Erreportajeak

«Eskerrak ematen dizkiet Hernaniko herriari, familiari eta hau guztia posible egin dutenei»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 24a, 00:00

Isabel Casco Costa, Jaione Konjelatuak zenaren atarian.

Ia 34 urteko ibilbidearen ondoren, Jaione Konjelatuak-eko Isabel Cascok dendaren eskualdatzea osatu berri du. «Ez naiz jubilatu», dio: «mendekotasuna duten pertsonekin egiten dut lan». Erabakia hartzea «asko» kosta zitzaiola aitortu du, «baina aldaketarako unea heldu da».

Errepasoa eginda, nola 
oroitzen dituzu dendan 
pasatako urteak?

Oso gazte nintzela hartu nuen denda, 26 urterekin. Orain 60 urte ditut, eta aurtengo abenduan 34 urte beteko lirateke denda ireki nuenetik, nire bizitzaren erdia baino gehiago. 

Urte hauetan guztietan, gorabeherak izan ditugu, komertzio guztiek bezalaxe. Zenbait momentutan denda ixtea ere pentsatu izan dut. Komertzio batek ordu asko eskatzen ditu, dedikazio haundia da, baina oso oroitzapen ona daukat. Izugarri gustatzen zait jendaurreko lana izatea, jendearekin hitz egitea eta momentuak partekatzea. Izan ere, denda izateak ez du esan nahi soilik produktuak saltzea. Hori bai, noski, baino askoz gehiago ere bada. Komertzioak herriaren arimaren parte dira, asko ematen dute. 

Oroitzen dut nola ume txikiak dendara etortzen ziren nik ematen nizkien madalenen bila eta, gero, urte batzuk beranduago, helduak zirenean, nire bezeroak izan diren. Horrez gain, nire dendan, esaterako, lagundu diot jendeari lana edota etxebizitza bilatzen. Gainera, arropa bilketa ere egin dugu eta plastikozko tapoiak ere biltzen dira oraindik. Une honetan, 27 Poligonora eramaten ditugu, Azkar garraio-enpresara. Autismoa duten umeen elkarte bat dute, eta lana ematen die gaztetxo horiei. 

 

Hasiera zer moduzkoa izan zen?

Etxekoak beti bizi izan gara Hernanin, baina denda ireki aurretik, Logroñora joan behar izan genuen lan kontuengatik. Orduan, konjelatuen boom-a izan zen, eta denda irekitzea bururatu zitzaigun. Baina etxetik urrun hasi beharrean, Hernanira bueltatzea erabaki genuen, bertan genuelako gure familia guztia. Eta egia esateko, ez zen hain erraza izan, estres eta urduritasun haundia izan genituen. Inbertsio haundia egin genuen, eta nire ahizpen, senideen... jende askoren laguntza izan genuen. Hasieran, batez ere, ordu asko eskaini behar izan genizkion dendari. Dedikazio haundia eskatzen du, eta ez nuen tarterik izan nire alabekin nahi haina denbora egoteko. Alabak oso txikiak ziren, eta gogoan daukat jolasorduetan dendara etortzen zirela nirekin egotera. Gainera, astelehenetik igandera irekitzen genuen denda, eta, gero, pixkanaka, ordutegia murriztu genuen, astelehenetik larunbat goizera mugatu arte. 

Baina, hasierako kezka horiek guztiak kenduta, dendak sekulako harrera izan zuen. 1988. urteko abendu erdialdean ireki genuen nire senarra zenak eta biok, eta atea itxi behar izaten genuen jendea ez zelako barruan kabitzen. Kanpoan itxaron behar izaten zuten, haien txanda heldu arte. 

 

Gero, Kale Nagusira aldatu zenuten denda. Zer moduzkoa izan zen aldaketa?

Elkano kaleko lehenengo zenbakian pasa genituen 24 urte, eta lekualdatzea erabaki genuen salmentak asko jaitsi zirelako. Aldaketa egin aurretik, ikertu nuen ea bezeroak nongoak ziren, eta ikusi nuen Kaxkoko herritar asko etortzen zirela gugana. Horregatik, erabaki ona izan zen, nahiz eta kotxean gerturatzen ziren bezeroak galdu genituen. Izan ere, Elkano kaleko dendara erraza zen kotxean gerturatzea. Kaxkora, berriz, zailagoa da autoan hurbiltzea. Baina, aldaketarekin, irabazi genituen Alde Zaharreko bezeroak, eta lehen genituen bezero helduez gain,  jende gazteagoa ere hasi zen konjelatuak erosten. 

 

Zerk bultzatu zintuen denda uztera?

