Xalaparta elkarteak Carlos Sanchiz Sarriegi izendatuko du, gaur, larunbatean, Hernaniar Bikaina. Dantzaria, 50 urte baino gehiagoz San Joanetako Aurreskuaren antolatzaile izan zen. Izendapena bi urtez atzeratu da Covid-a dela eta Xalaparta eskultura emango zaio, elkarteak ematen duen sari nagusia. Oso pertsona ezaguna da hernaniarren artean, herrian garatu dituen alderdi ezberdinengatik. Merezitakoa dudarik gabe. «Hernaniren izena beti eraman dut soinean harrotasun haundiarekin».
Hernanin jaio zen, 1946ko urtarrilaren 13an, Kale Nagusiko 43. zenbakian. «Nire anaia Juanito ere urtarrilaren 13koa da, baina hiru urte zaharragoa». CD. Hernanin, futboleko sekzioan, ibilbide oparoa garatu zuen jokalari eta entrenatzaile bezala.
Familian aitona, ama, osabak, anai-arrebak, lehengusuak... dantzariak izan dira eta bera ere bai. Ondoren epaile lanetan aritu zen eta bere eskutik 4.000 neska-mutiko hernaniarrek ikasi dute aurreskua dantzatzen. Goiz Eguzkiko abesbatzan ere aritzen da kantuan eta 2012an oraindik ere dantza lehiaketan parte hartu zuen Zerainen, adinekoen sari batean.
Carlos Sanchiz 8 urterekin hasi zen dantzan. «Lehiaketetan hasi nintzen eta Hendaiakoan hartu nuen parte». Aurretik, hilabete lehenago, Hernaniko plazan egin zuen debuta. 1961garren urtean, 15 urterekin, Donostiako Txapelketa irabazi zuen. «15 urte nituen eta nire bikoteak 17. Konstituzio Plazan izan zen». Garai horretan dantza eta futbola uztartzen zituen.
Euskal dantza eta Sarriegi abizena ezin dira banatu
Odolean dakarki Carlos Sanchizek euskal dantza. Dantza munduan hain ezaguna den Sarriegi familiakoa da Sanchiz, eta aitona, ama, osaba-izebak, anaia, lehengusuak... guztiak dira dantzariak: «aitonak 1900 urtea aurretik dantzatzen zuen... beraz, pentsa nondik datorkidan grina. Sarriegi familia erreferentea da Euskadin, dantza munduan. Aitona, Inaxio Sarriegi zen dantzaria, baita nire ama Maritxu Sarriegi eta bere anaiak Pello Sarriegi, Joxe Sarriegi, Felipe Sarriegi eta Ramon Sarriegi. Nire ama, arreba gazteena zen. Ahizpa zaharrenak, Joxepak, ere dantza egiten zuen».
Dantza sueltoa beti izan da Sanchiz Sarriegi familian presente. «1941garren urteko argazki bat daukagu, nire ama bigarren alabarekin, apirilaren 15ean, jaio berritan. Bere anaia Felipe Pasaian bizi zen eta nire amari esan zion San Joanetako lehiaketan elkarrekin partehartzeko. Kale Nagusian, etxe pareko Asteasu abarketa-dendara jaitsi, erosi, gona jantzi eta dantzara joan ziren plazara. Gainera irabazi egin zuten. Pentsa, hori 1941ean».
Carlosen ama oso dantzaria omen zen, dio semeak. «Segituan jartzen zen dantzan, edozein lekutan. Inoiz ez zigun dantzan erakutsi, guk barruan generaman dantza, odolean daramagu».
Pello, osabak, dantza landu zuen. «Gogoratzen naiz nola entsaiotan aritzen zen nire anai-arreba zaharrenekin eta ni 4-5 urterekin begira. 1954an debutatu nuen Hernanin, Pepi Garinekin. Urte berean, zortzi urterekin lehiaketa batean parte hartu nuen Hendaian. Anai-arreba denak joaten ginen. Amak dantzatu zuen, Pasai Donibanen jaio baina Gudan Hendaian bertan bizitzen geratu zen batekin. Bigarren geratu ziren. Juanito anaiak eta Mari Carmen arrebak irabazi zuten. Mari Cruz Makazagarekin egin nuen dantza eta azken postuan geratuko ginen».
