Bira potoloa ari zarete egiten, 30garren urteurrenean.
Oriotarrek esan ohi dute, olatua hartu egin behar dela, agertzen denean. Eta uste dut osagai asko elkartu direla aurten, 30garren urteurreneko ospakizun hau egiteko. Bi urteko pandemiak eragina izan du, jendeak sekulako gogoa zeukalako aurten. Bestetik, udalek dirutxo bat gordeta izango zuten, berriro gauzak antolatu zitezkeenerako. Eta azkenik, oso garrantzitsua da festetan egin duen eguraldia. Hiru osagai horiek elkartu dira, eta oso oso uda polita izaten ari da. Jende asko etorri da, jende gazte asko elkartu da plazan, eta oso giro jatorra dago. Gure urte onenetako bat ari da izaten, zalantzarik gabe.
Jendea gozarazten ari zarete, eta zuek ere gozatzen.
Asko gozatzen ari gara, bai. Gainera, adinean gora goazen heinean, kontzienteago gara, zer nolako aukera den eszenatoki batera igo ahal izatea. Aukera ederra da hori, bizitzako esperientzia eder bat. Orain dela 30 urte ez ginen hain kontziente, baina orain bai; eta oso pozik gaude. Oso talde majoa daukagu, gainera. Talde bat ez da soilik musikariak elkartu eta jotzea; lagun koadrila bat behar duzu, benetan hori ondo sentitzeko eta musikaz gozatzeko. Musikariak baino, lagunak behar dituzu ondoan.
Zenbat kontzertu daramazkizue bira honetan?
50era iritsiko gara. Aste honetan bertan, deika aritu zaizkigu, urrian kontzertuak emateko. Geratzen dira festa batzuk, eta deiak jasotzen ari gara oraindik.
Eta 30 urtetan, zenbat ote...?
Ez nuke jakingo esaten, baina milatik gora bai, hori seguru.
Oso ondo ezagutzen duzuen plaza da Hernanikoa.
Bai, uste dut 2019an izan ginela azkenekoz, San Joanetan. Hernaniko plaza beste maila batekoa da. Euskal giroa nabaritzen da, herri batzuetatik besteetara; eta zentzu horretan, Hernanikoa plaza haundia da guretzat. Oso euskalduna da publikoa, eta nabaritzen da gure kantak eta musika barneratuta dauzkatela. Uste dut gure kantak oso ezagunak direla euskal giroetan, eta horrek asko laguntzen du kontzertua egiteko garaian. Kantu bat jo edo beste bat jo, ikusten duzu nola jendeak dantzatu edo abestu egiten dituen, eta hori bide oso ona da giroa sortzeko garaian. Horregatik, giro euskalduna izateak laguntzen du ikaragarri, kontzertuaren energia haundiagoa izateko.
Jende gazte asko gerturatzen dela aipatu duzu lehenago. Zuen abesti klasikoak jotzen dituzuenean, gauza ederra izango da beraiek kantuan edo dantzan ikustea, ezta?
Jende gazteak beste energia bat dauka. 16 eta 20 urte bitarteko gazteei, ziurrenik beraien gurasoek erakutsiko zizkieten kantuak; eta oso polita da ikustea nola abesten dituzten. Guk abesti horiek sortu genituenean, oraindik jaio ez zen jendea da, pentsa! Eta ikustea gazteak gogoz eta indar horrekin abesten... Herri honen etorkizuna modu baikorrean ikusarazten dizu. Herria eraikitzeko garaian, indarra ematen du ikusteak belaunaldi berri honek baduela festarako gogoa eta kalean bizitzeko gogoa. Momentu horietan behintzat, telefonoak eta teknologia guztiak uzten dituzte, eta deskubritzen dutela plazan horrelako giroa sortu daitekeela, eta bizi daitekeela hori guztia beste modu batera. Uste dut horrekin gora etortzen dela jende gaztea, eta horrekin dezibelio asko igotzen dira plazan.
Gauza berria izango da, batzuentzat...
