Erreportajeak

«Epaitzeko joera haundia daukagu, eta gure epaien arabera besteak gutxiestekoa»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 8a, 00:00

Ainara Azpiazu Aduriz 'Axpi' ilustratzailea, 'Utzi azalari' nobela grafikoa esku artean duela.

'Utzi azalari' nobela grafikoa argitaratu berri du Ainara Azpiazu Aduriz 'Axpi' hernaniarrak. Maialen Lujanbioren hiru bertso izan dira liburuaren iturburua, eta emakume trans bat da protagonista. Azaletik landu du gaia Axpik, irakurleengan hausnarketa sakona eragiteko.

Izan zen ekitaldi berezi bat, aurreko asteburuan, Hernaniko II. Liburu Azokaren baitan: Utzi azalari nobela grafikoa aurkeztu zuten, Ainara Azpiazu Aduriz Axpi ilustratzaileak egin eta Dobera Euskara Elkarteak argitaratua. Aurkezpenean egon ziren, Axpirekin batera, sorkuntza prozesuan bidelagun izan dituen pertsonetako bi: Jexux Eizagirre, ideiaren sortzailea; eta Brayan Altimasberes, Loratuz Lotu elkarteko kidea.

Maialen Lujanbioren hiru ber­tso izan ziren liburuaren iturburu, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Txapela eman zioten bertso haiek Lujanbiori, eta ideia bat Eizagirreri, Axpirekin konpartitu zuena eta, bide luzea egin ondoren, nobela grafiko bilakatu dena.

Utzi azalari nobelaren nondik norakoak, egindako lanketa luzea, bidean ikasitakoa eta bere lanetan zabaldu nahi izaten duen mezua konpartitu ditu Axpik Kronikarekin.

 
2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean hasi zen dena...

Bai. Maialen Lujanbioren bertso horiek entzunda, Jexux Eizagirreri bururatu zitzaion, ideia ona litzatekeela horietatik abiatuta nobela grafiko bat egitea. Komentatu zidan ea egingo ote nuen, eta baietz esan nion. Bertso haiek gogoan neuzkan nik ere. Oso bertso mamitsuak ziren, eta oso bisualak. Gaia nola jorratu oso ondo asmatu zuen. Berreskuratzeko moduko hiru bertso ziren.

 

Bertso haietatik nobela grafikoa sortzea, erronka polita bezain zaila izango zen, ezta?

Nik baneukan komikigintzan zerbait luzea egiteko gogoa. Nobela grafikoa izateko labur xamarra da hau, baina luzea hala ere. Nola osatu erabakitzea ez zen erraza izan, bertsoak hasieran, erdi parean edo bukaeran jarri. Bukaera aldera jartzea erabaki nuen, baina konturatu nintzen horrek eskatzen zuela segida bat ere, bertsoetan kontatzen den gau horren ondorengo zerbait, istorioa ondo ixteko.

 

Gau bat ez ezik, bi kontatzen ditu nobelak, baina oso ezberdinak.

Gau batekin hasten du nobela Elenek, Iker izeneko mutil batekin. Gau hori gaizki bukatzen da, eta iruditzen zitzaidan horrek kontrapuntua emango ziola beste gauari, Mikelekin pasatzen duenari. Oso garrantzitsua da nola hasi nobela, eta horrela egitea bururatu zitzaidan, baina emakume trans batekin komentatu nuen, egokia iruditzen zitzaion jakiteko. Interesa pizteko eta pertsonaia aurkezteko balio zuen hasiera horrek.

Maialenen bertsoetan, ikusten dugu zer gertatzen den maila batean, baina ez bestean. Eta iruditu zitzaidan, benetan ematen diren egoera trakets horietako batetik hastea garrantzitsua zela, hori ere gertatzen delako; horrelakoa da gizakia.

 

Elene eta Mikel dira, nobelara ekarrita, Maialen Lujanbioren bertsoetan ageri diren bi pertsonak.