Desberdin egiten omen zen dantza. Biarritzeko Casinoan, Donibane Lohitzunen erakustaldiak egiten zituen Sarriegi familiak eta txapelketak bata bestaren atzetik irabazten hasi ziren. Batez ere Juan eta Mari Carmen anai-arrebak. «Gipuzkoako Txapelketak, txapelketa ezberdinak eta 1977garren urtetik aurrera Euskal Herriko txapelketak. Nire anaia Juanitok Euskal Herriko lehendabiziko bi txapelak irabazi zituen (1977 eta 1978), hirugarren edizioan azpitxapeldun izan zen eta laugarren edizioa berriz irabazi zuen. Gehiago ez zuela parte hartuko esan zuen. Izugarrizko txapela pila irabazi ditu. Gipuzkoako 14 txapelketa, Nadalek Roland Garrosak bezala».
«Juanitok eta Mari Carmenek txapelketa gehienak irabazten zituzten»
Arrebek ere asko dantzatu eta irabazi dute (Nati, Mari Carmen, Milagros eta Arantxa), ezkondu eta gero ere bai. «Dantzarien artean erlazio oso ona zegoen eta libre geratzen zen batekin dantza egiten zen arazorik gabe. Gaur egun itxiagoa da, zentzu horretan. Bost anaiak dantzan ikustea oso polita zen, ama ere bai. Urte batean geratu ginen lehendabiziko, bigarren eta hirugarren postuetan. Errenterian izaten zen txapelketa. 1955an txapeldun irten ziren Juanito, 12 urterekin, eta Mari Carmen, 14 urterekin».
Infantilak ziren, kexaren bat edo izan zen eta hortik bi urtera infantil mailako txapelketa antolatzen hasi ziren. «Gaur egun ere egiten dena. Nire anai-arrebak nagusien mailan egiten zuten eta nik 1960an Gipuzkoako Infantil mailako Txapelketa irabazi nuen. 1961ean Donostiako txapelketa ere jantzi nuen».
Hernani, Lezo, Donostia eta Bergara tradizio haundiko lekuak dira dantza sueltoan. «Nire arreba zaharrenak, Natik, Moises Azpiazu bergararrarekin egiten zuen dantza, jakin zuenean ez zuela dantzarako bikoterik. Juanito eta Mari Carmen eta nik beste arreba edo lehengusuarekin egiten nuen dantza. Gipuzkoa osotik ibiltzen ginen hara eta hona. Arratera Maltzagatik oinez igotzen ginen eta gero posible bazen kotxeren batean jaisten ginen, baserritarrez jantzita».
Bizkaiko eta Arabako Txapelketetan ere parte hartzen zuten. «Saria irabazten zuen Juanitok Berrizen, txapelketarako ez zen sartzen, bizkaitarra ez zelako, baina saria bera bai. Berdina gertatzen zen Gasteizen».
Futbolean jokatzeko eta entrenatzaile izateko denbora ateratzen zuen. «Añorgan jokatzen nuen, baina ez nien esaten dantzatik netorrela edo dantzara joan behar nuela. Niretzako oso normala zen, ez nintzen geratzen. Arkakuso bat bezala nintzen, alde batetik bestera. Goizean dantza, arratsaldean futbola edota alderantziz».
«Nire anai-arrebak goraipatu nahi nituzke: Nati, Mari Carmen, Juanito, Milagros eta Arantxa»
«Futbola utzi behar izan nuen 18 urte betetzear nengoenean lesio bat medio eta Gipuzkoako selekzioan nengoenean»
C.D. Hernanik Kontxako txapelketa irabazi zuten hondartzan. «Zarautz eta Hondarribia inguruko txapeldunen aurka. 14-15 urterekin izan zen hori eta talde horretatik bost Añorgara joan ginen. Ugalde, Goiburu, Almandoz, Etxarri eta ni». Añorgan urte politak pasa zituen, baina futbola 18 urterekin utzi behar izan zuen lesio bat medio. «Gipuzkoako selekzioarekin negoen. Azaroaren 1a zen eta kasualitatez Hernaniren aurka jokatzen genuen Rezolan. 17 urte nituen orduan eta belaunean kolpe bat jaso nuen. Penalti bat huts egin nuen eta 0-0 amaitu zen partida. Zabala zen Hernaniko atezaina».
