Erreportajeak

«Aktibatu beharra daukagu, euskaldunok argi eduki behar dugu zein den gure diskurtsoa»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 15a, 00:00

Jokin Nazabal Iriberri, Hernaniko euskera eta hezkuntza teknikari berria, Kronikarako elkarrizketan.

Malores Etxeberriaren lekukoa hartu du Jokin Nazabalek, eta momentu honetan bera da Hernaniko euskera eta hezkuntza teknikaria. Nazabalek Kronikarekin izan du solasaldia eta, besteak beste, Hernaniko errealitatea jarri du erdigunean: «Eduki behar dugu buruan helburua ez dela euskeraz momentu batzuetan hitz egitea, baizik eta euskeraz bizitzea».

Zer dela eta sartu zara euskera teknikari postura? 

30 urtez aritu naiz Euskaltegian irakasle gisa, eta uste nuen bizitza profesionala zehaztuta edo finkatuta neukala, baina aukera hau sortu zen. Malores erretiratuko zela jakin nuenean, erronka bat bezala hartu nuen. Beti egon naiz euskeraren inguruan, beti interesatu izan zait euskeraren mundua. Kezka hori beti izan dut. Beraz, ikusi nuen bide horretatik ere, egin nezakeela lana, euskera mundutik atera gabe.

Maloresek erretiroa hartuko zuela banekien, eta hor buelta batzuk eman nizkion egoerari, ingurukoek ere animatu ninduten… Beraz, pentsatzeko denbora hartu ostean, erabaki nuen erronka horri aurre egitea.  

 
Zer espero duzu postuaz?

Lehenengo, jabetu egin behar dut, hau da, egoera zein den jakin behar dut. Euskeraren munduan jarduten dugunok badakigu zein den egoera. Hala ere, behin lana hasita ikusten da zer dagoen egiteko. Beraz, jabetzean ikusiko dugu zer egin dezakegun. 

 

Ilusioz hartu al duzu postua? 

Bai, noski, ilusio haundiarekin. Ezagutu ahala, gainera, gero eta hobeto moldatuko naizela uste dut, eta gogotsu nago. 

 

Aukerak ireki al zaizkizu? 

Zalantzarik gabe. Euskaltegian aritzen nintzen lanean, eta bertako lana irakastea zen. Egia da asko gustatu zaidala eta asko gozatu dudala. Lan hau beti da antzekoa: materiala prestatu, klasea prestatu, eta irakatsi. Oraingo lan honek, euskera eta hezkuntza hartzen ditu baitan, hori ez da ahaztu behar. Alde horretatik, izugarrizko aukera dela ikusten dut: hezkuntza teknikari lanpostuak ematen dizu beste arlo askotan eskua sartzeko aukera eta eragiteko aukera. 

 
32 urteko ibilbidea egin du Maloresek, eta orain zeuk hartu duzu batuta… Nola sentitzen zara?

Alde batetik, ardura haundia da niretzat eta badaukat nolabaiteko presioa. Azkenean, Maloresek lan haundia egin du bere ibilbidean, bide bat markatu du eta pauso itzelak eman ditu. Orain, niri dagokit hori guztia hartzea eta nik ere ibilbideari jarraipena ematea, nire modura bada ere. Nik ez ditut 30 urte egingo lanpostu honetan, baina, esan bezala, saiatuko gara Maloresek jarritako norabide horretan pausuak ematen. 

Eta, beste alde batetik, gogoa, nire ekarpenak egiteko gogoa dut, eta ahal dudana emateko irrikaz nago. 

«Ezin dugu lasaitu lau puntu igo direlako; nik uste dut Hernanin aukera dagoela datu hobeak ateratzeko»

 

Euskaltegiko irakaslea izatetik, euskera teknikari izatera, asko aldatzen al da bizitza? 

Bizitza aldaketa baino, lan aldaketa da, oso lan ezberdinak baitira. Euskaltegian irakatsi egiten duzu, eta hor arlo bakarra lantzen duzu. Oraingo lanpostu honetan, arlo asko lantzen dira, frente asko dauzkagu aurrean. Beraz, oso lan ezberdinak dira, bai.

 

Momentu honetan, zein proiektu dauzkazue eskuartean? 

Momentu honetan, interesgarriena da Malores Etxeberriak, Aztikerrekin batera,  2021ean egin zuen gogoeta prozesu bat, herriko eragileekin landu zena. Bertan, aztertzen da euskeraren egoera nola dagoen Hernanin, eta horri nola aurre egin (Euskararen normalizazioa Hernanin: Nola egin aurrera, 2021). 

Orain, gogoeta prozesu hori hartu eta plan batera ekarri nahi dugu, bertan egindako hausnarketak eta ondorioak hartu, plan batean txertatzeko. Berriz ere eragileekin jarriko gara harremanetan, plan hau elkarrekin egin nahi baitugu. Azkenean, argi utzi nahi dut ni Hernaniko euskera eta hezkuntza teknikaria banaiz ere, talde lana dela, eta denon ardura dela, herri moduan. 

