Halloween ala Gau Beltza? Olentzero, Papa Noel ala Erregeak? Zer ospatzen dugu Neguko Festetan? Horixe da Oier Araolaza Arrietak hilaren 26an, Biterin, aurkeztuko duen mintegiaren izenburua. Arratsaldeko 17:30etan jarri dute horretarako hitzordua, eta bi orduko iraupena izango du. Bertaratzeko, izena eman behar da 662 406 692 telefonora idatzita edo Doberaren bulegora bertaratuta (Larramendi 11).
Araolaza Neguko Festen ikertzailea da, eta gaiaren bueltako hainbat artikulu argitaratu ditu. Eta Gau Beltza ate joka dugun honetan, Aratz Ikastolak antolatu du saioa, Doberaren laguntzarekin. Aurreratu dutenez, gaian interesa duen orori luzatu diete bertaratzeko gonbita: «Hezkuntza orokorreko irakasleei, gurasoei, aisialdiko dinamizatzaileei, euskera eta euskal kulturako sustatzaileei eta teknikariei, dantza-talde eta kultur elkarteko kideei, 14 urtetik gorako ikasleei...».
Araolazarekin hitz egiteko aukera izan du Kronikak, eta datorren asteko mintegiaren nondik norakoen berri eman dio dantzari, kazetari, idazle eta antropologoak.
Zein da mintegiaren helburua?
Helburua da azaltzea Gau Beltzaren edo Animen Gauaren eta, oro har, Neguko Festen atzean zer egon den, nola ospatu izan diren eta zergatik ospatu izan diren. Edo, behintzat, horretara hurbiltzea da jomuga.
Festa horien inguruan sortu diren ospakizunen gaineko kezka puntua dugu. Horregatik, gogoeta hori egiteko eta festak nola ospatu nahi ditugun erabaki ahal izateko, horien guztien jatorrizko esanahiak edo oinarrizko moldeak ezagutuko ditugu. Modu horretan, gure ospakizunak antolatzerakoan, helduleku hobeak izango ditugu.
Nolakoa izango da saioa?
Begirada bat eskainiko diegu Neguko Festei, oro har. Ez naiz Inauterietara iritsiko, baina hor nonbait geldituko naiz. Funtsean, ideia da bertaratzen direnek izatea ikuspegi panoramikoa. Azken batean, oso festa singular edo bereizi bezala ikusten ditugunak, sistema baten parte direla ohartzeko balio izango du mintegiak. Izan ere, ez da ohikoa pentsatzea Gau Beltzak zerikusirik duenik Eguberriekin eta Inauteriekin, adibidez. Azken hiru horiek, Neguko Festen hiru gune nagusi gisa irudikatzen ditugu: hasiera, erdia eta bukaera. Eta, nahiz eta gaur egun oso desberdin ikusten ditugun, gai berberen inguruan ospatzen ziren festak dira; oinarriak, berberak dira.
Hari horri tiraka, zazpi (des)berdintasunen jolasa egingo dugu. Berez, normalean, ustez berberak diren irudietan, ezberdintasunak bilatu behar ditugu. Nire kasuan, berriz, ustez ezberdinak diren bi irudi hartu eta antzekotasunak topatzen ahalegindu beharko dugu. Izan ere, begirada hori aldatzen dugunean eta festen bueltako hainbat datu eta informazio dugunean, hasiko gara ulertzen ospakizun horiek sistema bakar baten espresio ezberdin bezala. Horrek, festak ospatzerakoan, beste tresna batzuk eskainiko dizkigu.
«Azkeneko hamarkadan, festak ospatzeko moduetan aldaketa haundiak izan dira, eta horiekiko distantzia dago gizartean»
Nolakoak dira Neguko Festak? Xarma berezia al dute?
Esango nuke hori oso baldintzatuta dagoela ospatzeko moduaren arabera eta ospatzeko modu horrekin sentitzen dugun gertutasunaren arabera. Alegia, beste edozein festetan bezalaxe, (Hernanin, San Joanak, esaterako) izango dira topera ospatzeko prest daudenak edota, alderantziz, herritik alde egiteko desiratzen daudenak. Gauza bera gertatzen da Neguko Festekin, atxikimendua askotarikoa da horietan ere.
Niri iruditzen zait Neguko Festetan badaudela hainbat ezaugarri, printzipioz, oso erakargarriak gerta daitezkeenak. Horri esker, ziurrenik, hainbat belaunalditan indar haundia izan dute. Azkeneko hamarkadetan, ospatzeko moduetan aldaketa haundiak izan dira eta, horren ondorioz, distantzia dago gizartean festa horietako batzuekiko. Ospatzeko modu horrekin ez gara identifikatuta sentitzen eta, gainera, ez dakigunez zer ospatzen ari den edo oker ulertzen dugunez zein den ospakizuna, gero eta gehiago aldentzen gara.
