Ez sinesteko moduko finala galdu du Barrenetxeak, Ansaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 19a, 00:00

Jokoan nagusi izan zen Imanol Ansa, finalean. Argazkia: Maialen Andres

17-28 atzetik izan ondoren, hernaniarrak 29-29 berdindu zuen, baina huts egin zuen azkeneko tantoan.

Emoziorik gabea zirudien finala, erabat aldatu zen 10 minututan; eta Imanol Ansa urnietarra alde haundiarekin nagusi izatetik, 29na berdinduta egotera pasa ziren bera eta Endika Barrenetxea hernaniarra. Ez sinestekoa izan zen Buruz Buruko Masterraren finala, atzo arratsaldean, Galarretan: 17-28 atzetik izan zen Barrenetxea markagailuan, eta txapela jantzita bukatu zuen ia.

Ansa izan zen, azkenean, buruz buruko bere aurreneko txapela jantzi zuena; ondo merezita, gainera. Urnietarra nagusi izan zen peloteoan, partidu osoan zehar. Txispa haundiarekin jokatu zuen, eta xextoan oso ondo sartu zitzaion pelota.

Oso bestelakoa izan zen Barrenetxearen arratsaldea. Ez zen bere maila onenean aritu, saketik ezin izan zuen nahi bezala dominatu, eta jokoan ere normalean baino gehiago egin zuen huts. Alde haundirik ez zen izan markagailuan, partiduaren aurreneko erdian; baina bizpahiru tantoren aldea urnietarraren aldekoa izan zen beti: 1-4, 7-10 edota 11-14. Orduan, atseden hartu zuten erremontistek, eta hortik aurrera tartea zabaldu zuen Ansak: 14-20ra egin zuen ihes lehenik, 15-23ra ondoren eta 17-28ra azkenik. Dena zijoan ondo berarentzat, jokoan nagusi eta tanto ederrak erremate zoragarriekin borobilduz.

Baina, bat-batean, goitik be­era aldatu zen panorama. Amore ematetik urrun, bere errekurtso onenak baliatzen hasi zen Barrenetxea, eta mamuak gerturatu zitzaizkion Ansari. Gogotik izerditu zuen urnietarrak tanto bat gehiago egiteko (23-29), baina bigarren bat lortzeko, eta txapela janzteko, 29na egon arte itxaron behar izan zuen. Bikain eutsi zion Barrenetxearen sake biziari, eta azkenean, hernaniarra izan zen zabaletik pelota bat bueltatzerik izan ez zuena. «Baina zer izan da hau?», bota zion Barrenetxeak Ansari, zoriontze gisa. Ez sinestekoa.

Argazkiak: Maialen Andres

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!