Elene da emakume transa, protagonista; eta erabaki behar izan nuen, Maialenen bertsoetako beste pertsonaia deskribatu ala ez. Horrek eraman ninduen pentsatzera, interesgarria izango litzatekeela biak egotea: prozesu bat egiten ari den pertsona transa, batetik; eta beste prozesu batean dagoen pertsona, Mikel, bestetik. Horrela, naturalizatu nahi izan dut pertsona guztiak gaudela beti prozesuetan. Ez dut banalizatu nahi, eta garbi dago prozesu batzuek askoz ere talka haundiagoak sortzen dituztela, gizartearen egituragatik. Baina nahi nuen trans pertsonaiak, bestearengan transformazio bat sortzea. Ez dakit lortu dudan, baina hori zen asmoa.

 

Delikatua da gaia, literaturan asko jorratu gabekoa. Kosta zitzaizun nola landu erabakitzea?

Kosta egin zitzaidan, bai. Garbi neukan ez nuela patologizaziorik egin nahi, eta ez nuela xehetasunetan sartu nahi, ez delako ondo ezagutzen dudan errealitate bat. Errespetu falta bat izateaz gain, hanka sartzeko aukera haundia eragingo zuen horrek. Baina interesgarria iruditzen zait gai hau jendearen ahotan egotea, eta niri zer pentsatua eman zidan bezala, besteengan ere hori eragitea. Gizarteak denboratxo bat eskaintzea hausnarketa horri. Horregatik, hasieratik bildu nintzen Loratuz Lotuko Brayan Altimasberesekin, eta Josebe Iturriotzi eta Aitzole Aranetari ere erakutsi diet proiektua. Ziurtatu nahi nuen, hankasartze haundirik ez egitea gai honen lanketan. Azaletik landu dut gaia, iruditzen zaidalako ez naizela nor asko sakontzeko.

 

Hausnarketa sakon bat ekarri dezakeen istorio bat, modu arinean kontatu duzu, beraz.

Hori da, nire asmoa zen jendeak egitea hausnarketa sakona, eta ez neronek nobelan. Nik aitzakia eman dut, jendea honetan pentsatzen jarri dadin. Niri ere, mila kontu etorri zaizkit burura, gaiaren inguruan; eta pentsatzen dut horrek prozesu bat eskatzen duela norberarengan.

 

Marrazten hasi aurretik, lanketa luze bat eskatu dizu nobelak, ezta?

Marraztea izan da errazena. Horren aurretik, egin beharrekoa izan da gaiaren inguruan ezagutza dutenekin biltzea, zer kontatu erabakitzea, gidoigintzaz dakitenekin elkartu eta gidoia egituratzea... Izan ere, nik ez dut sekula trama luzerik egin. Nire komikietan gidoiak idazten ditut, eta nire ipuinak ere bai, baina gauza laburrak izaten dira; pertsonaietan sakontzea eskatzen duen trama luzerik ez. Zinemagintzako beka txiki bat atera zuten joan den urtean Garaionen, eta aurkeztu egin nintzen. Zinemarako zen, baina honela justifikatu nuen: 'komikia pobreen zinema denez, ea onartzen duzuen nire proiektua'. Mentoria txiki bat egiten zuten gero, Katixa Agirrek eta Harkaitz Canok, proiektua nola hobeto eta gidoiari nola zuku gehiago atera lantzeko. Horrela, egonaldi bat egin nuen Garaionen, eta horrek ere lagundu zidan.

Hortik aurrera, izan zen erabakitzea zein irudiren bitartez kontatuko nuen istorioa, eta koloreak aukeratzea.

 

Zer kontatzen du 'Utzi azalari' nobela grafikoak?

