Erreportajeak

«Zikuñagan hazi eta hezitakoa naiz, horregatik du 'Ziku' izena diskoko lehenengo abestiak»

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 11a, 00:00

Minet (Euskoprincess) artista hernaniarra.

Aski ezaguna da dagoeneko Minet (Euskoprincess) Urumea bailaran. Duela astebete 'Hollywood star sistem' diska kaleratu du, eta sekulako harrera izan du: «ez nuen halakorik espero». Artista hernaniarrarekin  solasean aritu da Kronika, hasi berri duen ibilbide musikalari buruz. 

Kaleratutako lehenengo singelak ('Lehendakari') sekulako harrera izan zuen. Hortik aurrera, goruntz joan da zure ospea. Zer moduz daramakizu? 

Egia da oraindik arraroa egiten zaidala, batzuetan etorri izan zaizkit haurrak esaten Euskoprincess gisa ezagutzen nautela, eta Chill Mafiaren laguna naizela ere esaten didate. Nik argi daukat ez naizela beste munduko inor, eta garbigailua jartzen dudala beste edonoren antzera. Oso ondo daramakit ospe puntu hau, eta egia da grazia egiten didala. Baina niregana etorritako guztiak izan dira modu lasai batean, eta oso modu positiboan. Hori eskertzen dut, ez dira modu inbasiboan etorri, nolabait esateko.

 

Hernanin ere nabaritu duzu? Begirada gehiago, Euskoprincess zarelako? 

Herrian nabaritu dut, bai; bistaz ezagutzen nituenek, orain begiratu eta kasu egiten didate. Batez ere, gertatu zait ni baino gazteagoa den jendearekin. Ez nuen inolako harremanik haiekin, eta orain ezagutzen noa apurka, parrandetan adibidez. 

 

Duela gutxi atera berri duzu 'Hollywood star sistem' diska. Nolako erantzuna izan du?

Ekainaren 2an kaleratu nuen diska, eta oso denbora gutxian sekulako harrera izan du. Ez nuen halakorik espero. Ikusi dut zerbait berria ateratzen dudanetan beti dagoela norbait atzean, ateratako hori gustuko duena, eta publiko hori hazten doa gutxinaka. Zenbakietan dena islatzen da, eta horietan ikusten dut zer nolako ospea izan duten abestiek. Eta oso antzekoak dira emaitzak, abesti guztietan. Alde horretatik, oso eskertuta nago. Izan ere, ez nuen espero honaino helduko nintzenik, eta seriotasun honekin ariko nintzenik. 

 

Ekainaren 17an, Donostian izango zara, etxetik gertu. Gogoz baina urduri, agian? 

Izugarrizko gogoa daukat Donostiako kontzerturako. Bilbon eskaini nuen kontzertua duela gutxi, eta ederki pasa nuen. Hala ere, ostiraleko kontzerturako urduritasuna nabaritzen dut. Azken finean, jende gehiagok ezagutzen zaitu, eta ez dakizu zein gerturatuko den. Beste giro batean egongo naiz, oso desberdina dena; eta pentsatzen dut gertukoa izango dela.

 

La Zowiren aurretik ariko zara Donostiako kontzertuan...

Ikusgarritasuna emango dit, noski. Gainera, deitu zidatenean hasierako abeslaria izateko, Lehendakari abestia bakarrik neukan sortuta. Baina orain disko oso bat daukat, sei abestirekin, eta eskerrak!

 

Udan kontzertu gehiago edukiko dituzu, ezta? 

Bai, topera nabil eta ibiliko naiz. Batzuk konfirmatuta dauzkat, esaterako Fiteron eskainiko dudana. Gero, ari naiz planteatzen Hernanin kontzerturen bat eskaintzea; oraindik kudeatzen ari naiz hori, baina eskainiko dut seguruenik. 

 

Guztira zazpi kanta ekoiztu dituzu... 

Hollywood star sistem diskan sei kanta daude, eta Lehendakarirekin, guztira zazpi abesti dauzkat, bai. 

 

Txikitatik izan duzu musikarekiko zaletasuna? Nondik datorkizu

Umea nintzenetik izan dut afizio hau, baina ez nuen serio hartzen. Pandemiarekin serio hartzen hasi, eta pentsatu nuen honek etorkizun bat bazuela, eta fruituak emango zituela. Lehendakari atera eta jendearen erantzuna jaso nuenean, izugarri poztu nintzen, eta ikusi nuen baneukala eragina gizarte talde batengan. Momentu hartan esan nuen 'aurrera noa'. 

Hasiera batean niretzako egiten nituen kantak, zerbait pertsonala bezala, baina Rivers. Z produktora ezagutu nuenean, elkarrekin lanean hasi ginen, eta honaino heldu naiz. 

 
Zergatik Euskoprincess? 

Oso modu sinple batean sortu zen. Hasi nintzenean abestiak edo demoak sortzen, momentu horretan hasi nintzen nire trantsizioa egiten, eta nire izena aldatu behar nuen, baina ez nekien seguru zein izen jarri. Bat-batean, 'La princesa de Euskadi' etorri zitzaidan burura, eta hortik sortu zen Euskoprincess. Ez zen izan hausnarketa sakon batetik sortutako izen bat; bat-batean sortu zen, modu naturalean. 

 

'Lehendakari'k badu kutsu berezi bat zuretzat? 

Gaur egun, kantu gehiago egiten ari naizenez, momentu honetan Lehendakari ezberdin ikusten dut. Hasiera batean, esan dezaket Lehendakari abestiak duen mezua nahi gabe egin nuela, eta trantsizioarekin hasi nintzenez, broma gisa sortu nuela abesti hau. Baina jendeak ez zuen modu honetara hartzen abestia, beste enfoke serio batetik ikusten zuen. Beraz, musikak lagundu dit mezua modu natural batean helarazten, bidea errazagoa egin zait. 

 

'Hollywood star sistem' diskako lehenengo abestia 'Ziku' da. Zer dela eta? 

Ziku, Zikuñaga auzoagatik da. Diskako lehenengo abestia da, eta azkena, berriz, Hollywood. Honekin islatu nahi nuen mezu hau: Zikuñagatik Hollywoodera. Ni hazi eta hezi naizen auzoa da Zikuñaga, bertatik nator, eta abestiak kontatzen du nire egunerokotasuna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!