Ez Astigarragan bezain haundia, baina nabarmena izan da biztanleriaren hazkundea Hernanin ere, mende honetan zehar. 18.364 biztanle zeuzkan herriak 2001ean, eta 2.224 herritar gehiago dira bi hamarkada igarota. Hori horrela, 20.000 biztanleren langa gainditu du Hernanik, azkeneko urteotan. Goranzko joera hori konstantea izan da oro har, baina 2014tik 2017ra eten egin zen, eta behera ere egin zuen. Azkeneko lau urteotan, ordea, gorakada haundia izan du berriro.
Joera aldakorragoa izan da, aldiz, jaiotza eta heriotzetan. Euskal Herriko herri gehienetan bezala, Hernanin ere gehiago izan dira heriotzak jaiotzak baino, azkeneko urte hauetan. Horretan, dena den, 2012tik hona etorri da aldaketa. Izan ere, ordura arte gehiago ziren jaiotzak urtero, eta alde nabarmenarekin zenbaitetan. 2008 eta 2011 urteen artean, esate baterako, 817 izan ziren jaiotzak, eta 623 heriotzak. Baina hurrengo urtean parekatu egin ziren (179 jaiotza eta 173 heriotza), eta ordutik, urtero izan dira heriotzak gehiago.
Adin tarteei dagokienez, txikiagoak izan dira gorabeherak, Urumea bailarako beste herrien aldean. Oso gutxi, baina behera egin du 20 eta 59 urte bitarteko biztanleen kopuruak (10.993tik 10.908ra). Eta aldiz, 20 urtetik beherakoetan eta 60 urtetik gorakoetan egin du gora biztanleriak, bi hamarkadatan. Gaztetxoak 3.271 ziren 2001ean, eta 2021ean 3.707. Helduenak, berriz, 4.100 izatetik 5.973 izatera pasa dira 20 urtetan, 1.873 gehiago. Zahartzera egin du herriko adin piramideak, beraz, herri gehienetan gertatu den bezala.