Lander Arbelaitz Mitxelena
Elkarrizketa: ARGIA
Zergatik sartu zinen euskara teknikari?
Kasualitatez. Beti ibili izan naiz euskararen munduan. Hamar urte neramatzan helduen euskalduntzean, AEK-n lehenik eta Ilazki euskaltegian gero. Asko gustatzen zitzaidan. Halako batean, Hernanin zinegotzi zebilen Koro Etxeberria lagunak esan zidan euskara teknikari postua aterako zela, niretzat egokia izan zitekeela. Garai haietan ari ziren sortzen euskara zerbitzuak udaletan. Gu ez ginen Hernanin bizi ere, Tolosan baizik, eta Donostian egiten nuen lan. Nirea bezalako profil bat bilatzen zutela esan zidan eta azkenean aurkeztu egin nintzen. Han aritu naiz ordutik, baita Hernanin bizi ere.
Euskarari dagokionez, zein zen panorama herrian?
Oso ezberdina. 1990 urtea zen, eta garai hartan Jaxinto Fernandorena Setien zen itzultzailea Udalean, oso gizon ezaguna. Udalean dena erdaraz sortzen zen, eta hark gauza batzuk itzuli eta bi zutabetan jartzen zituen. Bera bazebilen langileei euskara irakatsi nahian eta euskarazko ekimenak bultzatzen zituen. Udalak erabat funtzionatzen zuen gaztelaniaz, nahiz eta baziren politikari euskaldunak. Herri Batasuna zegoen alkatetzan eta udal-gobernuan, baina euskara ez zen bizi batere. Ni teknikari sartzean euskara zerbitzua sortu genuen administrari batek, itzultzaile batek eta hiruok.
Eta kalean?
Ni Zaldibiatik nentorren, oso herri euskalduna, eta herri erdaldun xamarra aurkitu nuen. 1955etik 1965era izan zuen migrazio izugarriarekin, oso normala zen. Etorkinen ehuneko oso altuak zituen Hernanik. Ni iritsi nintzenerako ikastolak eta gau-eskolek bazeramaten urte mordo bat herrian lanean. Bazegoen euskararen inguruko mugimendua.
Garai hartan esan izan balizute 30 urte barruko egoera irudikatzeko, zer erantzungo zenukeen?
Ez nukeen irudikatuko Udala iritsiko zenik 30 urtetan euskara hutsean funtzionatzera, ez nuen uste lortuko genuenik. Eta herri mailan kontrakoa, aurrerago joango ginela. Gauza asko egin da, baina urrun gaude nahi genuenetik edo uste genuenetik.
Txosten mamitsua argitaratu du Hernaniko Udalak, Aztiker ikerguneak lagunduta. Euskararen normalizazioa Hernanin, nola egin aurrera, 2021. Gustura geratu zarete?
Bai. Mundu guztia esaten ari da euskara bidegurutzean dagoela, oso momentu garrantzitsua dela... eta guk oso nabarmen sentitzen genuen hori. Geure buruari galdetzen genion ea nondik jo behar genuen aurrera, ez genekien. Gauza askorekin esperimentatu da, batzuk ongi atera dira, beste batzuk gaizki, baina nagusiki nora goaz? Hori zen galdera. Nondik jo behar da? Zer esan behar dugu? Zein diskurtso erabili? Edozein gauzak balio du? Dena dago ongi? Nora iritsi nahi dugu? Zer behar du hizkuntza honek irauteko, bizirauteko? Eta horri normalizazioa deituko diogu? Elebitasuna? Hizkuntz berdintasuna? Non egon behar genuke ez desagertzeko?
Euskalgintzaren helburuak ez direla argiak diozue. Eta zuen ustez nora jo behar genuke?
