Ederra izan zen atzoko eguna Portu auzoan, San Joan Txiki Jaien bigarrena. Egun osoan zehar izan zuten jolas, tailer zein emanaldiekin gozatzeko aukera haurrek, eta jendetza bildu zuen Asto Karrerak arratsaldean, auzoko kaleetan barrena. Gauean, berriz, Laiotz arduratu zen parranda girotzeaz.
Baina atzokoa haundia izanagatik, ez dute lasai hartuko gaurkoa. Egitarau potoloa prestatu dute jaien azkeneko egunerako ere, eta gauerdira arte luzatuko da festa. Auzoko hildakoen aldeko mezaren eta bertsolarien saioaren ondoren, sagardo dastaketaren inguruan bilduko da jendea, 13 sagardotegiren partehartzearekin. Eta segidan, toka eta bote txapelketak jokatuko dituzte.
Arratsaldean, berriz, herri kirol saio polita izango da, aizkolari zein harrijasotzaileekin; eta beste behin, Laiotzek girotuko ditu ilunabarra eta gaua. Musika taldea bera arduratuko da festei bukaera emateaz, zezensuzkoarekin eta azkeneko trakarekin batera.
PORTUKO JAIETAN GAUR
08:00 Egunsentia, suziriekin.
09:30 Diana txistulariekin.
12:00 Meza auzoko hildakoen alde.
12:00 Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.
12:30 Sagardo-dastaketa. Sagardotegiak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itxas-Buru, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta.
13:00 XLVI. Toka eta Bote Txapelketa. Izena emateko epea 12:50etan amaituko da.
14:30 Bazkaria, Euskal Parrillaren eskutik.
18:30 Herri kirolak. Babeslea: Akelenea. Aizkolariak: Laiene Pikabea, Malen Barrenetxea, Beatriz Tanco, Klaudia Muñoz, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga. Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi 'Urra'.
Jarraian, Dantzaldia Laiotz taldearekin.
00:00 Dantzaldia Laiotz taldearekin.
Tartean, zezensuzkoa eta festei amaiera emateko azken traka.