Ezkutuan eta isilean egon da osasun mentala duela denbora bat arte, baina azken urteotan, badirudi tabuak hautsi direla. Horregatik, Kronikak Borja Gilekin, osasun mentalean espezializatutako erizainarekin jardun du solasaldi luze batean, eta gaur egungo egoera jarri du mahai gainean, osasun mentala hizpide izanik.
Badirudi, azken urteetan, gehiago hitz egiten dela osasun mentalaz, behar bada sare sozialek honetan lagundu dute?
Egia da gehiago entzuten dela, bai. Osasun mentalari buruz jarduten dute egunkarietan, jarduten dute telebistan, albisteetan… Azkenean, ez dakigu nondik datozen sentsibilitate sozialak. Gizarte honetan gertatzen da mugimenduak sortzen direla, eta mugimendu honek bereganatzen dituenean ezagutzak, gizarteak honi buruz hitz egingo du. Eta hori gertatzen ari da osasun mentalarekin, mahai gainean jarri den gaia izan da. Sentsibilitate gehiago dago, eta azken urteetan, izugarrizko presioa izan dugu, Covid-19arekin diot. Eta uste dut, horrek lagundu egin duela jendeak barruan duen hori askatzera, eta osasun mentalari buruz hitz egitera.
Honek guztiak osasun mentala tabuaren kaxatik aldendu du?
Bai, orain arte egon den isiltasuna apurtu egin da. Behintzat epaitzeko kutsu hori gutxitu egin da. Demagun, pertsona ezagun batek, ospea duenak, publikoki diola osasun mentalarekin zerikusia duen arazo bat duela, eta hori gertatu da, ofizialki esan eta normaltasunez hartu da.
Hala ere, garrantzitsua dirudit bereiztea, tabu bat apurtzea gauza ona dela; produktu bat sortzea eta behar bat sortzea, berriz, beste bat. Hau da, jendeari sinestaraztea, edozein arazo edukita bide honetatik konpondu behar duela. Eta aipatu nahi dut garrantzitsua dela, osasun mentalari buruz hitz egitea, baina are garrantzitsuagoa da osasun mentalari buruz sortzen den diskurtsoa. Sortu behar da diskurtso erresiliente bat, esan nahi dut, pertsona hobeak izatera bultzatzen gaituena, eta badakit diskurtso komuna dela, baina diskurtso erresiliente batek bultzatu behar gaitu elkartzera, eta ez bando berriak sortzera.
Zer esango zenuke dela osasun mentala?
OMSek, osasun mentala modu honetara definitzen du: ongizate-egoera osoa, fisikoa, mentala eta soziala. Baina esango dut ezinezkoa dela, definizioa oinarri hartuta, ezin da bete. Pertsonok ez gaude ongizate egoera osoan egunero, momenturen batean beharbada bai, baina momentu puntualetan izaten da. Osasun mentala, ongizate egoera osoaren baitako alor bat da, eta honek, baitan hartzen du ongizate emozionala, harremantzeko gaitasuna, egokitzapen gaitasuna…
Niri asko gustatzen zait Sigmund Freud neurologoak zioen esaldi bat. Kazetari batek, Freudi galdetu zion, ea zer zen pertsona osasuntsu bat. Eta neurologoak erantzun zion: pertsona osasuntsu bat zela maitatzeko eta lan egiteko gaitasuna zuena.
Eta zer esan nahi zuen horrekin zehazki?
Maitatzeak ez du esan nahi bikotea izan behar duzunik, edo harreman bat izan behar duzunik. Maitasuna askoz ere gehiago da. Lan egitea ez da prekarietatean egon beharra, eta egunero 8 orduko lan bat egin behar izatea. Freudek esan nahi zuena da, beste pertsona bati zure onena emateko gaitasuna izatea, hau da, zure zonatik ateratzeko gaitasuna edukitzea, egoismotik ateratzea. Eta hori guztia landu, zure zona erosotik atera eta beste pertsona bati ematea, entregatzea. Beraz, maitatzeak eta lan egiteak sakontasun gehiago du.
Victor Franklek, logoterapia sortu zuenak, askotan hitz egin du gizakiok bizitzari zentzua emateko daukagun beharrean. Honi deitzen zaio zentzuaren borondatea. Eta hain zuzen ere, Freuden teoria kontutan hartzen zuen Franklek, osasun mentala, gustuko duzun zerbaiti ematean dago, gizarteari ematen diozunean maitasuna sortzen da, eta horrekin osasun mental osasuntsu batean sartu zaitezke.
