Erreportajeak

«Hitzaren filtrorik gabe oso erraz iristen gara publikoarengana, maskarak erabiliz»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 18a, 00:00

Garbiñe Insaustik argi utzi du maite duela bere ogibidea.

Garbiñe Insausti aktore hernaniarra, Kulunka Teatroko produktora da José Daultekin batera. 'Forever' antzerkia estreinatu berri dute Bilbon, Gasteizen eta Donostian; eta Kronikak Insaustirekin jardun du, orain arte egin dituen lanez, zapaldutako oholtzez eta maskarez.

Kulunka Teatroaren produktora zara une honetan. Nola izan zen hasiera eta nola heldu zara honaino?

Konpainia sortu genuen 2010garren urtean, José Dault eta biok. Biok izatez aktoreak gara, baina konpainia sortu genuen, eta konpainia sortuz geroztik produkzio lanetan ere ibiltzen gara.

Aipatu moduan, 2010ean proiektu pertsonala jarri genuen martxan eta konpainia sortu genuen lehenengo ikuskizun bat egiteko: ‘André  eta Dorine’. Pixkanaka, obra honek mugimendu asko sorrarazi zuen eta konpainia kontsolidatzen joan ginen. Gerora sortu genuen beste ikuskizun bat. Eta horrela igaro dira urteak, proiektu batetik bestera, konturatu ere egin gabe. 6 produkzio egin ditugu, eta 3 maskara lan. 

13 urte hauetan 30 herrialde zeharkatu ditugu ikuskizunekin, eta 1000 funtzio baino gehiago egin ditugu. Hasieran amets txiki bat zena, egi bihurtu  dugu eta apurka joan da haunditzen eta kontsolidatzen. 

 

‘Max’ saria jaso zenuen, ‘Solitudes’ antzerkiagatik. Nola sentitu zinen hau jaso zenutela jakitean? 

‘Solitudes’ izan zen gure bigarren maskara lana eta sarituak izan ginen ikuskizun onenaren sarira, eta musika konposaketaren sarira ere bai. Guretzako sorpresa izugarria izan zen, izan ere, jorratzen dugun hizkuntza da desberdina. Egindako 6 produkzioetatik nabarmenenak izan dira maskara hizkuntzarekin landutako lanak, hala nola, 'André eta Dorine'; 'Solitudes' eta orain, 'Forever'. Egia da konpainia identifikatzen duten ikuskizunak maskara lanak direla, eta hauek ez daukate testurik. Orduan, bapatean, horrelako testuinguru batean, hau da, hitzik gabeko antzerki batean, 'Max' saria jasotzea sekulakoa izan zen. Ordura arte gainera ez zen halakorik gertatu, eta sentitu genuen sekulako sorpresa eta aldi berean, oso eskertuta geunden lan mota hau ere kontsideratzeagatik.

 

Nolakoa da produktora eta aktore baten lana? Eta egunerokotasuna? 

Intentsoa. Egia da gure lanean, errutina asko ez dugula izaten; gora-behera haundiak baitaude. Orokorrean oholtza gaineko lana haundia da. Gainera askotan ikusten ez den lan bat da, baina beharrezkoa. Emanaldi baten atzean sekulako lana dago, aurrez egindako lana, eta momentukoa. 
Egia da bere fruituak ematen dituenean konpentsatzen dizula, pena merezi duela konturatzen zara. Guk egia da asko bidaiatu izan dugula, azkeneko urte hauetan gira internazional asko egin ditugu; beraz, badaude garaiak eromen hutsak izaten direnak. Ikuskizun berria prestatzen ari zara, baina, aldi berean, gira ere prestatzen ari zara; herrialde ezberdinetan egon gara eta guzti hori kudeatzeak sekulako lana suposatzen du, ez da erraza izaten. Gorabeheratsua da. 
Gero daude beste garai batzuk, non kontzentratzen diren gauza asko. Egia esan gure lana ez da egunero goizeko 08:00etarako ofizinara joan behar izatea, guk ofizina gainean daramagu. Nahiz eta Kanadara joan jiran, ofizina gainean daramagu, ordenagailua. 

 

Antzerkigintzan edo zinean, euskal kultura edo euskaldun perfila, nola ikusten duzu? 

Uste dut kriston harrobia daukagula. Zinemagintzan zalantzarik gabe, eta antzerkigintzan, Euskadi mailan, konpainia asko daude, eta gainera kalitatezkoak. 

 

Estreinatu berri duzue ‘Forever’ obrak familia bate istorioa kontatzen du, amestu zutenetik urruntzen ari den betiko familia baten istorioa, hain zuzen ere. 

