Jostailuz betetako gela batean bildu gara Amher elkarteko Ana Mari Siesorekin eta Tomas Elorzarekin; eta ez da harritzekoa. Jostailuen Azoka antolatu dute abendurako, Andre Kaleko 3garren zenbakian; eta mugimendu haundia ari da izaten: «Dagoeneko banatu ditugu 500 jostailu baino gehiago, eta tartean, oso jostailu onak».
Bigarrenez antolatu dute azoka, Hernaniko Errugbi Elkarteak egindako jostailu bilketari esker. Joan den urtean egin zuen bilketa errugbi elkarteak aurrenekoz, eta horrekin, azoka jarri zuen martxan Amherrek. Oso pozik eta harrituta daude, jendearen erantzunarekin: «Errugbi elkarteak bildutako jostailuekin, hiru furgoneta bete genituen. Eta lokalera ere etorri zaigu jendea, jostailuak ekartzera. Jostailu denda batean baino barietate haundiagoa izan dugu hemen. Patineteak, bizikletak, kotxe telegidatuak, kamioiak... Oso jostailu onak ekarri dituzte!», nabarmendu dute. Aurreko horiek izan dira, haur gehien erakarri dituztenak. Dozena bat patinete baino gehiago banatu dituzte, hiru bizikleta, eta kotxez zein kamioiz «beteta» eduki zuten lokala. Jostailuzko sukalde haundi bat ere eduki zuten. «Harritzekoa da, zein jostailu onak eman dituen jendeak».
Helburuetako bat da, baliabide gutxien dituzten familietako haurrek jostailu berriak jasotzea Gabonen aurreko egun hauetan. Etorkinak dira gerturatzen diren gehienak, baina nahi dute bertakoak ere azokara hurbiltzea: «Aurten sustatu nahi izan dugu, jostailuren bat ekartzen duenak, trukean beste bat hartzea. Hori ere ona dela iruditzen zaigu, behintzat joku bat edo jostailu bat hartu dezatela. Horrela, datorren urtean ere pozik etorriko dira, erabiltzen ez dituzten jostailuak ekartzera».
Horrekin, jostailuak ematen dituzten haurren ilusioa elikatzeaz gainera, berrerabilpena eta elkartrukea ere sustatu nahi dute: «Hori ere bada azokaren asmoa, eta aurten bereziki egin dugu indarra. Egun batean, neska koadrila bat hurbildu zen azokara, kuriositatez; eta azaldu genien zertan datzan azoka. Ba hurrengo egunean etorri ziren bueltan, gurasoekin, jostailu pila bat ekartzera. Eta beraiek ere trukean zerbait hartuta, pozik bueltatu ziren etxera».
Gabonetan opari pila bat eskatu beharrean, elkartrukea oso aukera polita izan daitekeela erakusten die azokak. «Guraso batzuek ere esan izan digute, jostailu gehiegi dauzkatela haurrek».
Aurreneko egunetan, ilara
Abenduko larunbat eta igande guztietan ireki dute azoka, eta gaurkoa eta biharkoa izango ditu azkeneko bi egunak: gaur goizez zein arratsaldez, eta bihar goizez. Asko izango dira, asteburu honetan ere, bertara azalduko direnak. Baina bereziki deigarria izan zen aurreneko egunetakoa: «Lokalera etorri eta ilara ikusi genuen kanpoan. Jakin bazekiten, jostailu haundiak zeudela bertan...». Horien bila jotzen dute gehienek, baina badira gustu jakinak dituztenak ere: «Dinosauroen bila etorri zen haur bat, adibidez». Arrakasta gutxiago izaten dute, ordea, puzzleek eta ipuinek, baina hartu ditzaten animatzen dituzte: «Behin jostailuak aukeratuta, esaten diegu ipuin bana hartzeko, behintzat, eta berdin puzzleak. Horiek ere pila bat izan ditugu».
Aurreneko egun horietan, binaka sartzeko eskatzen zieten haurrei, txandak errespetatuz. Guztira, 200 haur inguru hurbildu dira azokara, eta 500 jostailu baino gehiago hartu dituzte: «Inor ez da opari bakarrarekin joan etxera, baina batzuei frenoa jarri behar izan diegu... Jostailu haundiren bat hartuz gero, patinetea adibidez, esaten genien beste jostailu txikiren bat, ipuin bat eta jokuren bat hartzeko, baina ez beste jostailu haundi bat. Bestela, hurrengoak horrelakorik gabe geratuko ziren».
Kasu bitxiak ere izan dituzte, Jostailuen Azokan: «Ama bat etorri zitzaigun, jostailuen artean animaliak bilatzera, jaiotzarako», kontatu dute
Arropa bilketa eta banaketa, urte osoan zehar
Bi urteko ibilbidea daramaki jostailuen bilketak eta azokak, baina aurrera begira jarraitzeko asmoa dute Amherrek zein Hernaniko Errugbi Elkarteak. Bada beste bilketa eta banaketa bat ere, Amherrek urte osoan zehar burutzen duena: arroparena. Duela 10-12 urte hasi ziren egiten, modu xumeagoan aurrena, eta gero eta arropa gehiagorekin orain: «Aurten arropa pila bat ekarri digute, eta ez zaigu kabitzen daukagun lokalean, Floridako Lidlen aurrean. Bertan egoten gara asteazkenero, arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara, urte osoan zehar. Eta astero etortzen da jendea, arropa bila. Aurreko astean, esaterako, asko gerturatu ziren», kontatu du Ana Mari Siesok.
Jostailuen kasuan bezala, neurtu egiten dute, bakoitzak zer hartu dezakeen: haur bakoitzarentzat bi jertse, bi kamixeta eta bi galtza, adibidez. Baina hori, bakoitzaren egoeraren arabera egokitzen dute: «Ikusten badugu etorri berri-berriak direla, badakigu gehiago behar dutela, eta uzten diegu gauza gehiago hartzen, noski. Udaberrian etorri zirenak, adibidez, neguko arroparik gabe daude, eta beharra daukate. Horrelako kasuetan, arropa gehiago ematen saiatzen gara».
Udazkeneko eta neguko giro hotzaren etorrerak areagotu egiten du behar hori, eta espero ez zuten irtenbide bat ere aurkitu dute: Amherreko kide batek dozena bat inguru manta lortu ditu, Unicefen bitartez.
Boluntarioen beharra, Amherren jardueretarako
Azokarekin bezala, beste hainbat ekintzarekin ere buru-belarri dabiltza Amher elkarteko kideak, aste hauetan. Eta nabarmendu dute, boluntario beharra daukatela, «haurrei euskerazko eta gaztelaniazko klaseak emateko, eskolako lanetan laguntzeko, Amherren bestelako ekintzetan parte hartzeko...».
Jende falta hori, auzolanerako eta lan boluntarioetarako, «gero eta ohikoagoa» dela uste du Tomas Elorzak; eta Amherren ez ezik, elkarte gehienetan gertatzen ari dela: «Adineko jendea gabiltza, eta gazteak falta ditugu. Nahiko genuke animatzea eta Amherrera gerturatzea».