Hernaniko Udalak, Hariak, erresistentzia istorioen zinemaldiaren lehen edizioa jarriko du martxan azaroaren 3tik 13ra bitartean. Teloiak jaitsi eta zine areto bilakatuko dute Kulturarteko Plaza Feminista, eta zinemaldi txiki honi buruzko xehetasunak kontatu dituzte Itsaso Lekuona Berdintasun eta Lankidetza zinegotziak eta Su Hernandez Amher Sos arrazakeria elkarteko kideak.
Bertaratzeko ez da sarrerarik behar, eta pelikula bakoitza amaitu ostean, solasaldia eskainiko dute, zuzendariek eta gaian adituek.
'Hariak, Erresistentzia istorioen zinemaldia' antolatu duzuen lehenengo aldia da. Zein helbururekin?
I.L.: Lehenengo aldia da honelako egitasmo potente bat egiten dugula. Hernaniko Udalak, badauka lankidetza sail bat eta urte asko daramazki lankidetzako eta sentsibilizazioetarako proiektuak finantzatzen. Horrez gain, Kulturarteko plaza feministan egin dira hitzaldiak, erakusketak, dokumental asko ere bai… Baina guzti hauek modu aske batean. Iruditzen zitzaigun merezi zuela denak elkartzea, oihartzun gehiago izango zuela.
Jarriko ditugun pelikulak dira bestela ere Kulturarteko Plaza Feministan proiektatuko genituzkeenak, baina zinemaldi formatu batean egitea erabaki genuen, oihartzuna hartze aldera. Denak batera proiektatu, zinemalditxo bat egiteko.
Beldurra geneukan, ez genekien nola izendatu eskuartean geneukan proiektua. Hasieran zinemaziklo gisa izendatzea otu zitzaigun, baina ez da ziklo bat, zerbait potenteagoa da. Beraz, zinemaldi txiki gisa izendatu genuen proiektua.
Pelikuletan hainbat egoera bortitz jartzen dira erdigunean, besteak beste, arrazakeria eta indarkeria…
I.L.: Pelikula guzti hauek dira Giza Eskubideen urraketen ingurukoak. Inspirazio gisa erabili dugu Donostiako giza eskubideen zinemaldia. Justu, guk proiektatuko ditugun pelikula batzuk bertan sarituak izan dira.
Iruditzen zitzaigun errealitate hauei oihartzuna ematea beharrezkoa zela. Egon ginen pentsatzen, zein izan zitekeen tematika, eta argi genuen, giza eskubideen urraketen inguruakoa izan behar zuela. Antolatutako Zinemaldian, ikusiko dugu, nola pertsonaiek aurre egiten dieten, eta nola egiten zaien erresistentzia sistemak eragiten dituen egoera injustuei.
Hortik, erabaki genuen, Erresistentzia istorioen zinemaldia deitzea proiektuari, eta fokoa jarri nahi dugu, egoera injustu hauei ematen zaien erantzunetan.
Gai ezberdinak landuko diren 13 pelikula proiektatuko dira, eta Kulturarteko Plaza Feministan eskainiko ditugu. Pelikula askotan, emakumeen aurkako erasoak agertzen dira, eta arrazakeria kasuak ere badaude. Beraz, gehien zapalduak diren errealitateekin egingo dugu topo, ikusiko ditugu pelikula hauekin, batez ere, etorkinak, pertsona migratuak, arrazializatuak, eta emakumeak.
Zer dela eta jarri diozue 'Hariak, Erresistentzia istorioen zinemaldia'?
I.L.: Pelikula guztiek komunean dute, denak istorio berdina kontatzen dutela, denak ari dira egoera berdin bat salatzeko borrokan. Denak hari batetik daude lotuta: egoera injustu batzuen aurrean borrokatzen edo erresistitzen. Nahiz eta gaiak ezberdinak izan, denok dute amankomunean injustizia.