Lan honetan nabarmendu da guk iritsi nahi dugula euskaraz funtzionatuko duen komunitate bat izatera, eta jakitun gara leku batzuetan hori 30 urtean lor daitekeela, beste batzuetan 50ean eta agian beste batean 100ean, hizkuntzaren normalizazioa ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Eta nahi dugu beste hizkuntzekin koexistentzian eta elkarlanean bizi, baina nagusiki euskaraz funtzionatuko duen sisteman. Nabarmendu da euskalduna eroso egongo den egoera batera joan behar dugula. Horrek ere, eroso egoteak segur aski zentzu ezberdinak har ditzake. Baten bat agian eroso egon daiteke txoko batean, baina ez doa hortik guk dioguna. Horrela definitu dugu: estresik gabe eta bizimodu osoa euskaraz egin ahal izateko moduan bizi nahi dugu. Badakigu oso handia dela.
Euskararen sustapen kanpaina nagusien “epelkeria”-rekin amaitu beharra jaso duzue. Ausardiarik gabe gabiltza euskaldunak?
Bai, batere ausardiarik gabe eta oso kikilduta. Mentalki oso kolonizatuta sentitzen gara. Ez gaude beldurtuta epaitegiek-eta ez dakit zer esango dutelako, hori litzateke gainditzen errazena gu fuerte egongo bagina. Beldurra barruraino sartuta dugu. Nik uste horregatik ez ditugula politika ausartagoak egiten.
Pentsatzen dut zenbaitek ez duela nahi ere. Egun nagusi den epelkeria orokorra ez da soilik ez gaudelako ahaldunduta, baizik eta batzuek ez dutelako epelkeria horretatik atera nahi, ausartago jokatu nahi. Beraiek badakite nora joan nahi duten. Agian konformatzen dira elebitasunera iritsita, ulertuta hori gaztelaniaz sortzen jarraitzea eta itzultzaile batekin euskaraz ere jartzea dela, zuri ele bietan emateko eta, ziurrenik, zuk erdaraz irakurtzeko… agian batzuentzat nahikoa da. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua nora iritsi nahi dugun definitzea.
Epelkeriarekin lotzen duzu euskaldunen ahalduntze eta argumentario falta jarrera euskarafoboen aurrean?
Mentalitate kolonizatuarekin lotzen dut. Oso zokoratuta gaude eta indar oso handia du beste korronteak. Asko kostatzen zaigu kontrako diskurtso bati erantzutea, aurre egitea, argumentu txukunekin, “gure hizkuntza zaharra da” eta halakoetan erori gabe. Hori ere bai, baina eh! Nik zuri euskaraz egiten badizut ez da diskriminazio bat, nire eskubidea da. Eskubide horien defentsa, zer den diskriminazioa eta zer ez den, tolerantea den edo ez den... hori dena ez dugu batere jantzita. Eta asko kostatzen zaigu, oso deseroso sentitzen gara eta. Azken urteetan ahalduntzearen aldetik doa diskurtso asko. Pertsona batzuk indibidualki ari gara ahalduntzen, baina komunitate gisa ez dut ikusten. Adibidez, auzo bateko bilera ireki batera joan da alkatea eta euskaraz hasi da, argi duelako hala egin behar duela eta irizpide batzuk dituelako... eta auzotar euskaldun batek esango dio “barkatu, baina hemen erdaldunak ere badaude...”. Beti izango da euskaldun bat, deseroso sentitzen dena ez dakitenengatik, iruditzen zaiolako bestea baztertzen ari dela. Oso lan konplexua dago egiteko, oso barneratua baitago jarrera hori. Lan handia dago ahalduntzen komunitate euskalduna, borroka honen nukleoa.
Zuen dokumentuko parte-hartzaileetako batek dio eskolan ikasleak erabat desarmaturik daudela, ez zaiela transmititzen hizkuntza zapalkuntzaren historia, euskararen memoria, euskaraz hitz egitearen arrazoi politikoak... eta dena kontsentsuaren izenean dela.
