Erreportajeak

«Esker bereziak eman nahiko nizkieke, egunero-egunero atea irekitzen zidatenei»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 8a, 00:00

Txentxo Elizalde postaria, Lizeaga auzoan. Azkeneko urteotan, egunero ibili da bertako kale eta plazetan barrena.

Aurreko astean hartu zuen erretiroa Txentxo Elizondok, 40 urtez postari lanetan aritu ondoren; horietatik gehienak, 30 urte inguru, Hernaniko kaleetan. Ezagututako jendea eta sortutako harremanak izan dira, berarentzat, lanbideak eman dion onena.

Aurreko astean banatu zituen bere azkeneko gutunak Txentxo Elizondok, inoiz baino motelago: askok eta askok gelditu zuten kalean, erretiroaz disfrutatu dezala esateko. «Lehen baino okupatuago» dabil orain, baina pozik.

 
Noiz hasi zinen postari gisa lanean?

Egin ditut 40 urte, bost hilabete eta bost egun. Hala jartzen du, Correosek bidali didan gutunean. 19 urterekin hasi nintzen lanean, Donostian, eta telegrafoetan aritu nintzen aurrena, mendian, kableak jartzen. Gerora, Correosen hasi nintzen, orduan bai postari bezala, Donostiako alde zaharrean. Oso gustura aritu nintzen, kaiaren inguruan egiten nuen banaketa.

 

Telegrafoetan aritu zinela esan duzu. Belaunaldi berriek ez dute ezagutu hori...

Ez, gazteek ez dute ezagutu. Lehen, telegrafoak eta Correosek banatuta funtzionatzen zuten. Telegrafoetako lineatatik bidaltzen ziren faxak eta telegramak. Eta gu joaten ginen lineak konpontzera, Gipuzkoa osoan barrena. 10, 12 eta 14 metrotako posteetara igotzen ginen, horretarako.

 

Gerora arrisku gutxiagoko lana hartu zenuen, postari gisa hasita...

Bai bai. Zortzi bat urte egingo nituen telegrafoetan. Oposaketa bat izan zen, funtzionario izateko, baina hura ez nuen aurrera atera, eta hortik Correosera mugitu ninduten. Correosen bai, atera nuen funtzionario izateko oposaketa. 80.000 pertsonaren artean, aurkitu nuen hutsune bat; eta postari bezala hasi nintzen Donostian.

 

Nolatan hasi zinen telegrafoetan?

Berez nire koinatuak hasi behar zuen lanpostu horretan, bera sartu zelako telegrafoetarako lan poltsan, dozena erdi bat lagunekin. Baina astebete lehenago, Seurretik deitu zioten, eta esan zidan ea nik nahiko nuen telegrafoetan bere lekua hartu. Apuntatu nintzen, eta orain arte.

 

Donostian hasi zinen, baina Hernanin eman dituzu urte gehienak.

Donostian urte gutxi egin nituen postari gisa, eta Hernanin 30 bat urtez aritu naiz. Urte guzti hauetan, ibilbidea ere aldatu zait; auzoak haunditzen joan dira, eta auzo guztietatik pasa naiz. Baina ibilbide finkoa, egin dut Plaza Berritik gora: Lizeaga, Txantxilla, Oarso, Aristizabal, Urbieta kalea bukaeraraino, eta erdigunea.

 

Herritar askoren helbidea buruz ikasita izango duzu...

Bai, eta gertatu zaizkit gauza kuriosoak, postalekin adibidez. Postalak ez dira bidaltzen gaur egun, baina garai batean bai, asko. Korrika eta presaka idazten zituzten, eta jartzen zuten izena baina helbiderik ez; akaso posta kodearekin, baina kalerik gabe. Edo kalea jarri bai, baina izenik ez... Adibidez, 'Aitona eta amona, Larramendi kalea', baina ezer gehiago jarri gabe. Eta galdezka ibiltzen nintzen, ea lortzen nuen asmatzea zeinentzako zen. Baina postal asko banatu gabe geratu dira, asmatu ezinda.

 

Zerbitzu pertsonalizatua ematen ere ikusi zaitugu...

Bai, lantokian edota tabernetan banatu izan ditut gutun zertifikatuak edo paketeak. Urteen poderioz, ezagutzen duzu jendea, eta badakizu non entregatu diezaiokezun.

 

Jende askorekin egingo zenuen harremana.