Lehenengo pelikulak, adibidez, hitz egiten du Mexikoko geminizidio batez, eta beste batek, aldiz, Egipton iraultza arabiarretan nola antolatu ziren emakumeak. Hor ikusiko dugu, pelikula batzuetan ari direla hitz egiten emakumeen kontrako erasoez, nahiz eta bat Mexikon izan eta bestea Egipton. Beraz, hortik dator hariak izena, elkarren arteko loturagatik. Pelikula guztiak josi ditugu, hariarekin lotu nolabait.
Lankidetza sailetik egin nahi dugu lanketa, herritarrak konturatzeko zer nolako lotura duten istorio guzti hauek, eta ez direla egoera hauek gertatzen fenomeno meteorologikoen moduan, gertatzen dira sistemak hala uzten duelako.
Batzuetan, pertzepzioa da honelako injustizia egoerak kanpoan bakarrik geratzen direla, urruti.
I.L.: Hori da egin dugun beste saiakera bat. Hemen ematen diren zapalkuntzak ere adieraztea, ikusaraziz hemen ere ez gaudela salbu. Badaude mugen eta migrazioan inguruko pelikulak, tartean, badago bat egiten duena paralelismo bat Mexiko eta Estatu Batuen muga; Irun eta Hendaiakoarekin. Horrekin adierazi nahi dugu, hemen ere badauzkagula mugak.
Zinemaldian badago pelikula bat, Els nostres George Floyd, Estatu Batuetan poliziak erail zuen gizon beltzari buruzkoa. Horrekin sortu zen mugimendu bat, beltzen bizitzen aldekoa. Eta honekin esan nahi duguna da, kanpoan gertatzen direla honelako gauzak, baina hemen ere bai. Justu, duela gutxi, 6 urte pasa dira, Iruñan poliziak bertako herritar bat erail zuenetik.
Arantza Santestebanen pelikula ere ekarri dugu. Bertan, espetxean bizitakoa kontatzen du. Bera euskal preso bat izanik ere, zein errealitate ikusi dituen kontatzen du. Horregatik egin dugu mix bat, Mexiko, Euskal Herria, Salvador, Italia... hainbat herrialde ezberdinetako errealitateak kontatuz, eta gure asmoa da, herritarrek hausnartzea leku guztietan gertatzen direla egoera hauek.
Pelikula bakoitzak arrazoi zehatz bat izango du ezta?
S.H.: Egia da hasieratik garbi geneukala pelikulak berriak izan behar zutela. Zerrenda bat osatu genuen, gaiak orekatuz. Hala ere, pelikula batean ez da gai bakar bat lantzen, gai txiki asko lantzen dira, eta bizitzako egoera asko eta asko ikusteko aukerak eskainiko dizkigute pelikulek.
Demagun, ‘Kalean’ pelikula, ikasleei zuzendutako saioa da, dokumentaleko protagonisten zuzeneko testigantzekin osatua, eta Donostian egina da, baina horrek ez du esan nahi bertan bakarrik geratzen dela egoera hori. Beste pelikula bat da, Vecinas vivas donde vivas, erroldatzeko eskubideaz jarduten duena, hain zuzen ere.
Gure helburua ez da bakarrik ikuspuntua aldatzea edo jabetzea munduan zer gertatzen den, baizik eta egoerak aldatzen joatea, hau da, honi buruz hitz egitea.
Bederatzi egun, eta 13 pelikula
S.H.: Oraingoz erantzun ona izan du sortutako proiektu honek. Gero nork daki zer nolako harrera izango duen. Egia da, oso ausartak izan garela Zinemaldia sortzerako garaian. Izan ere, 9 egunetan 13 pelikula eskainiko ditugu, eta ez da gutxi. Baina uste dugu funtzionatuko duela. Bakoitzak interesa duen gaiari buruzko pelikula ikusi dezake.
I.L.: Guk daukagun sentsazioa bat da, izango dela oso gogorra. Pelikula bakoitzak badu bere indarra, eta barruak mugitzen dizkizu. Egia da terapeutikoa ere izan daitekeela, baina gogorra ere bai, hori argi daukagu.