Horrez gain, kanpoko aholkularitza ere izango dugu, plan hori jorratzen joateko. Baina aurtengo eginkizuna da datozen urteetarako norabide hori markatzea, gidalerro batzuk eta helburu batzuk markatzea. Hori da orain esku artean daukagun proiekturik garrantzitsuenetako bat.

«Argi izan behar duguna da gu garela gutxituak, gu garela ezin dugunak gure bizitza erabat euskeraz egin».

 

Joan den astean atera ziren hizkuntzen erabileraren kale neurketaren datuak. Datu hauek ezagutu baino lehenago… nolakoa uste zenuen zela Hernanin, euskeraren erabilera? 

Nik uste euskeraren munduan gabiltzanok, gehienok behintzat, pertzepzio bera geneukala: euskeraren erabilera jaisten ari dela, moteltzen ari dela. Pertzepzio horretan oinarrituz, beldurra izan dugu, zer etorriko ote galdezka. Eta igoera txikia etorri da. Ez dakit lasaitzekoa den, baina pertzepzio horrekin geunden. Euskeraren erabileran, euskaldunok oso lasaituta gaude, eta erderara oso erraz jotzen dugu. Hori zen gure ustea. 

 
Eta orain, datuak jakinda (%33,3), zer daukazu esateko? 

Jaistea baino, hobea da apur bat gora egitea noski, jakinda aurreko urtean beherakada izan zutela datuek. Oro har, uste dut oso kontutan hartu behar dela datu hau. Aipatu moduan, igoera bat da, baina puntuala. Esan nahi dut, joera balitz hobe, baina hori ikusteko dago. Ezin dugu lasaitu lau puntu igo direlako; nik uste dut Hernanin aukera dagoela datu hobeak ateratzeko. Batzuetan, datuek gora egiten dutenean, lasaitu egiten gara, eta ez dut uste lasaitzeko moduan gaudenik. Lanean jarraitu behar dugu, eta euskaldunok behintzat, kontzientziatu egin behar dugu eta aktibatu beharrean gaude. Oraindik gora egin behar dugu! 

 

Zer daukazu esateko Hernanin sortu den Burrunba izeneko gazte euskaltzaleen taldeari buruz?

Gazteen indarra behar dugu. Gu zirikatu behar gaituzte, eta batez ere helduak garenoi. Izan ere, datuetan ikusten da gazteok aktibatu behar gaituztela. Behar dugu zirikatze lana, izenak esaten duen bezala, ea burrunba haundia ateratzen duten.

  

Tasa erabilera hau igotzeko, ekimenen edo egitasmoren bat aurreikusten al duzu?

Ez da egitasmo jakin bat behar, gauza gehiago behar dira. Euskera zerbitzutik hori bultzatu nahi dugu, egingo dugun plan hau ere horretara dator. Hala ere, ekimen kolektibo bat dela uste dut. Denon artean egin beharreko lana da, eta denok jarri behar ditugu helburuak, denon gain hartuz erantzukizuna. Ekimen asko beharko dira, modu askotakoak, sentsibilizazio kanpainak… Euskera sailak, eragileek, elkarteek, herritarrek, modu batera edo bestera, denok bultzatu behar dugu. 

«Etorkinak ez dira arazoa. Arazoa gugan dago, guk aktibatu behar dugu euskera eta guk egin behar dugu euskeraz»

 

Hernanin atera diren datuei dagokienez, Soziolinguistika Klusterra ikerguneak ondorioztatu du baikorrak direla, euskeraren erabilerak ia lau puntu egin baitu gora. Ondorio horrekin ados al zaude? Baikorra al da? Zergatik?

Baikor hori matizatu egingo nuke. Ni ez bainaiz hain baikorra ateratako emaitzarekin. Poztekoa da gora egitea behera baino. Hala ere, horrek bertigo apur bat ematen dit. Izan ere, lasaitzeko arriskua ikusten dut, eta pentsatzekoa ondo goazela. Baina, errealitatean, ez da hala. 

Gauza asko daude egiteko. Nire ustez, lasaitu xamar gaude, eta aktibazioa behar da. Beraz, ondorio horiek kakotx artean hartu behar dira, eta ikusi behar dugu %33, Hernanin dagoen ezagutzarekin, datu apala dela. Nire ustean, garrantzitsua da eustea edo jakitea zenbat dagoen egiteko eta zenbat egin dezakegun. 

 
Txostenean aipatzen da, Hernanin, migrazioaren ondorioz udalerrira etorri diren herrikideak, besteak beste, euskerarenganako jarrera eta hautua kontutan izatekoa dela. Zer iritzi duzu horri buruz? 