Gipuzkoako selekzioan izan zen hautatua, Anoetan Sanseren kontra lagunarteko partida jokatzeko. «Hura izan zen nire azkenengo norgehiagoka. 1963ko abenduaren 12a edo 13a zen. Kolpea jaso nuenetik 40 egun pasa ziren, baina ezin nuen jokatu, oso gaizki neukan belauna».
Dantzarako ere oztopo zen, urtebete egon zen dantza egin ezinda, baina Sanchizek dioen bezala, «gustoko lekuan aldaparik ez». Pauso batzuk aldatu behar izan zituen. «Gorako ostikoa ezin nuen behar bezala egin, baina indarra bazegoen dantzarako. Gaur egun arte nabil. 28rekin utzi nuen dantza egitez txapelketetan, 1974ra arte, baina oraindaino arte ez naiz geratu». Gaur berari emango diote Hernaniar Bikaina saria, baina 2003tik parte-hartu izandu dantzari bezala. «Angel Olarani eman zioten 2003 urtetik 2014ra arte, Luis Telleriari eman zioten arte».
1964ko urtarrilean bete zituen 18 urte. «Infekzio bat izan nuen eta hanka galtzeko arriskua ere izan nuen. Zorionez ez zen horrelakorik gertatu». Nahiz eta futbolean jokatzerik ez izan eta lehieketetako dantzak 28 urterekin albo batera utzi arren, futbolari eta dantzari lotuta jarraitu zuen. «Futbolean entrenatzaile lanetan hasi nintzen eta dantzan epaile bezala». Noski, Aurreskuaren ardura ahaztu gabe.
«Atsegindegiko Tornoan hasi nintzen jokatzen 12 urterekin eta Viteri taldearekin Liga eta Kopa irabazi genituen. Oso talde polita genuen»
Futbol jokalari izatetik, entrenatzaile postura
Dantza eta futbola, futbola eta dantza. Futbolean 12 urterekin hasi zen Atsegindegiko Torneoan Viteri taldearekin. «Txapeldun irten ginen Bachiler eta Txinpartaren aurka. Gu bi urte gazteagoak ginen, guk 12-13 urte eta haiek berriz 14-15. Oso jokalari biziak eta azkarrak genituen Santi Armendariz, Eli Lizarraga, Iturritxa, Joxeba Etxeberria, Josean Esnal, Lujanbio, Almandoz, Zubeldia, Goikoetxea, Quillez... Zabala zen portero eta lesioa izan eta Etxarrik ordezkatu zuen. Alberto Zapirain zen entrenatzailea».
Hortik, Hernanirekin playerotan hasi ziren jokatzen horietako batzuk. «1964ko abuztuan belauna probatu nahi nuen ea jokatzea posible zen edo ez, ezinezkoa zen. Nahi eta ezina zen. Beraz, entrenatzailearen laguntzaile lanetan hasi nintzen. Gipuzkoako hautatzailea ere bazen eta laguntza eskatu zidan. Niri asko gustatzen zitzaidan, aurreko urtean Hernaniko koadrila bat entrenatu nuen Lasarteko txapelkean parte-hartu zuena. Horrela hasi nintzen entrenatzaile lanetan».
Añorgaren bigarren entrenatzaile postua hartu zuen eta aurrenekoak ezin zuenean bera zen entrenatzaile burua. «Aurreko urtean nirekin egondako bat eta urtebete gazteagoak».
Hernanin, gazte mailan, ez omen zegoen pulamenturik eta 'Txefe' Ormazabal, Carlos Sanchizekin jarri zen kontaktuan. «Ez zegoen seriotasun askorik eta entrenatzaile bezala CD. Hernanin 1967-68 denboraldian hasi nintzen». Sei urte egon zen entrenatzaile bezala. «1967an lagun koadrila ziren, baina kalitatea eta gaia bazegoen. Añorga talde entzutetsua zen, gogor entrenatzen zuena. Javier Exposito zegoen eta disziplina eta zuzentasun haundia zegoen. Hernanin berriz ez zegoen horrelakorik, aldea nabaria zen batetik bestera. Nik lan egiteko modu hori aldatu nuen, seriotasuna eta disziplina oinarri hartuta. Gogorra nintzela esaten zuten eta izango nintzen, bai».
