Erreportajeak

«Boccian asko disfrutatzen dut eta ametsa litzateke Joko Paralinpikoetara joatea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 28a, 00:00

Xuban Santin, Espainiako txapeldun da boccian.

Xuban Santin hernaniarra Espainiako txapeldun geratu da boccian. «Petankaren hantzekoa den kirol egokitua». Erandion lortutako urreak, ekainaren amaieran Finlandian jokatuko den Europako Gazteen Jokoetarako txartela eman dio. Hala ere, «garrantzitsuena disfrutatzea da».

Xuban Santin hernaniarrak Gazteen mailako Espainiako Boccia txapelketa irabazi du BC2 kategorian eta ekainean Finlandiara joango da Europa mailako txapelketan partehartzera. Ekainaren amaieran hasiko dira Europako Gazteen Jokoak, hilaren 27an Pajuhlatin eta Hernanik ordezkaria izango du.

 «Oso pozik nago eta ilusio haundia daukat Finlandiara joateko. Espainiako selekzioarekin hiru lehiakide joango gara. BC2 mailan bi eta bestea BC1 mailan». Erandion jokatu zen Espainiako txapelketa eta Xuban gustura aritu zen. Euskal Herriko, Kataluniako, Madrilgo eta Valentziako kirolariak aritu ziren lehian eta Xuban izan zen onena. «Hirugarren partehartzea zen eta lehendabiziko aldiz geratu naiz txapeldun». Hilabete aurretik Euskadirekin autonomi mailako txapelketa ere irabazi zuen. 

«Gogor nabil entrenatzen, baina garrantzitsuena disfrutatzea da». Behin eta berriz, Xubanek errepikatzen duen esaldia da. «Joko Paralinpikoetara joatea ametsa litzateke, baina boccian jokatzen dut, asko disfrutatzen dudalako». Xuban Santinek Lasarteko Ostadar kirol Taldean jokatzen du eta aurretik Dordokan ere jokatu zuen. «Hiru boccia jokalarik osatzen dugu taldea», azpimarratzen du hernaniar gazteak. 17 urte egin zituen martxoan. 

2016an sortu zuen Lasarteko klubak boccia sekzioa. Jurgi Olasagasti eta Amaia Cadarsoren eskutik, 2016ko abuztuan, kirol egokituan espezializatutako sekzio hau sortu zen. Helburua, kirolean aniztasun funtzional ezberdinak dituztenen parte hartzea sustatzea da, kirol praktika barneratzaile bat bultzatuz. Lau urtez proiektuaren buru izan ondoren, sekzioari oinarri sendoak ematen dizkiote aurrera egin ahal izateko, eta Etxahun Urkizurengan konfiantza dute sekzioarekin jarraitzeko, egungo zuzendari teknikoa denak.

Boccia kirol egokituaren sekzioaren parte petankaren antzeko estrategia duen kirola da eta helburua norberaren pelotak jomugatik ahalik eta gertuen uztea da. Kirol mistoa izan da 2021garren urtera arte, baina araudia aldatu egin da. «Tokyoko Joko Paralinpikoetatik aurrera banandu egin dituzte mutilak eta neskak». 

Hasiera batean garun paralisia zuten kirolariei bakarrik zuzenduta egon arren, mugikortasun arazo larria duen orok parte har dezake gaur egun. Ezintasunaren arabera mailakatzen da lehiaketa: eta bakarka, binaka edo taldeka jokatu daiteke. Lehiakide, bikote edo talde bakoitzak 270 milimetroko eta 275 gramoko larruzko sei pilota ditu eta txandaka jaurtitzen dute. Jokatzeko eremua 12,5 metro x 6 metrokoa da.

«Oso entretenigarria eta estrategikoa da boccia»

Xuban Santinek BC2 mailan lehiatzen du. Maila honetako kirolariek eskuarekin jaurtitzen dute, eta aurrekoek baino motrizitate arazo gutxiago dituzte. Ezin dute laguntzarik jaso.

Xubanek azaltzen du boccia nola jokatzen den: Bi talde osatzen dira, bata gorria eta bestea urdina. Bola txuri bat dago eta lehenengo jaurtitzen dute bola txuria. Ondoren, bakoitzak bere bolak jaurtitzen ditu, batek bola urdinak eta aurkariak bola gorriak, eta txuritik ahalik eta gertuen utzi behar dira. «Bakoitzak sei bola bota behar ditu, jokalarien tiraldiak tartekatuz». Zortzi-bederatzi metrotatik botatzen da eta «txuria ez baduzu zelaian sartzen, aurkariaren txanda da».

