Erreportajeak

«Literatura afizioa baino askoz gehiago da niretzat: bizitzeko tresna da»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 22a, 00:00

Uxue Apaolazak irabazi du Euskadi Literatura Saria.

Euskadi Literatura Saria irabazi berri du Uxue Apaolaza Larrea hernaniarrak. Euskarazko Literatura kategorian saritu dute 'Bihurguneko nasa' liburua. Gertatutakoa «oraindik barneratu gabe» duela aitortu dio Kronikari. 

Euskadi Literatur Saria irabazi berri duzu. Nola sentitzen zara?

Alde batetik, oso pozik. Ez sariagatik bakarrik, hau kritika bat gehiago delako, eta kritika ona da. Gainera, publikoa egin ondoren, konturatu naiz kariño asko jaso dudala, jendea nigatik poztu dela, eta horrek ni pozten nau. Eta, noski, jasoko dudan dirua. Badirudi bigarren mailako zerbait dela, baina ez. Dirua oso ondo datorkit, derrama ordainduko dut horrekin.

Baina, beste alde batetik, badago beste zerbait bat hain ona-edo ez dena. Berez idazle gara, baina ez profesionalak. Beste lanbide bat ere badaukat, ume bat daukat… Hortaz, norberaren orbitatik asko ateratzen duen gauza da hau, eta pixka bat mugitua uzten du. Oraindik ez dut oso ondo barneratu, baina pozik nago, noski.

 

Nola jaso zenuen berria? 

Ez nuen batere espero. Hautagai nintzela banekien, aurretik abisatu zidatelako. Uste dut Irati Elorrietak esan zuela, berari galdetu ziotenean ea zer sentitu zuen, erreakzioa oso fisikoa dela. Eta arrazoia ematen diot, niri ere horixe bera gertatu zitzaidalako. Telefono-deia jaso, Euskadi Literatur Saria irabazi nuela entzun, eta bihotza topera jarri zitzaidan, urduritasun haundiarekin. Gurasoekin nengoen, etxean, eta keinuak egiten nizkien eskuekin, ezin sinetsi. Sailburuak deitu zidan, eta hori ez da nire egunerokoan sartzen.

Laburbilduz, shock-a izan zen, ez zen nire planetan sartzen. Urte hartan, zeuden Ana Malagon, Alaine Agirre, Eider Rodriguez, Nerea Loiola, Hedoi Etxart, Lander Garro… Ez dakit, nire aurretik irudikatzen nituen makina bat idazle zeuden. Horregatik, lasai nengoen. Uste nuen besteren bati emango ziotela saria, gustatu zitzaizkidalako beraien lanak, eta soberan merezi zuten saria jasotzea. Ez dut esan nahi nik ez nuenik merezi, baina batzuetan ez da merezimendu kontua.

 

‘Bihurguneko nasa’ ipuin liburuarekin izan zara saritua, Euskarazko Literatura kategorian.

Bai, hori da. Hasteko, esan beharra daukat ipuin liburua dela. Hori azpimarratu behar dut, entzun dudalako nobela hitza, eta ez da horrela. Mezuak helarazteko modu asko daude, eta nik hemen idatzitakoak liburuak dira. Literatura jolasa da, eta ipuinak jolas horretan mugitzen dira. Egia da denak Madrilen gertatzen direla eta Lurren ahotsetik kontatzen direla, baina independenteak dira beraien artean.

Uste nuen ipuinena integratuagoa zegoela, baina konturatu naiz oraindik ere eleberri hitza esaten jarraitzen dugula. Oraindik uste da ipuinak umeentzako bakarrik direla, eta inondik inora ere ez da horrela. Ipuinak helduentzako ere badira. Guk, hemen behintzat, badaukagu tradizio bat. Eider Rodriguezek ‘Bihotz haundiegia’ ipuin liburuarekin irabazi zuen Euskadi Saria, eta, horregatik, esango nuke estilo horrek euskal literaturan prestigio haundiagoa duela Espainiakoan baino. Gu euskerazko idazle egin gintuen liburuetako bat behintzat, ipuinez osatua dago: Obabakoak. Nik 12-13 urte nituenetik irakurri dudan literatura asko ipuinak dira: Sargori, Kortazar, Borges…

 

Esaldi edo hitz batean, nola laburbilduko zenuke liburua?