Bai, askorekin. Batez ere, komertzioren bat daukatenekin; haiekin estuagoa da harremana. Gainerakoan, pakete asko jasotzen dituztenekin, adibidez. Beti gustatu izan zait kalean ibiltzea, eta niretzako polita da jendearekin harremana izatea.

 

Tinbrea jotzen aritzearena, kosta egiten al da?

Esker bereziak eman nahiko nizkieke, egunero egunero atea irekitzen zidatenei. Egunero berdinei jotzen nien tinbrea, eta egunero, pazientzia haundiarekin, irekitzen zidaten atea. Azkeneko egunean, despedidatxo bat izan nuen haiekin, eta eskerrak eman nizkien. Jendea, orokorrean, oso jatorra da.

 

Urteekin, zailagoa izan da norbait etxean topatzea?

Nik, behintzat, banekien nor egongo zen etxean, eta zuzenean tinbrea horri jotzen nion. Etxean ez dakit, baina kalean, urtetik urtera jende gutxiago ikusi dut. Ni hasi nintzenean Lizeagako inguru honetan, sekulako bizitasuna zeukan auzo honek; eta azkeneko urteotan ez da apenas jenderik ikusten kalean. Pentsa, ni Lizeagan lanean hasi nintzenean, Larramendi kalean sei taberna zeuden, eta orain bi bakarrik geratzen dira. Harategiak eta arrandegiak ere, itxita daude dagoeneko.

 

Gutun kopuruan ere, beherakada haundia izango zen, ezta?

Bai, alde haundia dago. Bere garaian, ia dena gutuna izaten zen; eta gaur egun, aldiz, gutun gutxi eta pakete asko. Gutunak, reembolsoak eta jiroak eramaten genituen lehen, eta dirua manejatzen genuen. Pixka bat arriskutsua zen hori... Baina gaur egun apenas dauzkagu horrelakoak. Asko aldatu da. Orain, gutunak oso gutxi; izaten dira argindarrarenak, gasarenak eta horrelakoak.

 

Albiste txarren banatzaile...

Garai batean, brometan esaten ziguten batzuek, 'ez zitzaiela iristen mutilagunaren gutuna' eta horrelakoak. Soldaduska garaian, gutun asko bidaltzen zituzten. Gaur egun, gutun pertsonalak izaten dira espetxetik bidalitakoak edo. Gainerakoan, apenas bidaltzen da gutun pertsonalik.

 

Zer gehiago aldatu da, postarien lanean?

Berezko lanean ezer gutxi, tresnak aldatu dira agian. Karroak haundiagoak dira, pakete asko dagoen seinale. Eta hasi dira herri batzuetan motordun bizikletekin, moto elektrikoekin...

 

Eguraldi txarra den egunetan, ez da lan erraza izango...

Guk denetarik pasa dugu, elurteak, beroaldiak, hotzak... Ni oinezko postaria nintzen, eta balkoi-azpiak eta aterpeak bilatzen nituen, babesteko. Baina elurra edo euria egin, beti ibili naiz gustura. Eguneroko errutina zen, eta kirol pixka bat egiten genuen, eskailerak igo eta jaitsi, paseoa egin... Ez dut inoiz kontatu zenbat kilometro egingo nituen egunero, baina izango ziren batzuk.

 

Zer izan da lanbide honek eman dizun onena?

Jende asko ezagutzea, eta harreman asko izatea. Niri ez litzaidake gustatuko bulego itxi batean lan egitea. Jendearekin harremana behar dut, eta harreman zuzena izan da gainera, ez tinbre bidezkoa bakarrik. Konplizitate bat sortzen da jendearekin, familia girokoa.

 

Hernaniko portal guztiak ezagutuko dituzu barrutik.

Guztiak ez, baina gehienak bai. Aldaketa asko izan dira portaletan. Igogailuak jarri dituzte, erreforma asko egin dira...

 

Pena eman dizu uzteak?

Alde batetik bai, baina urte asko izan dira, eta garaia da gazteei pasoa emateko. Disfrutatzeko garaia da orain.

 

Zer esan dizu jendeak?

Hainbeste urtetako harremanaren ondoren, pena ematen ziela esan didate, ez dakit egia izango den (barrez). Baina disfrutatzeko esan didate, eta hala egin behar dugu, bizitza honetan ez baitakigu noiz joango garen beste aldera. Gogoratu nahiko nituzke Horten Baños eta Jose Luis Izagirre lankide ohiak. Besarkada bat familiari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!