Hau da gure hirugarren maskara lana, eta erronka haundi bat izan dela aitortu behar dut. Izan delako; batetik, zentro dramatiko nazionalarekin egindako koprodukzioa bat, eta baita Bilboko Arriaga antzokia eta Donostiako Vitoria Eugeniarekin egindako koprodukzioa ere; bestetik, izan delako erronka bat zentzu askotan, dramaturgikoki kontatzen dugun istorioagatik, maskararen hizkuntza eramaten dugu oso muturrera. Erabiltzen dugun eszenatokia da birakari bat eta horrek ematen dio kutsu zinematografikoa; eta aldi berean, oso aberasgarria baina erronka bat izan dena. 
Esan duzun moduan familia baten istorio bat kontatzen du ‘Forever’ lanak. Bertan jorratzen diren gaiak edozein familiak pairatu ditzakegunak dira, hala nola, bikote harremana, hezkuntza, gain-babesa, sexualitatea, nerabetasuna… Lantzen dira oso gertuko gaiak eta uste dut, antzerkian agertzen diren familiako kideekin oso erraz identifikatu gaitezkeela. Batzuetan batekin, eta beste batzuetan, berriz, beste batekin. Gure ahalegina hori izan da, batez ere hiru protagonistek egiten duten hori ulertzea eta motiboak ematea egiten dutena egiteko. 

 

Etorkizun hurbil, Hernanira ekarriko duzue ‘Forever’? 

Gainontzeko lanekin etorri izan gara Hernanira, egia da ikuskizun hau haundiagoa dela zentzu askotan, eta eszenatoki haundiagoa behar dugula eta Biteriko aretoa txiki geratzen zaigu. Penarekin gaude, beti zaintzen gaituztelako oso ondo Hernanin, baina ezin dugu ekarri, leku faltagatik. 

 

Maskarek pisu haundia dute zuen antzezlanetan. Zer nahi duzue helarazi maskarekin? 

Egia da konpainian maskara lanaz gain, jorratu izan ditugula testuan oinarritutako antzezlanak ere. Baina egia da, Kulunka Teatroa konpainia gehien definitzen duena maskara lana izan dela. Gure lehenengo proiektua izan zen André eta Dorine. Momentu horretan ez ginen adituak maskaretan, izan zen intuizioz edota puntu inkontziente batekin egin genuen proiektu bat. Baina gerora, maskara hizkuntzan deskubritu genuen hizkuntza oso potentea: istorio bat kontatzerako garaian, emozioa sortzeko garaian…. Hitzaren filtrorik gabe oso erraz iristen garelako ikuslearengana eta hori, batzuetan, hitzarekin ez da gertatzen. Eta orain arte izandako esperientziaren arabera, bai ‘Andre eta Dorine’kin, bai ‘Solitudes’ eta baita ‘Foreverrekin’ ere, oso harreman zuzena izan dugu ikuslearekin, eta oso identifikatuta sentitu dira, istorioarekin. Izan da guretzako mundiala, hizkuntza bezala lotu egin gaitu. Egia da lan asko egin behar dugula, adibidez, ‘Forever’ lanarekin, bi urtez egon gara lanean, zortzi hilabetez entsaiatzen. Apustu haundia izan da ikuskizun hau, asko eskatu digulako, baina bueltan asko jaso dugu.  Maskara hizkuntza bezala oso potentea da. 

 
Zuk diseinatutakoak dira maskarak.

Bai, nolabait esateko izan da  bidaia autodidakta bat. Andre eta Dorinekin egin nituen aurreneko maskarak eta joan naiz apurka-apurka depuratzen. Ikasten joan naiz nire buruaz eta noski, esperientziaz, oraingo maskaretara heldu naizen arte. 

 

Maskarek, badirudi irudikatzen dutela dena, baina era berean, ezer ere ez. 

Daukagun esperientziaren arabera, publiko guztiak esaten du: «nola da posible maskarak denbora guztian aurpegi berdina izanda, emozio ezberdinak adieraztea? Batzuetan ikusten ditut barrez, beste batzuetan, ordea haserre».  Hori da alde batetik maskarak daukan magia eta boterea; eta bestalde, maskara azpian edo barruan gauden aktoreon lana. Gure lanean oso zehatzak izan behar dugu, egiten dugun mugimendu bakoitza, edota ekintza bakoitza dago oso-oso ondo pentsatuta, dago sortutako koreografia bat, adierazi nahi duguna adierazteko. Beraz, hor dago gure lana eta gure obsesioa. 

 
Noiz esango zenuke egin zenuela salto aktore afizionatu izatetik, profesionala izatera? 

Umetatik antzerki taldean sartuta nengoen, antzerki tailerretan ibili nintzen. 18 urterekin Madrilera abiatu nintzen, egin nituen frogak Resaden (Real Escuela Superior de Arte Dramatico), hartu ninduten eta bertan hasi nintzen arte dramatikoko ikasketak egiten. Gerora, Madrilen eman nituen ia 17 urte, eskolatik aterata konpainia batekin lanean, beste batekin, eta alde batetik bestera mugitzen, profesioa ezagutzen modu profesionalago batean, gure konpainia sortu genuen arte. 

