Joan den hilean aurkeztu zuten Biterin Bizipozaren Mundu berri bat guztiontzat egitasmoaren hirugarren edizioa. Urduritasuna eta poza izan ziren nagusi; izan ere, aurtengo ediziorako ekoiztutako 12 abestiak eta bideoklipak aurkeztu zituzten bertan; elkarteen errealitatea gizarteratzeko asmoz. 12 abesti eta bideoklip sorta aurkeztu bazituzten ere, astelehenean, horietako bat egingo dute dute publiko: Pausoka Elkartearen 'Elkarrekin jolasten' abestia, hain zuzen ere. Eta hori gutxi balitz, Eli Pagola bertsolari ereñotzuarrak sortu du letra, eta Ainhoa Larrañaga abeslari hernaniarrak jarri du ahotsa, Sergiorekin (Patxuko) batera.
Talentuz jositako emakume hernaniarrekin jardun du Kronikak solasaldi batean, eta esperientziak elkarbanatu dituzte elkarrekin. Hasieratik bi artistek, gaineratu dute asko ikasi dutela: «Prozesu honekin, ulertu dut Pausoka elkarteak egiten duen lana; ulertu dut zer bilatzen duen, gazteekin egiten duten lana zein den… Eta ni saiatu naiz mezu hori beste nonbaitetik kontatzen, beste modu batera kontatzen. Ahalegina egin dut beste batzuen azalean jartzen, eta hizkuntza askoz ere jolastiago batean mezua helarazten edota transmititzen» izan dira Eli Pagolaren hitzak. Eta Aihoa Larrañaga abeslariak, berriz, ikasi du lana eta jolasa uztartu daitezkeela: «bizitzan gauzak ez hain serio hartzen ikasi dut. Proiektu hau oso eskuzabala da, proiektua da denontzat, hala nola, umeentzat, gazteentzat, helduentzat… Iruditzen zait ni joan nintzela ideia firmeekin eta seriotasun haundiarekin. Baina gero hasi nintzen abesten Patxukorekin batera, eta konturatu nintzen inportanteena zela ondo pasatzea, mezu hori helaraziko baitzen abestian ere. Gogoratzen naiz rol joko bat egin genuela. Patxekok pirata ahotsa jarri zuen, eta nik, berari jarraitzeko, ninfaren ahotsa. Beraz, abestia jolasean grabatu genuen, seriotasuna alde batera utzita. Uste dut, asmatu dugula, eta hori eraman dut etxera, jolasaren bidez ere gauza ederrak egin daitezkeela».
Pagolak nabarmendu du jolasez osatutako abestia dela 'Elkarrekin jolasten' kantua: «Letra bera oso jolastia da, etengabe bueltaka eta saltoka doan letra bat da. Baina muinean hasieratik nuen argi, edukizko zerbait egin behar nuela, baina jolastuz, eta hori letrekin ere egitea posible da». Larrañagak gustura jarri du ahotsa, eta aitortu du asko gustatu zaiola: «letra izugarri gustatu zitzaidan, oso jolasgarria da. Ume abesti bat, istorio bat kontatuz, asko gustatu zitzaidan letra, ipuin bat bezala delako.
Abestia abesten ederki pasa nuen, bakoitzak pertsonaia bat hartu zuen, eta sekulako barreak egin genituen, batez ere, bideoklipa grabatzen».
Eta bi artistek, Pausoka Elkartearekin egindako bideaz asko gozatu dutela nabarmendu dute, irribarrea ahoan dutela: «deitu zidaten Pausoka elkartekoek, eta abestia bidali zidatenean, galdetu zidaten ea gustuko nuen, eta grabazio egunerako nik eraman nuen abestia prest. Bertan, erabaki genuen zenbat ahots behar genituen, ze tonotan kantatu, hori guztia momentuan erabaki genuen. Pausoka Elkarteko zenbait pertsona etorri ziren eta hitz egin genuen proiektuari buruz, eta polita izan zen, egun batean egindakoa, baina aberasgarria» azaldu du Larrañagak.
