Erreportajeak

«Denok denon kulturak errespetatuz, elkarbizitza jator baten alde» kultur aniztasuna erdigunean, eskoletan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 21a, 00:00

Kultur aniztasuna erdigunean jarri dute aste osoan zehar herriko eskoletan.

Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, hainbat proiektu burutu dituzte Elizatxon, Langilen, Urumean, Aratzen, Txirritan, eta Haurreskolan. Kronika eskolaz eskola joan da, herriko txikiek egiten dutenaz jabetzera, eta ondoko orrietan plasmatzera.

Gaurkoan, kulturak aniztasunaren aldeko apustua berretsiko du, pertsona orok baititu eskubide, betebehar eta aukera berak. Gaur da Nazioarteko Kultur Aniztasunaren eguna, eta oso presente izan dute aste osoan zehar Urumea bailarako eskoletan. Hainbat proiektu komun burutu dituzte bakoitzaren erara, eta parte hartu dute Elizatxok, Langilek, Urumeak, Aratzek, Ereñotuzko Txirrita ikastolak eta Haurreskolak. 

Horrexegatik, Kronikak Hernaniko Hezkuntza Plataformarekin jardun du, proiektuaren nondik norakoak jakiteko amoz, eta ikastoletan bixitak egin ditu kultur aniztasuna nola lantzen duten argitzeko. 

Hori horrela, Hezkuntza Plataformako kideek zertan dabiltzan azaldu dute «Hernaniko Hezkuntza Plataforman ari garenok, Hernaniko ikastetxe guztietako ordezkariak, irakasle zein guraso eta zenbait herritar solte, aspalditik gabiltza kulturartekotasunaren inguruan jardun nahian, besteak beste, segregazioa, hezkuntza inklusioa, etorkinen seme-alabak herriko eskoletan, gurasoak, familia... Zer eta nola egin gizarte hobeago bat lortzeko, denok denon kulturak errespetatuz, elkarbizitza jator batean jarduteko helburuarekin» 

Eta hara non, Hezkuntza Plataformako kideek kultura eta aniztasuna buruan zutela, maiatzaren 21a etorri zitzaien gogora: «gogoratu ginen, gaurko eguna, Elkarrizketa eta Garapenerako Kulturaniztasunaren Munduko Eguna dela, eta horren harira, zerbait berezia egitea egokia litzatekeela pentsatu genuen».

Aste osoan zehar egin dituzte ekintzak, izan ere, ikastetxeetan proposamen desberdinak egon direla nabarmendu dute Hezkuntza Plataformako kideek, «eskoletan bertan egiteko ikasleekin batera, ahal zenean familiekin ere...»

Era berean, gaur, «agenda kontuak direla medio eta lanez gainezka ibili direnez eskola guztietan», azaldu dute ez dela ospakizun berezirik egingo, baina argi dutena da, datorren urterako ekitaldi eder bat prestatuko dutela: «festa giroa eta aldarrikapena uztartuz, hainbat eta hainbat alditan Hernaniko Hezkuntza Plataforman jardutea tokatu zaigun moduan, kalitatezko hezkuntza bat nahi dugulako gure herriko seme-alabentzat, euren jatorria eta beste hainbat aniztasun, altxor kontsideratuz, eta ez segregazioa edota diskriminazio lez». 

Hezkuntza Plataformakoek azaldu dutenaren arabera, ekimen hau ez da ekimen soil eta hutsal bat: «urteak daramazkigu, beste aldarrikapen eta lanketa askoren artean, Hernaniko herrian dugun eskoletako 'argazkia' aldatu eta hobetu nahian, 'politagoa' izan dadin. Testuinguru horretan kokatzen da azken hiru urteetan herri mailan, udaletxean sortutako langunean, jo eta su lanean ari garela, bertako ikasleak bertako ikastetxeetan matrikulatzeko garaian banaketa zentzuzkoago eta justuago bat bideratu nahian; kulturaniztasuna indartzeko asmoz eta herriko bizikidetza indartzeko asmoz, guztiok baigara hernaniar, izan jaiotzaz izan etorreraz».  

Amaitzeko, honako gonbitea luzatu diete, herritarrei: «kontuan hartu behar dugu, egun internazional hauek, egun bakarrekoak izanik ere, balio behar digutela urte osoan zehar, egunero, minuturo, gure herrian, gure ikastetxeetan ditugun etorkin familiekin modu inklusibo batean elkarbizitzera, elkar errespetatuz, eta lagunduz».

 

Leloak hizkuntza ezberdinetan, Elizatxon 

Leloekin, hizkuntza ugari ikasi dituzte Elizatxoko ikasleek.
 

Elizatxon, ikastolako paisajea landu dute, eta paisaje hori hornitzeko, 'ongi etorri' eta 'on egin' bezalako leloak erabili dituzte: «leloak hainbat eta hainbat hizkuntzetan jarri ditugu». Halaber, paisajerako, ikasle bakoitzaren jatorrien banderak ere ipini dituzte, eta ikasleek bandera hauek ezagutzen jardun dute pasa den astea. Paisajeaz gain, munduko mapa bat jarri dute, eta gometxak erabili dituzte, mapan zehar bertako ikasle batzuen jatorria ezagutzeko «eta ongi adierazteko geografikoki non dauden atzerriko herrialde guzti horiek».  'Atlas' liburuaren erabilpena ere sustatu nahi izan dute, «gaur egun gertatzen da, interneten sartzen garela herrialde bat nun dagoen jakiteko, eta horregatik, Atlasa erabiltzeko aitzakia polita ikusi dugu». Beraz, aste honetan zehar herrialde ezberdinen berri izan dute Elizatxo ikastolan, eta jolas bidez ikasi dituzte Elizatxoko  txikiek klasekideen jatorriak.