Asko kosta zait erabakia hartzea, urte asko baitira, eta nire bizitzaren zati haundi bat izan baita hau dena. Jendeak uste du jubilatu egin naizela, baina ez, mendekotasuna duten pertsonen teknikari soziosanitarioa naiz. Beti gustatu izan zait jendearekin egotea eta laguntza eskaintzea, eta duela hiru urte gizarte- eta osasun-arloko ikasketak egin nituen. 57 urterekin animatu nintzen horretara, eta aurretik ere makina bat ikastaro egin ditut, beti gustatu izan zaidalako ikastea eta ezagutza gehiago izatea. Ikasketak egitean, praktikaldia Donostian egin nuen, Lamorous zentroan. Gero, lanerako deitu zidaten, eta bi urte pasa nituen zentroan eta dendan, bi lanak uztartzen. Baina, joan den urteko abenduan, denda eskualdatzeko erabakia hartu nuen, guztiarekin jarraitzea ezinezkoa baitzen. Hori horrela, autonomo gisa ordaintzen nuena aintzat hartuta, zenbakiak egin eta ikusi nuen soziosanitario lanpostua mantentzearekin kontuak aterako zirela. Hortaz, neure burua zaintzea jarri nuen lehentasun gisa, eta denda utzi nuen.

 

Eta orain, zer moduz zabiltza?

Izugarri ondo. Konturatu naiz dependentzia duten pertsonekin lanean aritzeko jaio naizela. Asko gustatzen zait nire lana, eta oso pozik joaten naiz lantokira. Jendeak esaten dit lan neketsua dela, baina niri, berriz, hauxe da gustatzen zaidana. Gozatu egiten dut eta, noski, soldata jasotzeagatik pozik nago, baina musutruk ere egingo nuke lan hau, benetan. Jubilatzea, momentuz, ez dago nire planetan!

 

Lekukoa pasa berri diozu Julen Aldaberi. Nolakoa izan da prozesua?

Oso ona, eta oso pozik nago denda hartu duelako, Hernanin eta inguruetan ez baitago konjelatuena bakarrik den saltokirik.

San Joanetan jaso nuen bere deia, eta abuztuaren 1ean egin genuen aldaketa. Ilusio eta gogo haundia dauka, eta hori da garrantzitsuena. Hasierako egunetan laguntzen aritu nintzen, baina berehala ikusi nuen komertziorako balio duela. Oso mutil jatorra eta arduratsua da, eta argi ikusten da hau gustuko duela. Nik nire aholkuak eman dizkiot, eta laguntzeko prest nago. Orain, bere txanda da. Ziur nago ederki arituko dela, eta nahasten bada, konponduko du eta zutituko da, guztiok egin dugun moduan. Horrelaxe ikasten da. 

 

Izena ere aldatu da: Lamia konjelatuak. Jendeari arraroa egingo al zaio?

Gazteei, agian, ez. Baina helduagoei bai. Hala ere, urte asko dira eta uste dut jendeak Jaione Konjelatuak esaten jarraituko duela. Aitortu behar dut izena ikusi nuenean, harritu egin nintzela, hor ikusi nuelako benetan aldaketa zetorrela. Baina, tira, ohitu naiz dagoeneko. Azkar ohitzen naiz aldaketetara, horixe ikasi dut bizitzan. Eta horrelaxe behar du, aldaketak ere beharrezkoak direlako. 

 

34 urte, urte asko dira. Makina bat pasadizo izango dituzu, ezta?

Asko, bai. Bakarra ezingo nuke aukeratu. Baina, esaterako, gurasoek edota aiton-amonek haurrei esaten zietenean galduz gero, nire dendara etortzeko, ni hantxe izango nintzela eta bertan itxaroteko. Hori  eta jendearen tratu ona asko estimatzen dut, nire lana eta produktua baloratu dutelako. Opariak ere egin izan dizkidate, eta ilusio haundia egin dit bezeroen esker ona jasotzea. 

Batez ere, atzera begiratuta, nirekin betirako eramango dudana dira urte hauetan guztietan izandako bezeroak. Horregatik, eskerrak ematen dizkiet proiektu honetan beti-beti lagundu didatenei, nire familiari eta, noski, Hernaniko herriari. Oso bezero onak izan ditut beti, eta ez dut inoiz inolako arazorik izan. 

 

Aurrerantzean, dendan aritzea faltan botako al duzu? 

Oraintxe, ez. Bizi dudan aro bat izan da, eta, orain, beste bat bizitzea dagokit. Urte asko izan dira, eta aldaketa behar nuela uste dut. Hori bai, aitortu behar dut denda utzi eta hurrengo egunean ez nuela lorik egin. Goizean goiz pentsatu nuen: zer egingo dut orain? 

Baina segituan ohitu nintzen. Orain, goizetan, nire amarekin eta alabekin pasatzen dut denbora gehiago, herriko dendak ikusi eta dendariekin zein herritarrekin hitz egiten dut, neure burua gehiago zaintzen dut... Arratsaldetan, berriz, lanera noa. Ederki nabil, pozik eta gustura.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!