Kulturarteko Plaza Feministan amatasuna ikuspegi feminismotik aztertzeko topaketa antolatu da gaur zortzi, otsailaren 25ean, 10:30etatik aurrera. Amatasuna feminismotik nola bizi den aztertzeko, 150 emakumek betetako inkesta oinarri, Atsolorra deitutako ikerketa egin zuen pasa den urtean Parean elkarteak. Gipuzkoan barrena ere saioak egin dituzte amatasuna hizpide, eta erpin ezberdinetatik landu dute podcast bilduma batean. Hernanin ere egin ziren saioak.
Ikerketa horren ondorioa da garaia iritsi dela emakumeak erabakitzeko amatasunaren esperientzia nola eta zein baldintzetan bizi nahi duen. «Feminismoak lortu du amatasuna aukera bat izatea eta ez emakumeen eginbehar bat. Emakume-ama binomioa gaindituta garaia da amatasunaren esperientzia nola eta zein baldintzetan bizi nahi den erabakitzeko», dio Miren Lanz Solbesek.
Amatasunak historian izandako bilakaera aztertzen du Adrienne Richek Emakumeagandik jaioa saiakeran eta amatasuna instituzio patriarkal edo esperientzia pertsonal gisara banatzen du. «Gure ustez amatasunak lantzeko aukera zabaldu behar du feminismoak, amatasunaren gaiari eutsi eta ahizpatasun kolektibotik begiradak elkarbanatzeko abagunea». Helburu horrekin sortu zuen Parean elkarteak Atsolorra deitu dion proiektua. «Erritu horretan, haurra jaiotako baserrira auzoko emakumeak bisitan joaten ziren, ama berriari laguntzeko asmoz. Atsolorraren erritua Eliza Katolikoak bataioaren betebeharra ezarri aurrekoa zen, hau da, XVI. mende aurrekoa».
Beraien atsolorrarekin amatasun feminista eraikitzeko plaza sortu nahi izan du Parean elkarteak. «Amatasunak ezartzen digun kortsea hautsi eta askatasunez hausnartzeko. Batetik, emakumeei hitza eman eta entzuteko asmoz saio ezberdinak egin ditugu Gipuzkoan zehar. Era berean, saioetan bildutako iritzi eta bizipenak aberasteko, inkesta bat zabaldu genuen sare sozial ezberdinak medio», gogoratzen du Miren Lanzek.
Amatasunaren inguruko inkesta 143 lagunek bete zuten, denen ahotsa batuz, amatasuna nola bizi duten ezagutu eta ikertu nahi izan dute. Ikerketa osoa ezagutu nahi izanez gero, www.parean.eus-en dago ikusgai.
«Ama izateak gaur egun, bizitzako esparru ezberdinetan uko egitea dakar». Inkestatutako %73,7ak aitortzen du ama izatea erabaki zuenetik gauza askori uko egin behar izan diola. «Ama izatea ala libre izatea planteatu zaigu askotan dikotomia gisa. Eta noski, ez dugu guk ukatuko ama izateak denbora eta esfortzua eskatzen duenik, baina non dago arazoa? Amatasunean ala bizitzaren logikaren aurka doan sistema sozioekonomikoan?».
«Ama izateko presioa dago eta hori %51k onartu du. Gurasotasuna ez da eskubide bat»
Ama izateko presioa badago, %51ak onartu du presio hori sentitu duela noizbait, «eta oraindik oso gogorra da ama izan nahi ez izatea. Are larriagoa da ama izan nahi eta ezin dutenen egoera, norberak bizi duen prozesu zailari, doluari askotan, aurre egiteaz gainera, ingurukoen presioa jasan behar izaten dute. Gutxi hitz egin da, ama izan nahi eta ezinez, eta gutxiago abortuaz eta heriotza perinatalaz», azpimarratzen dute Parean elkartetik.
Gazteek sufritzen duten langabezia eta prekarietatea, etxebizitza duina lortzeko aukera eskasak eta zaintza eta ordaindutako lana bateragarri egiteko neurri eraginkorrik ez egoteak, asko atzeratzen du ama izateko erabakia. «Eta honek, nahi edo ez, haurdun geratzeko aukerak murrizten ditu».
