Joan den larunbatean heldu zen Hernanira, etxera, Enara Agirrezabala Iradi. Ofizioz diseinatzaile industriala da hernaniarra, baina eskuzabaltasuna da bere ezaugarri nagusietako bat, eta Greziako Lesbos uhartean gertatzen ari denarekin kezkatuta, uda honetako oporrak Lesbosen pasatzea erabaki zuen. Hantxe eman ditu hiru aste, Zaporeak proiektuarekin. Mitilene Lesboseko hiriburuan dagoen KaraTepe 2 izeneko kanpalekuko errefuxiatuentzat «otordu duina» prestatzea izan da bere misioa, eta etxera heldu berritan, «oraindik lur hartzen» dagoela aitortu dio Kronikari.
Zerk bultzatu zintuen Lesbosera joatera?
Beti izan dut interesa horrelako gaietan, esperientzia gertutik bizita barruan zer gertatzen den jakiteko. Lesbosekoari begira ere, lehenengo pertsonan ezagutu nahi nuen bertako egoera zein zen, eta Zaporeak proiektua ezagutzen nuenenez, aurten horretarako aukera ikusi eta Lesbosen pasa ditut hiru aste.
Aurretik ere boluntario izan al zara?
Bai, Oporrak bakean programaren barruan, Bakeleku Udalekuetan, ume sahararrekin.
Zein da Zaporeak-en helburua?
Jomuga da errefuxiatuei janari duina eskaintzea, nutrizionalki ona eta osasuntsua, eta beraien gustukoa. Hori horrela, Zaporeak-ekin Lesbosera joaten gara sukaldean lanean aritzera. Bertako sukaldean, aritzen dira boluntarioak eta zenbait errefuxiatu lanean, kontratupean. Egunero otordu bat prestatzen da denon artean, bazkaria, eta gero, egiten dena da gobernuz kanpoko zenbait erakundetan eta kanpalekuan janaria banatu.
Kanpalekuan, gaur egun, 2.000 errefuxiatu inguru bizi dira, gehienak afganiarrak. Ni egon naizen tartean, lortu dugu 1.300 otordu inguru egitea eguneko. Horixe izan da gure topea.
Zein errealitaterekin egin zenuen topo?
Oso baldintza gogorretan bizi dira bertako errefuxiatuak. Kanpalekuan oso arau zorrotzak daude, eta errefuxiatuek guztiak bete behar dituzte. Ezin dute nahi duten askatasunarekin mugitu eta, horrez gain, itxialdi modukoa dute gaueko 22:00etatik goizeko 07:00ak edo 08:00ak arte. Horrek esan nahi du, adibidez, kanpalekura 22:30etan heltzen badira, ezin izango dutela barrura sartu eta gaua kanpoan pasa beharko dutela, polizia hantxe izango baitute guztia kontrolatzen.
Gainera, otorduei dagokienez, gobernuak soilik bat ematen die. Diotenez, otordu bakarra nahikoa da nutrizionalki ondo egoteko. Baina, noski, hori ez da horrela inondik inora ere.
Eta hori guztia gutxi balitz, errefuxiatu bakoitzaren helburua beraien egoera hobetzea baldin bada ere, oso zaila da aurrerapausoak ematea. Asilo eskaera lortzeko sekulako trabak izaten dituzte, eta askok urteak ematen dituzte Lesbosen harrapatuta. Hara iristean, onarpen-fase moduko bat pasatzen dute Europara sartzeko eta, ondoren, esperoan gelditzen dira. Hau da, orduantxe hasten da beraien asilo eskaeraren prozesua, eta asiloa lortu ahal izateko oso modu zehatzean azaldu behar dute zergatik alde egin duten beraien herrialdeetatik. Baina oso-oso zaila da, eta askori ukatzen diete baimena.