Hortaz, jendeak gero eta gutxiago ospatzen dituela uste al duzu?
Horrelako gorabeherak ziklikoak direla uste dut. Adibidez, Gau Beltzak erakusten digu luzaroan asko ospatu izan dela, baina, aldi berean, azken mende erdian gainbehera ere bizi izan duela. Orain, ordea, azkeneko lauzpabost edo hamar urteetan, berpizte modukoa izan du. Gertatzen dena da, hori bai, berpiztearekin ez dela lehengokora itzuli. Gertatutakoak ez du zerikusirik ospakizun gogoarekin, eta horrek kezka sortzen digu. Honako hauxe gertatzen ari da: berezkoa edo bertako moldearekin zerikusirik ez duen festa agertu zaigu, lehen beste bat zenaren edo geureagoa sentitzen genuenaren tokian, eta horrek kezkatzen gaitu.
Eguberriei begira, esaterako, jendeak lotzen ditu kontsumismoarekin edota kristautasunarekin. Baina, festa horietan benetan indartsuak diren ospatzeko gaiak ez dira ezaugarri edo oinarri horiek. Orain, galduta sentitzen ditugu. Bi adibide jartzearren, Eguberriak solstizioaren inguruko festak izan dira, San Joanak diren bezalaxe. San Joanetan, gehixeago heldu zaio solstizioarekiko kontzientziari, eta oraindik ere sua eta bestelako errituak ere egiten dira. Aitzitik, Eguberrietan guztiz edo asko-asko galdu dugu horren arrastoa. Orain dela 100 urtera arte, Gabonetan suak egiten ziren baserri eta etxalde atarietan, San Joanetan bezalaxe. Gaur egun, ordea, hori desagertuta dago. Olentzerorekin ere berreskuratze ikaragarria izan da, baina berreskuratze horrek Halloween bezalaxe bukatu duela esango nuke, merkatuaren edo kapitalismoren eredura makurtzen, eta bere jatorrizko erroak eta solstizioarekin lotuta dauden osagaiak guztiz galtzen. Eta, jakina, horrek distantzia kritikoa sortzen du. Zer ari gara ospatzen? Hau ote al da festa eredua? Galdera asko datozkigu burura.
«Berezkoa edo bertako moldearekin zerikusirik ez duen festa agertu zaigu, lehen beste bat zenaren edo geureagoa sentitzen genuenaren tokian, eta horrek kezkatzen gaitu»
Kultura-aniztasunak eragina al du horretan?
Garrantzitsua da festaren oinarriak ezagutzea. Izan ere, askotan, sentitzen dugu kultura-aniztasun horretan mundua ulertzeko moduen arteko talka sor daitekeela. Baina, talka gertatzekotan, izaten da erdigunean jartzen ditugulako festaren jatorriarekin edo muinarekin zerikusia ez duten osagaiak. Adibidez, erlijioa, kontsumismoa, bizimodua…
Erroetara itzuliz gero, gauza bera da batzuentzat eta besteentzat. Hego hemisferiokoa baldin bazara, solstizioa sei hilabetez kontrako norabidean ospatuko duzu, baina solstizioa bera izango da. Garrantzitsua da ulertzea oinarrian dagoen ospakizuna partekatzen dugun mundu baten gainean eraikitzen dela eta ez, ordea, bereizten gaituzten sinesmenen bueltan. Funtsean, aniztasun hori elkarrekin konpartitzeko eta askoz ere koherenteagoa eta kohesionatuagoa egiteko aukera polita da.
Izan ere, jaien helburuetako bat izan beharko litzateke kohesioa eta inklusioa bultzatzea, ezta?
Bai. Hain zuzen ere, komunitate gehienetan, Neguko Festetako errituek horretarako balio izan dute eta indar haundia izan dute horretan. Esaterako, gazteek edo nerabeek aroz aldatzen dutenerako, hau da, helduaroan sartzen direnerako, badaude hainbat igarotze, pasabide, edo erritu, eta ospakizunak egiten dira beraien bizitzan pauso garrantzitsua emango dutelako. Ospakizun horietan, komunitatearen erritua egiten da, elkar ezagutzeko eta kohesionatzeko. Hori horrela, gakoa dago komunitate horren definizioan edo ulerkeran. Gaur egun, ordea, gure herrietan bizi garen guztiak ez baldin bagara komunitate horretako parte sentitzen edo komunitate horretan daudenen maila berean sentitzen, erritu horiek nekez kohesionatuko dute giza talde hori. Beraz, erritu horietan parte hartzea da hainbatentzat komunitate horretan sartzeko gako oso interesgarria eta ezinbestekoa.