Ikerketan azaltzen denez, «interes enpresarialek antolatutako gizarte eredu hau, bizitzaren erritmoen kontrakoa da. Geroz eta gehiago dira haurdun geratzeko erreprodukzio teknikak behar dituzten emakumeak. Honek amatasuna pribilegio bihurtzen du, izan ere, osasun sistema publikoaren zerrenda amaigabeen ondorioz (adin muga ere izan ohi dute), askok jotzen dute osasun zentro pribatuetara. Diruaz haratago, halako prozesuak oso gogorrak izan ohi dira, bai fisikoki zein mentalki».
Parean elkarteko kideek argi dute: «Gure ustez gurasotasuna ez da eskubide bat. Guraso izateko desioa zilegi izanik, horrek ez du esan nahi eskubidea denik, eta gurasotasuna ezin da besteen eskubideen gainean eraiki; beraz, ezin da onartu haurdunaldi subrogatua eredu gisa. Haurdunaldi subrogatuaren oinarrian menpekotasun ekonomikoa dago. Pobreziak bultzatzen ditu emakumeak euren gorputzak alokatu eta besteen umeak izango direnak erditzera. Haurdunaldi subrogatua sistema kapitalistak merkantilizatutako prozesu biologikoa da. Emakumeek haurrak sabelean hezteko duten gaitasuna negozio bihurtzeko ariketa».
Inkestatutako ia %64a aukeratutako amatasun ereduagatik epaitua sentitu da. «Ama bihurtzen zarenean, bi amatasun eredu kontrajarri jartzen zaizkizu begien aurrean: amatasun eredu patriarkala edota neoliberala, erabat merkatuari lotutakoa. Eredu patriarkal eta neoliberalari alternatiba gisa, azken urteetan indarra hartzen ari den haziera naturala edo atxikimenduzko haziera eredua dugu».
Eredu honek ekarpen oso positiboak egiten dituela diote, «zaintzak beharrezkoa duen garrantzia hartzen du, eta interes sozioekonomikoak alboratuz, bizitzaren erritmo eta logikak lehenesten ditu. Haatik, eredu hau ez dago herritar guztien eskura, izan ere, hazierarako beharrezko denbora eskatzen du, eta beraz denen aukera ez den esfortzu ekonomikoa».
Eredu bakoitza zurruna eta kontrajarria da bestearekin. «Zaintzaren ardura baina, emakumeen esku jarraitzen du eredu guztietan, eta zaintzaren ardura erruz beteta daramagu emakumeok sorbalda gainean».
Amatasunean baina, dena ez da zuria edo beltza eta eredu bakoitzak bere alde onak eta bere arriskuak omen ditu. «Kontzienteki edo inkontzienteki eredu baten alde edo bestearen alde jotzen dugu. Baina noski, hau ez da erabaki erabat librea, bakoitza bere testuinguruari eta aukera ekonomikoei hertsiki lotua eta baldintzatua dago. Hau da, erabaki ideologikoaz haratago, bakoitzak ahal duena egiten du. Dituen baldintza eta aukeren arabera, malabarismo ezinezkoak eginez, ahal duen moduan bizirauten du».
Ama bakoitzak duen egoera eta testuinguruarekin ahal duena egiten saiatzen dela onartzen bada, «geure artean kritikatu baino, eraginkorragoa da, ahizpatasunez elkartu eta benetan amatasuna itogarri egiten duen sistema kapitalista eta patriarkalaren aurka elkarrekin jotzea», dio Miren Lanzek.
Amatasunak lan ibilbidean eragina du eta etxe barruko kontziliazioa ere gatazka askoren iturbua da
Pareak elkartearen ikerketak ere kontziliazioa ikertu du. Amatasun eta aitatasun bajak «urriak izateaz gainera, ordaindutako lanari lotutako prestazioak dira, beraz, langabezian edo kontraturik gabeko lan merkatuan aritzen diren pertsonek ez dituzte eskumen horiek. Haur jaio berrien zaintzak eskubide unibertsala izan behar luke».
