Noiztik daramazu dantza munduan?
Ia bizitza osoa daramat dantza munduan murgilduta. Ni oñatiarra naiz, eta txikia nintzenean ez nuen dantza egiten. Momentu hartan euskal dantza bazegoen, eta egin izan dut, baina oso gutxi. Euskal dantzez gain, balleta ezagutzen zen, eta nik ez neukan ideia askorik. Antzerki mundua gustuko nuen, eta magisteritza ikasten nuen bitartean, ahal nuen bakoitzean, gorputz mugimenduekin zerikusia zuen ikastaroak egiten nituen, zirkoa esaterako. Ikusi nuen gustatzen zitzaidala gorputz adierazpena.
Kasualitatez, tokatu zitzaidan Hego Amerikara joatea, eta momentu hartan, hau da, 80garren hamarkadan, literatura eta antzerkia pil-pilean zeuden. Beraz, nire helburua zen bertako antzerkia ezagutzea. Bapatean, kartel bat ikusi nuen, ‘Dantza garaikidea’ jartzen zuen bertan, eta pentsa, ez nekien zer esan nahi zuen.
Joan nintzen antzerki hori ikustera, eta oholtza ginean ikusi nuen antzerki hura iruditu zitzaidan benetan txundigarria. Eta denborarekin, pixkanaka hasi nintzen antzerkia eskaini zuen artistaren klaseetara joaten. Gero eskaini zidan bere taldearekin parte hartzea, eta horrela sartu nintzen dantza munduan, 20 bat urterekin, heldu nintzenean nolabait. Zorionez dantza garaikidean hasteko ez zen berandu, eta banekien nire ibilbidea dantzatik bideratuta joan behar zuela.
Urte luzeetako esperientzia duzu orduan…
Bai, hona etorri nintzenean, hasi nintzen kiroldegian klaseak ematen. Ez zegoen mugimendu haundirik, baina Biteriko eskola zaharra kendu eta kultur etxea egin zutenean, dantza gela zoragarri eta polit bat eraiki zuten. Hor ikusi nuen nire txokoa, geroztik bertan jardun dut klaseak ematen.
Zer da dantza garaikidea, eta zuri zer eman dizu?
Pertsonalki asko eman dit niri dantza garaikideak. Zure burua ezagutzeko modu eder bat da, ez bakarrik zure gorputza, baizik eta zure barnea. Azkenean dantza garaikidea ez da mugimendu soilak egitea, mugimendu horiekin, publikoari zerbait helaraztean edo transmititzean datza. Asko eman dit, eta dantzari asko diot eskertzeko.
Dantza garaikidearen hasierari dagokionez, Europan existitzen zen bakarrik balleta. Emakume batzuk aritzen ziren, eta haietako batzuk izan ziren aitzindariak balletean, besteak beste, Isadora Duncan. Hasi ziren esaten beste modu batera nahi zutela egin dantza: oinutsik, mugimendu askeagoak egiten… Balleta ederra da, baina estruktura markatu bat dauka. Lan asko egin behar duzu gauza batzuk ikasteko. Horrela hasi zen dantza garaikidea, askatasunaren bilaketa batetik.
Gaur egunekoa, oso ezberdina da ezta?
Bai, gaur egungo dantza garaikideak ez du lehengoarekin zer ikusirik eta orain eskola ugari daude, orain sekulako dantza zoragarriak ikusten dira. Baina muina berdina da, mugimendu askatuak eta mugimendu libreak egitea. Bakoitzak bere teknika du gainera.
Aurpegiarekin, adierazten da zerbait?
Gehiago da gorputzarekin, besoak mugituz… Obra batzuetan bai da garrantzitsua aurpegia, baina orokorrean aurpegia ez da zentroa, gorputza aldiz, bai. Gorputz osoa landuz, eta gorputzarekin adieraziz, transmititu egiten da.
«Dantza ez dut utzi, utzi ditut klase guztiak, baina etorkizun hurbil batean gustatuko litzaidake orain aarte animatu ez diren heldu horiekin zerbait egitea»
Erritmoak markatuko du dantza…
Erritmoan oinarritzen zara bai, baina musikarik gabe ere dantzatu daiteke dantza garaikidea noski, oso mundu zabala baita.
