Herria saretzeko, kulturak batzeko, elkar ulertzeko, elkar ezagutzeko, harremanak sortzeko, bizikidetza sustatzeko, aurrera egiteko... Hori guztia eta gehiago bermatzeko antolatu dute, aurten ere, Bizilagunak egitasmoa. Mahai baten bueltan bilduko dira milaka familia, eta elkarrekin bazkalduko dute guztiek. «Azaroaren 20an dugu hitzordua, eta ez soilik Hernanik, baita Euskal Herriko beste hainbat txokotan eta Europako beste hainbeste etxetan ere», ziurtatu du Damián Pedrosak, ekimenean parte hartzen duen herritar batek.
10. edizioa da aurtengoa, eta mahaiaren bueltan bildu gara gu ere, ekimenaren berri izateko. Aspalditik parte hartzen dute egitasmoan Pili Lujanbio eta Lurdes Tranche hernaniarrek, Damián Pedrosa argentinarrak, Elaiza Mohamed sahararrak eta Farid Haoudane marokoarrak. Guztiak bizi dira Hernanin, eta guztiak daude «oso gogotsu» biharko egunerako.
Gainera, ekimena haunditzen doa urtetik urtera, eta aurten ere bide beretik jarraitzea espero dute antolatzaileek. «Hau guztia Txekian sortu zen, 2007. urtean. Ordutik, Europa osoan egiten da ordu eta egun berean. Euskadin, 2012. urtean egin zen lehenengoz. 10 urte daramazkigu, beraz, hau egiten, pandemiaren bi urteak kenduta. Izurritearen aurretik, Euskadin, 250 topaketa izan ziren, 500 familia ingururen parte-hartzearekin. Gutxienez, 3.000 pertsona elkartu ziren». Hernaniko datuei begira ere, arrakastatsua izan da Bizilagunak: «Joan den urtean, 30 bazkari inguru antolatu genituen, bazkari bakoitzean bi familia edo talde elkartuta», adierazi dute elkarrizketatuek.
Etxea, aterpea
Aurten ere etxeetan jarri dute bazkarirako zita. Horren haritik, etxea «aterpea» dela dio Pedrosak, horrek egitasmoari indarra ematen diola azpimarratzearekin batera: «Gertutasuneko giroa sortzen du norbait zure etxera gonbidatzeak».
Ildo beretik, etxeak esanahi edo ulermen asko izan ditzakeela adierazi dute guztiek, norberak modu batean uler dezakeelako gune horretan gertatzen dena. Baina elkarrizketatuek bat egin dute Pedrosaren baieztapenarekin: «Ni jatorri argentinarrekoa naiz eta, Argentinan, jendea etxera eramateko ohitura haundia dago. Euskal Herrian, berriz, sentitzen dut ez dela hori gertatzen, etxea oso leku pribatua dela eta hitzorduak beste tokietan izaten direla; tabernetan edo elkarteetan, esaterako». Mohamedek eta Haodanek ere diote Marokon eta Saharan horixe dela egiten dutena. «Sahararrok beti-beti elkartzen gara gure etxeetan eta egunero izaten ditugu lagunak edota senideak gure etxean», esan du Mohamedek.
Lujanbiok, bere aldetik, ez du bat egin lagunek esandakoarekin: «Nire inguruan, behintzat, beti gonbidatu izan ditugu lagunak etxera. Ateak beti egon dira zabalik guztientzat». Hala ere, gainerako partaideak bezalaxe, ados dago Tranchek esandakoarekin: «Euskal Herrian, oro har, salbuespenak salbuespen, tabernak eta kaleko beste edozein gune izaten dira gure topalekuak».
Esanak esan, aurten, ekimenean izena eman duten guztiek izango dute aukera familia anfitrioien etxeetan bazkari goxoa egiteko eta elkarrekin ordu paregabeez gozatzeko. Eta horixe da honen guztiaren funtsa, «gastronomiatik abiatuta, gertu ditugunon istorioak, kulturak eta tradizioak ezagutzea».
