikusgarritasuna izatea garrantzitsua da, neska gazteek ikus dezaten emakumeak ere ari direla lan hauek egiten. Horrela uxatuko da, hein batean, emakumeek industrian lan egin ezin dutenaren kontua».
Hernaniko Lanbide Heziketan ere argi daukate ikasle hauei ikusgarritasuna ematea berebizikoa dela emakume gehiago erakatzeko, eta erreferenteak sortzeko beharraz hitz egin du Blancok: «Dinamika batzuk jarri ditugu martxan, bideoak grabatu izan dira ikusgarritasuna emateko. Finean, erreferenteak sortuz gero askoz ere errazagoa izango da emakumeak matrikulatzea».
Ikastetxeen nahia aurrerapausoak ematea da, eta atal guzti horiek era koordinatuan lantzeko, Berdintasun Plana ere martxan jarri dute Lanbide Heziketako zentroek. Helburu nagusia da ekintza, formakuntza eta ekimenen bitartez berdintasunean aurrera egitea: «Iaz hasi ginen formakuntzak jasotzen Ikaslanetik, eta horrek ahalbidetuko du ikastetxe guztiek izatea Berdintasun Plana. Aurten, adibidez, gure irakasleek 'Hezkidetza eta pedagogia feminista Lanbide Heziketan' formakuntza saioa jaso dute, eta martxoaren 8an ere ekintza batzuk egingo ditugu». Hernaniko Lanbide Heziketan berdintasun talde bat sortu zuten iaz, koordinatzaile batekin, eta talde horrek lantzen ditu berdintasunera bidean egin daitezkeen ekintzak.
Pixkanaka egoera aldatzea da guztiek buruan dutena, eta zalantzan dauden emakume gazteentzat gorde dute azken mezua Iriartek, Mujikak eta Zepedak: «Benetan inporta duena da bakoitzak nahi duena ikastea, zerbait egin nahi duenak askatasuna izatea hori egiteko. Garrantzitsuena ez da jendeak esaten duena, bakoitzak nahi duen hori baizik».