Erreportajeak

«Nire bertsokera lantzen jarraitu nahi dut; teknika fintzen eta diskurtsoa garatzen»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 28a, 00:00

Ekain Tolaretxipi, Kronikarako elkarrizketan.

Bigarren parte hartzean lortu zuen Ekain Tolaretxipik Tabernetako txapela. Umetan hasi zen bertsotan, eskolarteko txapelketetan ibilbide oparoa dauka, eta hobetzen jarraitu nahi du. Horrez gain, kazetaritza ikasten ari da Tolaretxipi, eta 'Kirol Unea' proiektua sortu du. 

Urtarrilaren 19an, San Sebastian bezperan, jantzi zuen XXVIII. Tabernetako Txapelketako txapela, Ekain Tolaretxipi hernaniarrak. Urte asko daramatza bertso munduan, umetatik hasi zen hitzekin jolasean, eta bertsokera fintzen jarraitzeko asmoa dauka hasi berri den urte honetan. Bertsolaritzaz gain, kazetaritza ikasketak hasi zituen irailean, eta kirol analisiak egiteko 'Kirol Unea' proiektua sortu du. 

 
Aste bat baino gehixeago pasa da Tabernetako Txapela jantzi zenuenetik. Aho zapore onarekin jarraitzen duzu?

Oraindik bai. Uste nuena baino jende gehiagok zoriondu nau txapela lortzeagatik. Egunean bertan ondo sentitu nintzen hasieratik bukaerara, eta egindakoarekin oso gustura nago. 

 

Bigarren parte hartzea zenuen aurtengoa. Desberdina izan da? 

Lehenengo aldiz kantatu aurretik ez nintzen sekula bertan egon, entzuten ere ez. Gogoratzen dut sartu nintzenean espero baino jende gehiago zegoela tabernan, eta kostatu zitzaidala egokitzea. Aurten errazagoa egin zait neurria hartzea, banekien antzeko giroa izango zela, eta gusturago sentitu nintzen hasieratik. 

 

Saioa irabazteko hautagaietako bat zinen. Urduri zeunden? 

Urduri bai, baina ez nuen inolako presiorik sentitzen. Banekien besteek ere ondo egiten dutela bertsotan; txapela irabazita pozik atera nintzen, baina pozik egongo nintzatekeen txapela jantzi gabe ere. 

 

Ariketa aldrebesak egin behar izan zenituzten. Bi gizalditako Zaldibiako bi zaldiren larrutik abestea, esaterako. 

Saioa hasi aurretik horrek arduratzen ninduen, ez bainekien nola moldatuko nintzen ariketa arraroekin. Gauza bat da bertsotan egitea, eta beste bat giro horretan bertsotan egitea. Jarduna edo ekintza bera da, baina egoerak asko aldatzen du guztia. Tabernako giroan helburua ez da munduko bertso onena botatzea, jendea gustura sentiaraztea eta jendeak barre egitea da gakoa. Zaldibiako zaldiaren ofizioa aipatuta, uste dut bereziki asmatu genuela ariketa horretan Harri eta biok, eta jendeak hori eskertu zuelakoan nago.  

 

Gogoan duzu ofizio horretan abestutako bertsoren bat?  

Nik abestutako bigarren bertsoa gogoratzen dut: ‘Emango zaituzte militarrentzat debalde; Rekaldeko zelaietan egoteko zaude’. Hori gustatu zitzaidan gehien. 

 

Umetan hasi zinen bertsotan, eskolarteko txapelketetan ibilbide txukuna daukazu, Gipuzkoako txapel eta guzti. Zein oroitzapen dauzkazu 
ibilbide horretaz?

Oroitzapen oso onak dauzkat. Bertso Eskolako lagunak ni baino helduagoak zirenez, haien finalak entzutera joatea tokatzen zitzaidan askotan. Une horietan pentsatzen nuen noizbait bertan kantatzera iritsi nahi nuela. Lehenengo urteetan ez nuen lortu, baina, esperientzia pilatzen joan ahala lortu nuen, eta sentsazio onak izan ditut eskolarteko saioetan. 

