Erreportajeak

«Antiabortistak ez ziren honaino heldu legeak galarazi egiten zuelako, emakumeen indarragatik baizik»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 14a, 00:00

Naroa Iturri Askabide klinikako arduradun hernaniarra, klinikan bertan.

Eskuin muturreko talde batek prozesioa egin behar zuen joan den asteburuan, Askapena klinikan amaituz, Gipuzkoan abortatu daitekeen klinika bakarrean, baina ez zuten lortu. Naroa Iturri Askabide klinikako arduradunak, Kronikari kontatu dizkio arrazoiak zeintzuk izan ziren. 

Apirilaren 14an indarrean sartu zen haurdunaldia eteten duten kliniken aurrean abortuaren aurkako protestak egitea debekatzen duen legea. Hala ere, pasa den asteburuan, talde ultraeskuindarrek mobilizazioak iragarri zituzten, baina «emakumeen indar erakustaldiak ultraeskuindarrak geldiarazi zituen, eta mugimendu feministak deitutako mobilizazioarekin garaipena lortu genuen» azaldu du Naroa Iturrik, Askabide klinikako arduradun hernaniarrak. Azken hilabeteetan bizitako pasarte «bortitzen» berri eman dio Kronikari, behin eta berriz errepikatuz, abortua librea eta legala dela.  

 

Pasa den larunbatean, Askabide klinikara prozesioa egin behar zuen eskuin muturreko talde batek. Ez zuten lortu. Nola sentitu zineten jendearen erantzunarekin? 

Otoitz egitea ez da delitua’ lelopean jarduten dute, mobilizazioak eta elkarretaratzeak egiten, Rezar No Es Delito plataformarekin bat eginez. Joan den larunbaterako deitu zuten bigarren prozesioa, izan ere, apirilean beste bat egon zen: 50 bat etorri ziren, gurutze, errosario, Ama Birgin, eta dena delakoarekin. Jarri ziren klinikaren aurrean, eta egoera pixka bat konplikatua izan zen. Juxtu aurreko astebururako, beste deialdi bat egin zuten, maiatzaren 7rako, hain zuzen. Baina oraingo honetan, emakume taldeak eta talde feministak aurreratu egin ziren. Emakume hauek, etorri ziren ‘ez dira pasako’ esanez. Zergatik esaldi hau? Gehienbat, apiriletik maiatzera legea aldatu egin delako. Esan nahi dut, antiabortistek ezin dute egon etenaldiak egiten diren klinikaren aurrean eta inguruetan. Ez da legezkoa, eta akoso gisa hartu daiteke. Ondorioz, emakumeak hasi ziren zabaltzen ‘ez dira pasako’ lelopean deitutako mobilizazioa. 

Askabideko lantaldea eskertuta dago joan den asteburuan borrokatu zuten emakumeekin. 

Hala ere, Koldo Mitxelenan bildu ziren, elizarekin bateratutako zortzi bat ultraeskuindar. Madriletik autobus bat zetorren antiabortista gehiagorekin, eta bat egingo zuten. Baina hor Easo Plaza bete zuten herritarrek, bandera moreekin, gainezka zegoen, argi esanez ez zirela pasako. 

Ertzaintzak, ez zieten utzi ultraeskuindarrei prozesioa egiten eta ezin izan zuten autobusetik jaitsi. Albiste hau heldu zitzaigun eta emozioz bete ginen. Argi eta garbi, talde ultraeskuindarra geldiarazi zuena ez zen legea izan, herritarrak izan ziren, milaka emakumeen indar erakustaldiak gelditu zituen antiabortistak, ikaragarria izan zen. 

 

Aipatu duzu, prozesioa geldiarazteko gakoa emakumeen mobilizazioa izan zela. Eskertuta zaude? 

Gaude hunkituta, larunbatean izan zen oso-oso une berezia. Guri heldu zitzaigun Ertzaintzaren konfirmazioa, antiabortistak ez zirela aterako eta jaso egin zutela dena, bertatik joateko. Bapatean, ehunka pertsona horiek, klinikara gerturatu ziren eta txalo zaparrada bat atera zen, gu guztiok besarkatzeko balio izan zuena. Hitz egin zuten bi emakumek, eta jarraian klinikatik ere hitz egin genuen, gehienbat eskertza emateko. Izan ere, urteak daramazkigu eraso eta oihuak jasotzen, urteak baitira antiabortistak etortzen direla. Hala ere, emakumeak alboan izan ditugu babesa ematen, gure altzoan. Baina larunbatekoa izan zen oso hunkigarria, garaipen bat izan zen, eta hori bihotzean gelditzen da. 