Desideologizazioarena nabarmen atera da lan honetan; ideologietatik kanpo utzi behar dela hizkuntzarena. Horrek ez du funtzionatzen, erabat ideologikoa da, baina etxebizitzaren afera edo ekologia izan litekeen bezain politikoa. Uneoro ari gara hizkuntzaren bueltan. Gazteenei ez diegu transmititzen: nondik datorren hau, zergatik gauden gauden bezala, kontzeptu soziolinguistikoak txukun xamar, ahalduntze ariketarik ez, argumentario bat ez... eta beraz, geratzen da euskara hautu libre bat balitz bezala, ingelesa ikasiko bazenu bezala. Eta ez dut orokortu nahi, ziur badirelako oso ongi ari diren irakasleak ere, baina nola irakasten da hizkuntza eskoletan? Zer gramatikala eta teknikoa den askorentzat, ia-ia gorrotatzeko moduko zerbait bihurtzen da gazte askorentzat. Euskaraz hitz egitea hautu kontzientea da eta gramatikatik harago doazen arrazoiek askoz indar gehiago dute bere alde egiteko. Zergatik hautatu behar dut euskara? Eta hori gazte askori gertatzen zaio, biak dakizkite, biak hauta ditzakete. Desideologizatzea alde horretatik hanka-sartze handia da, kontrakoa egin behar da, ideologizatu, hizkuntza-gatazka hori agerian jarri. Gatazkatsua baita gaia.
Euskara doan ikasteko aukera askotan aipatzen da txostenean. Nola da posible ez izatea oraindik doakoa?
Hori ikaragarria da. Batetik, zergatik ez den doakoa? Batzuek ez dutelako iritsi nahi helburu batzuetara, edo ez dutelako helburu hori planteatu. Ez da diru kontua, ni konbentzituta nago horrekin. Beste gauza batzuekin konparatuta, huskeria bat da. Nahitaezkoa da doakotasuna lortzea. Esparru honetan udalek adabakiak jarri dituzte diru-laguntza potenteak eskainiz, ez direlako beste maila bateko erabakiak hartzen. Baina beti aurrez ordaindu behar da eta gero itzultzen da dirua. Ez da doakoa eta edonorentzat da garestia lehen ordainketa hori. Ez luke pagatuzkoa izan behar berezko hizkuntza ikasteak. Nik uste dut helduen euskalduntzeari ez zitzaiola eman behar zuen garrantzia, eta hori lehen aipatutako migrazio olatuarekin ere gertatu zela. Orain dela 40 urte egindako hautuan, etorritako erdaldun horien seme-alabek ikasiko zutela kalkulatu zen, irakaskuntza euskaldunduta. Baina helduentzat beste lehentasun batzuk daude: lana egin behar dute, hizkuntza zailegia dela esaten diegu geuk. Eta gero epaile batek esaten duenean 40 urte beranduago, kontziente izan zuk landu duzula hori, azpitik. Euskara zaila? Nola irakasten dugun izan liteke beste gako bat. Helburu komunikatiboekin irakasten dugu, ala beste helburu batzuekin ari gara, adibidez, tituluak ateratzeko? Euskaltegiak urtez urte joan dira batez ere bigarren helburura, ez hainbeste erabilera elikatzera.
Bestetik, euskaltegia edo ikastetxea badira euskara ikasteko leku bakarrak eta gizarteak jarraitzen badu gaztelaniaz funtzionatzen, gertatzen ari den bezala, pertsona horrek 10.000 ordu sartuko ditu, ez dio balioko lanerako, eta gainera, ez du entzungo hizkuntza hori. Inbertitu da helburu batzuetan baina ez dira osatu inguruak, ez dira elikatu. Batzuentzat zaila bihurtzen da ikastea, eta euskalduntze prozesuak luzatzen dira, bada jendea bost urtez ikasi duena eta ez dakiena. Nola da posible? Bost urtez joan zara euskaltegira hiru egun astean eta ezin duzu ikasi? Eta azkenean berak ondorioztatzen du oso zaila dela euskara. Ez, ez, ez da oso zaila. Nora daude bideratuta ikasketa horiek? Zer osagarri dauzka pertsona horrek kanpoan? Lan munduan zero. Bere lagunartean zero. Erosketak egitean zero.
Orain migrazio fluxu berria jasotzen ari gara.