Familia anfitrioia eta familia gonbidatua
Aurreko edizioetan bezalaxe, familia hitza «zentzu zabalean» ulertu behar dela gogorarazi du Tranchek. «Hortik abiatuta, hiru figura izango ditugu: familia anfitrioia, familia gonbidatua eta dinamizatzailea», esan dute. Hau da, izena eman dutenek, aukeratu ahal izango dute beste norbaiten etxera joan nahi duten edo, alderantziz, nahiago duten bazkaria beraien etxean egin. Horrez gain, topaketa dinamizatuko duen pertsona bat ere izango da, dinamizatzailea. «Hori ez ezik, izena ematerakoan, alergiak edota bestelako xehetasunak ere jakitera eman daitezke; txerria jaten ez dutela, edota umeak egotea nahi dutela beraiek ere umeak dituztelako, esaterako», nabarmendu du Pedrosak. «Modu horretan, edonork parte hartu dezake, nahi duen moduan: banaka, taldean, etxekoekin, lagunekin, bikotekidearekin...».
Bazkalduko dutenari begira, Tranchek dio familia bakoitzak bere herrialdean tipikoak diren platerak sukaldatu ohi dituela: «Familia anfitrioia hemengoa baldin bada, adibidez, hemengo jaki tipikoak eskainiko ditu. Baina oso espezifikoa den zerbait jarriz gero, agian, gonbidatuei ez zaie gustatuko. Beraz, hobe ziurrera joatera». Hori entzutean, berehala marraztu zaio irribarrea Mohamedi: «Etxe haundia da gurea, eta oso gustuko dut jendea gurera etortzea. Kus kusak ez du hutsik egiten, beti sukaldatzen diet gonbidatuei!».
«Horrelako egitasmoek asko laguntzen dute herria saretzen, bi herri edo gehiago batzen, eta oso garrantzitsua da horri guztiari indarra ematea»
Hortik abiatuta, platerak mahai gainean jarri, eta segituan sortzen da elkarrizketa. Haoudanerentzat oso baliagarria izan da aurreko urteetako parte-hartzea, eta horrelako ekimenen garrantzia goraipatu du: «Oso-oso esperientzia ona izan dut edizio guztietan. Bizilagunak ezagutu arte, ez nintzen ausartzen bertakoekin hitz egitera, lotxagatik edo. Ez nekien nola gerturatu ere, ondo irudituko ote zitzaien ni haiengana hurbiltzea, edota gustatuko ote zitzaien edo ez. Hori ez ezik, ez nituen ezagutzen hemengo kultura, ezta ohiturak ere. Baina, ekimenean parte hartzen hasi nintzenetik, jende mordoa ezagutu dut eta askoz erosoago sentitzen naiz. Jendearekin hitz egiten dut, lagunak egin ditut, eta, orain, ezagutzen ditut herritarren tradizioak eta bizimodua. Horrelako egitasmoek asko laguntzen dute herria saretzen, bi herri edo gehiago batzen, bat egiten, eta oso garrantzitsua da mota horretako dinamikei indarra ematea».
Bizilagunak egitasmoa bazkari bat baino «askoz gehiago» dela esan du boskoteak. Trancheren esanetan, «desberdintasunaz gozatzen dugu, eta jakin badakigu hein batean behintzat desberdinak garela, besteak beste, herrialde desberdinetan jaio garelako, nazionalitate desberdinak ditugulako eta sinesmen desberdinak ditugulako. Baina, aldi berean, badakigulako pertsona gisa oso berdinak garela. Mahaiaren bueltan eseri eta hamaika gauzari buruz hitz egiten hasten garenean, denok pertsonak garela konturatzen gara. Batzuetan, asko tematzen gara distantzia horretan; baina, gero, hurbiltasuna sumatzen dugu, berehala pizten dena, gainera. Eta dinamika honek hurbiltasun horretaz gozatzeko aukera ematen du».
