Iritsi da eguna Bizipoza Elkarteko kideentzat. Gaur aurkeztuko dute 'Mundu berri bat GUZTIONTZAT' proiektuaren azken alea. 11 elkartek sortutako 12 abesti eta bideoklip aurkeztuko dituzte, goizeko 11:00etatik aurrera, Biteri Kultur Etxean. Guztira 11 elkarte izan dira lanean proiektu honetarako: Naizen Elkartea, Ume Alaia Elkartea, Dravet Elkartea, Iñurri Elkartea, Nuala Elkartea, Marea Urdina Elkartea, Agipase Elkartea, Pausoka Elkartea, Juneren Hegoak Elkartea, Ndank Ndank Elkartea eta Arnasa Elkartea. Leire Elizegi, Bizipozako koordinatzailearen esanetan, proiektu honen helburua «elkarte hauek egiten duten lana eta baloreak gizarteratzea da».
Iritsi da egindako lana aurkezteko eguna, gogotsu zaude?
Gogo haundia daukagu prestatutako guztia publiko egiteko. Gure egunerokoan ditugun helburuak eta elkarte hauek egunero egiten duten lan pila ikustarazteko sortutako proiektua da. Elkarteek balore ugari dauzkate, lan asko egiten dute, eta gogoz gaude hori gizarteratzeko. Era berean, bideoklip eta kantuetan zentratuta, urtebeteko lana izan da edizio honetakoa, eta sekulako ilusioa egiten digu konpartitzeak eta denona izateak.
Nolako abestiak dira aurtengoak?
Kantu bakoitza errealitate bati lotuta dago, elkarte bakoitzaren errealitateari; baina osotasun baten barruan dago dena. Hasteko, urtero argitaratzen dugu ‘Bizipoza auzolan’ abestia, guztion artean kantatzen duguna, eta, horrez gain, kantu guztiek amankomunean dutena da elkarteek ezaugarri eta helburu bateratuak dituztela. Denek lantzen dituzte izaera bereziko gaiak, haur eta familiek osatutako elkarteak dira, eta guztiek aldarrikatzen dituzte oraindik ere betetzeke dauden eskubide asko. Horixe islatzen dute abestiek.
Jende asko dago sorkuntza lanaren atzean?
Noski. Komunitate zabal baten elkarlana da. Elkarte eta sortzaileena, batik bat. Bizipozako talde eragileak ere lan haundia egiten du, eta talde tekniko haundi bat ere badago: argazkilariak, grabazio taldeak, estudioak kudeatzen dituzten pertsonak… Laguntzaile asko dauzkagu, bidea errazten digutenak.
Zer ikusi ahal izango da gaurko aurkezpenean?
Bertan izango gara aipatu dudan komunitate hori osatzen dugun guztiok. Bazkideak, elkarteak, sortzaileak, boluntarioak… Denak egongo gara bertan, eta bideoklipak elkarrekin ikusiko ditugun lehenengo aldia izango da. Aurkezle lanetan Joxe Mari Agirretxe eta Maddi Elizondo arituko dira, eta ekitaldian zehar hitzartze desberdinak izango dira. Zuzeneko musika saioak ere izango dira; Kai Nakaik Naizen elkarteko kideekin abestuko du, eta Nerea Godoy eta Erlantzek ere zuzenean abestuko dute. Bukaeran tartetxo bat hartuko dugu hiru edizioetan parte hartu duten elkarteei aitortza edo omenalditxo txiki bat egiteko.
Proiektuaren hirugarren edizioa da hau, zer aldatu da hasieratik hona?
Proiektua antzekoa izan da hiru edizioetan, oinarrian berdinak izan dira. Urtero aldatu den gauza bakarra elkarteak eta sortzaileak dira, edizio bakoitzean aldatzen joan garelako. Xabi Zabalak konposatu ditu hiru edizioetako abestiak, baina, berritasun gisa, Marea Urdinaren kantua elkarteak berak konposatu eta abestu du. Kantuez gain, hiru urte hauetan elkarte bakoitzarekin lotutako ilustrazioak sortzen aritu gara, euskarri fisikoan argitaratzeko. Lan egiteko modua, oinarria eta helburuak berdinak dira, eta parte hartzaileak joan dira aldatzen.