Bizitzako gorabeherak, dantzan islatzen dira? Goibel egon zaren horitan, dantzak lagundu zaitu?
Dudarik gabe, nire bizitzako momentu batzuk txarrak izan dira eta korapiloak izan ditudanetan dantza erabili izan dute askatzeko. Eta beti pentsatzen dut, eskerrak dantza dagoen!
Norberaren tristurak eta alaitasuna, dantzan islatzen direla esango zenuke?
Bai, dantzarekin sentimenduak adierazten dituzu, eta hori altxor bat da. Dantza garaikidea gainera, oso abstraktoa, eta gertatzen da publikoak batzuetan ez duela ulertzen. Hasten bazara logika puntua bilatzen dantza garaikideari, ez duzu ulertuko, ikusten duzunak zerbait sentiarazten badizu, eutsi horri, izan tristura, izan emozioa, izan poza… Sentimenduekin jokatzen dugu, dantza garaikidearekin zerbait adierazten saiatzen gara, baina hartzaileak beste mezu bat har dezake.
Koreografoak mezu konkretu bat helarazi nahi du dantzarekin, baina askotan ez da mezu hori heltzen, eta hori ere ondo dago, bakoitzak interpretazio bat duelako.
Nolakoa esango zenuke izan dela zure ibilbidea dantzan?
Hasi nintzen berandu, ez nuen pentsatzen honaino helduko nintzenik. Hego Amerikan hasi nuen dantza ibilbidea. Han herrialde ezberdinetan dantzatzen genuen eta antzerkiak eskaintzen genituen. Denbora aurrera joan ahala, Euskal Herrira itzultzeko momentua heldu zitzaigun, nire bikoteari eta niri.
Hona itzulita, zerbait aurkitu nahi nuen, dantzarekin lotuta lan bat topatu nahi nuen, baina garai hartan zaila zen dantza garaikidearekin lotutako lan bat aurkitzea. Gaur egun bai, baina duela urte batzuk ez.
Ez zegoen infraesktrukturarik, eta ni Hernanin zentratu nintzen. Aztertu nuen ea jendeari interesatzen zitzaion dantza garaikidea ikastea. Hor ikusi nuen, klaseak ematea aukera bat zela. Garai hartan, Tantakakoekin egin nuen proiektu txiki bat. Ondoren seme-alabak izan nituen, eta orduz geroztik klaseak eman ditut, eta ze gustura gainera.
Dantzatik erretiratuko zara, baina dantzatzeari utziko diozu?
Dantzatik erretiratu egin naiz baina dantzatzeari ez diot inoiz utziko. Asmoa daukat, helduei klaseak ematen jarraitzea. Gustatuko litzaidake dantza ez uztea albo batera, azkenean nire bizitzaren zati haundi bat da.
Ni oraindik oso indartsu sentitzen naiz, nire gorputza ez da lehen zena, baina tira moldatzen naiz. Utzi ditut klase guztiak, baina gustatuko litzaidake orain arte animatu ez diren heldu horiekin zerbait egitea. Nire erritmora egokitu eta ni haien erritmora.
Adin guztietako ikasleak izan dituzu ezta?
Bai, urteetan errepikatu dutenak ere izan ditut, eta oso polita izan da, zoragarria. Dantzatzeko grina badaukate behintzat. Nire asmoa ez da izan inoiz dantza erakustea, baizik eta dantzarekin gozatzea eta ezagutzea zer den. Egon da denetarik, baina asko izan dira dantza garaikidera lotu direnak, engantsatu egin direnak. Hori niretzat izan da altxor bat.
Gizonezko gutxiago izan ditut emakumeak baino, eta egia da azken urteetan gizonezkoen kopurua dantza garaikidean igo egin dela. Orian talde indartsuak daude, Kukai adibidez.
Dantzatik erretiratuta, norbaiti edo zerbaiti eskertzekorik?
Bai asko, jendeari batik bat, nigan sinetsi dutelako. Hasieran ez zekien inork zer zen dantza garaikidea, eta ez zekiten funtzionatuko zuenik ere. Baina apustua egin zen eta lortu genuen. Nik egiten nuen ahal nuena, eta nigan konfiantza izan zuten. Horregatik egin dut dantza ibilbidea Hernanin, nigan sinetsi zutelako. Hori eskertzen dut asko, nire ibilbide luze honetan egon dira gorabeherak, eta beti egon da norbait klaseengatik borrokatu duena.