«Entrenatzaile gogorraren fama nuen Hernanin, baina emaitzak onak ziren hasieran jubenilekin eta ondoren talde nagusiarekin»
«Hernaniko hiru alkate entrenatu nituen Hernaniko jubenil taldean»
Lan egiteko modu berriek bere fruituak ekarri zituen. «Jokalariak ikusi zuten, denbora gutxian, hobekuntza. Larburu, Soto, Gorjon, Mendiola, Apezetxea, Satur, Garmendia... Gure mailako Gipuzkoako finala jokatu genuen Elgoibarren aurka eta bi partiduak irabazi genituen. Jubenilen lehenengo mailara igo ginen. Gogoak zeuden eta talde ona zen».
Carlosek bitxikeri bat gogoratzen du. «Hernaniko hiru alkate entrenatu nituen garai horietan: Juanjo Uria, Rikardo Mendiola eta Agustin Ezponda». 1968-69an Lehenengo mailan ongi jokatu omen zuten eta «1970ean denboraldi ederra burutu genuen eta Eibarrek kanporatu zigun. 1971an Gipuzkoako Kopako finalera sailkatu ondoren, finala Ordiziaren aurka galdu genuen, Atotxan, penaltietan. Lau urtetan onenekin lehiatzen zen» eta gogoratzeko denboraldia 1971-72an egin zuen Hernaniko jubenil taldeak. «Realaren kontra azpitxapeldun izatea lortu genuen. Jokalari bakoitzak bazekien zein zen bere lana. Talde oso polita zen».
Carlos Sanchizek oso ongi gogoratzen ditu garai haiek. «Finala Atotxan irabazteko modukoa izan zen. Realean Arconada, Sastrustegi, Ayerdi, Astarbe.. bezalako jokalariak zeuden. 0-0 amaitu zen. Luzapenean ez zen golik izan eta bi taldeetako delegatuek erabaki zuten penalti jaurtiketarik ez egotea. Horrela, bigarren partidu bat jokatzea erabaki zen, Txantxillan, eta takillako dirua Hernanirentzat. Bi egunetara jokatu zen. Lehenengo partidua ostegunean izan zen, nahiz eta ez irabazi Hernanin ongi etorria egin zen. Gaua bat baino gehiagori luzatu egin zitzaion. Ostiralean errekuperatzeko entrenamendua egin genuen eta larunbatean bigarren partidua jokatu zen. Ongi irabazi ziguten». Kasualitatez, bere lehenengo alaba finaleko egun berean jaio zen, apirilaren 15ean.
Gipuzkoako azpitxapeldunak Bizkaiko txapeldunaren aurka jokatzen zuen Campeonato Vasco-Navarro txapelketako finalerdi bat. «Lezaman zen joaneko partidua. Bidaia luzea zen, autopistarik gabe. Lezaman uste genuen zelai onenean izango zela partiua, baina ez, gure ilusioa zapuztuta zelai kaxkar batean aritu ginen. 3-0 galdu genuen. Itzulereakoa, Txantxilan, astebetera izan zen bero haundiarekin. Partidu oso on batean 1-0 irabazi genuen eta beraiek denbora eske amaitu zuten».
«Dantza lehiaketak eta futbolean entrenatzeari ere utzi nituen bi urtez»
Dantza lehiaketak 1974an utzi zituen eta entrenatzaile lanak ere bai. «Atsedenerako bi urte hartu nituen. Esku pelotan jokatzea gustatzen zitzaidan eta herrietako txapelketetan hartu nuen parte Jose Ignacio Rodríguez bikote bezala. 1975ean berriz ere futbol taldea entrenatzen hasteko eskatu zidaten Hernanin».