Hitz batean laburtzekotan, arroztasuna esango nuke. Ahotsa Lur da eta 10 urtetan idatzi nuen liburua, ipuin bakoitza momentu jakin batean. Eta arroztasuna horrexegatik, Lur delako ahotsa eta berak sentitzen duelako hori etengabe bere buruarekin, inguruarekin, familiarekin… Eguneroko horrek ezartzen dizkion protokoloekin ezin enkajatzearen sentsazioa dauka. Nola ezkondu protokolo horiek bere ideiekin, horixe da berak buruan duena. Izan ere, berak ideia kolektiboak ditu, baina gero bakarrik funtzionatu behar du, eta bakarrik oso ahula da. Etortzen zaizkio gainera beste protokolo guztiak, sistemarenak, eta abar. Ipuinetan, ahalegindu naiz erakusten anekdota hutsa izan daitezkeen gauza txikietan zein botere gurutzatzen diren, eta anekdota horrek arnas haundiko zer adierazi dezakeen. Askotan gertatzen da prentsan, adibidez, gertakarien sailean gertaera huts bezala agertzen diren berriak, beste sailetan begiratzen hasiz gero, kabitu daitezkeela gizartean edo ekonomian. Esan nahi dudana da hor diskurtsoak gurutzatzen direla.

 

Bederatzi narrazio bildu dituzu liburuan. Eroso sentitu al zara estilo horretan?

Bai, erosoen sentitzen naizen estiloa da. Baliteke bizitza estiloagatik izatea, zirriborroak egin eta ipuinak zurekin eramatea errazagoa delako eleberri bat baino. Argitaratutako bigarren liburua nobela izan zen, eta askoz ere pisutxuagoa egin zitzaidan aipatutako horrengatik. Lanera joan behar dut, umea daukat… Idazten hasi, utzi, eta gero berriro ere horri heltzea zailagoa da nobelarekin, ipuinekin baino. Ipuinak eramangarriagoak dira eta, hala ere, gehiago gustatzen zaizkit, zuzenagoak iruditzen zaizkidalako. Ipuin batean hitz batek ezin du soberan egon. Niri gustatzen zaizkidan ipuinetan, behintzat, esaldi edo hitz bakoitzak ondo aukeratuta egon behar du. Zerbaitengatik egon behar dute hor, zerbait esateko.

 Beraz, irakurleari gauzak modu zuzenean kontatzea gustatzen zaizu.

Zuzenean ez dakit, baina gustatzen ez zaidana da azalpen gehiegi ematen dituen literatura. Ez naiz sentitzen irakurlea baino azkarragoa; alderantziz, kontrakoa. Nik normalean buruan daukadana da irakurlea ni baino askoz azkarragoa dela. Beti pentsatzen dut irakurleak pentsa dezakeela «hau ulertzen da», «hau klixe bat da», eta horrelakoak. Irakurlea konplize izatea bilatzen dut, baina, era berean, intimidatzen nauen pertsona ere bada. Horregatik, ez zait inoiz ateratzen moralista edo esplikatiboa izatea. Ez dut gainetik bezala jarri nahi, eta horrela idaztea oso arriskutsua iruditzen zait.

 

Madrilen hasi zinen liburua idazten. Nola sortu zen ideia?

10 urtez bizi izan nintzen Madrilen, eta, zirriborro gehienak, bi izan ezik, bertan idatzi nituen. Baina horiek guztiak ez ziren liburu izango hemen beka eskatu izan ez banu. Madrilen idatzitako zirriborroei heldu nien berriro ere, eta hemengoekin batera osatu nuen lana.

Ipuin bakoitzak dauka bere hasiera, eta, normalean, hasi da zirikatzen nauen kontraesan batetik. Edo, alderantziz, norbaitek kontatu didan edo prentsan ikusi dudan gertakari batekin egiten dut topo, iruditzen zait anekdotatik harago eraman daitekeela, eta hortik hasten da. Orduan, ia bizitzeko modua dela esan genezake. Bizitzan hirugarren pertsonan jartzea bezala da. Zerbait gertatzen zaizu, fokutik ateratzen duzu zeure burua, eta idatzi egiten duzu.

Literatura bizitzeko tresna da, Uxuerentzat. 
 