Datuen arabera, geroz eta pertsona gehiago daude depresioarekin, antsietatearekin… Zer dela eta?
Egia da azken urteetan depresioa eta antsietatea duten pertsona kopurua hazi egin dela. Hainbat arrazoirengatik izan daiteke, besteak beste, presioa eta estresa, izan lanagatik, izan bizitza kalitateagatik… Horrek, modu batera edo bestera, emaitzak ditu, eta erreakzio batzuk sortzen dira. Gizartean onartuago dago egoera hau, eta gehiago hitz egiten ari denez, normalizatuagoa dago. Eta gertatzen da eskaintza ere igo egiten dela, hau da, profesionalki eskaintza haundiagoa da. Gizarte honetan, produktua sortu edo gizarteratzen da, eta horrek, beharra sortzarazten du.
Horrez gain, depresioa eta antsietatea eduki daitezke, sozialki harremantzeko kudeaketa kaxkarragatik.
Zer nolako profilek dute arrisku gehien buruko gaitza izateko?
Askotariko faktoreek sortu dezakete buruko gaitza, eta ezberdindu nahiko nuke sufrimendu mentala, eta diagnostikoa. Ez da berdina antsietateak eragindako erreakzio bat izatea, hil edo biziko egoera batean, edo eskizofrenia diagnostiko bat. Bi horien artean ezberdintasun haundia dago.
Esan dezakegu, diagnosi bakoitzak arrisku faktoreak dauzkala, eta faktore horiek izan daitezke genetikoak, izan daitezke faktore sozialak, eta soziologikoak ere. Izan ere, gizartean dauden baloreak, norberarengan influentzia daukate, eta ondorio bat izan daiteke gaixotzea.
Pandemiarekin, nabaritu duzu antsietateak eta depresioak gora egin duela?
Covid-19arekin, nabaritu dut krispazio bat egon dela gizartean. Gertatu da komunikabideen bidez, beldurra sartu dutela, helarazi duten diskurtsoa ez da erresilientea izan. Eta diskurtso honek ez zuen lagundu, okerrago, beldurra sartu zuen, eta zauri batzuk lehenagotik zetozenak ez ziren itxi. Alde batetik, jendeak maite duen jendea galdu du, eta hori oso gogorra izan da, daude pertsonak beldur asko pasa dutenak eta oraindik ere beldurra dutenak. Horrez gain, gertatu da, gizarteko talde batek erabili duela pandemia norbait epaitzeko, edo norbaiti errua botatzeko, fokua hor jarriz.
Nola ekidin arazo psikologikoak eta nola landu daiteke hezkuntza emozionala?
Emozioak denok dauzkagu, baina arazo psikologikoak ez, eta eskerrak. Uste dut emozioak ezagutzea oso garrantzitsua dela, eta hau areagotuz doa. Emozioak ezagutu behar dira, modu batera hauekin distantzia hartzeko, eta ondorioz ez zara emozioen morroi izango. Ez zara hauen menpe egongo, jakingo dugu emozioak kudeatzen, eta emaitza ez da izango erreakzio oldar edo txar bat. Modu honetara, ez gara automatak izango. Bide horretan, jarraituz, arazo psikologikoak ekidin genitzazke, kontrolatuz geure emozioak.
Zer esan nahi du psikiatra eta psikologora joateak?
Ez da beste kontsultetan bezala, ez dira makinak eta tresnak erabiltzen. Kasu honetan, alde batetik dago harremana eta tratua; eta bestetik, berriz, medikazioa.
Beraz, osasun mentala, medikazioarekin uztartu behar da?
Behar denean eta horrela badio profesionalak, bai. Gainera, gomendioa beti izango da, pauta medikoak esaten duen kantitatea hartzea. Hori oso garrantzitsua da.
Baliabide publiko nahikoak inbertitzen al dira?
Gustatuko litzaidake, denoi bezala, gehiago inbertitzea noski. Baina ez alor honetan bakarrik, baliabide gehiagotan. Denoi gustatuko litzaiguke gehiago inbertitzea, eta pertsonal gehiago izatea, baina egoera hau da. Hala ere, esan behar dut, adibidez bere buruaz beste egin nahi duten kasuak lantzen ditugula, eta asko gainera. Gizartean, dago joera bat, esatekoa honelako kasuak ez direla lantzen, eta bai, lantzen dira, are gehiago, asko lantzen da.
