Uda amaitu eta udazkenarekin batera, Gaztelekuak ateak irekiko ditu, irailaren 23an. Hori horrela, Gaztelekuko hezitzaileek, Gaztelekuak eskaintzen dituen nondik norakoak azaldu dizkiote, Kronikari.
Hasiera-hasieratik utzi dute argi Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria Arloko doako zerbitzua dela Hernaniko Gaztelekua, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzendua, hain zuzen ere: «aisialdiaz gozatzeko, lagunekin egoteko eta euskeraz, modu aktiboan parte hartzeko». Gaztelekua, Aristizabal kalea 5 behean, kokatuta dago, Atsegindigitik Txantxilara bideko aldapan.
Zerbitzuko hezitzaile taldea osatzen dute, Estherrek, Ixonek, Xabik eta Maiderrek. Hala ere, hezitzaileek argi nabarmendu dute, zerbitzuaren protagonistak gazteak direla: «eta noski, haiek proposatu eta antolatzen dituzte hileroko ekintzak. Hezitzaileok gazteen erreferente gara eta aisia aktiboa sustatzen laguntzen diegu. Beraiek entzunak izateko espazio seguru eta goxoa izaten da Gaztelekua, eta bertako ekintzetan parte hartzeko aukera izaten dute».
Gazteen osasuna, ongizatea eta elkar zaintza
Aurten bereziki, gazteen osasuna, ongizatea eta elkar-zaintza izango dira Gaztelekuko egunerokoaren ardatz nagusiak: «horretarako gorputzari arreta berezia jarriko diogu, mugimendu jolasekin, kirolarekin, dantzarekin, irteerekin...». Hala ere, programazioaren hezurdurak honakoak izango direla nabarmendu dute hezitzaileek: «emozioak eta hauen kudeaketak; meditazioak; sormen ekintza; eta nerabeen arteko harreman zuzenak».
Sexkuntza-txokoa
Horrez gain, programazioak berrikuntzak ere baditu, hala nola, sexkuntza-txokoa: «Bertan gazteek sexualitatearen inguruko informazioa eta baliabideak izango dituzte, eta edozein galdera, zalantza edo gai lantzeko aukera izango dute. Gainera, Hernaniko elkarte eta zerbitzuekin elkarlanean hainbat proiektu lantzen ditugu; adibidez, liburutegi eskaintza».
«Beti gazteen interes eta zaletasunak kontutan hartuta» Gaztelekuko ekintza nagusienak jasotzen dituen egitarau bat osatzen dute hezitzaileek. Eta egitaraua, hainbat bideetatik jaso daiteke, hala nola, Gaztelekuko lokalaren sarrerako panelean, herrian zehar kalean dauden beste paneletan, herriko kultur ekintzen programazio-orrian eta Sare Sozialetan; Instagram eta Twittereko perfilean. Horrez gain, Gaztelekuko informazioa eta egitaraua jasotzeko beste bide bat da Whatssapa; Difusi zerrendan sartzeko eskatuta, ondoko pausuak emanez: gorde Gaztelekuko zenbakia kontaktuetan eta idatzi mezu bat zenbaki horretara, zuen izen-abizenak eta seme-alaben edo tutorepean duzuen gaztearen izen-abizenak jarrita.
Uda ostean, Hernaniko Gaztelekuak ateak irekiko ditu, irailaren 23an, ostirala, arratsaldeko 18:00etan. Bertan, Gaztelekuko erabiltzaile izan direnekin berriro elkartzeaz gain «erabiltzaile berriei harrera eta ongi etorria emango diegu, espazio, material eta baliabideak erakutsiz». Irekiera ofizialaz gain, irailaren 24rako, irekiera festa antolatu dute hezitzaileek, arratsaldeko 16:30etatik 20:00etara bitartean. Halaber, gazte eta nerabeek «sarrera librea» dutela ere azaldu du Gaztelekuko lan taldeak: «ez dago mugarik, egun bakar batean etortzeko aukera dago, edo aste osoan zehar, edota irekitzen dugun bakoitzean, azken finean, sarrera librea da».
Izena emateko orria beteta, zerbitzuaz gozatzeko
Nabarmentzekoa da, gazteek Gaztelekuko zerbitzuaz gozatu ahal izateko, ezinbestekoa dela guraso edota tutoreek izena emateko orria betetzea.
Gaztelekuak ondorengo ordutegian ditu ateak zabalik: asteartetik ostegunera, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara; eta ostiraletik igandera, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara.
Amaitzeko, 12 eta 17 urte bitarteko guraso edota tutoreei, Gaztelekuko zerbitzua eta hezitzaile taldea ezagutzeko eta dituzten zalantzak edota kezkak argitzeko deia luzatu nahi izan dute, Estherrek, Xabik, Ixonek eta Maiderrek. Horretarako, bide ezberdinak jarri dituzte eskura, eta ondoko taulan daude ikusgai.
HERNANIKO GAZTELEKUA Informazio gehiago eta harremanetarako
Telefonoa eta Whatsappa: 943 33 32 12 eta 688 823 420
Helbide elektronikoa: gaztelekua@hernani.eus
Sare sozialak (Twitter eta Instagram): @hgaztelekua