Baina profesionalizatua ez bazaude, normalean, ez zara ipuinera iritsiko. Gero, ipuinera heltzeko, berridatzi, berridatzi, berridatzi… Horixe da gakoa. Ni etengabe berridaztekoa naiz: hau hona mugitu, beste hori hara, eta horrela. Eta, ondoren, editorearekin bildu, eta berriro ere mugitzen dira makina bat gauza. Susa Argitaletxeko Leire Lopez Ziluagarekin eta Itziar Ugarterekin aritu nintzen; sekulako lana egin zuten. Itziar Ugarte Irizar, gainera, poema liburua zuen nire urtean, eta hori ere izan zitekeen Euskadi Saria.

 

Izenburuan metroari, 
trenbideari, egin diozu 
erreferentzia. Zer dago bihurguneko nasa horren atzean?

Izenburua ia lehenago neukan, liburua bera baino. Madrilen bizi nintzenean, egunero hartzen nuen metroa, 06:00ak aldera, lanera joateko. Ia guztiak emakumeak ginen, etorkinak… Eta egunero-egunero entzuten genuen esaldi bera megafoniatik: Atención, estación en curba. Tenga cuidado con no introducir el pie entre coche y el andén. Berez, jaisten zarenerako adbertentzia bat da, baina niri egunari buruz ari zenaren inpresioa ematen zidan. Zailtasun horien ohartarazpena zela iruditzen zitzaidan. Horregatik, pentsatzen nuen: «Noizbait liburu bat idazten badut, Bihurguneko nasa izango da izenburua».

Uste dut ipuinak ondo sartzen direla aterki horretan. Bestela, zaila da ipuin liburu bati izenburua jartzea. Baina, kasu honetan, ondo lotzen da arroztasun edota zailtasun horrekin.

 

Zein da mezua?

Egotekotan, bakarra baino, mezu asko daude. Hala ere, liburua ez da mezuak bidaltzea. Helburua gaiztoagoa da. Esango nuke jomuga dela nire kezkak edo ofizioak kutsatzea. Hau da, helburua ez da mezua helaraztea, ziurtasunak puskatzea baizik. Denbora guztian erantzunak ematen dizkigute guk galdetu gabe, eta nik erantzun horiek puskatzen ditut, agobiatu egiten nautelako. Orduan, helburua gehiago da irakurlea mugituta uztea, mezu bat ematea baino.

 

Publiko zehatzik ba al dauka?

Intentzionatuta, ez. Baina liburu batek beti dauka publiko konkretua, zuk nahi izan ez arren. Beti leku batetik idazten dugu. Idazlea oso gauza intimoa eta indibiduala da, eta nik diskurtso bat baldin badaukat, kontakizuna hortik abiatuko da, eta hori norbaitek entzun edo irakurri nahi izango du. Kasu honetan, Lur 40 urteko emakumea da, ideologia jakin batekin, eta horrek, hasteko, mugatu dezake publikoa. Horrez gain, literatura ez esplikatiboa egiteak ere publiko jakin batera mugatzen du liburua. Beste nolabait esateko, irakurlea irakurletzat jotzen dut nik. Alegia, lehenagotik asko irakurri duen irakurlea da, ni bezain beste daki literaturaren jolasaz. Elitista gelditzen da, baina ez; liburua ez da lehenengo aldiz literatura irakurriko duen pertsona batentzat.

Ildo horretatik, lehenengo liburutik hona aldaketa haundia izan dela uste dut. Lehen, ustez emakumeenak ziren liburuekin edo emakume gaitzat jotzen zirenekin, hutsera gindoazela sentitzen genuen. Eta, askotan, eskertzen diegu lehenago idatzi zuten horiei guztiei. Baina ni oso eskertuta nago gero idatzi dutenekin. Gerora, hain zuzen ere, etorri da belaunaldi bat, aurrekoei esker ziurrenik atera dena askoz ere ahaldunduagoa, eta esan duela, ziurtasun haundiarekin, idazlea dela. Izan ere, lehen, tendentzia zegoen esateko bestelako lanbide bat zutela eta, horren ondoren, idazleak zirela. Orain, ordea, belaunaldi honekin, Kattalinek edota Anelek, adibidez, autoestimu haundiarekin esan dute emakumeak eta idazleak direla. Eta, ondorioz, emakume irakurlea asko ahaldundu da.