Buruaz beste egiteko kasuak eta menpekotasunak behin eta berriz artatzen dira. Oso presente dauzkagu eta esan moduan, argi utzi nahi dut, asko artatzen direla. Beraz, kanpotik dirudi kasu hauei ez zaiela garrantzia ematen, eta izugarrizkoa ematen diegu, eguna pasatzen dugu horrelako kasuak lantzen.
Zer esango zenuke kristalezko generazioari buruz?
Kristalezko generazioa, 2000garren urtetik aurrera jaiotako generazioari esaten zaio. Esaten da, kristalezko generazio honi dena eman zaiela.
Gazteetaz hitz egiten dugunean, albiste bat etortzen zait gogora. Bertan aipatzen zen gazteek ez dutela ohiturekin jarraitzen, eta dena galduta dagoela, etorkizuna galduta dagoela. Baina urteak aurrera doaz eta hemen gaude ezta? Oraindik goiz da jakiteko zer nolako etorkizuna izango dugun.
Egia da, azken urteetan tendentzia berri bat bereganatu duela gizarteak, eta honakoa da: hezkuntza zalantzan jartzea, umeei jartzen zaizkien mugak ere zalantzan jartzea, frustrazioa ere zalantzan jartzea… Eta guzti hauek oso garrantzitsuak dira, izan ere, bizitza bera, frustrazio bat da, eta hori da errealitatea. Errealitateak marrazten digu edo hobe esanda markatzen digu zein ibilbide jarraitu behar dugun eta zein ez. Baina orain dago joera, haurrak gain-babestekoa. Eta noski seme-alabak babestu behar direla arriskuetatik, nire gurasoek ni txikia nintzenean babesten ninduten. Baina haurrari ez bazaio uzten frustrazioarekin kontaktu minimo bat izaten, ‘ez’ esatea ekiditen bada, edo haurrak nahi duen hori, aldi oro, exijentzia bilakatzen bada, arazo bat izan daiteke. Izan ere, errealitatean frustrazioak daude, eta bizitza ez da arrosez betetako bidea. Beraz, guzti honek, sor dezake bizitzari edo arazoei aurre egiteko ezgaitasuna.
Era berean, arazo psikologikoak edukitzeko probabilitate gehiago dago emozioak kontrolatzen ez dakien pertsona batengan, inpulsuak ez dituelako kontrolatzen, eta frustrazioari aurre egiteko ez-gaitasuna duelako. Baina tira, ikusteko dago hurrengo generazioek zer dakarten.
Gaur egungo arazoa da, uste dugula frustrazioa biziz, gazteek ez dutela etorkizun egokirik edukiko. Eta ez da horrela. Hezkuntzan, eta ikasketetan gertatzen da, noten kasuan, gazteen bizitza amaitu dela edo etorkizunik ez dagoela ez baduzu karrera bat edo beste egiten. Arazoa ez da gazte bat ez dela klasekideen notara heltzen, baizik eta kontsideratzen dugula, bere bizitza amaitu egiten dela ez badu karrera bat edo beste egiten. Eduki beharko genuke diskurtso bat non esaten dugun, bide bat edo beste hartuta, zoriontsu izan gaitezkeela, beharbada karrera bat egin izan bagenu baino.
Eta hau lantzen ez badugu, hau da, seme-alabak babesten baditugu puntu horretaraino, etorkizun batean arazoak izan ditzakete, ez dituztelako emozioak kontrolatuko, estresatzeko erraztasun gehiago izango dute.
Zein dira gehien ikusten diren gaixotasunak, eta hauek zein adinetan?
Ez da adin bat bera ere libratzen, baina gaixotasunak izateko probabilitate gehiago dauden adin tarte zehatz batzuk badaude. Adibidez, psikosia, 20 urtetik 30 urtera arte. Adin tarte horretan, agertu dira psikosi kasuak. Gainontzean, honakoak dira artatzen ditugun gaixotasun komunenak; antsietatea, depresioa, menpekotasunak, psikosiak (eskizofrenia)... Hala ere, gehitu behar dut, pertsona ezberdinek diagnostiko berbera izanda ere, pertsona bakoitza mundu bat dela.