 

Haurreskola kolore eta banderatxoz beteta

Kolore ugariz apaindu dute Haurreskola. 
 

Haurreskolan mapa eta banderatxoak landu dituzte, jatorri ezberdinetako herrialdeak markatuz, eta bertako hizkuntza erabiliz: «haurrak bere familiarekin hartu du parte, eta familia bakoitzari eman diogu banderatxo bat. Gonbidatu ditugu nahi dutena jartzera, hau da, nola sentitzen diren, esaldiren bat jartzera... Gometxak ere banatu genizkien, eta banderinak apaindu dituzte, eta lanketa hau etxetik eginda ekarri dute. Hemen haurreskolan, mapa mundi bat egin dugu, eta familiak sartu eta ateratzen direnean, gometxak jarri dituzte, bakoitzaren herrialdean».

 

Mapak, banderak, jantziak, instrumentuak eta ipuin kontaketak, Urumean

Herrialde bakoitza non dagoen ikasi dute txikiek, banderekin. 
 

Urumea ikastolan, maila eta geletan banatu dituzte lanak. Modu honetan, gela bakoitzean dauden ikasleen jatorriak zeintzuk diren ezagutu dituzte: «gertatzen da, ikasle asko hemen Hernanin jaioak direla, baina familiarrak beste herrialde batekoak direnez, horiek ere kontutan edukitzeko aukera eman genuen, eta askok hartu dute parte». Behin jatorriak identifikatuta, herrialde hauei buruz ikasi dute ikasleek: «zein den bandera, hiriburua, hizkuntza eta txanpona». Lehen Hezkuntzako bigarren mailakoek munduko mapa bat sortu dute, eta behin hau sortuta, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailakoek, banderak egin dituzte, hauek mapan jartzeko. Haur hezkuntzako umeek, berriz, beste mapa bat sortu dute herrialde bakoitzeko janariak eta musika instrumentuak kokatuz. Horrez gain, Urumea ikastolan herrialde ezberdinetako eta jatorri ezberdina duten hainbat familietako kideek bisitatu zuten ikastola, ipuinak kontatuz. Aste ederra pasa dute Urumea ikastolan, kultura eta aniztasuna uztartuz.

 

Asteko egun bakoitza, herrialde ezberdin bat

 

Ereñotzuko Txirrita Eskolan, jatorri ezberdinetako 7 familia daude. Horrela, asteko egun bakoitza hartu dute, familia bakoitzeko jatorriaren inguruko lanketak gauzatzeko, musika desberdinak entzunez egun bakoitzean. Horrez gain, tailerrak ere egin dituzte, eta jatorri ezberdinetako jakirik ez da falta izan. Horrela, herrialde ezberdinetako mokaduak probatzeko aukera izan dute txikiek. Mapa mundi bat ere landu dute eta eskolan ezagutzen duten amona bidaiariaren kolaborazioa ere izan dute: «bidaietan zehar ikusi, ikasi eta entzun dituen hainbat istorio eta kontakizun entzun dituzte».

 

Jatorri ezberdinetako ikasleekin loturak eginez 

Mapak lantzen, ikasleak.

 

Herrialdeak ezagutuz.
 

Langile ikastolako ikasleek ere, maparen lanketaren alde egin dute apustu: «mailaka zatitu gara eta mapa bete dugu, txintxeta bidez, irudiak eta izenak jarriz». Honela, jatorri ezberdinetako herrialdeetako ikasle guztiekin lotura egin dute. Horrez gain, ezagutu dituzte herrialde bakoitzeko ohiturak zeintzuk diren, zer nolako janaria egiten duten... Ostegunean, jatorri argentinarra duen familiaren bixita izan zuten Langilen: «Azaldu ziguten Beraien aita Eibarren jaioa izan arren, Argentinara joan zela. Bertan Necoechean osatu zuela familia eta bertan bizi izan direla. Argentinako abesti eta dantza tradizional bat erakutsi zizkiguten».

 

Herrialde ezberdinetako gastronomiarekin, sabelak beteta

Ipuin kontalari lanetan ibili dira ikasleak, kultur aniztasun astean. 
 

Aratzen, aspalditik lantzen dute kultur aniztasuna, izan ere, duela denbora bat hasi ziren Aratzen zeuden etorkinekin ekimen ezberdinak egiten, besteak beste, familiak gonbidatuz. Haur Hezkuntzan proiektu jakin bat daukate, eta Lehen Hezkuntzakoek, berriz, gastronomiarekin lotu dituzte burututako ekimenak: «herrialde batzuk aukeratu ditugu, eta ikasleak sukaldari lanetan jarri dira, errezeta oso ezberdinak landuz, zein baino goxoagoak». Guraso batzuk ere eskolatik pasa dira platerak prestatzera, besteak beste, Suizako platera, Italiako pasta... Halaber, Lehen Hezkuntzakoak, Haur Hekuntzara jaitsi dira lurralde ezberdinetako ipuinak kontatzera.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!