Solasaldiak ere egongo dira pelikula bakoitza amaitu
ostean.
S.H.: Bai, pelikula asko sarituak izan dira, eta solasaldia eskainiko dute pelikulako zuzendariek, kazetariek, eta gaia lantzen duten herri mugimenduetako pertsonek. Beraz, hizlari garrantzitsuak etorriko dira. Azaroak 3an, Flores de la llanura pelikula jarriko dugu, eta Mexikoko Mariana Xochiquétzal Rivera zuzendaria etorriko da. Bigarren pelikula El Salvadorren kokatuta dago eta abortu eskubideaz jarduten du (Nuestra Libertad). Kasu honetan zuzendariak etorri ezin zuenez, gaian adituak diren Ana Maria Palacios abokatu feminista izango dugu gure artean, eta Naroa Iturri Askabide Klinikako kidea ere hizlari izango da.
I.L.: Azaroaren 5ean, La bida después del ISIS eta Como yo quiera pelikulak jarriko ditugu, bat goizean eta bestea arratsaldean. Bi saioetan, Olga Rodriguez kazetari eta ekialde hurbilean adituak, pelikula bakoitzaren kokapena egingo du.
S.H.: Jarriko ditugun pelikula askoren zuzendariak etorriko dira. Horrez gain, nik aipatu nahi nuen, Indestructibles pelikula. Hau azaroaren 10ean proiektatuko dugu, eta azpimarratu nahiko nuke, liburu batean oinarritutako pelikula bat dela. Xabier Aldekoa Afrikako korrespontsalak egindakoa da, Alfons Rodriguez argazkilariarekin. Beraz, pelikula hau liburutik atera da, eta horrez gain, orain antzerki bat sortu dute honi buruz.
Hariak zinemaldiak pisua du. Nola aurkeztuko duzue?
I.L.: Irekiera ekitaldian zentratuko gara Zinemaldia aurkezten. Pelikula guztien trailerrak jarriko ditugu, eta irekiera ekitaldian dokumental Mexikarra ere aurkeztuko dugu, lehenengoa izango dena. Eta honekin lotuta, erakusketa bat ere jarriko da. Kasu honetan, Mexiko eta Colombiako oihalak ekarriko dituzte. Oihal hauetan istorio bat dago kontatuta, josita. Josten zituzten hitzak edo marrazkiak, euren istorioa kontatzeko. Irekierarako aproposa ikusten genuen, zinemaldiko ‘Hariak’ izenarekin lotura haundia duelako: jostea eta haria lotuta daudelako. Beraz erakusketaren inaugurazioa izango da Zinemaldiaren irekiera ekitaldiarekin batera.
I.L.: Itxialdi ekitaldia, igande eguerdian da, azaroaren 13an. Justu Andaluziako jornalerak datoz, bertan lanean dabiltzan emakume migratuak, esklabutza baldintzetan daudenak lanean. Orduan, emakumeen egoera ekarriko dugu, baita migratzeko daukaten arazoa ere. Eta guzti honekin emango diogu amaiera Zinemaldiari, zerbait intimoa eta goxoa eginez.
Beraz, herritarrek nahi duten pelikula ikusteko aukera izango dute? Mugarik ez dago ezta?
S.H.: Gure asmoa da nahi duen oro, nahi duenean bertaratzea. Eta noski, bertaratzen direnen artean loturak eta harremanak egitea. Posible da egun bakar batean etortzea, edo egunero.
I.L.: Hariak zinemaldiaren beste zentzu bat ere hori da, elkarren artean loturak egitea. Horregatik, saiatu gara gaiak taldekatzen, esan nahi dugu, egun batean landuko da arrazakeria, beste batean erroldatzeko arazoak jarriko dira mahai-gainean, etab. Horrek jende ezberdina elkartzea ekarriko du, hariak sortuz.
