Erreportajeak

«Saiatuko naiz entrenatzailearen eta jokalarien artean zubi lana egiten»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 3a, 00:00

Maialen Fuentes, Aritz Lujanbio entrenatzailearekin batera, Zubipen.

Futbola utzi berritan, Aritz Lujanbio entrenatzailearen laguntzaile gisa arituko da Maialen Fuentes Azpeitia datorren denboraldian. Emakumezkoen lehenengo taldean, bere egitekoa izango da «bereziki, lesionatuekin egotea eta Aritzi ahal dudan guztian laguntzea». 

Maialen Fuentes Azpeitia batu da aurten, Ohorezko Erregional mailako emakumezkoen taldeko entrenatzaile-taldera. Lesionatuekin egotea izango da bere ardura nagusia, baina Aritz Lujanbio «entrenatzaileari laguntzea eta taldea osatzea» ere izango dira bere egitekoak eta helburuak aurtengo denboraldirako. Orain arte atezain lanetan aritu da Fuentes, azken urteetan C.D. Hernanin, eta «taldetik ezin urrundu», entrenatzaile-taldean sartzeko eskaintza jaso zuenean, bi aldiz pentsatu gabe onartu zuela aitortu dio Kronikari.

 
Jokalari izatetik entrenatzaile izatera. Zer moduz hasi duzu aurredenboraldia?

Egia esateko, ondo. Eroso sentitu naiz orain arteko entrenamenduetan. Oraindik jendea falta da, baten bat oporretan dagoelako. Baina jokalari dezente bildu ditugu saioetan, eta txukun aritu dira guztiak. Jende berria dugu aurten, eta taldea ere oso gaztea da. Horregatik, lehenengo asteak erabiliko ditugu pixkanaka martxa hartzen hasteko, elkar ezagutzeko, bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak mahai gainean jartzeko eta, funtsean, taldea egiteko. 

 

Norgehiagokak zelai kanpotik ikustea arraroa izango dela uste al duzu?

15 urtez jokatu dut futbolean eta arraroa izango da, bai. Hala ere, beti gustatu izan zait partiduak aulkitik ikustea, eta, horregatik, uste dut ondo eramango dudala. Agian, momenturen batean, jokatzeko gogoa piztuko zait. Baina, bestelakoan, gustura arituko naiz entrenatzaile paperean.

 

Nola suertatu zen zu entrenatzaile izatearena?

Joan den urtean, Aritz Lujanbio izan zen emakumezkoen taldeko entrenatzaile bakarra. Ni taldeko jokalaria izan nintzen joan den denboraldian ere, eta Aritzen mezua jaso nuen lantaldean sartzeko proposamenarekin. Aipatu zidan jokalariek ezagutzen nindutela eta ideia ona izan zitekeela nik bera laguntzea. Mezu polit-polita bidali zidan eta baiezkoa eman nion, paragrafo horri ezetz esaterik ez zegoen-eta! 

 
Talde teknikoa, beraz, nortzuk osatuko duzue?

Izango gara Aritz Lujanbio lehenengo entrenatzaile gisa, Unai Intziarte emakumezkoen zein gizonezkoen prestatzaile fisikoa, Beñat Leitza bigarren entrenatzaile modura, eta ni neu. 

 
Zein izango da zure egitekoa?

Unai gizonezkoekin dagoenean, nik prestatzailearen papera izango dut. Horrez gain, Aritzi lagunduko diot ahal dudan guztian eta, bereziki, lesionatuekin ariko naiz. Gainera, jokalarien eta entrenatzailearen arteko zubi-lanak egingo ditudala ere esango nuke. Izan ere, orain arte jokalari izan naizenez, taldeak konfiantza du nigan, eta ahaleginduko gara gertutasuneko harremana indartzen. 

 

Emakumezkoen lehenengo taldean gutxitan egon dira bi entrenatzaile eta prestatzailea. Garrantzitsua da talde tekniko sendoa izatea?