Elene da protagonista, eta Mikel da beste pertsonaia nagusia. Arte ederretako ikaslea da Elene, eta artearekin dauzkan hausnarketak ere ageri dira nobelan. Fanzine bat sortuko dute fakultatean. Hori nahiko tipikoa zen nire garaian, eta oraindik ere egiten dute. Fanzine horretan ezagutuko du Mikel, eta beraien artean ematen da bertsoetan azaltzen den gaueko kontaktu hori. Beraiek dira, azken finean, bertsoei haragia jartzen dieten pertsonaiak.

 

Gau horretara iritsi arte, pertsonaia bakoitzaren bidea kontatu duzu, modu paraleloan.

Ez nuen zentratu nahi dena pertsonaia transean eta bere prozesuan. Botikak hartzen dituela, esaterako. Hasieran hortik jo nuen, baina horrek eskatuko zidan gorputz ataletan esplizitua izatea, eta oso terreno irristakorra iruditzen zitzaidan. Pertsonaia horrek beste batengan sortzen duen eragina azaldu nahi nuen, eta horretarako, deskribatu behar nuen bigarren pertsonaia horren oraina eta geroa. Nabaritu behar zen, Mikelengan zerbait aldatu zuela, Elene ezagutu izanak.

 

Koloreak aipatu dituzu lehenago, eta laranja edota berdea nabarmentzen dira nobelan. Aukeraketa horrek badauka esanahi jakin bat?

Elene laranjarekin lotzen dut, eta arte ederretako fakultatean dagoenean, arroxa indartsu bat ere ageri da. Azken gaueko festan dauden arte, ez dira berriro nahasten bi kolore horiek, eta festaz harago ere ez da azaltzen arroxa. Mikel gehiago lotu dut berdearekin eta kolore horixkarekin. Nahi baino gutxiago landu ahal izan dut koloreen aukeraketa, baina kolorea istorioaren mesedetan erabiltzea oso gauza interesgarria iruditzen zait. Oso modu xumean bada ere, hori egiten saiatu naiz. Gauza sutilak dira, baina begietatik sartzen direnak, eta irakurketan ere laguntzen dutenak.

 

Bineta batzuetan, nahasten dira errealitatea eta imajinazioa.

Bai, sugearen sinbolismoa dago, esaterako. Sugea presente dagoen elementua da, sugeak larru aldaketa bat irudikatzen duelako. Protagonista ere, azal aldaketa prozesu batean dago. Kapitulu bakoitzaren azalean, suge baten irudia ageri da; eta azaleko irudi horiek segidan begiratuko bagenitu, ikusiko genuke suge bat harri baten gainean larrua igurtzi eta aldatzen. Polita iruditzen zitzaidan hori irudikatzea, istorioko bi pertsonaiek egiten dutelako larru aldaketa hori. Sugeak protagonismoa hartzen duenean, niretzako da azal aldatzeari protagonismoa ematea.

Egiten duten fanzineak ere, 'Sugegorri' izena du. Nobelan zehar fantasia horiek nahastea interesgarria zait, arte ederretako ikaslea delako, eta imajinaziozko mundu horrek presentzia hartzen duelako beregan.

 

Hain luzea ez, baina beste komiki luze bat egina zenuen aurretik.

Bai, Foixeko Katalinari buruzkoa, Angel Rekalderekin batera. Baina 24 orrialdekoa izan zen hori, eta honek 65 dauzka. Kosta egin zitzaidan istorioa osatzea, eta gauzak nola adierazi azaltzea. Nire buruari galdetzen diot, gauza batzuk ondo ulertuko ote dituzten irakurleek. Bukaera, esaterako, aldatu egin nuen, eta nahiago izan nuen irekiagoa uztea, eta telefonoz bazen ere, bi pertsonaiak berriro elkartzea.

 

Bukaera irakurlearen imajinazioaren araberakoa izango da, beraz.

