Erreportajeak

«Egungo sistema 'Popatik' hartzera bidali behar dugu... bitartean, musikarekin gozatzera eta gozaraztera gatoz»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 1a, 00:00

Ezkerretik hasita, Haritz Arrieta, Iñaki Iradi, Asier Pedrosa, Jon Villar 'Txili' eta Julene 'Triful', Kronikarako elkarrizketan.

Urriaren 8an debutatuko du Popatik taldeak, Kontrakantxa gaztetxean. Kronikak, boskotearekin izan du elkarrizketa, eta hainbat gai atera dira argitara, besteak beste, musika, oholtza, harremanak eta itsasoa.

'Punk Rock'a odolean daraman talde berri bat jaio da Hernanin: Popatik. «Lagunarteko» talde hau osatzen dute Haritz Arrieta bateriak, Julene 'Triful' gitarrak, Iñaki Iradi abeslariak, Asier Pedrosa gitarrak eta Jon Villar 'Txili' baxuak. «Gogoz» daudela ziurtatu diote Kronikari, eta argi daukate oholtza gainera igotzean zer nahi duten: «jendeak ondo pasatzea, eta entzuten gaituztenean arazoak alde batera uztea, momentuaz gozatzea». 

 

Musika talde ezberdinetatik etorritako kideak zarete. Zer dela eta egin duzue bat? 

I.I.: Batik bat lagunak garelako. Hasiera batean, horrek lotu gintuen. 

Txili: Denok elkartzeko aitzakia hartuta hasi ginen biltzen. Baina hasiera batean, ez ginen biltzen musika talde bat sortzeko helburuarekin. Gure asmoa zen, denak elkartu eta momentu ederrak pasatzea, konpainia onarekin eta musikarekin. 

A.P.: Konfinamendua amaitu zenean, gure artean komentatu genuen aspaldi ez genuela ‘jotzen’, aspaldi ez ginela lokalera etortzen… 

H.A.: Beti egon gara musikarekin lotuak, eta aitzaki ederra izan zen elkartzeko. Erraz biltzen ginen, beti izan garelako lagunak. Eta nik beti diot, lagunekin gelditu, ondo pasa eta musikarekin gozatzea baino gauza hoberik ez dagoela. 

 

Hasieratik osatzen duzue boskotea? Edo denborarekin osatu duzue? 

Txili: hasiera batean hiru elkartu ginen: Pedro, Haritz eta ni. Eta Juelenek segituan egin zuen gurekin bat. 

H.A.: Behin laurok elkartuta, abeslari bat nahi genuen, gertukoa. Eta elkartzen ginen egun horietako batean, Pedrosarekin hizketan, Iñaki Iradi, gure arrantzalearen izena atera zen gure ahotatik.

 

Hasiera nolakoa izan zen? 

Triful: Hasi ginen konfinamendu garaian, eta horrek zekarren kalean bizitzarik ezin egitea. Gelditu ginen lehenengo aldia, konfinamendu ostean izan zen, sagardotegiko bazkari baten bueltan. Modu horretan inauguratu genuen taldea. Hala ere, lehen aipatu moduan, hasieran ez geneukan talde bat sortzeko helburua. Hori denboraren poderioz izan da. 

H.A.: Hasieratik eduki dugun araua izan da presiorik gabe jotzea eta disfrutatzea, gozatzea elkarrekin, eta musika eginez. 

A.P.: Talde ezbedinetatik etorritako kideak elkartu gara, eta aurreko etapa horretan, nazkatzen gintuen musika jotzeko obligazioak. Esan nahi dut, orain, modu libre batean jotzen dugula, inolako lotura edo katerik gabe. Gustura gaude, ondo moldatzen gara bai pertsonalki eta baita musikalki ere, talde gisa. 

 

Urriak 8ko debuterako gogoz dago Popatik taldea.


Ordutegi zehatzak dauzkazue entsaiatzeko? 

