Erreportajeak

«Zaila den arren, garrantzitsua izango da kantxara ahalik eta lasaien iristea»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 4a, 00:00

Afizionatu mailako finala jokatu ondoren, profesionaletan debutatuko du Aiestaranek.

Profesionaletan debutatzeko aukera iritsi zaio Aitor Aiestaran 'Aiestaran VI' hernaniarrari. Afizionatu mailan egindako lanaren ondorioz, Berria txapelketan arituko da Goikoetxearekin batera. «Urduri bezain gogotsu» dago.

Berri on asko jaso ditu tarte laburrean Aitor Aiestaran erremontari hernaniarrak. Afizionatuen txapelketako finala jokatu zuen aurreko astean, eta profesionaletan debuta egingo du gaur. Goikoetxearekin batera jokatuko du Berria Txapelketan, eta Gurrutxaga eta Zaldua I. izango dira lehenengo aurkariak. «Gogotsu» dago, eta ingurukoei gozatzeko motiboak eman nahi dizkie. 

 

Iritsi da debutaren eguna. Gogotsu?

Gogotsu eta urduritasun puntu batekin. Aspalditik espero genuen eguna da, eta azkenean iritsi da. Txapelketa batean debutatzeak ere motibazio haundiagoa ematen du; beraz, ea egun polita ateratzen den. 

 

Noiz jakin zenuen debutatuko zenuela?

Duela bizpahiru aste esan zidaten, afizionatuen txapelketa jokatzen ari ginen bitartean. Sorpresa ederra hartu nuen; bagenekien batenbat gora igoko zela, baina ez genekien zeintzuk eta zenbat izango ziren. Presiopean ari ginen afizionatuen txapelketan, ahalik eta maila onena ematen debutatzeko aukera lortzeko. Horixe da helburu haundienetako bat. Hala jaso genuen albistea eta segidan iritsi da debutaren eguna.  

 

Nola jarraitu zenuen afizionatuen txapelketa albistea jaso ondoren?

Arraro (barrez). Azkenean jarraitu behar duzu txapelketa jokatzen, baina argi luzeak jarrita dauzkazu dagoeneko. Beste helburu haundiago bat daukazu buruan, debuta da, eta badakizu txapelketa batean izango dela… Ez zen erraza izan sentimenduak kontrolatu eta tartekatzea. Hala ere, onena ematen jarraitu behar duzu, txapelketagatik eta konfiantza irabazten jarraitzeagatik. Afizionatuen txapelketak beste funtzio hori hartu zuen, ahalik eta maila onena emanda konfiantza irabazteko, gaurko egunera indartsu iristeko. 

 

Erremontean hasi zinenetik nola joan da zure ibilbidea? 

Galarretara lehen aldiz joan nintzenean ia hutsetik hasi nintzen. Umetan probatu genuen zerbait, eta pare bat pelotakada jota nengoen ordurako, baina ez nekien jokatzen. Zerotik hasi nintzen, eta pixkanaka joan naiz hobetzen, jokoa ulertzen eta jokatzen. 

 

Zer izan da zailena bide horretan?

Niretzat hasiera da zailena. Jende askori egiten zaio zaila erremontean hastea, eta guri ere bai. Hasieran oso ohikoa da, adibidez, pelota frontisera botatzera joan eta atzeraka irtetea, jende askori gertatzen zaio. Ikasten duzunean pelota ondo bideratzen, orduan hasten zara aurrerapausuak ematen. Niretzat oso betegarria da zentzu horretan; lehenengo helburua pelota berdean sartzea da, behin hori lortzean pelota bat ateratzen duzu paretetik, eta hurrengo egunean goitik ematen diozu. Poz txikiak pilatzen joaten zara egunez egun. Zailena hasierako pausu hori da, baina gero oso kirol polita da. 

 

Txapelketa txukunean egingo duzu debuta… 

Txapelketa potentea da, bai. Lau debutari izango gara, baina badago jendea maila oso haundia daukana: Goikoetxea, Loitegi, Apezetxea, Zubiri, Zaldua… Sekulako maila daukate askok, txapelketa haundiak jokatutakoak dira, eta hala jarraituko dute aurrerantzean. Niri iruditzen zait oso txapelketa polita geratu dela. Aurkezpenean aipatu zuten oso orekatua dagoela guztia, ez dakit hala izango den ala ez, baina itxura ona dauka. Niri Goikoetxearekin jokatzea egokitu zait, lehenengo mailako pelotaria da, eta plazerra da harekin jokatzea. Uste dut asko lagunduko didala. 


Aurretik ezagutzen zenuen Goikoetxea?

Bai. Ni hasi nintzenean bera zen entrenatzaileetako bat. Harekin hasieratik izan dut harremana eta orain tokatzen zait kolore bereko kamiseta jartzea. Gainera, aste honetan elkarrekin entrenatzen aritu gara. 

 

Gurrutxagaren eta Zaldua I.ren aurka jokatuko duzue lehenengo partidua. 

Hala da. Gurrutxaga gehixeago ezagutzen dut, entrenamendu asko egin ditugu batera azken boladan, eta afizionatuen txapelketan ere jokatu dugu elkarren kontra. Zaldua, aldiz, sekulako pelotaria dela iruditzen zait, oso oso ona, atzean lana ematen duen horietakoa (barrez). Uste dut garrantzitsua izango dela kantxara ahal den lasaien iristea eta ahalik eta partidu lasaiena jokatzea. Zaila izango da debutaren egunean hori lortzea, baina saiatuko gara. 

 

Asko nabaritu duzu ingurukoen ilusioa? 

Bai (barrez). Hiru aste bakarrik pasatu dira albistea jasotzetik debutaren egunera, ez da denbora askorik pasatu, eta harrituta nago asko zabaldu delako. Nik dakidala, eta ez dut asko jakin nahi, bazkari pare bat izango dira gaur, eta soinua izango da Galarretan. Beldur pixka bat ere ematen duen arren, pozgarria da ingurukoak eta herrikoak hor egotea. Ilusio haundia egiten dit

Horrez gain, badaude egotea nahiko nukeen eta ezingo duten pertsonak, eta besarkada bana bidali nahiko nuke Martutenera eta Zaballara. 

 

Zein da erremontean duzun helburua?

Helburua hobetzen jarraitzea da. Txapelketaro mundu guztiak izaten du buruan irabazteko helburua. Egia esan ez naiz horri begira gehiegi jarri, uste dut garrantzitsuena izango dela kantxara ohitzea eta maila txukuna ematea, jendeak gozatu dezan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!