Erreportajeak

«Helburua da bederatzi onenen multzoan sartzea eta bertan igoera lehiatzea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 8a, 00:00

Patrick Polidorik hamalaugarren denboraldia hasi du entrenatzaile lanetan.

Patrick Polidorik hamalaugarren denboraldia hasi du Hernani Errugbi Elkarteko lehenengo taldearen entrenatzaile lanetan. Ohorezko B Mailan ariko dira hernaniarrak eta bihar jokatuko dute denboraldiko lehenengo partidua Bilboko UBR taldearen aurka, 12:00etan, Landaren.

Hernanik bihar hasiko du, Ohorezko B Mailan, aurtengo errugbi denboraldia Bilboko Valtecsa UBRen aurka. Landaren izango da eguerdiko 12:00etan eta aurtengo berritasunak eta nolako denboraldia espero den jakiteko Patrick Polidori entrenatzaileak eskaini ditu xehetasunak. Aurtengoa bere hamalaugarren denboraldia izango du lehen taldeko entrenatzaile lanetan, 2009an elkartera iritsi eta gero. 

 Astebete beranduago hasiko dute txapelketa Gernikaren azken uneko igoeraren ondorioz. Horrek A multzoa 10 talderekin utzi du eta jardunaldi gutxiago jokatuko dira. «Egutegia berriz zozketatu eta egokitu behar izan zen. Hamaikarekin ez zegoen arazorik, baina Gernika igotzean talde batzuk etxetik kanpo partidu gehiago jokatuko zituztela ikusi zen. Horren ondorioz berriz egin zen zozketa eta bihar hasiko dugu denboraldia». 

Hernaniri ez zaio gaizki etorri. «Egun batzuk gehiago izan ditugu lan egiteko eta zer egin nahi dugun barneratzeko». 

Aurtengo denboraldian Hernanik helburu jakin batzuk ditu. «Talde gogorrak daude eta helburua argia da. Igoera faseko bederatziko multzoan egotea izango da». Aurten ere Ohorezko B Mailak pasa den denboraldiko formatu berdina du. 

Liga erregularrean bi fase jokatuko dira

Lehenengo 10 jardunaldietan, multzo bereko talde guztien aurka ariko da Hernani, itzuli batera. Bost partidu jokatuko ditu etxean eta beste bost, etxetik kanpo. 

Bigarren itzulia jokatzeko multzo bat gehiago sortuko da: Elite multzoa, hain zuzen. Multzo hori A, B eta C multzoetako lehenengo hiru taldeek osatuko dute. Beraz, bederatzi taldek osatuko dute eta zortzi jardunaldi gehiago jokatuko dituzte fase honetan. Elite multzo honetako lehenengo lau sailkatuek jokatuko dute igoera fasea. Gainontzeko 25 taldeek, hiru multzotan, mailari eusteko jokatuko dute.

Elite multzoan ariko diren taldeek 0 punturekin hasiko dute bigarren itzulia, baina talde horretara pasatzen ez diren taldeei puntuazioa mantenduko zaie. 

 

Igoerako fasean bi kanporaketa, joaneko eta itzulerako partiduekin 

Elite multzoko lehenengo lau sailkatuek jokatuko dute igoera fasea. Hasieran, finalerdiak jokatuko dira bi partidutara (joanekoa eta itzulerakoa). Lehenengo sailkatua, laugarrenaren aurka ariko da eta bigarren sailkatua, hirugarrenaren kontra. Itzulerako partidua izango da, sailkatu onenaren etxean.

Finalerdietako irabazleen artean jokatuko da finala, hau ere bi partidutara. Play offa irabazten duen taldea igoko da zuzenean Ohorezko Mailara eta finala galtzen duen taldeak Promozioa jokatuko du maila goreneko hamaikagarren sailkatuaren aurka.

Polidorik argi du Hernanik bederatziko multzoan egon behar duela. «Jokalariek hazteko bertara sailkatu behar dute. Pasa den urtean ez genuen lortu sailkatzea eta bigarren fasea kaotikoa izan zen. Hasi aurretik salbazioa lortuta genuen eta partidu garrantzitsurik ez genuen jokatu. Bederatzi onenen multzora sailkatuz gero, igoera fasean egoteko finalerdietarako borrokatzen duzu partiduetan». 

 

«Getxo, Independiente eta Zarautz aurkari zuzenak izango da»

Ohorezko Mailara igo dira A Multzoko Gernika eta Belenos. Horren eragina zein den jakitea zaila da Polidoriren ustez. «Maila altuko partidu gutxiago izaten dituzu eta gure gazteek, jokalari moduan garatu eta hazteko, behar dituzte maila haundiko partiduak». Polidorik, Getxo eta Santanderreko Independiente ikusten ditu aurkari gogorrenak bezala, baina ez du baztertzen Zarautz. «Ongi ikusten ditut. Pasa den urtean hobekuntza izan zuten eta aurten eboluzioarekin jarraitzen badute aurkari zuzenak izango dira». 

Normaltasunera itzulita Polidorik denbora gehiago izango du kirol arloan taldea prestatzeko. «Beste gauzetan gehiago pentsatu behar izan dugu, oso luze egin da. Zaletuak ere normaltasunez itzuliko dira Landarera denboraldi hasieratik eta guk kalitatezko partiduak eskaini behar ditugu». 

Hernanik ere 23 urtez azpiko taldea du eta Polidorik garrantzia ematen dio. «Egin den gauzarik onena da. Bi urte daramatzate eta salto haundia zegoen 18 urtez azpikoetatik lehen taldera. Orain transizio hori hobe egin daiteke eta zure mailako Ligan eta aurkarien aurka lehiatzen zara. Goiko taldean ere batenbat falta baldin bada hortik tira dezakezu. Elkarrekin entrenatzen dugu eta errugbi horretara egokituak daude, ez da beste errugbi bat. Beste entrenatzaile bat dute, baina elkarrekin entrenatzen dugunez jokalari denak ezagutzen ditut ongi».

M18 eta M16 taldeek, gaur Landaren estreinaldia

Pixkanaka badoaz elkarteko taldeak 2022-2023 denboraldia estreinatzen, eta gaur bertan harrobiko M16 eta M18 taldeek hasiko dute Euskal Ligako txapelketa. Bi taldeek izango dute Gaztedi Rugby Taldea aurkari eta Landaren bertan jokatuko dute hasierako partida. Gazteenek goizeko 10:30etan egingo dute estreinaldia eta M18koek, eguerdiko 12:00etan. M18, aurreko denboraldiko Euskal Ligako txapelduna da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!