Lehen, asko kezkatzen gintuen ea gizonezkoei gustatu zitzaien guk idatzitakoa, edo, ea gizonezkoek ulertu zuten esan nahi genuena. Bazirudien emakume irakurleak nobela erromantikoak irakurtzen zituela soilik. Une honetan, berriz, kontzientzia areagotzen ari dela iruditzen zait. Alegia, badakigu irakurleen gehiengoa emakumea dela, jantzia dela, eta baliagarria dela. Guk betidanik ikasi dugu gizonena irakurtzen; beraien literaturarekin hasi gara. Idazten ikasi dut Kafkarekin, Cheeverrekin… Baina, orain, iritsi da une bat non emakumeoi berdin digun horrek guztiak. Zuek ez duzue ikasi geurea irakurtzen? Ba berdin zait. Konturatu gara emakume irakurle hori baliagarria dela berdin-berdin. Listo. Ez naiz azalpenak ematen hasiko. Adibidez, neska bat oinez doa eta auto beltz bat du bere ondoan. Neska horrek sentitzen duen beldurra azaldu beharrik ez dut. Edo, alderantziz, neska horrek beldurra ez sentitzeagatik duen kezka. Beldurra sentitu behar al du? Hori guztia, agian, gizonezko batzuk ez dute ulertuko, edo bai. Ez dakit, baina berdin zait. Bada ikasteko ikasteko. Eta, ez badute nahi, emakumezkooi dagoeneko ez digu horrenbeste arduratzen ulertu duten ala ez, edo gustatu zaien ala ez. Aldaketa eman da, eta ez dugu behar gizon idazlearen edo irakurlearen onespena. Nahikoa zaigu emakumeenarekin.

 

«Identitatearen eta alteritatearen gaineko hausnarketa aberatsa» dela esan du epaimahaiak.

Lur txuria da, klase ertainekoa, ikuspegi batetik pribilegiatua, eta talka egiten du bera baino pribilegio gutxiagoko pertsonekin. Baina, aldi berean, emakumea da, eta klase ertain hori oso prekarioa da. Izan ere, gure belaunaldiak sinestu zuen klase ertainarena, baina, ez, klase langilea gara. Bilakatu gara antsietatearen belaunaldia, uste genuelako ikasten bagenuen eta txintxoak baginen lanpostu finkoa lortuko genuela, segurtasuna izango genuela bizitzako alderdi guztietan, eta ez da hala izan.

Lur mugimendu horretan dago, eta hor sartzen da identitatearen gaia. Zu hain ahula zarenean, zein aukera duzu moralerako eta duintasunerako? Diskurtso feminista edo klase diskurtso duina izan dezakezu, baina, gero, egunerokoan topatuko dituzun gertaeratan, izan al zaitezke feminista? Izan al zaitezke beti koherentea horrekin? Ziur nago ezetz. Enpresa bateko langile izanik, emakume moduan gora egin al dezakezu diskurtso moralari helduta? Ezetz uste dut. Identitate hori, morala, duintasuna… zuretzat eraiki duzun hori guztia, nola enkajatu dezakezu hain bakarrik zoazenean? 

Oso zaila da. Kapitalismoak lortu du gutako gehienok atomizatzea, eta horixe pentsatzen genuen, guk bakarrik lortuko genuela, eta ikasketak izanda lortuko genuela klase ertainean bizitzea. Baina 40 urtera iristen zara, eta ez dakizu zer den heldu izatea. Zeri deitzen diogu heldu izatea? Heldu deitzen al diogu ezkondu gabe dagoen, ama ez den eta jatetxera joan beharrean bokatak jaten dituen emakumeari? Hori zailagoa da. Nahi gabe, heldu ikusten dugu ezkondutako pertsona bat, hipoteka duena eta seme-alabak dituena. Bizi-estilo hori da heldu gisa irudikatzen dena. Eta, are gehiago, lesbiana baldin bazara, zailagoa izango da heldua izatea, eta seme-alabarik ez baldin baduzu ere berdin. Ganberragoa izango zara, ez hain heldua. Klase ertainetik behera baldin bazaude, heldua izatea oso zaila da. Badago identitate eraiki ezin bat, heldua zela uste zen horretara heldu ezin bat, eraiki duzunagatik eta lan aldetik duzunagatik ezinezkoa dena.

Niri, adibidez, ume bat izan nuenetik, jendeak heldutzat hartzen nau. Orain helduen ardurak omen ditut, eta, orain bat-batean, jendeak serio hartzen nau. Nire arazoak garrantzitsuak dira. Nire ahizpak, adibidez, ez du umerik, bakarrik bizi da, eta bere arazoak ez dira nireak bezain pisuzkoak gizartearentzat.