Horrenbestez, agerian gelditzen da oso erne egon behar dugula gai hauekin. Ez dira soilik sinesmen kontuak; gizartea eta komunitatea artikulatzeko tresnak ditugu eskura.
Lana badago orduan, ezta?
Bai, baina ez dakit borondatea, oro har, ba ote dagoen. Ni oso pozik nago Hernanin, adibidez, ekimen hau sortu delako. Baina ez dakit gure gizartean horrelako gauzei begira gauden. Erronka latza daukagu gazte belaunaldiekin. Izan ere, kohesioaz ari garenean, askotan, nahasten dugu belaunaldien arteko harremana funtsezkoa dela kohesioa lortzeko. Jakina gazteak beti etena bilatzen duela eta desmarkatu nahi duela, baina horrek beti neurri bat izan du. Hau da, esku bat askatu bai, baina biak ez. Soka horretako kide izaten jarraitu du. Horregatik, etena erabatekoa baldin bada, haustura ekarriko du, eta hori ez da onuragarria inorentzat. Ez gazteentzat, ez helduentzat, ez gizartearentzat. Tradizioak, errituak… Foku horretan kokatzen ditugu, eta hor dago koxka. Egokitu eta aldatu bai, baina erabateko haustura izan gabe. Bestela, eten horrek, helduen eta gazteen etena ekarriko du.
«Olentzerorekin berreskuratze ikaragarria izan da, baina Halloween-en bezalaxe bukatu duela esango nuke, merkatuaren edo kapitalismoaren eredura makurtzen»
Festek herri bateko ardatz asko biltzen dituzte, tradizioa eta kultura tarteko. Garrantzitsua al da horren guztiaren kontziente izatea?
Bai, jakina, eta uste dut badagoela horren bueltako kontzientzia. Agian, festa batzuekin gehiago beste batzuekin baino. Baina, oro har, badago. Udako festetan, adibidez, hor argi ikusten da. Jendeak jakin badaki horietan badagoela zerbait jokoan, eta festak ospatzeko moduan, bakoitza saiatzen da bere mundu ikuspegia azaleratzen. Negukoetan, berriz, lausoagoa da joera hori. Hortaz, bai, hori jakitea, gogoeta egitea, eta kontzientzia berpiztea interesgarria eta beharrezkoa da.
Gau Beltza ate joka dugu dagoeneko. Zer ospatzen da festa horretan?
Ez da erraza galdera bakar batean guztia laburbiltzea. Hitzaldietan ere gauza bera gertatzen zait eta, horregatik, biharko saioa mintegi baten modukoa izango da. Pentsa, asmoa zen ordu t'erdiko hiru saio egitea, eta, azkenean, bi orduko mintegia izango da. Kontua da laburtu eta laburtu ibiltzen garenean, gauza asko galtzen direla bidean. Ez dago erantzun bakar bat, oso gai konplexua eta zabala da. Beraz, ez nintzateke ausartuko orain erantzutera.
Behintzat, guztion ospakizuna dela esango al zenuke?
Horrek ere ez nau kezkatzen, nolabait esateko. Tradizionalki, Animen Gauarekin lotutako zenbait erritu umeen eta nerabeen festen moduan hartu izan dira. Horregatik ere, ez da aintzat hartu izan euskal festen egutegian festa nabarmen gisa. Hemen, serio hartzen hasi da Ameriketako Estatu Batuetatik modu merkantilizatuan eta industrializatuan heldu denean. Baina, esandakoa, ospakizuna norentzat den esateak ez nau kezkatzen eta ez nintzateke horretan sartuko. Argi dudana da oso ezberdina izaten dela festa bat hori ospatu nahi duten protagonistek egiten dutenean, elkarte, eskola edota dena delakoek hala tokatzen delako antolatzen dutenean baino. Hori festa gehienei dagokien kontua da. Bilbon, adibidez, antzeko zerbait gertatu zen. Zenbait konpartsek Udalari leporatu zioten festa ez antolatu izana edo ez, behintzat, beraiek espero zuten neurrian. Eta horrek oso atzeraka egiten dit. Udal batek antolatu behar badu festa, non dago festa? Hori al da festa? Instituzio batek esan behar al digu zer eta noiz ospatu? Noiz eta nola dantzatu? Noiz barre egin? Zentzu horretan, aldrebeskeria iruditzen zait. Benetako festa da ospatu nahi duen horrengandik sortzen eta ateratzen dena.
Horregatik, galderara itzulita, Gau Beltza ospatu nahi duenak, ospatuko du. Guk antolatu behar al dugu? Hor ere zalantza haundiak ditut. Argi utzi nahi nuke biharko mintegian ez dudala azalduko festak nola antolatzen diren; saiatuko naiz azaltzen nola ospatu diren festak, eta ospakizun molde bakoitzak zein esanahi edota inplikazio dituen.