Horregatik, bertara iristean, guretzat badirudi Lesbos paradisua dela, baina beraientzat infernuak jarraitu besterik ez du egiten. Izan ere, ingurua izugarri polita da, baina bertan dagoen egoera oso latza da.
Errefuxiatu guztiak kanpalekuan bizi dira?
Ez, badaude Mitilene-n bizi direnak, Lesboseko hiriburuan. Edonola ere, beraien egoera ez da kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuenetik aldentzen. Alokairuaren prezioa oso garesti jartzen diete, eta ez dira bizi baldintza duinetan bizi.
Zer sentitu zenuen agertoki hori ezagutzean?
Han bat gehiago bezala sentitu nintzen hasiera-hasieratik. Baina iritsi eta segituan pentsatu nuena izan zen sekulako zortea dugula jaio eta bizi garen tokiagatik. Izan ere, konturatu nintzen kanpaleku horretan dauden pertsonak normalak direla, nolabait esateko. Alegia, maila sozial eta ekonomiko askotarikoak daudela han, eta duten egoera ohiz kanpokoa dela. Edozein izan daiteke bertan dagoen errefuxiatua, berdin dute estatus mailek edo bestelako ezaugarriek, salbuespen egoera horrek ez du inor bereizten.
Horregatik, sentitzen dut han duten egoera bidegabekoa dela. Gainera, errefuxiatuak ez dira pertsonak bezala tratatzen; alderantziz, gauzak balira bezala ikusten dituzte, eta horrek tristura eta amorrazio haundia ematen dit.
Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Joan den larunbatean heldu nintzen Hernanira, eta oraindik zertxobait airean nago, nahasia, lur hartu gabe. Edozein modutan, esperientzia oso gomendagarria da edonorentzat, asko ematen eta betetzen zaituelako. Une honetan, sentitzen dut beraiek askoz gehiago eman didatela niri, nik beraiei eman ahal izan diedana baino. Hiru astez topera egin dugu lan, eta oso-oso eskertua bueltatu naiz. Orain, itzuli besterik ez naiz egin eta uneoro nabil errefuxiatuak nola lagundu pentsatzen.
Errefuxiatuekin harremana izateko aukera izan duzu?
Sukaldean lanean aritzen diren errefuxiatuekin bai. Sekulako erresilientzia-gaitasuna dute, beti irribarretsu hartzen zaituzte eta beti daude lanerako prest. Kanpalekuko errefuxiatuekin, ordea, harreman gutxi izan dugu. Hala ere, ikusi dut indar haundia duen jendea dela.
Nolakoa izan da bertako egunerokoa?
Zaporeak-ek etxe bat du Mitilene-n boluntarioentzat eta sukaldean lan egiten duen errefuxiatu batentzat, Mohamedentzat. Bertan egiten genuen lo eta, goizean, kotxea hartu eta beste herri batera joaten ginen, sukaldea han dagoelako kokatuta. Han bakoitzak bere misioa du. Boluntarioen kasuan, gehienak pintxeak izan gara, sukaldeaz arduratzen direnak bertako langileak direlako. Horregatik, boluntarioek egiten genuena zen filtroak garbitu, sukaldean eta okindegian lagundu, barazkiak garbitu eta zatitu, eta horrelako beste hainbat egiteko izaten genituen. Goizeko 08:00etan elkartu eta lanean aritzen ginen 15:30ak edo 16:00ak arte, gutxi gorabehera. Gero, etxean bazkaltzen genuen eta arratsaldea aprobetxatzen genuen ingurua ezagutzeko edo deskantsatzeko.
Lesbosera joan gabe errefuxiatuei laguntzeko aukera ba al dago?
Bai. Zaporeak-ek hainbat ekimen antolatzen ditu urtean zehar. Besteak beste, janari bilketak edota bestelako ekintzak. Beti behar da laguntza, eta laguntza guztia da ongietorria. Beraz, jendea animatzen dut proiektua ezagutzera eta errefuxiatuei ahal duten moduan laguntzera.