Heriotza perinatalari eskainitako 'Izan zirelako' gunea aurkeztu dute, hilerrian

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 9a, 00:00

Atzo egin zuten gunearen aurkezpena, eta igandean izango da inaugurazio ekitaldia, eguerdiko 12:00tan. «Heriotza perinatala ikustarazteko» gune baliagarria dela nabarmendu dute sortzaile guztiek.

«Ausentzia bati forma ematen asmatzea; horixe izan zen erronka haundiena». Hala aitortu zuen Sahatsa Jauregik, ‘Izan zirelako’ gunearen sortzaileak, eremuaren aurkezpen ekitaldian. Bertan izan ziren heriotz perinatalari eskainitako gune hau sortzeko proposamena egin zuten Esti Zeberio eta Dani Llopis, eta Xabier Lertxundik eta Koro Etxeberriak ordezkatu zuten Hernaniko Udala. Elkarlanean garatu dute proiektu osoa, eta guztiz osatuta dago jada eremua; igandean egingo dute inaugurazio ekitaldia, eguerdiko 12:00tan. Gipuzkoan heriotz perinatalari eskainitako lehen gunea da, eta bigarrena Euskal Herrian; horregatik, Hernaniko hilerrian dagoen arren, halako egoerak bizi dituzten familia guztientzat erabilgarri egongo da. 

Lertxundik azaldu zuen nola garatu zuten gunearen sorrera, eta hasierako ideia ekarri zuen gogora: «Esti Zeberiok azaldu zigun beraien etxean gertatu zena, egoera eta hutsuneak zeintzuk ziren nabarmenduz. Hasieratik ulertu genuen zerbait egin behar zela; are gehiago jakinda zein den dolu prozesu bat ondo hastearen garrantzia». Udaletik garrantzi haundia ematen zioten espazioaren kokalekuari: «Iruditzen zitzaigun garrantzitsua zela gune hau ez egotea bazter batean, jendea pasako den lekuan egotea, isilean gordeta dagoen errealitate bat azaleratzen duelako».

Gunearen kokalekua hautatutakoan hasi zen Sahatsa Jauregi artistaren lana. Entzute prozesu batetik abiatu zen Jauregi, halako gai bati erantzuteko zailtasuna kontuan edukita: «Sekulako erronka izan da, ez nago hain ohitua behar sozialei erantzutera. Hasieran garrantzitsua izan zen entzute eta irakurtze prozesua, Estirekin elkarrizketak, errelatuak… Badakigu gai honek guztiok inguratzen gaituela». Elkarrizketa horietatik etorri zen izarren eta kosmologiaren ideia, eta behin unibertso hori sortzeko ideia garatu zuenean, espazioaren aktibazioa nola garatu pentsatu zuen Jauregik: «Izan daiteke, baina ez da bakarrik kontenplaziorako leku bat, eta eskaini nahi genuen akzioen bitartez lekua aktibatu ahal izateko aukera. Horregatik dago izarretan izeneak jartzeko aukera, eta lurperatutako mezuak errauts moduan sartzeko postontzia». 

«Heriotza perinatala ikustarazten lagunduko du»

Aurkezpen ekitaldia amaitzeko, Esti Zeberiok eskerrak eman zizkien Hernaniko Udalari eta Sahatsa Jauregiri, eta nabarmendu nahi izan zituen eremu honen sorrerarekin bete diren helburuak: «Ospitaletik seme-alaben gorpurik gabe ateratzen garen gursaook gune bat izango dugu izena jarri eta berekin konektatzeko, umea kokatzeko». Zeberiok gehitu zuen hau lagungarria izango dela prozesu honetatik igaro behar duten guztientzat. Guneak betetzen dituen funtzioen artean dago egoera hauen ikusgarritasuna: «Heriotza perinatala ikustarazten eta gizarteratzen lagunduko du, izan zirela, existitu zirela erakusten du. Egoera honek duen gainkarga da gaia bera tabua dela», azaldu zuen Zeberiok. 

Zeberioren hitzartzearekin amaitu zen aurkezpen ekitaldia, hurrengo hausnarketarekin: «Tamalez, heriotza perinatala errealitate bat da eta izango da, baina bakoitzak beretik emandako pausuek lagunduko dute gurasoek bizi dugun galera xamurtzen, eta gure seme-alabei lekua ematen».



Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!