Oraingoan talde nagusia, Lehenengo Erregional mailan. «Talde ona omen zuten. Egun gutxi geratzen ziren denboraldia hasteko. Lanerako, hauek ere gogo gutxi zuten, baina gaia zegoen. Laugarren partiduan azken bigarrenak ginen. Gasteizen jokatzen genuen eta hobetu beharra zegoela esan nien. 0-4 irabazi eta 19 partidu egon ginen galdu gabe. 17 irabazi eta bi berdindu genituen. Txapeldun irten ginen. Mailaz igo eta Gipuzkoako Afizionatu mailako txapelketa ere irabazi genuen, hurrengo denboraldian Espainiakora sailkatuz. Txapelketa hau profesional ez ziren maila guztietako taldeek jokatzen zuten. Gipuzkoan Mutrikuk eta Oiartzunek talde sendoa zuten, agian Real Union baino hobea».
Denboraldi zoragarria egin zuen Hernanik eta Espainiakoan, 1977an, «Hirugarren mailako Portugaletek kanporatu zigun finalaurdenetan. Aurreko bi kanporaketetan Caparrosoko Azkarrena eta Kataluniako Vich gainditu genituen. Nafarren aurka 4-0 eta 0-2 irabazi genuituen bi partiduak».
Katalunian gertatutakoa oso ongi gogoratzen du Carlosek. «Jokalari askorentzat lehenengo aldia zen honelako bidaia egiten zutena eta gainera Bartzelonara. Gaua egin genuen Bartzelonan. Bidaia nekagarria zen, iritsi eta hirian bueltatxo bat egin nahi zuten jokalariek. Uzteko esan zidaten klubetik, baina nekea nabaria zen eta hurrengo egunean zen partidua Bartzelonatik ordu t'erdira. Hurrengo goizean gosaldu eta gero erosketak egin nahi omen zituzten. Horrela iritsi ginen zelaira, ia atsedenik gabe. Txantxillan 4-0 irabazi genuen joanekoan. 1-0 hasi ginen galtzen eta jokalari askori karranpak hasi zitzaizkien. 3-0 galdu genuen, baina larri-larri denbora eskatzen eutsi genion abantailari».
Finalaurdenetan Portugalete aurkari gogorragoa izan zen. «Usandizaga Sestaon ari zen jokatzen eta Portugaleteren erreferentziak eskatu nizkan, jokalari arriskutsuen inguruan. Horietako bat geratzeko markaketa prestatu nuen, baina lehenengo jokaldian ihes egin zuen egin eta gola sartu ziguten. Berdindu genuen zorte haundiko gol bati esker, baina 4-1 galdu ere bai. Itzulerakoan, Txantxillan, hiruna berdindu genuen. Pinak, Zubiarrainek, Altunak, Aldaregiak... jokatzen zuten». Eta guzti hori, aurreskuaren ardurarekin uztartzen zuen. «Egun batean ere ez nuen huts egin».
«Azken urteak oso gogorrak izan ziren, baina Aurreskuan 53 urte egin nituen arduradun bezala eta oso oroitzapen politak ditut»
Carlos Sanchizek partehartzaile bezala eta 1965tik aurrera arduradun bezala bizi izan du haurren Aurreskua. «4.000tik gora hernaniarrek hartu dute parte nirekin eta Hernanik zuen XIX. mendeko ondarea desagertzen utzi du, penagarria da»Carlos Sanchiz herrian, batez ere ezagun, Aurreskuarengatik da. 1965ean hartu zuen antolatzeko ardura Damian Otamendi hil ondoren. «Kale Nagusiko 44 zenbakian Nicanor Irazusta bizi zen, Udalean egiten zuen lan, Festetako Batzordean zegoen eta haurren Aurreskuko gaia zeraman. Batzordean zeuden bost arduradunek herritarrei gonbidatzen zien ekitaldiak antolatzera. Niri esan zidaten ea aurreskuaren ardura eraman nahi nuen eta bost minutu igarota baiezkoa esan nien». Horrela hasi zen Carlos Sanchiz hernaniarren gaztetxoei Aurreskua erakusten. «Gaur egungo Musika Eskola dagoen eraikinean, udaletxe atzean, hasi genituen entsaioak. Señorita Agustinak irakasten zuen gelaren behean. Soto bat zen eta niretzako lekurik onena. Haurrak kontrolpean nituen. Errespetu haundia zegoen. Entsaioak hainbat eta hainbat lekutan egin ditut: Musika Eskolako horretan, Kulturarteko Plaza Feminista eta Iturola ondoan dagoen kantxan, EPOn, gaur egungo Urumea ikastolan...». Txikitan bera ere aurreskuan parte-hartzaile izan zen. «Biterin aritzen ginen, nesken aldean, entsaiatzen Damian Otamendi irakaslearekin. 