Inkestatutako emakumeen %95ak amatasunak euren lan ibilbidean eragina izan duela aitortu du ikerketaren arabera. «Lanaldi murrizketek eta eszedentziek paper garrantzitsua jokatzen dute kontziliazio ariketa horretan».
Baina noski, lan murrizketa eta eszedentzia hartzeko premia eta aukera oso lotuta dago norberaren behar sozioekonomikoekin, «eta emakume asko dira lan eskubide hauek hartzeko aukerarik ez dutenak».
Seme-alaben zaintza lanak emakumeen bizkar egoteak ondorio asko ditu lan ibilbideetan: kotizazio etenaldiak, jardunaldiaren murrizketak, kotizazio oinarri txikiagoak, eszedentziak... eta honek guztiak orainean ez ezik lan ibilbidearen garapenean eta ondorengo prestazioetan ditu ondorioak; pentsioetan ere genero arrakala egon badagoelako.
Guraso bakarreko familiek bizi duten egoera nabarmendu beharreko elementua da elkartearen ustez. «Guraso bakarreko familien %81ean emakumea da heldu bakarra eta honek beharrezkoa egiten du guraso bakarreko familiaren gaiari genero-ikuspegitik heltzea». Etxe barruko kontziliazioa ere gatazka askoren iturburua da. 2021eko Eustateko datuen arabera, emakumeek egiten dituzte etxeko lanen %67,2 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Lanaldi bikoitzak, lan-merkatuan eta etxeko eremuan, kostu emozional eta pertsonal haundia eragiten du emakumeengan eta bereziki amengan. Inkesta bete dutenen %80 baino gehiagok onartzen du amatasunak eta honek eragiten duen zamak euren osasun mentalean eragina duela.
Amatasunaren hautuak beste bide eta aukera batzuk moztu egiten ditu. Hala ondorioztatu daiteke erantzunak ikusita, izan ere, inkestatuen %73,7ak aitortzen du gauza askori uko egin behar izan diola ama izatea erabaki zuenetik. «Emakumeen bizitzetan garrantzitsuak diren espazio eta denbora tarte ugari alboratu beharrean aurkitzen dira zaintza lanak medio, eta momentuko txiki gisa ikusten ditugunak, gerora gabezi haundiak ekar ditzaketela erakutsi dute inkesta bete duten emakumeek».
Haurren kanpo zaintzarako dauden baliabideak erabat eskasak dira, hala deritzo inkestako
%87,1ak eta baliabide horien prezioa gehiegizkoa dela ere iritzi diote %75ak.
Haurren zaintzarekin moldatzen ez direnenean familiarengana jotzen da eta hemen amonen figura jartzen da mahaigainean
Asko hitz egiten da tribuaren beharraz, baina inkestak argi utzi du %84,3ak haurren zaintzarekin moldatzen ez direnean familiarengana jotzen dutela lehen aukera gisa. Honek aiton-amonen, eta bereziki amonen figura jartzen du mahaigainean. Zaintza jasotzaileak diren arren, zaintzaile paperean aritzen dira muxu truk.
Eta zaintza lanak azpikontratatzen direnean, emakume etorkinak dira oro har aiton-amonen kargu egiten direnak, etxeak garbitu eta umeak zaintzen dituztenak. «Paradoxikoki gainera, askotan gure seme alaben kargu egiteko, euren seme alabak sorterrian utzi behar izan dituzte, askotan beste emakumeen esku. Fenomeno honi, zaintzaren kate globala deitzen zaio».
Familia biologikoaz haratago doazen zaintza ereduen alde egitea ezinbestekoa da. «Familia geroz eta txikiagoak ditugu, eta beraz laguntza eskaini dezaketen norbanakoak gutxiago dira. Arkitektonikoki ere modu isolatuagoan bizi gara, bakoitza bere pisuan, familia ugari batzen zituen baserrien ordez... Baina behar material bat izateaz gainera, aldarrikapen ideologiko bat izan behar du. Zaintza familia nuklearretik kanpo kokatu behar dugu. Afrikako esaldi zahar baten arabera, ume bat hezteko tribu oso bat behar da. Zaintza kooperatibo edo komunitarioaren alde apustua egin behar da».
