Ibarguren Antropologia Sozial eta kulturalean lizentziatua da, eta egun, Fisika eta Kimikako irakaslea, bigarren hezkuntzan. Ikasketa feministetan masterduna, eta Bilgune Feministako eta Emagineko kidea ere bada. Ibargurenek, 'Petare' liburuaren nondik norakoak kontatu dizkio Kronikari.
Caracaseko bidea hartuta, Miren Egigurenek pasatako berrogei urteen harira, idazleak, besteak beste, feminismoaz, zaintzaz eta egoera politikoaz jarduteko aukera izan du. Etzi eskainiko du Ibargurenek, liburuaren aurkezpena Kulturarteko Plaza Feministan.
Etzi, ‘Petare. Miren Egigurenen puskak’ liburua aurkeztuko duzu Kulturarteko Plaza Feministan.
Aurkezpenaren bitartez nahi dugu ezagutzera ematea Emagin elkartearen eta Txalaparta argitaletxearen artean egindako Miren Egiguren bidaniarraren biografia. Bertan, liburua irakurri duen baten bat egongo balitz, haren edo haien feedback-a jasotzea gustatuko litzaidake.
Miren Egigurenen biografian oinarritutako liburua da 'Petare'. Bidaniarrak 47 urte eman ditu Venezuelan, Caracaseko auzo pobreenean, Petaren.
Bai, Miren Egigurenek urte mordoa pasa zituen Venezuelan, 3 urte pasa zituen misioilari gisa, Venezuela eta Colombiako mugan dagoen herri indigena batean. Gero pasa zituen beste zenbait urte Petare auzoan.
Miren Egigurenen bizitza kontatzen hasten bazara, ezinbestekoa da azpimarratzea Petaren bizitako istorioak. Bertan egin zuen bere bizitza, eta liburuan Egigurenen bizitza kontatzen dudan heinean, Petareren errealitatea ere kontatzen dut.
Hortik dator 'Petare' izenburua ere, ezta?
Bai, auzo oso pobrea da. Bertako biztanleak bizi dira oso baldintza exkaxetan eta Miren Egigurenek urte asko egin zituen errealitate hartan. Miseria asko zegoen Petaren eta Egigurenek bertako emakumeekin elkarte desberdinak sortu zituen eta proiektu asko jarri zituen martxan; argia lortzeko, eskolak eraikitzeko, ura eramateko auzo horietara, hausnarketarako guneak, haurtzaindegiak, zentro sozialak…
Nola otu zitzaizun Miren Egigurenen bizitza kontatzea?
Lehenago, Miren Odriozolari buruzko liburu bat argitaratu nuen, Azpeitiako lagun bati buruzkoa. El Salvadorreko gerrilletan ibili zen lagun hau eta honen bizipenak ezagutu nituenean, eta horrekin liburu bat osatu behar nuela otu zitzaidan. ‘Laura esaten zioten’ liburua da horren emaitza. Miren Odriozolak, gaztetatik ezagutzen zuen Miren Egiguren; eta Odriozola Salvadorrera joan aurretik, Venezuelan bizi izan zen urte betez, eta han ere topo egin zuen Egigurenekin.
Odriozolak, beraz, bazekien, Miren Egigurenek Venezuelan egiten zuen lan guztia nolakoa zen, ezagutzen zuen istorio hori, eta duela lauzpabost urte, Egiguren Euskal Herrira itzuli zen. Miren Odriozolak aipatu zidan hemendik zebilela. Momentu hartan, Odriozolak honakoa bota zidan: «Egigureni buruzko liburu bat egin beharko zenuke Leire!».
Proposatutakoa hausnartu eta liburu bat idaztea erabaki nuen.
Odriozolak aurkeztu zizun Egiguren.
Hori da. Bixitaz bixita, hasi ginen Egiguren ezagutzen eta bere bizitzaren inguruko pasadizo denak jasotzeko. Bixitak ere agertzen dira liburuan, esan nahi dut; kapitulu hasieran dago azalpen bat bixita horiek deskribatzen dituena. Eta bixita kontatzen dudan heinean, Venezuelako errealitatera egiten duzu bidaia. Egonaldi hauetan, kontatzen da gaur egun ere nola bizi den Miren Egiguren Euskal Herrian.