Triful: Bai, ez baitaukagu besterik. Hala ere, gure ordutegiak dira ahal dugun orduan eta egunean. Bost gara eta askotan bostak elkartzea zaila izaten da. 

Txili: Azken aldian, astean behin edo bitan ari gara entsaiatzen. Lana amaitu ostean, saiatzen gara elkartzen, entsaiatzeko. 

 

Nola eta non entsaiatzen duzue? Eta ondo moldatzen zarete?

A.P.: Normalean lokalean entsaiatzen dugu, eta astean behin saiatzen gara biltzen. 

H.A.: Kontua da, tripulazioan, arrantzale bat daukagula. Orduan horrekin jokatu behar dugu, lau hilabeteetan badago, beste lauetan itsasora doa. Iñaki hemendik dagoenean, saiatzen gara gehiago etortzen entsaiatzera, eta kontzertu batzuk prestatzen. Etortzen denerako dena prest izan ohi dugu. Saiatzen gara, Iñaki etortzen denean ahal den gehiena entsaiatzen. 

Txili: Batzuetan, ezin dugu hitzordu bat jarri, izan ere, batzuk arratsaldeetan egiten dugu lan. Lista bat prestatzen dugu Iñaki itsasotik itzultzen denerako, eta etortzen denean, egurra ematen hasten gara. 

I.I.: Itsasotik itzultzen naizen bakoitzean, esaten den moduan ‘a mesa puesta’ etortzen naiz. 

Txili: Dagoeneko abesti zerrenda bat daukagu, eta hauek jotzen ditugu entsaioetan. Hasierak zailak izaten dira, zerrenda bat sortu arte. Beraz, guk zailena egin dugu, zerrenda bat sortu dugu; hauek jotzen eta lantzen goaz, hobetzen ikasten. 

 

Ekimen edo ekitaldiren batean hartuko duzue parte? 

Txili: Duela gutxi atera zaigula aukera omenaldi batean jotzeko aukera, baina justu, Iñaki Iradi abeslaria ez dago data horretan, itsasoan baitago. Orduan otu zitzaigun, kontzertu bat antolatu behar genuela, denok batera jo genezakeena, Hernaniko Gaztetxean. Justu omenaldia baino bi aste lehenago joko dugu, beroketa gisa, eta tripako zurrunbiloak kentzeko. 

 

Letrak denen artean egiten dituzue? Zer moduz? 

A.P.: Bertsioak jotzen ditugu.  Dauzkagu bi abesti, ‘Eztanda’ taldekoak, eta horiek abesten ditugu. Baina, orokorrean, oraingoz bertsioak abesten ditugu, letrak aldatuta. 

H.A.: Hala ere, abestiak sortzeko iniziatiba, Iradik dauka. Besteok, noizean behin, buru-belarri jartzen garenean, ateratzen dugu abestiren bat. 

Txili: Entsaiatzen geunden egun batean, topatu ginen abesti multzo batekin, eta gure artean esan genuen, pilak jarri behar genituela. Letrak atera behar genituen. Beraz, erabaki genuen bakoitzak abestiren bat sortzea. 

A.P.: Egia da, lehen jotzen genuen estilotik apur bat aldendu nahi genuela. Iradiren ahotsa aprobetxatze aldera batik bat. Oso tonu altua du. 

Triful: Esan daiteke, abestiak sortzean, Iñakik egiten duela %70a eta besteok, gainontzekoa. 

 

«Lagun artean» giro ederrean entsaiatzen du boskote hernaniarrak.

 

Orduan, bertsioak jotzen dituzue. Asmo zehatz batengatik?

H.A.: Bertsioak jotzen ditugu, abesti horietatik ikasteko, eta modu honetara, estilo horretan oinarrituta sortzeko geure abestiak. Izan ere, bertsioak jotzeak, jotzen duzun musika estilora eramaten zaitu. 

 
Zein da zuen asmoa? 

Barre artean, Txilik: Bisbali lekua kentzea. 