Uste dut deskubritu egiten dutela, kalean beste modu batez bizitzeko aukera. Kontutan hartu behar da, orain 16 edo 18 urte dauzkatenek, orain dela hiru urte 13-15 urte zeuzkatela. Horiei tokatu zaie etxean bizi izatea, etxetik atera gabe egotea, eta pantailatik zintzilik egotea. Jende gazte askok orain deskubritu du aukera bat, kalean elkarrekin festa egiteko; eta hori, bat-batean, lehertu egiten da plazan. Bideoetan ikusten zuten irudi hutsetik, zerbait sentitzeko aukerara pasa da haientzat, eta deskubrimentu hori oso haundia da jende gaztearentzat. Eta guretzat, lehertze hori ikustea orain, daukagun esperientzia guztiarekin... Hitzik ez daukat, sentitzen duguna azaltzeko. Gauza horiek guztiak, berriro bizitzen ari gara gu. Gazteengan eragiten du zerbait berria, baina baita helduengan ere. Jende helduak, bat-batean, ikusi du plazan elkartu daitezkeela belaunaldi guztiak, eta musika berdinarekin gozatu dezaketela elkarrekin.
Kontzertuaren zati batean, kalejira bat jotzen dugu; eta kalejira hori aurkezteko garaian, esaten dugu Europako herri zaharrenetako bat garela euskaldunak, hizkuntza zaharrenetako bat daukagulako, eta oso kultura aberatsa. Bertsolaritza daukagu, oso gurea musika ere bai, eta dantza asko dauzkagu. Eta dantza horien artean, badago bat oso berezia, kalejira. Horri esker, plaza batean, festa baten inguruan, herri osoa elkartzen da. Berdin dio nor daukagun alde banatara, eskua luzatzen dugu eta ematen diogu ondokoari, edozein dela ere. Eta kate bakar batean egiten du dantza herri osoak. Hori oso barneratuta daukagunak, agian ez gara kontziente; baina pixka bat aztertzen duzunean, pentsatzen duzu zeinen gauza ederra den hori ikustea. Kalejiran ez dago genero indarkeriarik edo xenofobiarik; herria bizirik ari da dantzan, oso sentsazio eta emozio positiboekin. Ikusita herri batek hori bizitzeko aukera daukala, uste dut teknologiaren zibilizazio honetatik ere atera gaitezkeela. Horiek dira emozio batzuk, edozein herrik ezin bizi ditzakeenak.
Urte asko dira 30. Nola mantendu duzue indarra, gogoa eta ilusioa?
Asier Gozategirekin musika egiten hasi nintzen lehenengo egunean, aurreneko akordeak jo eta gero, elkarri promesa bat egin genion: musikaz elkarrekin gozatzeko ahalmena galtzen bagenuen, taldea utziko genuen. Oso potenteak izan ziren aurreneko urteak, eta bat-batean sartu ginen musikaren industria erraldoi horretan; Euskal Herrian, baina bere neurrian erraldoia, hasi berria den talde batentzat. Gauza asko gertatu ziren, baina garai hartan gai izan ginen promesa horri eusteko. Oso urte onak izan dira, ez hain onak ere bai, 30 urte denbora asko delako, bakoitzaren esperientzia pertsonalekin. Baina beti izan dugu buruan, musikarekin gozatze hori; eta jakin izan dugu, gauzei bere garrantzi erlatiboa ematen. Elkartzen gara, musika hori gustatzen zaigulako, hori interpretatu nahi dugulako, eta eszenatokian elkarrekin sortzen den energia bizi nahi dugulako jarraitu dugu. Hori da taldearen esentzia, eta galtzen badugu, ez du zentzurik izango; jendeak nabaritu egingo du, eta kontzertuak ez dira berdinak izango. Baina hori dagoen bitartean, jarraitzeko indarra izango dugu.
Gainera, 30 urteren ondoren, ikusten duzu jendearen erantzuna, iristen zarenean, kontzertuaren hasieratik bukaerara, eta baita ondoren ere; eta horrek emozioz betetzen zaitu. Horrela jarraitzen dugun bitartean, behintzat, ez da erraza izango Gozategi uztea.
Bizi-bizirik dago Gozategi?
Uste dut baietz. Kontzertu egunetan, goizean goizetik jartzen dugu txipa oraindik, ilusioa daukagu, eta urduri xamar egoten gara. Hori da behar dena, eszenatoki batera igo ahal izateko.