Erakutsi nahi nuen, bigarren gaua ez dela izan aurrenekoa bezalakoa, eta esperantza puntu bat eman. Baina hortik aurrera, gauzak gehiegi itxi eta konkretuegi jartzeko beldurra neukan. Horregatik, nahiago izan nuen irekia utzi, mezu baikor bat emanda. Interes bat badagoela irudikatu, baina norberak imajinatu dezala datorrena. Bukaera irekiak gustatzen zaizkit.

 

Norentzako modukoa da 'Utzi azalari' nobela? 

Nerabe eta gazteentzako interesgarria izan daitekeela uste dut, baina baita helduentzako ere, noski.

 

Eta irakurleengan zein eragin izatea nahiko zenuke?

Gogoeta bat eragitea, irakurtzen dutenaren gainean. Nire lan gehienetan, oinarrian dagoen zerbait da nola epaitzen ditugun besteak, eta zenbat min egin dezakegun gure epaiekin, besteari eskatzen diogulako gu bezalakoak izatea. Gai konkretu bat dauka nobela honek, baina oinarria askoz ere unibertsalagoa da. Badaude gai batzuk askoz ere zigortuago daudenak, eta hau da horietako bat; baina, oro har, epaitzeko joera haundia daukagu, eta besteak gutxiesteko gure epaien arabera.

Maialenen bertsoek, niri gogoeta bat sortu zidaten, eta galdera asko ere bai: oraindik erantzun ez ditudanak dira batzuk, eta beste batzuen gainean, pentsatzen dudanaren arabera, joan naiz iritzi bat sortzen. Beharbada, bihar edo etzi aldatuko dut iritzi hori. Nire lanetan, saiatzen naiz agenda moduko bat sortzen: begiratu gai honi, eta hausnartu zer pentsatzen duzun honi buruz. 'Basoan barna' lanarekin, esaterako, gogoeta sortu nahi izan nuen, zergatik ez dakizkigun txorien izenak. Gure aurrekoek bazekizkiten, eta guk ez dakizkigu, baina ikas ditzakegu. Heldu diezaiogun horri. 'Arraroa' lanarekin berdin, aurreiritziak ziren muina. Etxebizitza batean, batzuek besteengandik pentsatzen dituzte gauza batzuk, baina ez dira konturatzen, besteek beraiei buruz ere pentsatzen dituztela. Aurreiritzi ezberdinak izango dira, baina jarrera berbera da.

Egoera zaurgarrian dauden pertsonekiko keinu bat ez dago inoiz soberan, eta hori egiten saiatu naiz. Denok garelako zaurgarri, azken finean.

 

Beste proiekturik badaukazu martxan?

Une honetan, Maite Larbururekin batera ari naiz, Hernaniko sorkuntza beka jaso zuen proiektuarekin lanean, 'Arrailak' abesteriaren animaziozko bideoklipa egiten. Abenduan zehar bukatuko dugu hori. Eta horrez gain, badauzkat ipuin pare bat ere. Badauzkat proiektuak mahai gainean.

 

Martxan da Bertsolari Txapelketa Nagusia berriro. Beste nobela baterako gairik utziko du aurtengo finalak?

Uste dut gai asko emango dituela aurtengoak. Ez dakit ni ausartuko naizen horietako bati heldu eta horrelako ariketa bat egiten, baina asko emango du finalak. Eta han izango gara gu, gozatzen!

Aurrekoan, Maialen Lujanbio egon zen nobela grafikoaren aurkezpenean, eta bere bertsoak proiektatu genituen. Eta nire artean pentsatzen nuen, bertso haiek duela lau urte bota zituela, orain beste txapelketa bat prestatzen ari dela, eta zer ote den berarentzat, bertso horiek berriro ekartzea eta horiei bueltaka aritzea, direnean bertso batzuk bat-batean bota zituenak. Nik ikusten ditut duela lau urte egin nituen lanak, eta iruditzen zait ia ez garela pertsona bera, lan horiek egin zituena eta oraingoa. Beraiei ere gertatuko zaie hori, eta zer pentsatua eman zidan une horretan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!