Ez dago fikziorik, errealitate hutsa kontatzen da 'Petare. Miren Egigurenen puskak' liburuan
Bai, Miren Egigurenen bizitzan oinarritutako liburu bat da. 10 bisita kontatzen ditut liburuan, berez, 10 baino gehiago izan ziren, eta bisita horietan bildutakoak kontatzen ditut, pertsona baten bizipen errealak dira.
Haurtzarotik hasi eta gaur egun arteko bizitza kontatzen dut, Egigurenen bizitza. Hala ere, bizitzaren 47 urte pasa zituen Venezuelan eta urte horiek guztiei buruz asko zentratzen naiz, bizitako esperientziek pisu haundia dutelako. Euskal Herrian bizi izandako urteak ere kontatzen ditut, noski.
Zein helbururekin idatzi duzu liburua?
Emakumeek egiten dituzten bizitzaren inguruko iruditegia zabaltzea da helburu nagusia. Era askotako bizitzak bizi ditzakegu emakumeok eta agian ez gara jabetzen dauzkan aukera ezberdin horietaz. Emakume hauek bizirik dauden bitartean, aitortza egin nahi izan diet, egin duten ekarpenagatik. Beraz, esan nezake, helburu nagusia dela iruditegi hori zabaltzea, emakumeek bizitakoa erdigunean jarrita.
Emakumeok bizitza mota desberdinak bizi ditzakegu, eta garrantzitsua da hauek ezagutzea. Askotan gertatzen baita gure ondoan bizi diren emakumeon bizitzaren inguruan ez dakigula askorik. Adibidez, Miren Odriozolaren gertatu zitzaidan. Aspalditik neukan berarekin harremana, eta banekien El Salvadorren egon zela, gerran, baina gehiagorik ez nekien. Horregatik, aurreko liburua idazterako orduan, ikertzen aritu nintzen, bere bizitzaren inguruan, berarekin gerran ibilitako jendea elkarrizketatu genuen… Eta hor, konturatu nintzen sekulako bizipenak zeuzkala Odriozolak, eta dena ondo hausnartu arte ez nitzen jabetu. Nahiz eta egunero egon norbaitekin, bizitakoa kontatu arte, ezin duzu imajinatu ere egin zer pasarte edo bizipen bizi izan dituen.
Dauzkagu ondoan benetan ezagutzen ez ditugun emakumeak, esan nahi dut; haien bizipenei buruz ez dakigu ezer, oso bizi esperientzia aberatsak dituzte emakume askok, eta hauei buruz gehiago jakin beharko genuke. Beraz, xede nagusi bat hori da, begiratzea arretaz inguruan dauzkagun emakumeak eta horiek eduki duten bizitza ezagutzea eta aintzat hartzea, aitortza egitea egindako ekarpenengatik.
Inguruko emakumeak ezagutzeko gonbitea egiten duzu, beraz, liburuarekin
Bizimodu desberdinak dauzkagu emakumeok, guk imajinatzen dugunetik haratago ere beste bizimodu batzuk daude, eta hortaz jabetu behar dugu.
Sinopsia
Zapata kaxa zahar bat, eta, barrenean, zuri-beltzezko argazkiak, egunkari zati horituak, DVDak,koloretako argazkiak. Bizitza oso bat kabitzen da Miren Egiguren bidaniarraren zapata kaxa horretan, eta puska horietatik abiatuta kontatu dio bere bizitza Leire Ibargureni. Horiexek baitira bere ondasun guztiak, horiexek Venezuelako hiriburutik ekarri zituen bakarrak. Berrogei urte baino gehiago Caracaseko auzorik pobreenean eman eta gero, zalantzarik gabe gehiago dira Mirenek han utzi zituenak:
komunitate oso bat, eta komunitate horrekin alboz albo eta erabakimen handiz eraikitako guztia: haurtzaindegi eta ikastetxeak, ur sistema, familientzako tailerrak, elikagaien kooperatiba, okindegia... Lan horren guztiaren oinarrian, elkarlanean antolatzearen garrantzia gailentzen da arlo guztietan, kooperazioari saretzearen ardatzetik begiratuta. Emakume kementsu eta umoretsu baten ahotsa dakarkigu liburu honek, lagun dituela Caracaseko mendixketan pilatu auzoetako bizimoldearen doinuak. Mirentxuren bizi-pusken bitartez, komunitate oso baten oihala puntada xehez emana, epika berriak janzteko aproposa.