Migrazio berriarekin ere, nik uste hanka-sartze bera egiten ari garela, diskurtsiboki eta praktikan. Datozen gurasoei transmititzen ari gara: “Beno, zuek hobe duzue gaztelania ikastea lehenik, zeren hori behar-beharrezkoa duzue –eta gainera egia da–, eta euskara, beno, hor duzue euskaltegia eta lagunduko dizuegu”. Helduen ikastetxeek erdara hutsean funtzionatzen dute eta beraiek horra joaten dira gaztelania ikastera. “Beno, beren seme-alabek ikasiko dute”, diogu. Baina seme-alabek ez dute ikasten, ez dugulako behar adinako baliabiderik jartzen ikastetxeetan eta gizartean. Eta gurpil batean sartzen gara. Eta berriro dator jende bat familia edukitzeko adinaren bueltan, 35-40 urterekin, erdalduna edo lehenik erdaraz ikasten duena. Berriro ari gara elikatzen fenomeno bera, aurrekoari irtenbide txukunik eman gabe. Egoera eta arrisku hori oso ongi deskribatu zuen Iñaki Larrañaga soziologoak bere lehenengo lanean: Hernani 1962. Estudio sociológico de un pueblo industrial guipuzcoano.
Euskarak gizartearen oinarria izan behar duela aldarrikatzen duzue eta ez gaur egun bezala, “balio erantsia”. Zertan datza ikuspegi aldaketak?
Urte askoan ibili gara, eta ni tartean, komertzio, enpresa eta abarri esaten euskara balio erantsia zela. Salmentetan erabiltzen ziren terminologiak hizkuntzaren gaira ekartzeko joera egon zen, marketina, ongi saltzeko hizkuntza bera. “Zure establezimenduan jartzen badituzu afixak euskaraz ere, eta zuk ikasten baduzu pixka bat, ekarriko dizkizu bezero gehiago, zeren euskara balio erantsia da”. Batetik, ez du balio, ez delako egia. Bai, badaude pertsonak hautua egiten dutenak, hizkuntza tarteko, hemen edo han erosi; baina ez da nabarmena. Horretaz berehala konturatzen dira negozio bat dutenak, zer esanik ez migratzaile berriak. Hasieran pentsatzen zuten agian horrek erakarriko zuela bezero gehiago, eta ondo geratzen ziren horrekin, hobeto. Hortik aurrera ez zen ezer pasatzen. Gaur egungo migratzaileek ere oso harrera ona egiten dute eta jarrera txukuna dute, eta guk ez dugu behar den moduan exijitzen eta erantzuten. Beraiek konturatzen dira bezeroek ez diotela esaten “menu hau erdara hutsean duzu” eta abar.
Ez da egia euskara balio erantsia dela; eta gainera, ez du izan behar. “Nik bertako produktuak eskaintzen ditut, gainera ordutegi zabala dut eta gainera euskaraz ere emango dizkizut”. Ez, ez, barkatu: “Nik euskaraz ematen dut zerbitzua oinarrizkoa delako eta zu euskalduna izaki zure eskubideak errespetatu behar ditudalako. Behartuta nago zure eskubideak errespetatzera –nahiz eta euskaldun horrek ez dion asko exijitzen–. Eta gero, prezio txukunak dauzkat, bertako produktuak eta abar”. Eta egia da, ez da hautu bat berriro ere. Balio hori eduki egin behar duzu, bestela diskriminatzen nauzulako.
Euskarak gizartearen oinarri izateko, mekanismo errealak eskatuko ditu bermatzeko espazio eta subjektu guztiek erabiltzeko moduko elementua izango dela?
Sistematizazioa garrantzitsua da eta ez soilik oinarri izateko. Izugarrizko baliabideak eskaini, exijentziak jarri eta tamainako planak egin behar dira. Udaletik ari naiz, ni asko hor egon naizelako eta hortik dagoelako egina txosten hau, baina iruditzen zait ez garela iristen, ezta gutxiago ere erakundeetatik. Badago beste presio sozialaren eta exijentzia sozialaren beharra. Nahitaezkoa da.
Ez al da asko instituzionalizatu euskararen aldeko borroka?