A.P.: Ondo pasatzea eta gozatzea da gure asmoa. Lehenago jotzen genuen taldeen estiloa ezberdina zen, aldarrikatzaileagoa. Orain, puntu hori mantendu nahi dugu, baina garrantzi gehiago ematen diogu ondo pasatzeari, eta gozatzeari. Ironia puntu batekin, eta zuzentasunetik at. 

I.I.: Eta noski, eskaintzen ditugun kontzertuetan nahi dugu jendeak gozatzea eta momentua bizitzea, arazoak, buruhausteak eta dena delakoak kontzertutik kanpo utzita. 

H.A: Gure asmoa da guk gozatzea eta jendeari gozaraztea. Egia da, kritika bat sortu nahi dugula, baina umoretik. 

Txili: Popatik hortik dator, arazoak utzi etxean, ondo pasa eta Popatik hartzera bidali dena! Kontzertua eskaintzen dugunean, nahi dugu jendea egunerokotasunetik ateratzea, eta modu batera esanda, egungo gizartetik deskonektatzea. 

 

Zergatik ‘Popatik’? Arrantzale bat taldeak izateak eragina izan du izena jartzean? 

H.A.: Hitz joko bat da: ‘Popa’ erabili genuen arrantzale bat daukagulako tripulazioan. Horrez gain, beste zentzu bat eman nahi diogulako kontzertuen momentuari: Popatik beste guztia, eta gozatu momentua (…)

I.I.: Guregatik eta guretzako sortu dugu taldea. Taldekideek, lehenago  jotzen zuten taldeetan, kritikotasuna nagusitzen zen, sistemaren kritika egiten zuten. Argi daukaguna da, gaur egun bizi garen sistema Popatik hartzera bidali behar dugula. Buruhausteak alde batera utzi, noski ahaztu gabe errealitatea zein den… baina gainontzean, musikarekin gozatu eta  Popatik joan dadila dena! 

Txili: Hori da, Iñakik esan duen moduan, pentsatu momentuan, dantzatu  eta gozatu, beharra badago eta. 

 
'Punk Rock' estiloa da zuena… 

Triful: Niri pertsonalki ez zait katalogatzea gustatzen. Baina, bai, hori izango litzake gure estiloa, Punk Rocka

 

Eta zer ematen dizuete Punk Rock estilo honek? 

A.P.: Txikitatik entzun dugun musika izan da, eta musika honekin hazi eta hezi gara gutako asko. Beraz, asko ematen digu, esan daiteke gure izaera islatzen duen musika estiloa dela 'Punk Rock'a. Eroso gaude, musika estilo hau entzuten, sentitzen eta jotzen. 

H.A.: Eraldaketa egin nahi genuen, betiko kanon aldarrikatzaileetan gelditu gabe. Orain arte egindakoa ezberdina izan baita. 

Triful: Hamar edo hamabost urtetan beti musika estilo berdina jo dugu eta nekatu egin gara. Gabiltza beste estilo baten bila, noski gure esentzia galdu gabe. 

Txili: Guk entzun izan dugun musikak eragina dauka jotzen dugun momentuan. Beti izan da horrela. Eta orain gaude momentu batean gustura gaudena, denok elkarrekin jotzen dugu, eta konexio eder bat sortu da. 

 

«Jendeak gure musikarekin gozatzea nahi dugu, arazoak alde batera utzita».
 

Taldean arrantzale bat, nola konpajinatzen duzu itsasoa eta oholtza? 

I.I.: Itsasoan, batzuetan denbora izaten dut, eta denbora hori letraren bat idazteko hartzen dut, edo behar bada, melodiaren bat sortu, mugikorra ondoan dudala, ahaztu egiten zaizkit bestela. Gero, etxean, denbora eta gogoa batzen direnean, hau ez da erraza izaten, baina tira, batzuetan elkartzen dira, eta hor sortzen hasten naiz.

 

‘Momentuan momentukoa’ bizitzen duzue… 

Txili: Helburu txikiak jartzen goaz gure artean. Esaterako, urriak 8an kontzertua daukagu. Data gertu dago, beraz, kontzertu horretan zentratuko gara. 