Kirol paralinpikoa da eta mugikortasun arazo larriak eta garun paralisia dutenei zuzenduta egoteak, garrantzi berezia ematen dio bocciari. Kirolari izateko aukera ematen die eta nazioarte mailan konpetitzekoa. 

«Odei anaiak ere jokatzen du etxean. Terraza daukagu eta hor ibiltzen gara. Oso entretenigarria da eta engantxatzen du. Egunero bi ordu entrenatzen ditut eta ez naiz aspertzen. Oso ongi pasatzen dut. Gainera, estrategiak garrantzia haundia du».

Odeik nabarmentzen du Xubani asko laguntzen diola lagunak egin, bidaiatu eta ongi pasatzeko. «13-14 urterekin hasi nintzen jokatzen. Orain 17 urte ditut».

Bocciak ez du adin mugarik, esaterako Xubanen taldean 11 urteko taldekidea dauka eta Gorka Uzkudun, beste taldekideak 34 urte ditu. 

Xuban, lagun baten bitartez hasi zen boccian jokatzen. «Lagun batek esan zidan kirol egokitua egiteko, probatu nuen eta gustatu zitzaidan». Ez bakarrik probatu, Espainiako txapeldun izatera iritsi da eta orain Europako Txapelketan hartuko du parte. «Ez ditut lehiakideak ezagutzen. Nire lehenengo partaidetza izango da nazioarte mailan».

Jabi Kamatxok dio boccian Erresuma Batuko kirolariak direla aurkari gogorrenak eta onenak. «Maila bakoitzean selekzio ezberdinak dira dominatzaileak. BC1 eta BC2n Erresuma Batua da talde sendoena eta Portugaldarrak ere oso onak dira. Errusiarrak ere indartsuak dira, baina orain ezin dute parte hartu».

Gurpildun aulkian egon arren praktikatu daitekeen kirola da. «Noski baietz. Egunerokoan erabiltzen dute aulkia, batzuk ez beti, eta lehiaketetan aulkia beharrezkoa dute».

«BC4 mailan, anputazioak dauzkate eta BC3 mailan ezin dute bola hartu eta bota. Laguntzaile batekin jokatzen dute eta honek mantentzen dio kanaleta bat ranpa batekin. Kirolariak esaten dio nola kokatu behar duen kanaleta, nola bideratu, zer indarrarekin, altuera eta guzti. Laguntzaileak ezin du zelaira begiratu, beraz erabakiak beti kirolariak hartzen ditu».

«Banakako txapelketak gustatzen zaizkit gehien»

Espainiakoaren aurretik Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketa izaten dute. «Domina asko irabazi ditut Gipuzkoa eta Euskadi mailan». Xubanek gainera, Europakora sailkatzea lortu du. Ametsa Joko Paralinpikoetara sailkatzea da. «Oso zaila da. Ranking mundial bat dago. Lehiaketa ezberdinak daude urtean zehar eta hor lortzen diren emaitzen arabera puntuak lortzen dira. Joko Paralinpikoetara joaten dira puntuaketa altuena dutenak eta rankingean goran dabiltzanak».

Nahiz eta taldeka eta binaka jokatu daitekeen Xubanek gustokoen banakako modalitatea du. «Taldeka kapitain bat dago eta berak erabakitzen ditu estrategiak eta jaurtiketak». Lehiakide gogorrena bilbotar bat da. «Espainiakoan 7-1 irabazi nion. Nahiko erraz, baina aurkari zaila da. Orain taldeka gehiago hasi naiz jokatzen. Taldekakoan bi BC2koak eta bat derrigorrez BC1ekoa izan behar du. Lasarten entrenatzen dugu. 2018an hasi nintzen eta lau urte zoragarri izan dira»

Hernanin boccia ez da ezaguna, baina Xubani esker ari da lortzen kirol hau gero eta ezagunagoa da herrian. «Kalean batzuetan jendeak zoriontzen nau. Lortutakoa baloratzen hasi dira». Lagunak pozik daude Xubanen jardunarekin eta kirolari hernaniarrak egunerokoan fisioterapia, logopedia, gimnasia egiten ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!