Horren haritik, epaimahaiak esan du nire lana dela 40 urteko ama baten liburua. Baina ez, Lur ez da ama. Beno, azkeneko ipuinean bai, baina gainerakoetan ez. Berriro ere agertu da amaren pisua, eta ez da amatasunari buruzko ipuin liburua.

Zu al zara Lur?

Ez naiz ni, baina niri bururatu zaizkidan gauzak dira. Fikziora pasatzeko, egunerokotik hartzen ditudanak. Normalean, gainera, ez dira zuzenak. Ni egunero jaikitzen naiz, depilatuta joaten naiz tokitara, lantokira, eta nire iritziak nahiko homologagarriak dira. Baina, barrutik, pasatzen zaizkit ideiak eta gauzak, eta pentsatzen dut ea hori ni ote naizen. Erabaki hori hartu beharrean beste bat hartu nezakeen. Eta hori hartu izan banu? Hortaz, bai, ni hori banaiz, nire kezkak dira.

Lur niri oso itsatsita dagoen pertsonaia da. Nire gertuko jendeak azkar identifikatzen du ni naizela, nahiz eta niri iruditu asko fikzionatu dudala. Ez da nahita egiten dudan gauza bat, baina baliteke Lurrek kontatzen duen hori guztia nire barrutik ateratzea. Nire bizitza errealean egunerokotasunean esaten ausartuko ez nintzatekeen hori adierazten dut ipuinen bidez. Izan ere, fikzioak uzten du muturrera eramaten nahi duzun ideia, ez diozu inori minik egingo. Fikzioa ez da erreala. Ideia bat izanez gero, muturreraino eraman dezakezu narratiboki eta estetikoki. Baina bizitza errealean ez da horrela.

 

Idaztea, afizioa ala ofizioa?

Literatura, bere osotasunean, bizitzeko tresna da niretzat. Gaixo moduan irakurtzen hasten gara, ni behintzat, ikusten dugunean ez dugula enkajatzen. Horregatik, literatura da hemen egokitzeko eta egon ahal izateko modua. Hau da, bizitzak esaten dizunean oso aspergarria dela, oso predeziblea dela, eta abar. Beti jartzen dut futbola gustatzen ez zaion eta irakurtzen hasten den mutilaren kasua. Izan ere, hor, bat-batean, deskubritzen duzu kabitzen zaren mundu zabal bat: literatura. Askoz aukera eta ñabardura gehiago dituen mundua da, jakin-minerako bide askorekin. Ez dago erantzun bakar bat, asko daude, eta galderak ere asko dira. Eta idaztea da irakurtzetik ematen den hurrengo pausoa. Niretzat literaturarekin harremana, batez ere, irakurtzea da.

Horregatik, «irakurtzea gustatzen zait» bezalako esaldiak txiki gelditzen zaizkit. Beraz, afizioa? Hori baino gehiago da. Niri, irakurri gabe, asko kostako litzaidake bizitzea. Bizitzako une batean, oso depresio fuertea izan nuen, eta literatura izan ez banu, ez dakit… Literatura da hartu nauen mundua. Konplize asko izan ditut, fiktizioak, noski, hemen egoten lagundu didatenak. Hilda zeuden idazleak, adibidez. 

 

Ba al duzu etorkizunerako proiekturik?

Ez. Liburuaren aurkezpenean Amaia Perez Orozkoren adibidea jarri nuen, gizon langile txanpinoiaren figurarena. Egunero jaiotzen da txanpinoia, eta trajez jantzita eta taperrarekin bulegora joaten da egunero-egunero. Baina hori guztia nork prestatzen du? Nork garbitzen dio arropa? Nork prestatzen dio bazkaria?

Alegia, gu idazle gisa azaltzen gara, idazteko denbora bagenu bezala. Baina ez, lanera noa, umea daukat... Ez dut denborarik. Idazteko denbora lapurtu behar izan dut.

Irakurtzen eta zirriborroak egiten jarraituko dut, noski. Literatura, beti.  Baina, gero, hori guztia argitaratzea beste kontu bat. Alde horretatik, ez naiz idazle profesionala. AEK-ko irakaslea naiz, eta horixe da nire lana. Batzuetan, gustatzen zait azpimarratzea idaztetik ez dugula dirua ateratzen. Ez gaude profesionalizatuta, beste lan asko ditugu. Ahal dugun duinen azaltzen gara, baina hor duguna izugarrizko lana da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!