Indarkeria matxista sufritzen duen eta ama den emakume batek zama bikoitza du
Indarkeria matxista ematea ahalbidetzen duten elementuak «zaurgarritasun ekonomikoa, mendekotasun emozionala, sostengu sozial falta edo kontziliazio eza» dira. Amatasunak egungo gizartean zaurgarritasun ekonomikoa, bakardadea, mendekotasun emozionala eta sostengu falta dakar askotan. «Inkestatutako %97tik gora uste du emakumeak egoera ekonomiko baxuagoan uzten dituela amatasunak eta menpekotasun ekonomiko horrek emakumeak are zaurgarriago bihurtzen gaituela ere iritzi dio %88 pasatxok».
Indarkeria matxista sufritzen duen eta ama den emakume batek zama bikoitza du. «Amatasunak, bereziki lehen hilabete eta urteetan, dakarren pisuarekin, emakumeek ez dute euren burua zaintzen eta beraz zaildu egiten da indarkeria egoeratik ateratzeko indarrak eta baliabideak lortzeko prozesua. Biziraupen egoera horretan zauden bitartean zaila da tarteak hartzea eta egoerari buruzko kontzientzia hartzea, eta ondoren indartu eta hortik ateratzen hastea», dio Lanzek.
Indarkeria obstetrikoa jasan zuen emakumeen %38ak, erditzean, 2018 eta 2019 artean Espainian
Emakumeek erditzean jasotzen duten arretari buruz egiten diren inkesta eta ikerketetan emakumeek jasaten duten indarkeria obstetrikoa maiz agertzen da. Zehazki, Estatu espainolean 2018ko urtarriletik 2019ko ekainera bitartean egindako ia 18.000 elkarrizketatik, emakumeen %38,3k indarkeria obstetrikoa jasan zutela hauteman zuten. Beharrezkoak ez ziren esku-hartzeak egin zitzaizkiela salatu zuten elkarrizketatutako %44,4k. Era berean, %83,4k adierazi dute arreta eman zieten profesionalek ez zietela baimen informaturik eskatu.
Indarkeria obstetrikoa genero-indarkeria mota bat da. Abusuzko jokabidearen eta gehiegizko medikalizazio eta patologizazioaren bitartez, haurdunaldian, erditzean eta erditu ostean eragindako tratu txarra litzateke, emakumearengan eta bere umearengan ondorio fisiko eta psikologiko larriak eragin ditzakeena.
Haurdunaldian, erditzean eta erditu ostean amak eta umeak dituzten behar emozionalak ez ezagutzea suposatzen du. Emakumeak bere sexualitateari, gorputzari eta umeari dagozkion erabakiak askatasunez hartzeko gaitasuna eta autonomia ez aitortzea. Eta erditzeak normaltasunez garatzeko behar dituen posturak, erritmoak eta denborak ez errespetatzea.
Osasun-langile guztiek ez dute indarkeria erabiltzen, eta eragiten dutenean, gehienetan, ez dakite hori indarkeria denik. Emakumeak ere, kasu askotan, ez dira kontziente jasan dutenik ere. Gaur egun existitzen dela ere ukatu egiten da.
Gorputza eta sexualitatea
Emakumeon gorputzak erditze prozesu batetik igaro ostean, eraldatu egiten dira. «Erditu eta bi egunetara gorputz mehe eta estereotipatuak erakusten dizkiguten komunikabide eta famatuek ez dute onik egiten. Gorputz aldaketek emakumeen autoestimuan dute eragin haundia eta autoestimua aldi berean, ongizate emozionalaren oinarria da». Inkestatutako %82ak onartu du aldaketak hauek medio bere bizitza sexuala aldatu dela ama izan denetik. Baina aldaketa ez du zertan okerrera izan behar. «Sexualitatea dinamikotzat hartzea, bizitzako etapa desberdinetan modu desberdinean adierazi eta biziko dela ikasi beharko genuke, izan ere, gure sexualitatea ezagutzea eta horren jabe egitea gure ahalmen sortzailea berreskuratzea da».