Dokumentuan batek garrantzi handia aitortzen zion horri: “Izan behar du kalekoagoa”, lotsagabeagoa, desobedienteagoa... instituzionaltzen diren borrokak, hasieran feminismoa bezala, gero emakume taldeek eta indarra hartzean aldatu zen. Orain feminismoa da asko aipatzen dena, baina nik uste borroka asko direla elkarrekin doazenak. Hizkuntzak ere egon behar du beste borrokekin batera, hizkuntzak egon behar du ilusio eta eraldaketa handiago baten barruan. Horrek eramango du aurrera edo bestela ez du ilusiorik pizten. Gaztearen ezaugarrietako bat da aldatu nahi dituela gauzak, eta badabilela gauza askotan aldatzeko. Hor egon behar du hizkuntzak ere. Egin diren aldaketa nagusiak, hizkuntzaren gaian egin dira beste ilusio batekin: ikastolen mugimendua, gau-eskolena, lan mundukoak... mugimendu ekologista, feminista eta abarrekin batera egin dira.
Euskarak diskurtso unibertsal eta barneratzailea behar duela ere badiozue. Zer esan nahi duzue?
Aipatzen ari garela euskal nukleoa ahalduntzea garrantzitsua dela, baina aldi berean, gizarte osoa inplikatu behar dela. Ez hainbeste seduzitu edo limurtu. Historia hau konplikatua baita, gatazkatsua eta deserosoa. Baina egin behar diren politikak izan behar dira gizarteko beste sektore guztiak ekarriko edo inplikatuko dituztenak, exijentzia batzuetatik. Adibide bat: imajinatu ikastaro guztiak euskaraz jartzea erabakitzen dugula herrian. Beno, zergatik ez? Baina guk baliabideak jarri behar genizkieke hor parte hartu nahi duten ez-euskaldunei. Badaude aukera piloa. “Pilates ikastaroan eman nahi dut izena, bizkarreko minez nabil, dena euskaraz eskaintzen duzue eta nik ez dut mailarik”, dioenarekin zer? Beno zurekin lan bat egin beharko dut: terminologia hau erabiliko dugu, hau esan nahi dugu, minimo hauek erakutsiko dizkizut, jarriko dugu sistema bat zuk ulertzeko moduan... Baina pertsona horrek ulertu eta onartu behar du ez dutela denek hizkuntza aldatuko beregatik eta berari ongi datorkiola euskara ikasteko euskaltegira joan gabe, hemengo berezko hizkuntza euskara delako. Pertsona hori ahaldundu behar duzu, ez dadin aurka jarri esanez herri hau diskriminatzailea dela. Baliabideak jarrita ere, segur aski egongo dira tentsioak, arazoak eta gatazkak. Baina gatazka hori edo agerian jartzen dugu, edo amaituko dugu pilates erdaraz eskaintzen batek ez duelako ulertzen. Euskara hutsean funtzionatzen duten espazioak sortu behar ditugu eta horra ekarri ez dakitenak ere.
Horretarako aukera dagoela, unea dela eta beharra dagoela diozue txostenean.
Oso fenomeno interesgarria sortzen da, adibidez, ekitaldi batean gaztelaniazko itzulpena entzuteko kaskoak eskaintzean ustez ulertzen ez duten entzuleei. “Euskaraz da hitzaldia, tori, hartu kaskoak”, esan norbaiti eta “lasai, pixka bat ulertzen dut...”, erantzungo dizu askok. Hernanin oso nabarmena da, antolatu diren foro gehienetan, hitzaldi, ikastetxeetako bilera eta abarretan, gutxienekoa da ulertzen ez duena eta kaskoak jantzi behar dituena. Imajinatu zer astakeria egiten ari garen hitzaldi, kurtso edo ekitaldi horiek guztiak gaztelaniaz planteatuta. Sustatu behar dira geroz eta espazio gehiago, baina antolatzaileak izan behar du argumentario garbia jakinez nora goazen. Erantzuna da nahi dugula herrian geroz eta espazio gehiagok funtzionatzea euskaraz. Eraso diskurtsibo horiei erantzuteko oso ongi izan behar da hornitua burua. Eta haserretu ere egin zaitezke, beti asertibo izatea ez baita posible. Laugarren aldiz gauza berarekin etortzen bazaizu norbait, ez duzu zertan beti jator izan behar. Baina argumentarioa prest eduki behar da: zergatik egiten ari gara gu hau?