I.I.: Momentuan momentukoa bizitzen dugu, eta inolako exijentziarik gabe, loturarik gabe. Lagunak gara, eta horrek erraztu egiten du bidea. Nahikoa konfidantza daukagu elkarrekin, baten batek egun txarra izan badu esateko. 

 

Urriak 8rako, zer espero duzue? Urduri zaudete? 

A.P.: Sekulako gogoa dugu, kontzertuan dena emango dugu, hori seguru. Gure arrantzalea ere hemen daukagu, eta gogoz gaude. 

Triful: Nahi dugu jendea gerturatzea, eta giro ona egotea. Baina urduritasun puntu bat badut, nik behintzat. 

H.A.: Gaztetxea ‘erretzera’ goaz. 

A.P.: Urriak 8rako baino, urduriago nago urriaren 22an emango dugun kontzerturako. Izan ere, Iñaki ez dago, eta nik abestu behar dut. Nahiko seguru ikusten dut neure burua, baina puntu batean, errespetua ematen dit abesteak. 

Triful: Eta ez da berdina abeslari baten urduritasuna, edo gitarra jolearena, edota bateriarena. 

Txili: Eguna heltzeko irrikaz nago. Esperientziarekin konturatu naiz, hasieran tentsio puntu batek estaltzen duela gorputza, baina apurka askatzen doa, eta hor adrenalinaz betetzen zara. 

H.A.: Hala ere, jendearen erantzunak asko balio du. Publikoa geldirik badago, ez duzu berdin gozatzen. Aldiz, publikoa gustura badago zure musika entzuten, sekulako sentsazioa da, benetan. 

I.I.: Musika munduan hasi nintzen garaietan, eta oholtzara igotzen nintzenean, gehiago sufritzen nuen. Denborarekin ikasi dut ondo pasatzen, eta lasaiago kantatzen. Ez dut lehen bezain beste analizatzen neure burua. 

Txili: Nik beti diot, lehenengo gu gaudela; guk pasa behar dugu ondo, guk gozatu behar dugu. Eta horrekin batera, publikoak gozatzen badu, zoriontasunarekin egingo dugu topo, bete-betean. 

 

Hemendik urte batera, non ikusten zarete jotzen? Edo non ikusten duzue etorkizunean Popatik taldea? 

A.P.: Maketaren bat grabatuta. Zerbait propioa eduki nahi dugu, guk sortua, eta guretzako egina. Ez dakigu hemendik urte betera, edo bira, baina hori izango litzake gure nahia. 

 

Askok aspalditik ez zenutela talde batean jotzen… Zer nolako sentsazioak dauzkazue? 

H.A.: Sentsazio oso onak dauzkagu. Momentuko sentsazioak onak dira, gerora zer datorren, auskalo! 

 

Elkar asko laguntzen zarete? 

I.I.: Dudarik gabe. Lagunak izanda, elkar laguntzen gara. Nik denbora apur bat daramakitenean kanpoan, taldekideek idazten  didate Whatsappez, galdetuz ea zerbait idatzi dudan. Eta agian, arratsalde horretan ez nuen idazteko asmorik, baina gogoa pizten zait, badakitelako taldekideak Euskal Herrian daudela ahal dutena egiten, eta nik ere, hala egiten dut, baina itsasoan. Elkar elikatzen gara, eta batak besteari gogoak pizten dizkio. Hala ere, momentuaren araberakoa da askotan, batzuetan sentsazio oso onak izan ditzakezu eta besteetan ez hain onak. Gertatzen dena da, ezer ez dela lineala. Esan nahi dut, beti egongo dira gora beherak, olatuak bezala. 

Elkarrizketari amaiera emateko, Kronikak Popatik taldeko kideei haien erreferenteak zeintzuk diren galdetu bezain pronto, txantxa eta barre artean, ondorengoak bota dituzte: Manolo Escobar, Maria del Monte eta Camaron.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!