Mohamedek dioen moduan, «pertsonekin hitz egiten ez badugu, ez dugu jakingo zer moduz dauden edo zer sentitzen duten». Horregatik, goraipatu ditu aurreko edizioetan egindako harremanak: «Gaur egun lagunak edo, are gehiago, familia gisa ulertzen ditudanak ezagutu ditut Bizilagunak egitasmoari esker. Edurne, Ixiar, Pili... izen asko aipatu nitzake. Nire senarra gaixo dago eta, azken uda honetan, ospitalean pasa du hilabete. Denbora horretan, egitasmoari esker ezagutu ditudan familiek nire semeak zaindu dituzte, parkera eraman dituzte, igerileku irekietara, hondartzara... eta, hortik haratago, gure ongizateagatik kezkatu dira, ondo gauden ala ez galdetu digute eta laguntza eskaini digute. Oso-oso eskertuta nago».
«Desberdinak gara, besteak beste, herrialde desberdinetan jaio garelako, nazionalitate desberdinak ditugulako, eta sinesmen desberdinak ditugulako. Baina, era berean, oso berdinak gara»
Haoudane identifikatuta sentitu da kideak esandakoarekin: «Ekimenean parte hartzen dutenak ez dira batere arrazistak; alderantziz, beti-beti eskaintzen digute laguntza. Eta, jakina, guk ere gure laguntza eta laguntasuna eskaini nahi diegu».
Hari horri tiraka, Tranchek argitu du, egunerokotasunean bezalaxe, Bizilagunaken barruan gerta daitezkeen loturak ere askotarikoak direla: «Egia da, jakina, batzuetan horrelako harreman politak sortzen direla. Baina, hortik aurrera, bizitzan gertatzen den moduan, badira haunditzen ez diren harremanak. Alegia, azaroaren 20an bildu, elkarrekin bazkaldu, gustura egon eta momentua ederki partekatu bai, baina, gero, gehiago gelditzen ez diren familiak ere badaude. Kalean elkar agurtzen dugu eta, akaso, kafe bat ere hartuko dugu. Baina, batzuetan, ez da feeling edo harreman berezia sortzen. Eta ez da ezer gertatzen, bizitza ere horrelakoxea delako. Horrekin, esan nahi dut ez zaidala idealizatzea gustatzen. Izan ere, urte askotan parte hartu dut, eta gertatu izan zait batzuetan oso harreman estua lortzea mahaikideekin eta beste batzuetan, berriz, ez». Baina, Pedrosak esan duenez, «behintzat, jakin badakigu norbait han izango dugula, gugandik gertu».
Bazkariaren atarian, familian «urduri» daudela aitortu du Mohamedek. «Aurten, gure etxera etorriko dira ama bat, Zuriñe, eta bere bi seme-alabak. Nire semeetako baten gelakidea da horietako bat, eta topaketa ederra izango dela uste dut. Gure etxea ezagutuko dute, elkarrekin denbora partekatzeko aukera izango dugu… Nire semeak irrikitan daude horretarako. Etxera etorriko zirela jakin zutenetik, ia egunero galdetzen didate ea zenbat falta den horretarako, ea eguna laster helduko ote den... ».
Elkarrizketa amaitu aurretik, aipatutako guztia borobildu nahian, Unamunoren esaldi bat ekarri du gogora Tranchek: Arrazismoa bidaiatzen sendatzen da. «Gogoan daukat edizioetako batean, Mongoliako hiru emakumerekin bazkaltzea egokitu zitzaidala. Egia esateko, ez nekien herrialdea ia mapan kokatzen ere. Ordenagailua piztu eta informazio pixka bat lortu nuen, bidaia baten hasiera izango balitz bezalaxe. Bazkarian, emakumeek kontatu ziguten nola iritsi zinen honaino, Alemania pasa zutela, eta abar. Eta bazkari horrek izugarri markatu zidan. Hiru emakume zoragarri horiek ezagutzeaz gain, niretzat guztiz ezezaguna zen Mongoliaren berri izan nuen. Sekulakoa iruditu zitzaidan esperientzia hori eta, horri esker, orain, gertutasun haundiagoa daukat emakume horiekin zein herrialdearekin».
Bukatzeko, herritarrak parte hartzera animatu dituzte, Lujanbioren hitzekin bat eginez: «Etorri berriak gu bezalakoak dira, gure arazoekin eta ilusioekin. Hesiak puskatu behar ditugu, eta Bizilagunak horretarako aukera ezin hobea da».