30 urtetan ekimen asko egin dira. Azkenak aipatzearren, zuek Hernanin urte osoko Euskara Ari Du ekimena egin zenuten eta gero Euskaraldia etorri zen. Azken honi buruz iritzia galdetu nahi dizut.
2018an izan zen Euskara Ari Du ekimena, urtebeteko erronka. Kointziditu zuen gure ekimenaren amaierak Euskaraldiaren lehen edizioarekin. Nik helburuarekin bat egiten dut, ahalduntze ariketa bat da, hizkuntzari eustea. Hala ere, gauza asko ikusten dizkiot. Batetik, nik uste handiegi bihurtu dela berehala. Alegia, gurea oso txikia eta lokala zen, baina ezin izan diogu eutsi gure eskeman eta modu autonomoan. Antzeko helburuak dituen beste proiektu askoz ere globalago batek jan du. Izan liteke ona globala izatea, gaia Euskal Herri mailan antolatzea, baina baditu bere alde txarrak ere. Besteak beste, leku eta egoera oso ezberdinetan oso gauza berdina egin beharra. Nire ustez hori ez da hain interesgarria izan eta eremu ezberdinen autonomiari dagokionez, gauza egokituak egiteko arazo bihurtu da.
Bestetik, hain handia izaki, antolaketak berak izugarrizko zama eramaten du, eta hamabost egun irauten duen proiektua prestatzeko bi urte behar dira. Pasatzen dira egun horiek, ebaluazioa egiten da eta beste urte eta erdi igarotzen dira antzeko beste zerbait prestatzeko. Tarte horretan ez dago jarraikortasunik leku gehienetan, zeren hainbestekoa da makinaria, hainbestekoa bilera, batzorde, marketin eta beste, bukatzen dela “Hemendik bi urte arte!” esanez. Azkenik, kalera ateratzen direnak laborategiko proiektuak direla iruditzen zait, mezuetan konplexutasun gehiegirekin. Ulertzen baduzu horrela egin behar duzu, baldin badakizu horrela, halakoa aurkitzen baduzu horrela... Arigunea, kanpo-arigunea, barne-arigunea... segun zein momentutan, nahiz eta jakin, posible duzu ez egin, hau da, ahobizi eta belarriprest izan zaitezke batera... oso konplexua bilakatu da... istorioa denean eutsiozu hizkuntzari.
Baina Euskaraldiaren planteamendua ez da “eutsiozu hizkuntzari”. Ariketa kolektibo hauek hasi zirenean Egian, Añorgan, Hernanin... bazen hori, baina belarriprest figura sortu zuten momentutik, jada beste zerbait da.
Hori da. Ez dakit zeren izenean, lio handi bat dago, baita rebaja handi bat ere, denak kabitzen saiatzeko. Baina agian ez dute kabitu behar denek. Konpromiso batzuk daude, eta konpromiso horiek batzuek hartzen dituzte eta beste batzuek ez. Txapa jartzea ez da konpromiso bat, konpromiso bat da euskarari eustea. Eta ez da hain konplexua: eutsi. Nik uste dut ez dela asmatu horrekin. Baten batek esango du: “begira nola geratu diren ahobizi eta belarriprest izenak, irudi horiek barneratu dira”. Baina ez dut uste sendotasunez barneratu direnik. Eta horrelako gauza asko ikusten dut. Gainera, bi urteko sekuentziazio horrekin, euskararen alde daudenen kanpaina bat bihurtzen ari da: Ni ere euskararen alde. Hori plazebo hutsa da, plazeboekin bizi gara eta hori oso arriskutsua da. “Euskaraldia antolatu du eta hirugarren edizioa da”, esaten dute. Ze ongi! Eta emaitzak zein dira? Jakin egin behar baita irakurtzen eta interpretatzen. Medioek esaten dizute %20 igo da ez dakit zer... barkatu, baina zeren %20? Fartsa bat da. Uste dut hori txarra dela, espejismoak sortzen dituelako. Korrika askoz ere hunkigarriagoa da eta arazo horiek ere baditu. Zer esanik ez Kilometroak, Herri Urrats eta konpainiak. Euskaren alde egotearen fasea bukatu behar da, hizkuntzari eusteko ariketak behar dira.