Pelikulak orden zehatz batean zerrendatu dituzue?
I.L.: Bai. Lehenengo egunetan landuko da Hego Amerika; jarraian, ekialde hurbileko emakumeei buruzko pelikulak datoz; gero arrazakeria eta espetxea, eta polizia ereduen gaiak landuko dira; Afrikari buruz izango dira hurrengo pelikulak; eta immigrazioa ere landuko da. Gai asko dira, eta garrantzitsuak. Saiatu gara taldekatzen, eta uste dugu funtzionatuko duela.
Kulturarteko Plaza Feminista, zinema areto bilakatuko duzue
I.L.: Kontziente gara ez dela zine areto bat. Baina saiatuko gara hala bilakatzen. Zinemaldiko egun horietan ez da apenas ekintzarik eta programaziorik egongo. Beraz, Zinemaldian zentratuko gara. Pantaila haundi bat jarriko dugu, kortinak ere ipini ditugu dagoeneko… Biteri beti daukagu hor, baina iruditzen zaigu gai horien inguruan lanean ari diren jendeak antolatu beharreko proiektua dela Zinemaldia. Erreferentzialtasuna irabazteko ere balio digu. Egia da, pelikula guzti hauek ez bagenitu elkarrekin eman, hau da, banan-banan proiektatzen bagenitu urte osoan zehar, Kulturarteko Plaza Feministan jarriko genituzkeela, beraz, zergatik ez ditugu denak elkarrekin jarriko?
Datozen urteetan Zinemaldiarekin jarraitzeko asmoa duzue?
S.H.: Hori da erabaki behar duguna Zinemaldia amaitu bezain laster. Pentsatzen dugu errepikatuko dugula baina ez dakiguna da urtero errepikatu edo bi urtean behin.
I.L.: Nik azpimarratu nahiko nuke, honelako festibalak hirietan egiten direla, eta ez herrietan. Hori garrantzitsua iruditzen zait, beraz, polita bezain emozionantea izango da. Horregatik, gonbitea luzatu nahi diegu herritarrei. Mereziko du eta agendan tartetxo bat egiteko gonbitea luzatu nahiko nieke. Gerturatu, aukera izugarria da eta.
EGITARAUAHERNANI- KULTURARTEKO PLAZA FEMINISTAN
AZAROAK 3 19:00 Inaugurazioa Jarraian, Flores de la llanura. Solasaldia: Mariana Xochiquetzal Rivera zundaria. AZAROAK 4 18:00 Nuestra libertad. Abortu eskubideari buruzko mahai-ingurua, Ana Palacios Briceño abokatu feminista eta Naroa Iturri Lizarribar Askabide Klinikako kidearekin. AZAROAK 5 11:00 La vida despues del ISIS AZAROAK 6 11:00 Els nostres George Floyd. Marc Almodovar eta Ricard Gonzalez zuzendairen parte hartzearekin. AZAROAK 9 18:00 Kalean. Ikasleei zuzendutako saioa, dokumentaleko protagonisten zuzeneko testigantzekin. AZAROAK 10 18:00 Indestructibles. Xabier Aldekoa Afrikako korrespontsalak eta Alfons Rodriguez argazkilariak aurkeztuko dute proiektua. AZAROAK 11 18:00 Awlad. Hesiak gainditu. Ane Irazabal Elkorobarrutia zuzendairak parte hartuko du streaming bidez. AZAROAK 12 11:00 Ipar Basatia. Mahai-ingurua Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko kidea, Anaitze Agirre Larreta EHUko ikerlaria eta Mariana Zaragoza Mexikoko Giza Eskubideen defendatzailearekin. AZAROAK 13 11:00 Vecinas Vivas donde Vivas eta Vidas invisibles. Jarraian, Mujeres migrantes bajo el plastico. Nadia Azougagh Bousnina Giza Eskubideen aldeko ekintzailea eta Nora El Hadramy jornalera eta aktibista izango dira bertan. |