Bai, zalantzarik gabe. Egia da gure kategorian gero eta gehiago ikusten direla gutxienez bi entrenatzaile dituzten taldeak. Nolanahi ere, gure kasua, adibidez, ez zen hori izan aurreko denboraldian. Izugarri gustura egon ginen Aritzekin, baina oso zaila da 20 pertsonako talde bat kudeatzea, eta beharrezkoa da talde teknikoa potentea izatea, nolabait esateko. Horrela, gainera, jokalariek ikusten dute klubaren aldetik iniziatiba dagoela eta garrantzia ematen diotela emakumezkoen taldeari ere. 

 

Ba al dago gakorik lesioen errekuperazioan?

Lesio bakoitzak errekuperazio ezberdina dauka, beraz, ezinbestekoa da indibidualizazioa. Denbora hartzea eta gauzak ondo egitea ere, jakina, ezinbestekoa da. Nik lan egiten dudan zentrora etorri dira Hernaniko taldeko lesionatuak, gehienbat belauneko haustura izan dutenak, eta dagoeneko ezagutzen dut beraien kasua, erritmoa eta egoera. Horregatik, aurtengo denboraldian ere beraiekin arituko naiz zelaian. 

Horrekin batera, oso garrantzitsua iruditzen zait lesionatuek taldeko gainerako jokalariekin kontaktua mantentzea. Izan ere, jokalariak epe luzerako lesionatzen direnean, entrenamenduak nahiko aparte egiten dituzte, eta taldetik kanpo sentitzen dira. Hori horrela, nire helburua izango da beraiek ere gertu izatea eta taldeko parte direla sentiaraztea.  

 

Zein da prebentzio lanak egitearen garrantzia?

Indar-lana oso garrantzitsua da. Orain arte, denboraldi bakar batzuetan izan ezik, ez dugu prestatzaile fisikorik izan, eta ez gaude horretara ohituta. Orduan, uste dut aurten nabarituko dela gure presentzia, bai lesioen aldetik, bai errendimenduan. 

 

Nolakoa espero duzue aurtengo denboraldia? 

Aurredenboraldian zenbait lagunarteko izan ditugu, eta, oraingoz, martxa hartzen gabiltza. Hala ere, denbora eta entrenamendu kontua izango da, eta segituan jarriko gara topera. 

Txapelketako taldeei dagokienez, Ligan bi talde berri daude: Antiguoko eta Real Sociedad C. Azken horri begira, emaitzak ikusita badakit, gaztea den arren, talde ona dela eta gauzak ez dizkigula erraz jarriko. Antiguoko, berriz, ez dut inoiz ikusi zelaian, baina pentsatzen dut beraiek ere talde ona izango dutela. Eta horiez gain, aurreko urtekoa aintzat hartuta, Lagun Onak eta Beti Gazte ere nahiko talde  sendoak dira. 

 

Helburu zehatzik ba al duzue?

Euskal Ligatik jaitsi ginenetik, gure jomuga beti izan da mailaz igotzea. Joan den denboraldian ondo aritu ginen, baina ez da erraza helburu hori betetzea, ia partidu guztiak irabazi behar direlako. Aurten, denbora hartuko dugu talde berrira egokitzeko eta garaipenak lortzeko. Baina, noski, Euskal Liga izango dugu buruan. Zenbat eta gehiago lehiatu, taldea hobeto egongo da. 

 

Ba al dago taldea utzi duen jokalaririk?

Bai, eta esan beharra dago oso beterana gutxi gelditzen direla. Oiartzunera joan da Leire Olasagasti kapitaina, adibidez. Urte mordoa eman ditu klubean eta lehenengo taldean, eta pieza garrantzitsua izan da. Sumatuko dugu, beraz, taldea utzi dutenen falta. Edonola ere, esan bezala, fitxaketa berriak ditugu eta talde indartsua osatuko dugu, ziur.  

 

Denboraldia hasteko gogotsu al zaude?

Egia esan, bai. Orain arte ez dut ikusi neure burua entrenatzaile edo entrenatzailearen laguntzaile moduan, baina azken aste hauetan oso gustura sentitu naiz. Ikusi dut taldeak eskertu duela ni ere han egotea, eta horrek asebetetzen nau. Beraz, denboraldia hasteko prest!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!