 

Nola daramazu eskolarteko saioetatik gazte sariketetarako pausoa?

Saltoa nabaritu dut. Eskolarteko saioekin alderatuta, orain hiruna bertso bota behar dira ofizioetan; ez du ematen, baina salto haundia dago. Ezin da bi bertsotan ofizioa borobildu, hirugarren bertsoa kolokan gelditzen delako. Beraz, gaien aurrean esateko gauza gehiago behar ditu bertsolariak. Zentzu horretan ari zait kostatzen, baina oraindik badaukat tartea  gazte sariketetan esperientzia hartzeko eta hobetzeko. Ilusio haundia daukat. 

 

Helburu zehatzen bat daukazu urte honetarako? 

Bertsoa gehiago landu nahi dut. Orain arte ondo pasatzeko tresna gisa erabili dut, jolas modura edo. Orain nahiago dut gehiago irakurri, gaurkotasuna ezagutu eta diskurtsoa eraikitzen joatea. Bertsokera findu nahi dut, teknikan eta zeresanean.

 

Kazetaritza ikasten hasi zara aurten. Osagarriak dira bertsolaritza eta kazetaritza? 

Lotura haundia daukate. Esango nuke antzekotasun nabarmen bat dutela: jende aurrean adierazteko modua. Bertsolaritzan, normalean, bapatean kantatu behar duzu publikoaren aurrean; eta kazetaritzan ere publiko zabal baten aurrean zaude. Jendaurrean egindako lanak esperientzia ematen dizu batean eta bestean, eta trebatzen zaitu batetik bestera pasatzerakoan. Kazetari gisa mikrofono bat hartzen dudanean bertsotan aritu izana abantaila izango dela uste dut. 

 

Kazetaritzaren alorretatik kirolak lantzen dituzu gehienbat. Zer iruditzen zaizu egungo kirol kazetaritza?

Uste dut kirol kazetaritzan bi gauza batu direla: kirol arloa bera eta morboa. Nire ustetan morboari garrantzi gutxiago eman behar zaio, eta kirol bakoitzaren ezaugarrietan oinarritu behar da kazetaritza. Kirol prentsan kirolarien bizitza pertsonala nabarmentzen da askotan, kiroletik kanpoko gauzak, eta hori ez zait gustatzen. 

 

Kirol kazetaritza probatzen hasia zara dagoeneko, ‘Kirol Unea’ proiektuarekin. 

Bai. Betidanik gustatu izan zait kirola, eta azkenaldian interesa izan dut gehiago sakontzeko. Futbola eta pelota dira gehien gustatzen zaizkidan kirolak, eta hauek euskeraz lantzeko gogoa nuen. Hutsune bat antzeman nuen euskerazko kirol analisietan, hizketaldi edo programa gehienak gazteleraz dira, eta hori aldatu nahi nuen. Grabatzen oso gustura nabil, eta etorkizunean garatzen jarraitzea gustatuko litzaidake. 

 

Nori zuzendutako bideoak egiten dituzu? 

Kirola euskeraz entzuteko gogoa dutenentzat egiten ditut bideoak. Badira gaztelerazko analisiak egiten dituzten kazetariak, eta gutxi gara euskerazko bideoak sortzen ditugunak. Hori bilatzen ari direnei zuzendutako kanala da. 

 

Bertsolaritza eta kirola uztartu nahiko zenituzke? 

Nahiago dut banatuta mantentzea. Batek daki, proiektua aurrera joan ahala suertatu daiteke bertsolaritzarekin eta kirolarekin zerikusia duen pertsona bat elkarrizketatzeko aukera, edo bi arloak aztertzeko aukera. Momentuz aparte utziko ditut, eta gerora ikusiko dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!