Xabat Pastor (1999) eta Jone Pastor (2002) anai-arreba hernaniarrak Kontxako Banderan ari dira parte hartzen, Donostiarrarekin eta Hibaikarekin. Hernani Arraun Elkartean hasitako bi kirolariek, orain urte batzuk egin zuten salto, Donostiako eta Errenteriako traineruetara. Gustura ari dira, eta Kontxan oraindik ere borrokarako prest daude. Xabatek ez dio Banderari uko egiten, lehenengo jardunaldiaren ondoren Urdaibai baino zazpi segundu atzerago egonda, eta Hondarribiaren ia denbora berean. Jone Pastorren Hibaikak, posturen bat aurreratzea du helburu.
Xabat Pastorrek sentimendu kontrajarriak izan zituen, behin estropada amaituta. «Lehorreratzean eta estropada aztertzean, gustu garratzarekin geratu nintzen. Behin iritsita, Urdaibairengandik zazpi segundura eta Hondarribiaren pare geratu ginela jakitean, kontentu geunden; baina gero, estropada nola joan zen ikusita, eta epaileak bi traineruen artean sartzeko erabakiak egin zigun kaltearekin (momentuan ni ez nintzen konturatu), amorratuta geratu nintzen».
Epailearen maniobra hori gabe, Donostiarra lehenengo postutik gertuago geratuko zela uste du Pastorrek. «Ez dut esango irabaziko genuenik, ezta gutxiago ere, baina gertuago izango ginen. Laugarren tostaren parean jarri zen epailea, Urdaibairen eta gure traineruaren artean. Estriborretik olatua moztu zigun, ibilbidearen tarte luze batean. Ziabogan genuen lau segunduko abantaila ongi kendu ziguten, argi dago; baina gero, epailea parean jarri zenean, hiru minutuko tartean kalte nabaria egin zigun. Urdaibaik abantaila lortu ondoren ere, parean genuen epailearen motora, eta olatua apurtu zigun. Lehenengo txandan Oriori ere berdina gertatu zitzaion. Lau segundu aurretik egotetik, hamar-hamaika segundu atzetik egotera pasa ginen. Gero, amaieran, desabantaila zazpi segundura murriztea lortu genuen».
Horren arrazoiak bi izan daitezke, Xabaten iritziz. «Urdaibai amaierara indarrak ahituta iritsi zen, eta ez dut uste irlatik barrura norabidearekin asmatu zutenik, eta guk ordea bai. Kontxako Bandera bi jardunalditara jokatzen da, eta bagenekien ezin dela etsi, eta ongi bukatu behar direla estropadak».
«Euskotren Ligako traineruak ez dauzkagu urruti»
Hibaikak ere estropada ona egin zuen: seigarren amaitu zuten, baina Tolosaldearen bosgarren postutik bost segundura daude, eta Hondarribiaren hirugarren postutik zazpi segundura. Jone Pastorrek ez dio uko egiten posturen bat aurreratzeari: «Estropadarekin, orokorrean, gustura geratu ginen. Denborak begiratuz gero, aurrekoak nahiko gertu dauzkagu, eta argi geratu da Euskotren Ligako traineruak ez daudela horren urruti. Hurrengo urteei begira, horrek indarra ematen digu. Lehenengo jardunaldiko estropada aztertuz gero, amaieran indar aldetik juxtu iritsi ginen. Buelta horretan ez genuen asmatu olatuak hartzen. Bestela, gustura geratu ginen, eta igandean errematatzera aterako gara, eta ahal bada, ea aurreko batenbat gainditzen dugun».
Biharko bigarren jardunaldian, anbizio osoz aterako da Donostiarra. «Banderaren bila eta estropada txikitzera aterako gara», azpimarratu du Xabat Pastorrek. Hala ere, itsasoaren baldintzen zain daude. «Argi dago itsaso txarrarekin aukera gehiago daudela zazpi segundu horiek berreskuratzeko. Bermeori zazpi segundu kentzea, itsaso barearekin zailagoa da. Zalantzarik gabe, Bandera irabaztera aterako gara».