Hiru urte hauek gauza asko berretsi dituzte. Hasieratik ikusten genuen elkartasuna eta kultura elkartzea ideia ederra izan zitekeela, bide natural bat zela. Finean, euskal sortzaileak egunero ari dira idazten, abesten, dantzatzen, kantatzen, antzerkia egiten... mundu berri bati; eta elkarteak ere egunero ari dira lanean mundu berri horri begira. Ikusten genuen bide natural bat zela, eta orain konturatu gara pentsatu genuena egiazkoa dela.
«Kantu bakoitza errealitate konkretu bati lotuta dago, elkarte bakoitzaren errealitateari; baina osotasun baten barruan sartzen ditugu helburuak eta elkarteen baloreak»
Beraz, ideia sortu zen errealitate hauek ikusarazteko moduak bilatzen.
Bai. Azkenean Bizipozatik egiten ditugun proiektu guztiek helburu amankomuna dute: guztiontzat beharko lukeen herri inklusiboa eraikitzea, euskaratik eta euskaraz. Kasu honetan, hori egiteko bidea izan dira kantuak eta bideoklipak; musika eta hitzak. Guzti hori, gainera, elkarlanarekin nahastuta.
«Hasi ginenetik ikusten genuen elkartasuna eta kultura elkartzea ideia ederra izan zitekeela, bide natural bat zela. Orain konturatu gara pentsatu genuena egiazkoa dela»
Zer onura sortzen die parte hartzen duten elkarteetako kideei?
Guk uste dugu bide ederra dela. Elkarteetako pertsonak elkartu eta horrelako prozesuak bizitzeko aukera hori polita da; kantuak sortu, bideoklipa egin, elkarlana sustatu, sortzaileekin batera lan egin… Bide ederra da. Letra idazteko momentuan ere elkarteko dira protagonistak, bertsolaria edo letragilea hasieratik jartzen da harremanetan haiekin, eta parte hartzen dute prozesu guztian. Asko jaso eta ematen dute bidean.
Eta gizarteari?
Elkarte hauek gizartea aberasten dute eguneroko lanaren bitartez, eta oraindik ere bete gabe dauden eskubide asko bete daitezen borrokatzen dute. Gizartea aberasten dute zentzu askotan, eta iruditzen zaigu eskubide horiek betetzea ez dela soilik elkarteen ardura, gizarte osoarena baizik. Guztiona izango den mundu berria denon artean eraiki behar dugu. Gaur egun bizi garen gizarteak indibidualismora, lehiakortasunera eta zapaltzaile izatera bultzatzen gaitu, eta pertsonak gero eta zaurgarriagoak gara. Elkartasunaren beharra haunditzen doa aldiro, indarra hartzen ari da, eta horregatik da garrantzitsua halako proiektuak gizarteratzea. Positiboa iruditzen zaigu irudikatzea elkartuta posible dugula, posible dela gizarte hori eraikitzea; nahiz eta oso jakitun izan trabak eta zailtasunak ugariak direla egunerokoan.
Proiektuaren azken edizioa da hau. Zergatik?
Hasieratik argi geneukan proiektu honen helburua zela elkarte guztien kantu eta bideoklipak egitea, eta hirugarren honekin ziklo guztia osatu dugu. Etorkizunean nork daki, elkarte asko daude Euskal Herrian, eta hemendik tarte batera beste 10 elkarte batzen badira Bizipoza proiektura sortuko dugu laugarren disko bat. Baina, oraingoz, guztiak osatu ditugu, eta horregatik ixten dugu zikloa. Hala ere, aurrera begira beste hainbat proiektu ditugu esku artean, eta kantu eta bideoklip hauek izango dute tartea.
«Gizarteak indibidualismora bultatzatzen gaitu. Elkartasunaren beharra haunditzen doa, eta horregatik da garrantzitsua halako proiektuak gizarteratzea»
Zein da Bizipozaren jarduna une hauetan?
36 elkartez osatutako elkarte bat gara, izaera bereziko gaiak lantzen dituena. Herri inklusiboa eraikitzea da gure helburua, eta euskerari berebiziko garrantzia ematen diogu prozesu horretan. Hori lortzeko, urtean zehar ekimen desberdinak bideratzen ditugu. Batez ere Bizipoza osatzen duten elkarte guztien lana gizarteratzen eta ikustarazten egiten dugu lan, sentsibilizazio lana egiten dugu. Bide horretan, urtean zehar ekimen desberdinak bideratzen ditugu: Durangoko azokan egoten gara, Bizipoza jaia antolatzen dugu, eta webguneari ere garrantzi haundia ematen diogu, bertan topatu daiteke gure informazio guztia. Gainera, orain dela urte batzuk elkarte bakoitzaren 3 minutuko mikrodokumentalak ere sortu genituen.