Argi eta garbi esango dut: migrazioa ez da arazo bat euskerarentzat. Euskaldunok aktibatuta egongo bagina eta ahal dugun guztia euskeraz egingo bagenu, etorkinak modu naturalean etorriko lirateke euskerara. Beraz, etorkinak ez dira arazoa. Arazoa gugan dago, guk aktibatu behar dugu euskera eta guk egin behar dugu euskeraz. Etorkinak badatoz, eta horiek integratuko dira, eta hor oso garrantzitsua da zein hizkuntzatan hitz egiten dugun. Ardura gurea da eta ez etorkinena. 

 

Zuk, euskera teknikari moduan, zer egin dezakezu egoera hobetzeko? 

Teknikari moduan, saiatuko gara planak egiten, dinamizatzen… baina lehen esan dut eta garrantzizkoa iruditzen zait azpimarratzea, denon lana dela. Euskera zerbitzua hortxe egongo da, ni neu, teknikaria ere, baina hau denon arteko lana da. Zenbat eta elkarlan haundiagoa, zenbat eta kolaborazio haundiagoa, eta beti edukiko ditu ondorio hobeak. 

 

Hernanin, zein da euskeraren erronka? 

Euskeraren erabilera asko igotzea litzake. Orain egingo dugun plan horretatik, gustatuko litzaidake ateratzea helburu batzuk, datozen urteetan lana egiteko. Hau da, adostuko dugu nora heldu nahi dugun, pixka bat denok jakiteko zer lortu nahi den, eta ez euskera zerbitzuak lortu nahi duena, baizik eta herriak lortu nahi duena. Horretarako, gidalerro batzuk adostu beharrean gaude. Eta hor, bakoitzak bere eremutik, lana egitea, denok jomuga berdina izanik, helburu horiei begira, bakoitzak beretik, baina elkarlanean. Argi edukiz nora heldu nahi dugun, eta denok norabide berean arraun eginez. Bakoitzak bere indarrarekin, baina helmuga berera helduz. 

Azken aldian, gainera, euskeraren aurkako mezuak entzuten dira, eta euskaldunok horren aurrean aktibatu behar dugu. Jakin behar dugu horri nola erantzun, argi izan behar dugu zein den gure diskurtsoa. 

Badirudi gu garela besteak baztertzen dituenak. Baina ez da horrela, eta argi izan behar duguna da gu garela gutxituak, gu garela ezin dugunak gure bizitza erabat euskeraz egin. 

 

Udal euskaltegiko irakasle izatetik, euskera eta hezkuntza teknikari izateko saltoa eman du Nazabalek.  

 

Euskaraldia laster hasiko da, zer iruditzen zaizu ekimen hau? Funtzionatzen al du? 

Lehenik, esan beharra dut, zorionez, Hernaniko Udalak euskeraz funtzionatzen duela. Hori lorpen garrantzitsua da, ez euskera sailak bakarrik, hirigintzak, kulturak… 

Euskaraldiari dagokionez, beldur pixka bat ematen dit: esan nahi dut, euskaraldian parte hartzen dugu, txapa jarri dugu, jardun dugu aste batzuetan euskeraz, eta listo, ‘kunplitu’ dugu. Horrek lagundu badu ohitura aldatzen eta kontzientzia hartzen euskeraz bizi behar dugula, ederki. Baina, nire beldurra hori da, Euskaraldia amaitu, eta jendeak esatea ‘kunplitu’ duela. Bi alderdi ikusten ditut hor, Euskaraldia egitasmo potentea da, baina ‘baina’ bat dauka. 

Eduki behar dugu buruan helburua ez dela euskeraz hitz egiteko 'kupoa' betetzea, baizik eta euskeraz bizitzea. 

 

Nola ikusten duzu herriko egoera hizkuntza aldetik, etorkizun batean?

Gauza bat da nola ikusi nahi dudan eta beste gauza bat da nola ikusten dudan. Beraz, alde batetik, nik nahiko nuke Hernani bat euskalduna. Behintzat gehienok euskeraz egingo genukeena, eta, gainera, eroso biziko ginatekeena. Hau da, edozein lekura joan eta euskeraz eroso jardungo genukeena. 

Beste alde batetik, etorkizun hurbil batean Hernani ikusten dut aukera haundiekin eta arriskuekin. Nik uste, momentu honetan, salto haundi bat emateko moduan gaudela. Izan ere, gaur egun ia ume guztiek dakite euskeraz, ia gazte denek dakite, eta 40 urtetik beherako gehienek ere badakite. Beraz, alde horretatik ikusten dut sekulako aukera daukagula, salto erraldoi bat emateko. Baina, bestetik, ikusten dut oso lasaituta gaudela. Momentu hori ez badugu aprobetxatzen, atzera egiteko arriskua dugu. Kontzientziatu behar dugu aukera haundia dugula, eta benetan euskeraz bizi nahi badugu, eta euskaldunak izan nahi badugu, horretan jardun behar dugula buru-belarri.

Horrenbestez, ni horrekin geldituko nintzateke, badaukagula aukera haundia saltoa emateko eta euskeraz bizitzeko. Denon lana da, eta euskeraz bizitzeko ahalegintxo hori egin behar dugu

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!