Hankak dardarka izan nituen gaueko 23:00ak arte edo, emozioak sortzen dituen gauzak, azkenean, ez genekien zer gertatuko zen, eta beldurrez geunden. Gorputzean geneukan karga, eta noski klinikara etortzen zirenek ere bai, ez genuen inori ezer gertatzerik nahi. Emozio nahastea geneukan, beldurra, oldarraldiak, amorrua, inpotzentzia… Eta larunbatean gertatutakoak izugarrizko motibazioa eman zigun, batailan garaipena lortu baigenuen. 

Beraz, orain arte bizi izan duzuena, egoera gogorra izan da? 

Bai, oso gogorra. Gu hemen eguneroko lanean gaude, eta egunerokoan etortzen zaizkigu emakumeak haurdunaldia etetera, eta beste mila gauza egitera, besteak beste,  zitologia bat egitera,  haurdunaldiaren jarraipena egitera eta analitikak egitera. 

Haurdunaldia etetera joaten diren emakumeentzat ez da egoera erraza. Ez da inor etortzen pozik eta zoriontsu haurdunaldi bat etetera, esan nahi dut, ez dira pozez lehertzear etortzen. Bakoitzak dauka bere motxila eta bere arrazoiak, eta azkena behar dutena da horrelako jendea egotea klinika parean beraiek epaitzen, kulpa sartzen, akosatzen, esaten zer egin behar duten eta zer ez. Esan beharra dut emakumeak hona etortzen direnean, oso ondo pentsatuta daukatela zer egin behar duten, eta hartu duten erabakia da beraientzat egokiena izan daitekeena. 

Klinikako langileontzat ere ez da xamurra, kafea hartzera joaten gara eta aldiro bertan ikusten ditugu talde ultraeskuindarreko kide batzuk. Gainera barre egiten digute, jestoak egiten dizkigute. Berotu egin nahi gaituzte, eta ez dute lortu, lasai egoten gara kafea hartzen. Egia da orain ez daudela eta sekulako bakea nabaritu dugu. 

Gipuzkoan haurdunaldia eten daitekeen klinika bakarra da Askabide.

 

XXI.mendean gaude… 

Bai eta gezurra dirudi, ematen du Frankoren garai beltzenean gaudela. Amerikar Estatu Batuetan auzitegi gorenak ere atzera bota nahi du abortuaren legea. Mesedez… 2022garren urtean gaude, zenbat eta zenbat emakume hil dira historian etenaldi bat modu desegokian egiteagatik, klandestinitatean egiteagatik… Horretara itzuli nahi dugu? Guk argi daukagu: Ez! 

 

Azaldu duzu langileei ere eragiten dizuela egoera honek. Zuen lana zalantzan jartzen dute? 

Bai, askotan hemendik pasatzen direnean, honakoak esaten dizkigute: ‘hiltzaileak’, ‘hiltzaileak hil egingo dira’, ‘hil egingo zarete’, ‘infernura joango zarete'. Eta benetan diot, infernua bikaina izango dela, hauek ez badaude. 

Hau ez al da mehatxua? Beste leku batzuetan, pertsona bati esaten bazaio ‘hiltzaileak hil egingo dira’ ez dakit nola hartuko luketen.

 

Haurdunaldia etetera doazenengan ere, zer nolako eragina du guzti honek? 

Nik beti diot berdina, hona etortzen diren emakume guztientzat da akosoa. Zergatik? Batzuk sartzen dira haserre, beste batzuk sartzen dira kulparekin, beste batzuk sinestunak dira. Esaten dute: ‘errezatuko dugu zuregatik eta zure umearengatik’, eta batzuk negarrez sartzen dira barrura, esanez ‘ez naute barkatuko, Jainkoak ez nau barkatuko’. 

Nahiko trauma daukate emakume hauek, eta gutxiena behar dutena da presioa. Emakume hauek etorri beharko lukete lasaitasunez eta bakean, eta askok ez dute aukera hau izan, talde ultraeskuindarra zegoelako klinika ondoan. Ondorioz, emakume guztientzat da erasoa. Batzuei amorrua pizten zaie, beste batzuetan pena, negarra eta kulpa… 

 

Duela gutxi jarri da indarrean abortu kliniken aurrean protesta egiteko debekuaren legea. Errespetatu da? 

Legea atera zen egunean, apirilaren 14an, Garizuma dagoeneko amaituta zegoen. Bi kanpaina egiten dituzte antiabortista hauek: iraila eta urria aldean, Travesia por el desierto mundu mailako kanpaina bat, 40 egun jartzen direla kliniken aurrean; eta orain egiten dute Garizuma osoa, 40 egun janugoikoa goraipatzen. 

Kontua da, izan zela legea ezarri eta Garizuma bukatu zela, ondorioz ez dakigu itzuliko diren. Etortzen badira, argi daukaguna da salaketak jasoko dituztela. 