«Prozesu aberasgarria»
Pausoka elkartearekin izandako prozesua deskribatzerakoan, Pagola, bat dator aberasgarri izenondoarekin: «Prozesua oso aberasgarria izan da. Pausoka Elkartekoak nire gainean egon dira, etengabe laguntzeko prest izan ditut. Beraiekin elkartu nintzen aurrena, lehenengo pertsonan ezagutzeko eta harremana egiteko. Geroztik ni aritu nintzen letrarekin lanean, hori zelako nire eginbeharra eta gustura aritu nintzen, oso gustura. Erdi bidean letra zatiren bat bidaltzen nizkien Pausoka elkartekoei eta letra amaitu nuenean ere bidali nien. Eta esan beharra dut oso esker onean aritu direla; letra bidali nienean asko gustatu zitzaien. Abestiko letra sortzeko bidean zenbait zalantza izan nituen, eta bidelagun ederrak izan dira. Poza ematen du horrela lan egiteak. Musikariekin ez genuen amaierara arte harremanik izan, baina egun batean joan ginen musika nola grabatzen zuten ikustera, Pausoka elkartekoak eta ni neu, eta esperientzia berri bat izan zen, polita gainera. Beste nonbaitetik egindako proiektu bat izanda gustura ibili naiz, oso».
Abestiak, txikitan noizbait jolastutako jolasez jarduten du, baita imajinazioaz ere eta Pagolak dio, abestiko letra originala izatea zela bere helburuetako bat: «erronka bat jarri nion neure buruari: nola egin zerbait originala izan zitekeena, eta aldi berean, edukiari berezitasun bat eman nahi nion, komunikatu bat izan gabe, zerbait berezia. Egia da irudikatu nahi izan dudala beraien mezua. Askotan ekintzak egokitu egiten ditugu behar berezi bat daukan norbait badago tartean, berak ere zerbait egin ahal izateko. Eta hor, nahi nuen perspektiba aldaketa bat egin, eta uste dut denak egin ditzakegun gauzak proposatu daitezkeela. Beraz, abestiko letrarekin, jolasa erabiliz, zerrendatu ditut zenbat gauza egin ditzakegun, elkarrekin. Zenbat gauza egin daitezkeen jolasak egokitu beharrik gabe».
Amaitzeko, Larrañagak eta Pagolak Euskal Herriko elkarteek egiten duten lana goraipatu dute: «zenbait elkartek egiten dituzte gauzak benetan maitasunetik datozenak. Horrek eman digu izugarrizko poza, eta gu horren parte izatea, sekulakoa da. Omendu nahi ditugu zoriontasunagatik eta elkartasunagatik lan egiten dutenak».
ELAKRREKIN JOLASEAN
Belazeetan kilkerren
bila gabiltzala
ze ordu den ahaztu,
ilea berdez tintatuz
ispilu aurrean
punky eran orraztu,
meriendan gusanitoak,
patata frijitu
eta zakua nahastu
nahi al duzu tribu txiki
bateko hizkuntza
sekretuan solastu
elkarrekin eta elkarrentzat
sortuko ditugun
jolasetan jolastu.
Haunditzean makarroiak
gosaldu ahalko
ditugula amestu,
kolore desberdineko
kaleko baldosak
zapaltzea saihestu,
begiak itxiz ikusi,
geldirik dantzatu,
barrurantza abestu
nahi al duzu tribu txiki
bateko hizkuntza
sekretuan solastu
elkarrekin eta elkarrentzat
sortuko ditugun
jolasetan jolastu.
Txistu soinurik ez duen
haize ufadaka
gogotik egin txistu,
orain arte ilun zeuden
pasabideetan
argi zuriak piztu,
besoak zabaldu eta
superbotereak
ditugula sinistu
nahi al duzu tribu txiki
bateko hizkuntza
sekretuan solastu
elkarrekin eta elkarrentzat
sortuko ditugun
jolasetan jolastu.
Hodeiek herensugeek
bezalako forma
daukatela poztu,
txokolatezko boladun
izozkiarekin
mihi puntua izoztu,
gure ezkutalekura
nondik iristen den
gordetzea adostu
nahi al duzu tribu txiki
bateko hizkuntza
sekretuan solastu
elkarrekin eta elkarrentzat
sortuko ditugun
jolasetan jolastu.