25 bikote izaten ginen, ez gehiago eta ez gutxiago. Niri gutxi iruditzen zitzaizkidan eta gehitzen joan nintzen kopurua. Normalean 56-58 bikote izatera iritsi ginen eta zapaia 68 bikoterekin izan zen 80garren hamarkada hasieran». Haurren Aurreskua bost urtetik hamahiru urterarte izaten zen. «Lauzpabost urteko umeak kendu behar izan nituen, soka luze hori kontrolpean izatea zaila egiten zitzaidan. Nahiago nuen txikienak kendu eta helduenei parte-hartzen utzi, 14 urtekoren batzuk ere bai. Txikinek izango zuten denbora eta besteek azken urtea zuten Aurreskuan». Guraso batzuk ez zuten ulertu erabaki hori eta «momentu batzutan gaizki pasa nuen, sentikorra naiz. Arrazoia zuten, baina fisikoki ezin nuen kontrolatu. Oso luzea zen ilara».
«Oso polita zen familientzat Aurreskuan partehartzea eta familia ia gehienetan izango dira argazkiak» 53 urtetan Carlos Sanchizek gidatuta antolatu zen, 2018ra arte, eta azken San Joanetan, 2019an, utzi zen antolatzeari. «Azken urteak oso gogorrak izan ziren, batez ere gurasoen jarreragatik. Inoiz ez nuen huts egun zorionez. Belaunean ebakuntza egin zidaten. Udalean esan nuen ez nuela jarraituko, eta utzi egingo nuela. Orduan ebakuntzaren zain negoen, eta banekien edozein momentutan deituko zidatela». Kalkulu bat egin zuen, bera arduradun izan zen urteetan, zenbat haurrek hartu zuen parte eta «4.000tik gora hernaniarrek hartu zuten parte Aurrsekuan 1965tik 2018ra. Oso polita zen famlientzat Aurreskuan partehartzea. Familia ia gehienetan izango dira Aurreskuaren argazkiak partehartzaile bezala. Ekitaldi bezala ere, zoragarria zen, ikusgarria». Gaur egunean desagarttuta dago. «Ez dagoelako inor ere atzetik prest, antolatzeko» erantzuten du. «Garai bateko konpromezurik ez dago eta gainera errazagoa da umea Akelarrera bidaltzea, ez da entsegurik behar, ordu berean da. Umeak ez dira eramaten entseguetara, umeak ez du nahi izaten horrelako konpromezurik, normala da, eta gurasoak onartu egiten dituzte umearen nahiak». Herriari orokorrean ez diola arduratu «tamalez» ere aipatzen du. «Nire ustez ez zitzaion axola desagertzea. Ez dugu zaindu gure ondarea eta esagertu egin da. Gurea eta 100 urte baino gehiago dituen zerbait amaitzen utzi da, inork ezer egin gabe». Aurreskuaren historia luzea da Hernanin, XIX. mendeko argazkiak eta erreferentziak ere badaude. Eta pena haundiarekin hartu zuen Sanchizek bertan behera geratzea. «Ez dut gogoratzen inoiz horrelakorik. Lau urterekin hasi nintzen Aurreskuan parte hartzen. Gero festen batzordekoek nik ardura hartzeko eskatu zidaten, eta hartu nuen. 53 urte pasa ziren, eta urte horietan guztietan bi urtetan bakarrik izan ziren arazoak. Bat, San Joanak bertan behera geratu ziren urtean, eta bestea, arazo politikoengatik ere ezin izan zenean antolatu».
Sanchizen lehenengo dantzaldia Plazan 1954an, Zestoan bere arrebarekin 1961ean, Aurreskuan partehartzen 1952an eta irakasle bezala 80. hamarkadan.
Zarautz eta Mateorekin Plazan eta bere lehenengo dantzaldian. |