Erreportajeak

«Urriza eta bion arteko partiduak, ari dira bilakatzen lehengo 'Ezkurra-Lizaso'ak; horrek betetzen nau gehien»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 10a, 00:00

Endika Barrenetxea hernaniarra, Galarreta frontoian, xextoa lotzen.

Buruz Buruko Txapelketaren finala jokatuko dute gaur, laugarren aldiz elkarren kontra, Endika Barrenetxeak eta Javier Urrizak. Arratsaldeko 15:30etan izango da, Galarretan, eta hirugarren txapela jantzi nahi du hernaniarrak. Semifinala irabazita arindu zuen karga, eta presio gutxiagorekin ariko da finalean, baina gogotsu.

Koxka zaila gainditu zenuen semifinalean, Ansari irabazita. Zein sentsazio utzi zizkizun?

Hasiera batean, uste nuena baina poz gutxiago eman zidan, jendeak astean zehar esaten zidalako banekiela zer egin behar nuen irabazteko, nire lana egitea zela eta kitto. Baina hau ez da formula matematiko bat, eta bakoitzak zer nolako eguna geneukan arabera, Imanolek irabazi zezakeen, ligaxkan egin zuen bezala. Txapeldun izatearen karga ari naiz bizitzen, jendeak uste duelako irabazi egingo duzula. Horregatik, semifinala irabaztean, gehiago izan zen lasaitasuna, poza baino. Eta hurrengo egunetan, nabaritu dut neke emozional haundia neukala pilatuta. Orain, finalera lasaitasun sentsazio batekin iritsi naiz, Buruz Burukoa salbatu dudan sentsazioarekin, nolabait.

 

Karga horren zati bat arindu duzu, beraz.

Zati haundiena, esango nuke; %80a edo. Finalerdiaren biharamunean, sekulako nekea neukan, baina ez zen fisikoa, mentala baizik. Lo geratzen nintzen edozein tokitan. Aste osoko tentsioaren ondoren, lasaitasun haundia neukan semifinala pasata.

 

Presio gutxiago izango duzu, finalerako?

Bai, askoz ere gutxiago. Dena den, badaukat aliziente bat. Uste dut hau izan daitekeela Urrizaren azkeneko Buruz Buruko Txapelketa, eta gorenean utzi nahiko du, txapela jantzita. Eta nahiko nuke, beraren kontra jokatutako lau finaletatik, hiru nik irabazi izana; hori lortu duen bakarra izango nintzateke. Bion arteko partiduek jendea erakartzen dutela konturatu naiz, eta partidu horietan hazi egiten naiz. Final honetan, aukera daukagu bion arteko partidu horiek gehiago mitifikatzeko. Jokatu ditugunetatik, oso borobilak izan dira bi, aspaldiko buruz buruko partidurik konpletoenetakoak. Antzekotasun haundia daukagu fisikoki zein jokatzeko moduan. Imanol Ansaren kontra jokatzea deserosoagoa da. Erreboluzionatuta jokatzen du uneoro, eta pelotakada guztiak maximoan jo behar dituzu, kale edo bale. Baina Urrizaren kontra, taktikak toki gehiago dauka, beste lanketa bat eskatzen dute tantoek. Modu horretara, ikuslea tantoan sartzen joaten da, eta gehiago gozatzen du.

 

Emaitzei dagokienez, iazko txapelketa berdin-berdina egin duzu, semifinaleko emaitza barne (30-23 irabazi, Ansari). 
Sinatuko zenuke finaleko emaitza ere errepikatzea...

Bai, noski! Ea hori ere berdin joaten den... Bizipenetan, aurrekotik ezberdina izan da txapelketa niretzat, dena den. Aurreko txapelduna izateak zailtasun batzuk dauzka. Lehenengo partidua, jokatu behar duzu kanporaketetatik datorrenaren kontra, eta berak dagoeneko erritmoa hartuta dauka. Bigarrenak eta hirugarrenak, berriz, elkarren kontra hasten dute txapelketa, eta bientzat da aurreneko partidua. Gainera, kontrarioak beste modu batera kantxaratzen dira zure kontra, aurreko txapelduna zarenean. %100a baino gehiago ematen saiatzen dira, denek nahi diote irabazi txapeldunari. Niri ere gertatzen zitzaidan Urrizaren kontra: pentsatzen nuen %100a ematea ez zela nahikoa, eta gehiago eman beharra neukala irabazteko.

Horrez gain, medikamentuaren kontua dago, duela bi urte bezala, txapelketaren erdi-erdian harrapatu nauena. Osasuna da garrantzitsuena, baina medikuekin batera, nahiko nuke ez tokatzea txapelketaren erdian. Batetik, jokoan eragiten dit; eta bestetik, beharbada horrela ez dit efektua behar bezala egiten. Baina medikuek izango dute azkeneko hitza, noski. Beraiei eta medikamentuei esker nago bizirik eta osasuntsu.

 

Zure laugarren finala Buruz Burukoan, eta berriro ere Urrizaren kontra. Nolako  partidua espero duzu?

Oso final gogorra. Jendeak komentatzen du, Urriza ez dabilela fin... Etorri zaitez partidura hori pentsatzen, eta azkar espabilatuko zara! Eskumuturreko eta hanketako minak izanda ere, behar duen guztia egingo du korri, geldialdiak egingo ditu, burugogorra izango da... Ansaren kontra, pelotakada jaso zuen eskumuturrean, eta nik jarri nion benda, estu-estu. Eta galdetu nion, 'nola jokatuko duzu horrela?'. 'Horrela beharko du', esan zidan. Kantxara atera, jokatu, eta irabazi egin zuen. Partidu gogorra izango da fisikoki, eta baita psikologikoki ere. Horretaz asko daki Urrizak, eta bere jokoan sartzen zaitu. Denbora hartzen du tanto bakoitza hasteko, eta horrela, gero eta kontzentratuago dago bera, eta gero eta deskontzentratuago zu. Imajinatu egoera hau: sake batean pasa egiten du, hurrengoan tanto, eta segidan pasa berriro. Bakoitzaren artean denbora hartuta, hiru minutu pasa daitezke, zuk pelotakadarik jo gabe; eta kontzentrazioa mantentzea zaila da horrela, kantxa barruan, blai eginda, mila ikusleren aurrean. Horretaz kontziente da Urriza, eta baliatu egiten du. Aurreko finaletan ez naiz partidutik atera izan, baina ligaxkako partiduan bai, gertatu zitzaidan. Finalean adi egon beharko dut.

 

Giro ederra izango da harmailetan. Semifinalean izan zuten itxura ikusi besterik ez dago...

Bai, poz haundia ematen du horrek. Txapelek betetzen naute, eta egindako lanaren ordaina dira. Baina gehien betetzen nauena, da Urriza eta bion arteko lehia bihurtzea nire gazte garaitako Ezkurra eta Lizasoren arteko lehiaren tankerako zerbait. Partidu horiek ikusteko desiatzen egoten ginen denak, sekulakoak izaten ziren. Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujoren artekoak bezala, eskuz. Nolabait ere, hori sortzen ari gara Urriza eta ni, eta hori da gehien betetzen nauena. Hori ez da askoz gehiagotan tokatuko; beharbada, bion arteko azkeneko partidua izango da Buruz Burukoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!