 

Salaketaren bat ere jarri duzue…

Bai, baina garai hartan salaketak jartzen genituen, klinikaren atean jartzen zirelako, atarian. Hor emakumeak heltzen zituzten, esanez: ‘nora zoaz, lagunduko zaitut…’ eta horrelako astakeriak. 

Momentu hartan esan genuen: «hau ezin liteke». Epaitegietara joan ginen, eta galdu egin genuen. Epaileak zioen ez zela akosoa, ez baitziguten eraso fisikorik egiten. Hor dago betiko zalantza, zer da eraso fisikoa? Zer da eraso psikologikoa? eta non dago muga? 

Beraz, epaileak erabaki zuen ez zela erasorik egon, ondorioz, egon zitezkeela baina beste espaloian. Epaiketa galdu arren, irabazi genuena izan zen ez ikustea gehiago antiabortistak atean bertan. Eta orain espero dut, ez ikustea ez hemen, eta ez inon. 

 

Diozu protestetan errezatzen egoten direla… aldi oro hala daude? 

Apirileko prozesioak ‘ixila’ izan behar zuen, hori aipatu zuten behintzat. Eta etorri ziren hona bozgoragailuekin, errosarioa errezatzen eta sekulakoak esaten. Orain etortzen direnean, belauniko jartzen dira, eta errezatzen jarduten dute denbora luzez. Hemen ondoan dauzkagunean ez dira oihuka aritzen, baina hor daude eta horrek sekulako eragina du. 

 

Ultrakatolikoak itzuliko direlakoan zaude? 

Egon gara begiratzen haien blog eta sare sozialetan. Eta bertan aipatzen da, hilabeteko lehenengo larunbatetan jarraituko dutela hona etortzen, protestatzera. Alegia, ekaineko lehenengo larunbatean ere intentzioa daukate, ez dakiguna da joan den larunbatean gertatutakoarekin, etorriko diren. 

Larunbatean, Madrilen ere bildu ziren, eta bertako klinikakoekin harremana daukagu. Kontatu digute, alde batean egon zirela antiabortistak eta beste aldean, berriz, mugimendu feministak, erdian Polizia Nazionala zegoela eta aipatu ziguten dena utzi zitzaiela egiten. Eta klinikakoak esaten zidan: «zer nolako inbidia han herrian dagoen mugimendua, hori bai indarra». 

Eta horregatik diot, hemen ez zutela ezer egin, emakumeek sekulako indar erakustaldia erakutsi zutelako, eta bazekitelako klinikara etorriz gero, iskanbila haundia izango zela. 

 

Abortua legeztatu zenetik, nolakoa izan da bilakaera?

Estatu Espainiarrean, etenaldiak egin daitezke legalki 1985garren urteaz geroztik. 85ean ezarri zen hiru kasuetan egin zitekeela: lehena; bortxaketa kasuen biktima izanez gero, bigarrena; umearentzat edo haurdunarentzat fisikoki arriskutsua izanez gero, eta hirugarrena; umeak edo fetoak oso arazo larriak izatea, non ez ziren bizitzarekin konpatibleak izango. Ondorioz, garai hartan, emakumeak haurdunaldia eten nahi zutenak, zioten beraientzat zela arrisku psikologiko bat haur bat izatea. Psikiatra batek sinatu behar zuen hau, etenaldia egiteko. Eta 2010eko martxoaren 3an, legea berritu zen, eta lege horrek esaten du abortua dela, doakoa eta librea lehenengo 14 asteetan. Gero daude beste klinika batzuk, estatu mailan, 22garren astera arte, haurdunaldia eten dezakezuna.  

Euskal Herrian, edonork eten dezake haurdunaldia, eta ez du arrazoirik behar, abortua aske eta doakoa baita

Gehitu behar dut, duela egun batzuk atera zela, legeztatuko dela 16 eta 17 urteko neskak etenaldia egin ahal izatea, betiere gurasoen baimenarekin bada. 

 
 Horrelako egoerek, atzera pausuak ekartzen dituzte? 

Bai, uste dut, hau oso testuinguru zabal batetik begiratu behar dela. Alegia, orain etenaldiaren inguruan hasi duten kanpaina honek, hausnarketa bat behar du, eta pentsatu behar dugu ultraeskuina apurka-apurka sekulako indarra hartzen doala. Datorrenaz ohartu behar gara. Konturatu behar gara datorrela mugimendu bat, joera honekin, ultraeskuindarraren joerarekin, eta haunditzen doana. Euskal Herrian, sektore batzuetan ere gertatzen ari da. 

Egoera tamalez gogorra da, lehen lotsa zuten esatea Franquistak zirela edo ultraeskuindarrak zirela, eta orain goraipatu egiten dute, hori bai dela atzera pauso bat. Gazteak gogor datoz, eta ez da moda kontua, gauza serioago bat da. Eta atzera pausua izan daiteke, datorren giro politiko orokorrerako. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!