 
Non sentitzen zara gusturago, oholtza gainean edo kamera baten aurrean? 

Esperientzia gehiago izan dut antzerkian, eta gehien maite dudana hori da, agian ez dudalako esperientzia gehiegi zineman. Egia da, egin ditudala zenbait gauzatxo eta asko erakartzen nauen hizkuntza dela zinea, baina ni oso konektatuta eta oso beteta sentitzen naiz oholtza gainean, ikuslea hor daukadala ikusirik, gertuagoa da eta benetako zirrara sentitzen dut oholtzan, bai. 

 
Aktore gisa, nolakoa izan da zure ibilbidea telesailetan.

Egon nintzen lanean eskolatik aterata nazioarteko zenbait konpainiekin. Telesailetan, bere garaian ibili nintzen, besteak beste, El comisario eta Al salir de clasen. Gero azken urteetan, telebistako zenbait filmetan hartu nuen parte, adibidez Gernika bajo las bombas, Estrellas que alcanzar… 

 
Dagoeneko telesail eta oholtza askotan ibilia zara. Esperientzia honek segurtasuna ematen dizu arlo profesionalean? 

Proiektu propio bat daukazunean askotan bertigoa ematen du. Ikuskizun berri bat egitera zoaz eta buruhausteak dauzkazu, funtzionatuko duen ala ez; jendeari gustatuko zaion ala ez. Zurea denean proiektua ez duzu beste baten menpe lan egiten, zuk zure lana sortzen duzu, eta hor dago ezjakintasun puntu bat. Zu zara zeure lanaren arduradun, beraz, arriskua beti dago eta uste dut, profesio honetan ez gaudela inoiz guztiz lasai. Oso ezegonkorra baita, batzuentzako lan egiten duzunean ere beti zaude deiaren zain, hori ez da nire kasua, nire proiektua daukadalako. Guk sortzen ditugu aukerak eta proiektuak, Kulunka konpainiarekin. 
Gure kasuan beti gaude lana sorrarazten, edo amesten; esaterako, duela urte batzuk esan genuen Estatu Batuetara joan nahi genuela. Horretarako lanean jarri ginen; Nueva Yorken egin  genituen bost asteko egonaldi bat eta sarrerak agortu ziren. Hara bueltatzekotan gaude, eta Kanadan ere merkatu berri bat irekitzen ari gara. 
Zurea denean proiektua, buruari buelta asko ematen dizkiozu, onerako eta txarrerako ez dago deskonexio asko. Batzuk inbidia ere ematen didate: lanetik atera, etxera heldu eta laneko gauzak ahaztu. Aldiz, niri ez zait hori gertatzen, nire proiektua delako; eta horrez gain gertatzen zait nire lanbidea asko maite dudala. Produkzio lanak agian ez dira nire gustukoenak, baina biran joatea Estatu Batuetara edota Kanadara izugarria da. Talde bezala amesten goaz, eta lanean buru belarri, amestutako hori egi bilakatzen saiatzen.  


Ama zara, eta aldi berean, produktora eta aktorea zara. Nola eramaten duzu hau? 

Konplikatua da egia esan. Orain arte, nire ogibideagatik denbora asko eman dut etxetik kanpo, bidaiatzen. Orain umearekin ez daukat malgutasun hori, ordezkoak badauzkat, eta nik ezin badut funtzioa bete, ordezkoak beteko du. Logistika aldetik, Estatu Batuetako bira, familiarekin egin dut, umea ere eraman dugu. Nire bikotea ere zuzendaria da eta denok batera, ibili gara. Haurrari hori tokatu zaio komediante familia bat, eta tokatuko zaio harat eta honat ibiltzea. Aurrerago nork daki, 6 urte betetzen dituenean eta semeak eskolara joan behar duenean, ez dakit nola egingo dugun, baina moldatuko gara. Oraingoz, malgutasuna daukagu.

 
Momentu honetan beste proiekturen bat eskuartean? 

‘Forever’ duela hiru aste estreinatu genuen Arriagan, gero estreinatu genituen ere Gasteizen eta  Donostin eta obra honi bizia ematen ari gara pixkanaka, mugitzen. Egia da jarraitzen dugula gainontzeko ikuskizunekin, nahiz eta André eta Dorin obrak 13 urte dauzkan, oraindik jendea erakartzen du, Frantziara goaz, eta gero Estatu Batuetara ere eramango dugu. Solitudesek ere martxan jarraitzen du eta baita Hegoak ikuskizun musikatuak ere, Iñaki Salaberriarekin batera egindako obra da honakoa. 
Momentuz, obra guztiak ari gara mugitzen, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu, maskarak alde batera eta bestera eramaten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!