Sedukzioaren diskurtsoari indar handia eman izan diote batzuek: euskaraz jakin bai, baina, bizitza erdaraz egiten duten pertsonak erakartzen saiatzea. Bide antzua izan dela baloratu duzue txostenean eta planteamendua aldatu beharra dagoela adierazi. “Frakaso totala izan da”, dio txostenean parte-hartzaileetako batek.
Denok kabitu behar dugu, denak egon behar dira eroso... eta nik diot: salbu eta batzuk. Zeren hemen minak eta diskriminazioak ematen du bakarrik sufritzen dituztela euskara ez dakitenek. Dakigunok, ordea, min handiak sufritzen ditugu, behintzat kontziente garenok. Hizkuntza aldatu beharrarekin, harekin hala egin beharrarekin, “hara joan naiz eta erantzun txar bat bota didate euskaraz egiteagatik”... min handiak daude. Gogoratzen naiz Dolor de Llengua idatzi zuen Enric Larreulari elkarrizketa bat egin geniola eta min horiek adierazten zituela. Hemen bere burua erreprimitzen eta ultzera batzuk hartzen ari direnak ez dira soilik diskriminatuta sentitzen diren erdaldunak, hemen euskaraz hitz egiten dugulako oso gaizki sentitzen direnak. Atera behar dugu gurea ere. Erakarri bai, baina exijitu ere bai. Eta lehen aipatu duguna: euskarazko espazioak sortu, baliabideak eman ulertzen ez dutenentzat... baina helburua ahaztu gabe: Euskaraz funtzionatuko duten herriak eta komunitateak sortu behar ditugu.
Hernaniri etorkizun iluna ikusten zaio dokumentuan. Donostiaren ondoan, metropolizazio-prozesu sakona bizitzeko arrisku handia duela ikusi duzue. Nola sartu hizkuntzaren ardatza horrelako diru etekinak ematen dituzten proiektuetan?
Elkarrekin aritu behar dugu udalek. Interdepartamentalitatea aipatzen da txostenean. Nik uste Hernaniko Udalean hori badagoela, batez ere alderdi sozialean lan egiten dugun departamentuen artean. Migrazioa, gazteria, kultura, euskara, hezkuntza, kultura... ez dira soilik euskaratik egiten planteamenduak, baizik eta adibidez, euskararen inguruko planteamenduak egiten ditu migrazio sailak ere. Urrutixeago daude hirigintza edo urbanismoa. Badaude ELE proiektuak eragin linguistikoa neurtzeko, UEMAk eta bultza zuten protokoloa. Horren arabera, herri batean hirigintza prozesu bat planteatzean hizkuntzan izango duen eragina aztertu behar da. Kontua da, aholku emailea dela, dena bezala. Urteak daramatzagu horrela eta berdin jarraitzen dugula ikusten dut. Kontsumitzaileen lege berria tramitatzen ari da Jaurlaritza eta dena du sustapena; ez dago exijentziarik. Ez azalera handietarako, ez irekitzen diren edo dauden enpresa edo komertzioetarako... Dena da aholkua.
Uste dut hirigintza sailarekin, ELE-ez eta kristoez gain, lana egin behar dela. Izan ere, jakitun izan behar da herri bat antolatzen eta ordenatzen den moduak, fluxu eta bilgune batzuk sortzen dituela. Horrek hizkuntzarekin eta herrigintzarekin lotura zuzena du. Zer egiten dugu, herrian bertan auzo bizitza babestuko eta bultzatuko duen ordenamendua, ala Donostiako saihesbideak egingo ditugu? Hernani hartzen ari da metropoliaren ondoan egoteak dituen arriskuak. Lo hiri bat bihurtzea. Txostenean udal teknikari batek zioen, buruan askotan iraganeko Hernani dugula, bere auzo eta Kaxkoarekin, eta ez dakigula konfigurazio horrek iraungo duen, zer bihurtuko den urbanistikoki Hernani. Zioen egokitu behar ditugula ideiak metropolizazio prozesu horri aurre egiteko.