Hala ere, anai helduagoak nahiago du erdibideko itsaso zakarra, oso itsaso txarra eta olatu haundikoa baino. «Metro bateko olatua, haizearekin eta narratsa. Horiek dira guk nahi ditugun baldintzak, eta erosoen moldatzen garen itsasoa. Urdaibaik erakutsi du itsaso oso txarrarekin estropada benetan onak egiten badakiela; Lekeition ikuskizuna eskaini zuen».
Gainera, aurten giro ederragoa egongo da lehorrean, COVIDaren murrizketarik gabe. «Sailkapen estropadetan nabaritu zen», dio Jonek: «Eta lehenengo igandean ere, jende asko zegoen, aurreneko jardunaldia izateko», azpimarratu du. Xabat Pastorren iritziz, «pasa den urtean normaltasuna zegoen egunerokotasunean, baina Kontxako Banderan gehiegizko murrizketak ezarri ziren, eta tristetu egin zuten giroa. 2020an horrela izatea ulergarria zen, baina pasa den urtean ez. Aurten berriz normaltasunera itzuli gara, eta eskertzen dugu».
«Beste bi anai arreba bikote ere ari dira arraunean Kontxan»
Gutxitan eman den bitxikeria da, anai-arrebak Kontxako estropada berean arraun egiten ikustea. Historian gutxitan gertatuko zen, baina aurtengo Kontxan, kasu bat eta bi baino gehiago daude. «Donostiarran, arraunean ari dira Endika Lopez eta Olatz Lopez tolosarrak; eta gure kasuan bezala, Endika Alberdi Donostiarran, eta bere arreba Zuriñe Alberdi Hibaikan, gurekin dabiltza arraunean». Beraz, aurten hiru anai-arreba bikote ari dira parte hartzen.
Kontxaz haratago, gustura daude Donostiarran eta Hibaikan egiten ari diren ibilbidearekin, bai beraiek eta bai klubak. «Oso gustura nago», aipatu du Xabatek: «Proiektua sendotu da azken urteetan, eta pausoak eman dira bide onetik. Ez da proiektu bat epe laburrera begirakoa, eta berdin diona gero zer gertatzen den, batzuei gertatu zaien bezala. Ez, Donostiarrak epe luzerako proiektua du. Hori gustatzen zait, eta hemen jarraitzeko asmoa daukat. Gutxinaka, proiektuari forma ematen ari gara».
Hibaikaren ibilbidearekin ere, gustura dago Jone. «Datorren urtean Euskotren Ligan ariko gara. Lau talde izatetik zortzira pasako da Liga. Beraz, ETE Ligatik Hondarribia eta gu igo gara, eta liga galiziarretik beste bi. Zortzigarren postua playoffean erabakiko da, Tolosaldearen, Deustoren eta Galiziako hirugarren taldearen artean. Gauzak ondo bidean, Tolosaldea izango da talde hori».
Horrek motibazio berezia ematen die arraunlariei, etorkizunari begira. «Garaia bazen aldaketarako. Lauko Liga motz geratu da, eta zortzirekin interesgarriagoa eta ikusgarriagoa izango da. Joko gehiago izango du, eta beheko ligei ere hauspoa emango die, motibazio aldetik».
Bi taldeak, datorren urtean ere indartsuak eta lehiakorrak izango direla ziur daude. «Talde giroan nabaritzen da jendeak proiektu hauetan sinesten duela, eta jarraitzeko asmoarekin daude arraunlariak eta taldeko kideak orokorrean», azaldu dute anai-arrebek.
«Hasierak zailak izaten dira», gogorarazi du Xabatek: «Seigarren-zazpigarren zabiltzanean, erdiko postuetan, motibazioa mantentzea zailagoa da, baina pausoak eman dira, hobekuntza izan da urtetik urtera, proiektua sendotuz. Horrek ere sortzen du errespetua aurkarien artean. Nabaritzen da. Donostiako trainerua behetik dator, eta errespetu hori lortu du. Gustatzen zait nola ari garen lanean».
Orain ordea buru-belarri daude biharko estropadari begira, eta gero gerokoak. «Denboraldia amaitzean, izango dugu denbora beste kontuetan pentsatzeko».