Gogoratzen duzu oholtza lehenengo aldiz zapaldu zenuen egun hura?
Lehenengoa zehazki ez dakit, baina Kiton (Hego Amerika) bizi nintzenean, dantzari eta koreografo oso ezagun batekin, antzerki berezi batean hartu genuen parte. Antzerkia borobila zen, eta publikoa gerturatzen zitzaigun, oso gertuko antzerkia zen. Zoragarria. Antzerkia eta dantza uztartzen zituen emanaldia zen, eta Hego Amerikako errealitatea islatzen zuen.
Lesiorik izan duzu dantzagatik?
Bai, behin zuntz haustura izan nuen hanka batean. Baina tira, nahiko ondo gainditu nuen. Egon nintzen geldirik, klaseak ematen nituen, ez zenez oso larria, geldirik egoten nintzen klaseetan.
Azken aldian bizkarra nabaritu dut zertxobait kargatua, baina ondo nago, hala ere iritsi zait erretiratzeko ordua. Kostata, baina utzi egin behar dut.
«Dantza niretzat izugarria da, bizitzeko aukera bat. Ni ezagutzeko aukera izan dut dantzarekin, nire miseriak, nire tristurak, denak atera ditut dantza bidez»
Dantzak, beraz, zoriontsu egin zaitu…
Bai, dudarik gabe. Dantzak sekulako zoriontasuna eman dit. Gainera ez nuen espero horrelako ibilbide positiboa izatea. Oso pozik nago egindakoarekin eta sortutako dantza mugimenduarekin. Zentzu batean harro nago.
Orain testigua beste bati emango diot, eta berak jarraituko du klaseak ematen. Uste dut, gainera, gazteak behar direla, gazteek eutsi behar diote dantza garaikideari, egingo dute beste indar batekin.
Klaseak eman dituzu urte askotan, nolakoa izan da esperientzia?
Oso aberasgarria izan da. Umeekin ere klaseak eman ditut, hasieran beti ematen nituen, gero geldialdi bat izan nuen, baina klaseak berrabiarazi genituen. Nire bizitza izan da, eta esperientzia gisa ederra. Jendearen jarrera sekulakoa izan da, oso baikorra. Beti jokatu dute nirekin errespetu haundiarekin, eta egia esan behar badut oso babestua sentitu naiz.
Nire klaseetan, lantzen dugu teknika. Duela urte batzuk zentratzen ginen sormenean, nik deitzen nion tailerra. Hor gertatzen zena izan zen, jendea lotsatu egiten zela sortzen, eta nahi zuten aerobik gisa egitea. Beraz, modu hau alde batera utzi nuen, denboraldi batean, baina gero berriro itzuli nintzen. Landu dut asko taldeko harreman estu eta polita. Azken boladan, eman izan ditut pausu batzuk, bakoitzak garatzen ditu ahal moduan, eguna horretan ateratzen zaion moduan...bakoitzak bere modura. Ez gara inoiz epaituak, dena da errespetagarria, beldurrik gabe txorakeriak egin eta gorputzarekin jolastu.
Zure dantza ibilbidea hitz bakarrean azaltzekotan, zer esango zenuke?
Aukera izugarria. Bizitzeko aukera. Ni ezagutzeko aukera izan dut dantzarekin, nire miseriak, nire tristurak, denak atera ditut dantza bidez. Beraz hitza, 'aukera' da.
Dantzatik erretiratuko zara, baina dantzatzeari utziko diozu?
Ez diot dantza egiteari uko egingo, gorputza lantzen jarraituko dut. Etxean, edonon, dantza beti izango baita niretzat bizitzeko modu bat.
Omenaldia egin zizuten asteartean, hunkigarria izan zen ezta?
Oso hunkigarria, banekien zerbait egingo zutela, baina sekulako omenaldia egin zidaten. Nire ibilbidearen errepasoa egin zuten, bideo bat ere egin zidaten, lore sortak jaso nituen... Emozionatuta nengoen, eta oraindik halaxe nago, gogoratzen dudan bakoitzean, oilo ipurdiak jartzen zaizkit!