Badago anekdota oso polit bat hemen [dio Iñaki Larrañaga soziologoak egindako Hernani 1962 liburua erakutsiz]. Oso interesgarria da, ez da hizkuntzan zentratzen, alderdi sozialean eta abar sartu zen. Bada Donostiako turismoaren aipamen bat, esanez, 1962an, Donostia ari zela egiten garapen turistikoa, eta ardura gainetik kenduz, jendea bidaltzen ari zela inguruko herrietara. Eta inguruko herrietan eraikitzen diren etxebizitzak izan behar direla nagusiki herrian lan egiten dutenentzat; ez Donostiatik, bere garapen turistiko kaxkarragatik etorri behar izan dutenentzat.
Aurrera begira, Hernaniko Udalarekin harremana izango duen aholku batzorde bat sortzea planteatu duzue.
Lan hau egitean, oso gertu dabilen jende ugari harritu egin da jakitean Udalak euskara hutsean funtzionatzen duela. Udala zertan ari den transmititzea zaila egiten zaigu, eta aurretik badoa interesatzen zaigu egitea, motor garrantzitsua delako. Bestetik, ni erosoegi aritu naiz lanean, akuilua faltan bota dut. Oso presio sozial eta kontraste gutxi dago. Eta presioa diot zentzu onean, “hemen komertzio guztietan gaztelaniaz daude kartelak eta zer egingo dugu?” eta abar. Erosoegi ari gara lanean profesionalki. Nik uste dut makarrismo gehiago behar dela, instituzioak gehiago presionatu behar ditugu. Beraz, aholku batzordea litzateke kontrasteak egiteko eta denek pilak jartzeko.
Txostenean jasotzen dena gauzatuko balitz, nola irudikatuko zenuke Hernani hemendik 30 urtera?
Ez da erraza. Hernanin eremu asko igaro behar dira euskara hutsean funtzionatzera, eta horrek balio behar du integratzeko datozkigunak eta lehendik hemen daudenak baina euskaldundu ez direnak. Ez aldentzeko, baizik eta integratzeko. Baina maila horretatik: Ez urardotuz, baizik eta ardotuz. Eremu asko euskarazko eremu bilakatu behar dira: kirol arloan, arlo sozialean, bai administrazioan... iruditzen zait horrek erabilera datuak hobetu ditzakeela. Ez soilik euskaltegietan ikasle kopurua handitzea eta han euskara ikastea, baizik eta ikasten ari direnek eta ez direnek eremu asko izatea praktika dezaketen. Horrek balioko die hitz egiteko. Helburuak oso handiak dira, baina helburuek handiak izan behar dutela uste dut. Bideak jorratu beharko dira, segur aski sektore eta eremu batzuetan beste erritmo batzuetan egin beharko da lan, baina uste dut diskurtso horrekin eta lana horra bideratuta egin behar dugula.
Bestalde, Hernani herri bat besterik ez da, eta indar handia du diskurtso orokorrak. Alegia, guk ez dugu iraultza egingo hemen, eta gure diskurtso txikia galdu egingo da seguru aski diskurtso zabalaren barruan. Euskaltzaleok ez baditugu pilak jartzen eta presio soziala egiten, diskurtso orokorra ez da pasako bertsio light horretatik. Gehitu behar dut, uste dudala batzuek ez dutela aurrera egin nahi.
Nori buruz ari zara?
Agintzen ari diren alderdi batzuk uste dut konformatzen direla beste helburu batzuekin. Ez dakit oso ongi zein diren. Adostasunaz hitz egiten dute, baina niri horrek beldur handia ematen dit. Adostasuna nora iristeko? Gaur egun gobernatzen ari direnek, EAJk nagusiki, benetan nora iritsi nahi dute? Hori jakin nahi nuke. Ziur nago gogoetak eginak dituztela, alegia, euskararena ez dela soilik deriban dagoen barku bat, beraiek badakite nora eraman nahi gaituzten bide honetatik. Beraientzat agian nahikoa da Jaurlaritzan departamentu batzuek euskaraz funtzionatzea, ez denak, herritarrak euskaraz ere atenditzeko bitartekoak jartzea eta sustapen lan batzuk egitea. Barkatu, baina horrek ez du hizkuntza iraunaraziko.