Zein proiektu dauzkazue martxan?
Orain, gehienbat, ari gara sentsibilizazio lana egiten. Horretarako aipatu dizkizudan proiektu horiek sortu ditugu urte hauetan. Hemendik aurrera, sentsibilizazio lanarekin jarraitzeaz gain, eragiteko beste bide batzuk ere aurrera eraman nahiko genituzke. Bide horren erakusgarrietako bat bat izango da gida didaktikoak sortzea. Jada urtebete daramagu lan horretan, sorkuntza prozesuan, ondoren gida didaktiko horiek hezkuntzara bideratzeko asmotan; formalera, ez formalera eta boluntariotzara. Gida horietan jasoko da orain artean Bizipozak bideratuta elkarte ezberdinek sortu duten material guztia. Esaterako, gaur aurkeztuko ditugun kantu eta bideoklip hauekin karaoke bertsioak, partitura txukunak edota koreografiak sortzen ari gara, eta gida didaktikoak izango dira material hori gizarte osoaren eskuetan jartzeko tresna.
Horretan ari gara, sentsibilizazio lanean. Esan bezala, hemendik aurrera eragitea da nahia, eskubideak bete daitezen. Administraziora gerturatu nahi dugu, elkarrekin bidea egiteko eta eskubideak betetzera bidean urratsak emateko.
Gaur aurkeztuko dituzte sortutako abesti eta bideoklipak, BiterinHamaika elkarteren abestiak eta bideoklipak aurkeztuko dituzte, euskal sortzaileekin elkarlanean osatutakoak. Liburuxka formatuan egongo da eskuragarri; deskribapen testu, ilustrazio, ipuintxo eta abestien letrekin.Gaur aurkeztuko dute, Bizipoza elkartearen eskutik, 'Mundu berri bat GUZTIONTZAT' proiektuaren azken diska. Naizen Elkartea, Ume Alaia Elkartea, Dravet Elkartea, Iñurri Elkartea, Nuala Elkartea, Marea Urdina Elkartea, Agipase Elkartea, Pausoka Elkartea, Juneren Hegoak Elkartea, Ndank Ndank Elkartea eta Arnasa Elkartea izan dira aurtengo partaideak. Gaur aurkeztuko dituzte hamaika elkarte hauen abesti eta bideoklipak, goizeko 11:00etatik aurrera, Biteri Kultur Etxean: «11 elkartek egunerokoan lantzen dituzten gaiak eta haien errealitateari buruzko abestiak eta bideoklipak dira, elkarte bakoitzaren mezua musikaren, hitzen eta irudiaren bitartez gizarteratzeko helburua dutenak». Elkarte bakoitzak euskal sortzaile batzuen laguntza izan du abestia egiteko. Bailarako artistak ere parte hartu dute abestiren batean. Pausokaren 'Elkarrekin jolasten' abestiaren hitzak Eli Pagolak sortu ditu, eta Ainhoa Larrañagak jarri du ahotsa. Ziklo bat ixten du Bizipoza Elkarteak hirugarren disko honekin. Guztira 36 elkarteren batura da Bizipoza, eta hiru edizio hauekin bete du hasieran zuten helburua: elkarte bakoitzak abesti eta bideoklip bana sortzea. Hiru helburu nagusi izan ditu proiektuak, Bizipozaren jardunean oinarrituak: izaera bereziko gaiak azaleratzea euskeraren bitartez, sortzaileen eta elkarteen arteko elkarlana sustatzea eta ondorengo proiektuetarako materiala garatzea. Izan ere, abestien ibilbidea ez da hemen bukatzen. Bizipoza Elkarteak antolatutako hurrengo proiektu eta egitasmoetan baliatuko dituzte. Gaurko ekitaldian Joxe Mari Agirretxe eta Amaia Elizondo talde eragileko kideak izango dira aurkezleak, eta zenbait hizlarik hartuko dute parte, Leire Elizegi Bizipozako koordinatzaileak, esaterako. Horrez gain, zuzeneko musika emanaldia ere izango da; Kai Nakai abeslariak Naizen Elkarteko kideekin batera abestuko du, eta Nerea eta Erlantz abeslariek ere eskainiko dute haien ikuskizuna. |